66. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

110/2001 FORU DEKRETUA, maiatzaren 7koa, 2000ko abuztuaren 11n eta urriaren 21ean izandako euri jasa bortitzek eta uholdeek Oibar, Cascante, Kaseda, Irunberri, Melida, Zangoza eta Urraulbeiti herrietan, nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoetan, eragin zituzten kalteak babesgarriak direla deklaratzen duena.

2000ko abuztuaren 11ko euri jasa bortitzen eraginez kalte handiak izan ziren Cascanten, nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoetan; eta urriaren 20 eta 21ean euria gogor eta luze egin zuenez, ibaiek gainezka egin zuten eta kalte larriak izan ziren Oibar, Cascante, Kaseda, Irunberri, Melida, Zangoza eta Urraulbeiti herrietan nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoetan.

Martxoaren 15eko 79/1999 Foru Dekretuak xedatzen duenez, nekazaritzan erabiltzen diren azpiegitura publikoetan kalteak gertatzen direnean Nafarroako Gobernuak mugatuko du zein diren zona konkretuak eta zein lagundu beharreko kalte motak. Halaber, eskaerak aurkezteko epea eta laguntzak zein kondiziotan emanen diren ezarriko du.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko maiatzaren zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 2000ko abuztuaren 11n eta urriaren 21ean izandako euri jasa bortitzek eta uholdeek Oibar, Cascante, Kaseda, Irunberri, Melida, Zangoza eta Urraulbeiti herrietan, nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoetan, eragin zituzten kalteak babesgarriak direla deklaratzea, betiere martxoaren 15eko 79/1999 Foru Dekretuan ezarritako baldintza orokorren arabera.

2. artikulua. Udalek emanen duten dirulaguntza nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoetan izandako kalteak konpontzeko kostuaren % 50ekoa izanen da.

3. artikulua. Laguntzarako eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea izanen da, Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko bulegoetan aurkezten ahalko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena eman zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau modu egokian aplikatzeko behar diren alderdiak gara ditzan.

Bigarrena.-Finantzaketa 2001eko gastuen aurrekontu orokorreko 710002-71220-4700-719103 "Kalteak nekazaritzako aseguruen estaldurarik gabeko egitura eta alorretan" kontusailaren kargura izanen da.

Hirugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0105126