63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

590/2001 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2001 urtean zehar, tabakoaren kontsumoari buruzko prebentzio eta osasunaren sustapenerako proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, 1997ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ekainaren 20an argitaratu baitzen, arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Foru Lege horren 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzak emanen dira publizitate, lehiakortasun eta objektibitate irizpideen arabera.

Tabakoaren kontrako Foru Planak helburua du haurtzaroan eta nerabezaroan erretzen hasteari aurrea hartzea, erretzeari uzteko laguntza ematea, eta tabako kerik gabeko toki itxiak bultzatzea. Dirulaguntza egokien bidez, sustatu nahi dira bizimodu osasungarrien garapena eragiteko eta tabakoaren kontsumoaren prebentziorako jarduerak.

Dirulaguntzak emateko deialdi honen xedea da Osasun, hezkuntza, kultura eta aisialdi arloetako toki entitateek, erakundeek, fundazioek, elkarteek, talde komunitarioek eta zerbitzuek (zentroek) ekintza berariazkoak egitea, informazio, sentsibilizazio, hezkuntzako eta parte hartze sozialeko jarduketak sustatzeko, eta, era berean, gure komunitateko biztanleek kontsumitzen duten tabako kopurua murrizteko.

Deialdi honi esker, interesa duten elkarte, entitate eta zerbitzu guztiek baldintza berberetan hartzen ahal dute parte. Halaber, bermatzen ahal da aukeraketa irizpide objektiboen arabera eginen dela, lehentasunak markatuz Tabakoaren kontrako Foru Planak sustatzen dituen ildoen arabera, bereziki, ildo horiek Osasun Planeko helburuak betetzearekin bat datozenean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak esleitutako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun eta hezkuntza zerbitzuen, toki entitateen eta gizarte elkarte eta taldeen esparruan, 2001 urtean zehar, Nafarroako Foru Komunitatean, tabakoaren kontsumoari buruzko prebentzio eta osasunaren sustapenerako proiektuak eta jarduerak diruz laguntzeko deialdia onestea. Proiektu eta jarduera horiek bat etorri beharko dute deialdi honen 1. eranskineko oinarriekin.

2. Deialdia gobernatuko duten oinarriak onestea (1. eranskina).

3. Zazpi milioi, bederatziehun eta hirurogeita hamabost mila pezetako gastua baimentzea, 2001eko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kargura: 549002 4600 413900 "Toki entitateen proiektu eta jardueretarako dirulaguntza" (2.000.000 pezeta); 549002 4810 413900 "Irabazi asmorik gabeko erakundeen proiektu eta jardueretarako dirulaguntza" (2.975.000); eta 549002 4811 413900 "Osasun eta hezkuntza zerbitzuen proiektu eta jardueretarako dirulaguntza" (3.000.000).

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Foru Komunitateko ohiko komunikabideetan argitara dadin xedatzea.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hogeita bostean.-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

1. ERANSKINA

Oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

2001. urtean, tabako kontsumoa dela-eta, aurrea hartzeko eta osasunerako hezi eta sustatzeko proiektuak garatzeko dirulaguntzak ematea du helburu deialdi honek. Halaber, justifikatzen bada jarduketaren bat egin behar dela 2001 eta 2002ko aurrekontu ekitaldietan, dirulaguntza eskatzen ahalko da, betiere, urtebete baino gehiago irauten ez badu.

Jarduketak esperientziak gauzatzera bideratuko dira, herritarrek (banan-banan edo beren elkarteen eta gainerako herritar- edo instituzio- entitateen bidez) beren osasunaren gaineko kontzientzia lortu, eta beren kabuz edo taldean aritzeko gaituko dituzten ezagutzak, baloreak eta trebetasunak lantzeko. Horretaz gain beste helburu bat izanen da erabakiak hartzen ikastea, tabakoaren kontsumoak osasunean eragin ditzakeen arriskuen gainean eta euren edo ingurukoen osasuna babestu eta sustatzearen gainean.

Bigarren.-Eskatzaileak eta parte hartuko duten ikastetxeak.

Laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte hezkuntza eta osasun zerbitzuek (zentroek), toki entitateek, irabazi asmorik gabeko erakunde, fundazio edo elkarte publiko zein pribatuek, legearen arabera eraturik badaude, tabakoaren kontsumoaren gainean, Nafarroan, prebentziorako eta osasuna sustatzeko jarduerak egiteko.

Hirugarrena.-Modalitateak.

Entitateek aurkezten dituzten proiektuak honako modalitate hauen arabera sailkatuko dira:

-A modalitatea

Modalitate honetan hezkuntza zerbitzuen (zentroen) proiektuak sartuko dira.

-B modalitatea

Modalitate honetan osasun zerbitzuen (zentroen) proiektuak sartuko dira.

-C modalitatea

Nafarroako toki entitateen proiektuak sartuko dira honetan.

-D modalitatea

Interesa azaltzen duten Nafarroako elkarteen eta Gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak, boluntarioenak izan edo ez, modalitate honetan izanen ditugu, herritarren parte hartzea kontuan hartuz osasun programak gauzatzen badituzte, eta presio eta nork bere buruz zaintzeko taldeen eraketa eta funtzionamendua bultzatzen badute.

Laugarrena.-Proiektuen edukia eta ezaugarriak:

Lehentasuna emanen zaie ondokoa jorratzen duten proiektuei:

-Bizimodu osasungarriak sustatzeko eta haurtzarotik nerabezarora bitartean tabakoa kontsumitzen ez hasteko esku hartzeak. Horretarako, ezagutzak, jarrerak eta prozedurak landu behar dira, arlo hauetako batean edo guztietan:

-Pertsonaren garapena osasunarekiko.

-Kontsumoaren presioari aurre egitea eta estresa kontrolatzea.

-Aisialdia (eta denbora librea?). Tabakoa kontsumitzeaz gaindiko aukerak.

-Kerik gabeko gune osasungarriak sustatzeko politikak, batez ere leku hauetarako: adingabeak, adinekoak eta eriak biltzen diren tokiak, administrazioaren aretoak, bai erabilera publikokoak bai lantokiak.

-Tabakoarekiko menpekotasuna dutenen tratamenduan esku hartzea, banaka edo taldeka.

-Aurrekoetan ez sartu arren, gizartearendako interesa izaten ahal duten bestelako gaiak baldin eta jorratzen dituzten edukiak, esparrua, eta helburuak bereziki komunitaterantz bideratuta badaude.

A.-A modalitatea

Ikastetxeek aurkezten dituzten proiektuen kasuan, proiektua, gutxi gorabehera, honako ezaugarri hauei lotu beharko zaie:

1. Ikastetxeko hezkuntza proiektuan (PEC) aintzat harturiko balore eta jarrerak sustatzea, bizimodu osasungarrien eta osasunerako hezkuntzaren zein tabako kontsumoaren prebentzioaren ikurtzat hartzen ahal baitira.

2. Proiektua sartzea osasunerako hezkuntzaren zeharkako arloetan.

3. Jarduerak etapa bakoitzeko curriculum-proiektuan bildu eta arlo diferenteetako programazioari egokitzea.

4. Proiektuak, bere garapenerako, ikasleen parte hartzeaz gain, irakasleena eta familiena izatea.

B.-B, C eta D modalitateak

Osasun zerbitzuek (zentroek), toki entitateek eta elkarteek aurkezten dituzten proiektuen edukiak garatzeko, gutxienez, osasunaren garapenerako baliabide hauetako bat erabili beharko dute:

1. Informazioa, komunikazioa eta sentsibilizazioa osasunaren gainean.

Gutxi gorabehera, ondokoa izaten ahalko dute abiapuntu proiektuek:

-Informazio kanpainak egitea, informazioa zabaldu eta jendea sentsibilizatzeko.

-Liburuxkak, liburuak, aldizkariak, web orriak, etab. argitaratzea.

-Erakusketak egitea.

-Eztabaidak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzea.

-Osasunerako eta tabakoaren kontsumoaren prebentziorako egun edo/eta aste espezifikoak prestatu eta egitea.

-Zine saio eta zikloak antolatzea.

-Osasunaren gaineko informazio zerbitzuak ematea.

2. Osasunerako hezkuntza, tabako kontsumoaren prebentzioa eta erretzeari uzteko laguntza.

3. Gizarte jarduketa, tabakoaren kontsumoari aurrea hartu eta osasuna sustatzeko.

Atal horretan sartuko dira herritar taldeek parte hartzen duten ekintza zehatzen antolaketa eta betearazpenean oinarritutako proiektuak.

4. Arautu gabeko prestakuntza, tabako kontsumoaren prebentzioari buruzkoa.

Deialdi honetako prestakuntza proiektuak honako baliabide hauen bidez egiten ahalko dira: lehiaketak, jardunaldiak, mintegiak, simposiumak eta kongresuak.

5. Gizartearen gaineko ikerketa, tabakoaren kontsumoari eta bizimoduei aplikatua, eta tabakoaren salmenta eta kontsumoari buruzko araudiaren betetze-mailaren ebaluazioa.

Bosgarrena.-Proiektuen diseinua.

Modalitate guztietan, proiektuen diseinuak honako ezaugarri hauek izan beharko ditu kontuan:

Justifikazioa.

Helburuak.

Etapa bakoitzeko curriculum-proiektuan eta urteko programazioan kokatzea.

Ukituko dituen arloak, esku hartzealdiak, eta helburuekiko egoera.

Egin gogo diren esperientziak eta jarduerak, erabiltzeko edukiak, metodologia, denbora eta ebaluazioa adieraziz, parte hartuko duten taldeen arabera.

Azaltzea arloan, osasun eskualdean edo ikastetxean garatutako bestelako programen osagarria den eta zein den haren integrazio maila.

Gastuen aurrekontu zehaztua.

Seigarrena.-Epeak

1. Eskabideak aurkezten ahalko dira ebazpena eta haren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean.

2. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Publikoaren Institutuak interesatuari eskatuko dio zuzentzeko, gehienez ere, hamar egun baliodunetan. Halaber ohartaraziko zaio, hori egiten ez badu, aurkezteari uko egin diola ulertuko dela eta artxibatuko dela.

Zazpigarrena.-Agiriak

1. Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Nafarroako Osasun Zerbitzuko erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, 31008 IruÏa) agiri hauekin batera:

A.-A eta B modalitatetako proiektuak (Hezkuntza eta osasun zerbitzuak -zentroak-).

Hezkuntza eta osasun zerbitzuek (zentroek) honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofiziala; Osasun Publikoaren Institutuan jasotzen ahalko da, egin behar den proiektu, ekintza edo programaren alde tekniko eta ekonomikoak ongi bete eta azaldu ondoren.

b) Dirulaguntzarako eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

B.-C eta D modalitateetako proiektuak (toki entitateak eta elkarteak)

Dirulaguntza lehenbiziko aldiz eskatzen duten toki entitate, instituzio, fundazio, elkarte, erakunde eta taldeendako.

a) Elkarte edo instituzioaren estatutuak.

b) Nafarroako Foru komunitateko Elkarteen erregistroan izena eman izanaren egiaztagiria.

c) Identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

d) Entitate edo elkarte eskatzaileak kontratudunen bat izanez gero; Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, entitate edo elkarte horrek Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela egiaztatzen duena.

Gainerako instituzio, fundazio eta elkarteek, beren estatutuak aldatu badituzte, aldaketak aurkeztu beharko dituzte.

C eta D modalitateetako kasu guztietan, b), c) eta f) ataletan eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Dirulaguntza eskatzeak deialdia zuzentzen duten oinarriak onartzea dakar.

3. Aurkeztutako datuak osorik egiazkoak ez izateak edo eskatzaileak horiek faltsutzeak zehapena ekar dezake, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.-Laguntzen balorazioa

1. Aurkeztutako eskabideak aztertu, baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua:

-Batzordeburua: Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Batzordeburuordea: Populazioan Esku Hartzeko eta Osasuna Sustatzeko Ataleko burua.

-Mahaikideak:

-Osasun Publikoaren Institutuko bi pertsona, laguntzak kudeatu behar dituztenen artean zerbitzuko zuzendariak hautatuak.

-Hezkuntza Departamentuko kide bat, departamentu horretako zuzendari nagusiak izendatu beharrekoa.

-Gizarte Ongizatearen Departamentuko kide bat, departamentu horretako zuzendari nagusiak izendatu beharrekoa.

-Osasun Publikoaren Institutuko Kudeaketa Administratiboaren Ataleko kide bat, atal horretako zuzendariak izendatu beharrekoa, eta idazkari arituko dena.

2. Ebaluazio Batzordeak, haren esku utzitako eginkizunak betetzeko, egoki juzkatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu diruz lagundutako jardueraren inguruan, eta hura egiaztatzeko behar duen agiri oro eskatzen ahalko ditu.

Batzordeak emandako proposamena loteslea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

Bederatzigarrena.-Laguntzak emateko irizpideak

Dirulaguntzak emateko, honako irizpideei jarraikiko zaie:

-Proiektua laugarren eta bosgarren oinarrietan ezarritako eduki eta ezaugarriekin bat etortzea, bai eta proiektua justifikatzea ere.

-Erakunde eta zerbitzu ezberdinen arteko elkarlana, eta proiektuaren bideragarritasuna, aurrekontuko mugak kontuan harturik, gehienez ere, 250.000 pezeta gastatzen ahal baitira.

-Osasun eremu edo eskualdean eta ikastetxeetan garatutako programekin eta zerbitzu eta zentroekin osagarria den eta horietan nola txertatzen den. Horretaz gain, zeharkako arloetako proiektuekiko koordinazioa eta haietan nola txertatzen den, bereziki honakootan: osasunerako hezkuntza, heziketa ez baztertzailea generoa dela-eta, eta elkarbizitzarako heziketa.

-Programaren xede den pertsona multzoa. Ikastetxeen kasuan, ikastetxeko kide guztien parte hartzea baloratuko da.

-Parte hartze eta inplikazioa lortzeko ikuspegia eta metodologia.

Hamargarrena.-Zein kontzeptutarako izanen den dirulaguntza

Dirulaguntzen bidez ordainduko dira aurkeztutako proiektu edo programaren gaineko jardueren edo/eta langileen gastuak. Diru horrekin pagatzen ahalko dira, halaber, funtzionamenduko gastu orokorrak, baina gehienez ere dirulaguntzaren % 20.

Diruz laguntzen ahal diren proiektuak egiteko, ahal izanez gero, zerbitzuen (zentroen), toki entitateen, instituzioen, fundazioen edo irabazi asmorik gabeko elkarteen baliabide propioak erabiliko dira. Proiektuen aukeraketan lehentasuna emanen zaie jarduerak egiteko baliabide propioak erabiltzeko asmoa duten eskaerei. Jardueraren baterako hirugarren bat kontratatu edo norbaitekin hitzartzeko asmoa agertzen badute, aurkezten duten proiektuetan zehaztu beharko dute.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, baina proiektu edo programa bakar baterako erakunde edo entitate ezberdinetatik jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu jarduera horren gastu osoa.

Hamaikagarrena.-Laguntzak ematea.

Dirulaguntzak Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira, Ebaluazio Batzordeak proposaturik, eta Osasun Publikoaren Institutuak bere txostena, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintzak bete dituzten azaltzen duena, eman ostean.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete iraganik ebazpena eman gabe, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da.

Hamabigarrena.-Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

1. a) Oro har, honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:

-Kopuruaren % 70, emateko unean, horri buruzko ebazpena onetsitakoan.

-Dirulaguntzaren gainerako % 30, diruz lagundutako proiektua edo programa osorik egin dela frogatzen duten egiaztagiri tekniko eta ekonomikoak.

%30eko zatia ordaintzeko beharrezkoa den egiaztapena egiteko, 2002ko urtarrilaren 10a baino lehen Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztu beharko dira memoria tekniko eta ekonomikoaren eredu ofiziala eta 2001eko abenduaren 31 baino lehen egindako fakturak, jatorrizkoak eta fotokopiak (Gizarte Segurantzaren ziurtagiriak, hala nola zergei eta beste tributuei buruzkoak izan ezik, horiek ordainketa egin eta bost egun pasata aurkeztuko baitira). Aurkezten diren faktura horiek fakturen luzatzea eta gastu eta kenkarien egiaztatzea arautzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan adierazitakoari lotu beharko zaizkio. Fakturak zenbaki zerrenda baten arabera eta kontzeptuak zehaztuta daudela aurkeztuko dira.

Udalek dirulaguntza zertarako den frogatzen ahalko dute honakoak aurkeztuta: memoria eta gastu eta dirusarreren balantzea, Udaleko idazkariak ziurtatua fede-emaile publikoa den aldetik, eta Udaleko kontu-hartzaileak ikus-onetsia.

b) Jarduerak biltzen dituzten programak bi aurrekontu ekitalditan finantzatu beharrekoak direnean, honako hau izanen da ordaintzeko modua, salbuespen gisa:

b.1) Aurreko deialdian emandako dirulaguntza frogatu ondoren, 2001. urteko ekitaldiari dagokion dirulaguntzaren zati proportzionalaren lehen ordainketa.

b.2) Bigarren ordainketa eginen da lehenengoa 2001eko abenduaren 31n frogatu ondoren, eta zenbatekoa zati proportzionala izanen da 2002. urteko ekitaldiaren kargura.

2. Lehenengo idatz-zatian aurreikusitakoa hala izanik ere, dirulaguntzak 500.000 pezetatik beherakoak direnean, dirulaguntzaren ordainketa bakarra izanen da, eta aldez aurretik eginen da.

Diru frogagiriak (jatorrizkoa eta fotokopia, zenbakiak jarritako zerrenda, e.a.) aurreko idatz-zatiko kasuetako berberak izanen dira.

3. 1997ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen 30. artikuluaren arabera (Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legearen 41. artikulua aldatzen duena), baimena ematen da jarduerak segidako bi urtetan egiteko, iraupena urtebetekoa izanen delarik gehienez; gastua bi aurrekontu ekitaldi ezberdinetan banatuko da.

4. Dirulaguntza ordaintzeko modua edozein delarik, 2002ko urtarrilaren 31n amaituko da egindako ekintza, proiektu edo programako memoria teknikoak eta ekonomikoak (eta behar diren fakturak: jatorrizkoa eta fotokopia) aurkezteko epea, eredu ofizialak erabiliz beti ere, jarduerak segidako bi urtetan egiteko baimena ematen denean izan ezik, kasu horretan Ebazpenean zehaztuko baita.

Hamahirugarrena.-Diruz lagundutako zentro eta entitateen betebeharrak

1. Onuradunak beharturik daude Nafarroako Osasun Zerbitzuari jakinaraztera Departamentuak berak finantzatzen duen jarduera egiteko beste erakunde batzuek emandako laguntza edo dirulaguntza guztiak.

2. Oro har, eta ekintzaren helburua dela-eta desegokitzat hartzen diren kasuak alde batera utzita, programa eta jarduera horien berri emateko argibideetan, zabalkundean, foiletoetan eta antzekoetan, eta, oro har, jendaurrean jartzen den informazio orotan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da eta Osasun Departamentua finantzaketan laguntzaile gisa aritu dela aipatu.

3. Diruz lagundutako programaren baldintza guztiak nahiz batzuk ez betetzeak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa, osoa edo zati bat, itzuli beharra ekarriko du berekin, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik ordurarte sortutako berandutza korritua ordaindu beharra ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.-Material eta lanen erabilera

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, memoria aurkezten denetik, bi urteko epean zabaldu eta argitaratzen ahalko ditu ikastetxe eta irakasleentzat interesgarritzat jotzen dituen proiektuak, egileei dagozkien eskubideak errespetatuta.

Hamabosgarrena.-Azken xedapenak

Deialdi honetan espreski ezarririk ez dagoen orotan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko da.

Deialdi honen eta dagozkion egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0104943