66. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko transkriptore lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2001eko maiatzaren 7an eginiko bilkurf .bfurrengo erabakia hartu zuen, besteak beste:

Lehena.-Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko transkriptore lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Haien hautapena ondoren aipatzen diren oinarriekin bat eginen da.

Bigarrena.-"Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren zortzian.-Lehendakaria, José Luis Castejón Garrués

DEIALDIA, NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ZERBITZUKO TRANSKRIPTORE LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko transkriptore izateko lanpostu bat txanda irekian oposizio-lehiaketa bitartez betetzea.

1.2. Deialdi honen bidez izendatutako izangaia Biltzarreko nomina eta plantillako funtzionarioa izanen da, eta indarra duten xedapenek Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat ezarritako eskubide eta betebeharrak izanen ditu; hain zuzen ere, aipatu lanpostuari ezarritako eginkizunak beteko ditu.

1.3. Egungo lanpostuen sailkapeneko C mailari dagozkion lansariak izanen ditu lanpostuak, eta Nafarroako Parlamentuko indarreko plantilla organikoak esleitutako ordainketa osagarriak ere gehituko zaizkio.

1.4. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatu ondoren, Nafarroako Parlamentuan sartu eta funtzionario izaera hartuko duen izangaia Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, aipatu araubideak aurreikusitakoaren babesean.

Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliaturik badago -alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan-, aukeran izanen du bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Parlamentuko organo eskudunek ezarriko dute lanaldia; edonola ere, lanaldia alda daiteke, zerbitzu-arrazoiak direla-eta.

2. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete behar dira:

-Nazionalitate espainiarra izatea.

-Adinez nagusia izatea.

-Goi batxilergoaren edo bigarren mailako lanbide heziketaren titulua edo baliokidearen jabe izatea, edo aipatu tituluetako bat eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

-Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

-Eginkizun publikoak betetzeko desgaitu edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik berezia ez izatea.

2.2. Deialdi honetako zazpigarren oinarriak ezarri epe eta moduan egiaztatu beharko ditu aurreko baldintza horiek lanpostua ateratzen duen izangai onartuak, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da. Halaber, hautapen-prozedura osoan zehar bete beharko ditu bigarren oinarri honek dakartzan baldintzok; alegia, izendapenera arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean (Arrieta, 12, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatu bideetako edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatuta. Eskabide horiek deialdi honetako I. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoak izan beharko dira. Eskabide horietan izangaiek adierazi beharko dute ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta. Merezimendu-lehiaketarako aurkeztu dituzten merezimenduen egiaztagiriak ere erantsiko zaizkio eskabideari.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Minusbaliotasunaren ziurtagiria ere, erakunde eskudunek luzatua, erantsi beharko dute.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Parlamentuko Lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendaren aurka, eta akatsik izan bada, zuzendu, zerrenda hori "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun baliodunen epearen barruan.

4.3. Ezarritako epearen barruan eskabiderik aurkeztu ez bada, Parlamentuko Mahaiak deialdia bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko da.

4.4. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Parlamentuko Lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitara dadila aginduko.

4.5. Izangai bazterturik ez badago zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5. oinarria. Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta iharduketa.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Amelia Salanueva Murguialday andrea, Nafarroako Parlamentuko Lehen Lehendakariordea.

Ordezkoa: Isabel Arboniés Bermejo andrea, Nafarroako Parlamentuko Bigarren Lehendakariordea.

Mahaikidea: Carlos Javier Gil Martínez jauna, Nafarroako Parlamentuko Prentsa, Argitalpen eta Protokolo Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Francisco Del Cerro Paúl jauna, Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako burua.

Mahaikidea: Adolfo Morales Gordo jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Ordezkoa: Nekane Iriarte Amigot andrea, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Mahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak maila horretako funtzionarioen artean izendatutako kide bat.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak maila horretako funtzionarioen artean izendatutako kide bat.

Idazkaria, hizpide eta botoarekin: Carlota Aranaz Martí andrea, Nafarroako Parlamentuko transkriptorea.

Ordezkoa, hizpide eta botoarekin: Francisca Palma Romero andrea, Nafarroako Parlamentuko transkriptorea.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaiko kideek ezin izanen dute parte hartu, eta halaxe jakinaraziko diote Mahaiari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egin ahalko die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantza edo erreklamazioak, bai eta aurrikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehenbizi lehiaketaldia, eta, gero, oposizioaldia, oinarri hauetan adierazitako moduan.

6.2. Oposizio-lehiaketa 2000ko irailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan zehaztuko dira probak hasiko diren tokia, data eta ordua. Gero, epaimahaiak garaiz jakinaraziko ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz puntuatuko dira.

6.3.2. Epaimahaiak edozein unetan eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko azalpenak eta datu osagarriak.

Izangai bakoitzari dagozkion merezimenduak arrazoiz baloratuko ditu epaimahaiak, baremoaren atal bakoitzaren arabera; edonola ere, ezin izanen da alegatu gabeko merezimendurik, edo dokumentuz egiaztatu gabekorik, aintzat hartu, ez eta atal bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioa gainditu.

6.3.3. Lehiaketaldia bukatu ondoren eta oposizioaldia hasi baino lehen, Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean jarriko dira aldi horretan izangaiek lortu dituzten puntuazioak. Izangaiek oposizioaldiko probetan ateratako puntuazioari gehituko zaio lehiaketaldian ateratako puntuazioa. Horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehenbiziko ariketa:

a) Mekanografia proba. Gutxieneko abiadura, 250 pultsazio minutuko. Proba honetarako oposizio egileek beraien makinak erabiliko dituzte, eta elektrikoak edo elektronikoak debekatuta egonen dira. Epaimahaiak emandako idazkia transkribatzeko moduari dagozkion zehaztasun batzuk ezarri ahalko ditu.

b) Ortografia. Epaimahaiak prestatutako ortografia proba bat, diktatua edo galdetegia, burutzea izanen da.

-Bigarren ariketa:

Deialdi honen III. eranskinean dagoen egitarauaren inguruan epaimahaiak aurkeztuko dituen gai edota aferei idatziz erantzutea.

Probaren iraupena ez da bi ordukoa baino luzeagoa izanen.

-Hirugarren ariketa:

Idatziz eta gehienez ere bi ordutan, epaimahaiak aurkeztuko dituen ariketa praktiko bat edo batzuk egitea, Nafarroako Parlamentuko transkriptoreen kidegoko funtzionarioei dagozkien eginkizunei buruzkoak.

6.4.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean jarri ere, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

6.4.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahiko kontsideratzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta agertzen ez diren izangaiak oposiziotik baztertuta geratuko dira.

6.4.4. Hautapen probak egiteko, denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira hala eskatzen duten minusbaliatuentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak zerrenda bat jarriko du Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean; oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda, hain zuzen ere. Izangai bakoitzak lortu dituen kalifikazioak batuta ateratako puntuazioaren arabera jarriko da aipatu zerrenda. Halaber, Parlamentuko Mahaiari igorriko zaio puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena.

7.2. Izendapen proposamena "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte Biltzarreko Erregistro Orokorrean:

-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna erakusten dituen agiri baliokidea.

-Deialdiaren bigarren oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak luzatutako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten duen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

-Minusbaliaren bat alegatu duten izangaiek, gainera, hura deialdiaren xedeko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

-Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela zin egin edo hitz ematea.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak deusezturik geratuko dira, eskabidearen faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko idazatian aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak baja bete beharko du, probak gainditu dituztenen zerrendan -7.1 idazatian aipatutakoan, hain zuzen ere- hurrengoa den izangaiarekin bete ere, eta azken horrekin ere aurreko idazatietan adierazitako moduan jokatuko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, ebazpenaren bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatuko du Nafarroako Parlamentuko funtzionario, transkriptor lanpostua betetzeko.

8.2. Izendapen hori "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza izendatutako izangaiak. Aipatu epean jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuko funtzionario izaera hartzeko eskubide guztiak galduko ditu, aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu. Halakorik gertatuz gero, 7.4 idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Agiriak itzultzea.

9.1. Aurkezturiko agiriak erretiratzen ahalko dituzte izangaiek, baldin eta aldez aurretik horretarako eskaera espresa egiten badute, non eta erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez den. Eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da; epe hori kontatzen hasiko da izendapena "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratzen denetik bi hilabete igaro direnean.

9.2. Aurkezturiko agiriak erretiratu gabe aurreko idatz-zatian aipaturiko epea igaro ondoren, izangaiak horiek berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, hark galdu eginen du horretarako eskubidea, eta erretiratu gabeko agiriak suntsitu eginen dira.

9.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak itzultzen ahalko zaizkio erreklamazio edo errekurtsoaren izapidatzeak posible egiten duenean.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien aurka, izendapen-erabakiaren aurka eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta har ditzakeen gainerako erabakien aurka, ondorengo errekurtsoetako bat erabil daiteke:

a) Berraztertze errekurtsoa, Biltzarreko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Parlamentuko Lehendakariak edo epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko ematen dituzten gainerako egintzak direla-eta, gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da Nafarroako Parlamentuaren Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

.................. J/A, adinez nagusi, .......... Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia duena ........, 19.....(e)ko............(a)ren ...(a)n jaioa, ...............(e)koa, helbidea ........n, ............. kalean, ... zk.an, ... pisuan, ........ posta kodea, eta ...... telefono zk.a dituena.

Hauxe adierazten du:

Nafarroako Parlamentuaren transkriptore lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartu nahi duela

izan ere, 2001eko maiatzaren 7an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hori.

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako titulazioaren jabe dela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Baduela/ez duela minusbaliotasunik. Eskabideari eransten zaion dokumentuan egiaztatzen duela hori, hautaprobak denbora eta baliabideen aldetik egokitzea eskatzeaz batera.

Azaldutakoaren ondorioz,

Hauxe eskatzen du: Eskabide honetan aipatzen den deialdirako onartua izatea. Deialdian eskatzen diren dokumentuak eta merezimenduen egiaztagiriak ere eransten zaizkio eskabideari.

Iruñean, bi mila eta bateko ............aren ....(e)an

II. ERASKINA

Merezimenduen baremoa

1.-Ikasketa merezimenduak

a) Ikasketa tituluak, ofizialki ezagutuak, epaimahaiak baloratuko dituenak: 4 puntu arte.

b) Bestelako ikasketak, epaimahaiak baloratuko dituenak: 2 puntu arte.

2. Administrazioan sartzea eta karrera.

a) Administrazio publikoan lortutako oposizio, lehiaketa edo oposizio-lehiaketengatik, epaimahaiak baloratuko ditu, gehienez ere, bakoitzeko 1,5 puntu eta atal honetan osoko kopurua ez da 4 puntu baino gehiagokoa izanen.

b) Administrazioak emandako ohorezko aipamenak eta espezializazio ikastaroetara joan izana, epaimahaiak baloratuko dituena: gehienez ere 2 puntu.

3. Aintzinatasuna.

a) Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan lan egin izana: zerbitzu urte bakoitzeko, 0,50 puntu.

b) Beste administrazio publikoren zerbitzuan lan egin izana: zerbitzu urte bakoitzeko, 0,40 puntu.

c) 3. atal honi dagokion gehieneko puntuazioa ez da 6 puntukoa baino handiagoa izanen.

4. Administrazio publikoan zein enpresa pribatuan, deitutako lanpostuetako eginkizunen parekoak bete edo zerbitzuak eman izana: epaimahaiak baloratuko ditu, 6 puntu arte, kontuan izanik betetako lanpostuen kategoria, sartzeko zailtasunak, aintzinatasuna eta destinoak.

5. Merezimendu espezifikoak.

Bete behar den lanpostuaren gaietan ezagupen espezifikoengatik, epaimahaiak baloratuko dituenak: gehienez ere 6 puntu.

BAREMOA APLIKATZEKO ARAUAK

1. Izangaiek alegatutako merezimenduak aurkeztuko dituzte ordenean sailkatuta, eraskin honetan dagoen puntuazio eskemarekin bat.

2. Egiaztapena ondoan zehazten den eran burutuko da edo zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez:

2.1. Titulu akademikoak eta ikasketak: jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

2.2. Administrazioan sartzea eta karrera: administrazio ebazpenaren kopia kautotua, fotokopia konpultsatua edo egiaztagiri ofiziala.

2.3. Aintzinatasuna: emandako zerbitzuen egiaztagiri ofiziala edo egiazki eman den zerbitzualdiaren zinpeko deklarazioa, eta azken hau, praktiketako funtzionari izendapenaren aurretik, dagokion egiaztagiri ofizialaren bidez ziurtatu beharko dena, hala behar bada.

2.4. Merezimendu espezifikoak eta administrazio publikoan zein enpresa pribatuan, deitutako lanpostuetako eginkizunen parekoak bete edo zerbitzuak eman izana. Egoki irizten zaien frogabideak, adierazi beharko direlarik gai bakoitzean izaten diren ezagupenak, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren lanak egiaztatu ere.

3. Egiaztagiriek baremoaren aplikazioak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute. Egiaztatu gabeko merezimenduak ez dira kontatuko.

III. ERANSKINA

1. gaia.-1978ko Espainiako Konstituzioa: hatsapen orokorrak. Espainiarren funtsezko eskubide eta eginbeharrak.

2. gaia.-Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua. Osaketa eta eginkizunak.

3. gaia.-Estatuko Gobernua eta Administrazioa. Estatuko botereak eta haren eginkizunak. Gobernua. Administrazioa.

4. gaia.-Botere Judiziala: konstituzio eraketa. Konstituzio Auzitegia: osaketa, izaera eta eskumenak.

5. gaia.-Estatuko herrialdeen antolamendua: printzipioak. Autonomi Erkidegoak. Haien konstituzio printzipioak eta haien erakundeen antolamendua. Toki administrazioa.

6. gaia.-Nafarroa Gaztelako Koroan sartu aitzin. Nafarroa Gaztelako Koroan sartzea. Foraltasuna zaintzeko erakundeak.

7. gaia.-1841eko Lege Itundua. Prestaketa. Izaera juridikoa eta haren edukiaren azterketa.

8. gaia.-Nafarroak eta Estatuak izenpeturiko hitzarmen ekonomikoen historia. 1990eko abenduaren 26ko Hitzarmen Ekonomikoa: egitura. Horren ondoriozko funtsezko printzipioak.

9. gaia.-1978ko Espainiako Konstituzioko lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko testua: izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Aurretikoak. Prestaketa. Edukia.

10. gaia.-Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Historia, osaketa eta eginkizunak. Instituzioaren autonomia: aurrekontuak, erregelamendua eta barne gobernua.

11. gaia.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Osaketa. Nafarroako Gobernuko Lehendakaria. Hautaketa. Nafarroako Parlamentuarekiko erantzukizun politikoa.

12. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren antolamendua eta egitura.

13. gaia.-Administrazio jardunbideko hatsapen orokorrak. Horren arauak. Administrazio jardunbideko denborak: egun eta ordu baliodunak, epeak zenbatzerakoan. Agiriak hartu eta erregistratzea.

14. gaia.-Funtzionari publikoaren harremanaren izaera juridikoa. Erantzukizun administratibo, zibil eta kriminala. Diziplina espedienteak.

15. gaia.-Foru parlamentarioak: eskubideak eta betebeharrak. Parlamentuko taldeak.

16. gaia.-Parlamentuaren antolaketa: Lehendakaria, Mahaia eta Eledunen Batzarra. Batzordeak, Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra.

17. gaia.-Parlamentuaren jarduera: bilkurak, gai zerrenda, bozketak, epeen zenbaketa eta agirien aurkezpena.

18. gaia.-Ohiko legegintza-jardunbidea. Legegintza-jardunbide bereziak.

19. gaia.-Jabeldurak eta galderak. Mozioak.

20. gaia.-Nafarroako Parlamentuko langileen estatutua. Zerbitzuen egitura. Legelari Nagusia. Langileen gaineko arautzea.

21. gaia.-Nafarroako Kontuen Ganbara: izaeraren, eginkizunen, antolamenduaren eta jardueraren azterketa laburra.

22. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa. Arartekoaren estatutua. Eginkizunak, antolamendua eta jarduera.

Iragarkiaren kodea: A0105645