63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

59/2001 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, elkarteek, toki entitateek eta administrazio partzuergoek 2001. urtean egiten dituzten sustapen jarduerei laguntzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateek, partzuergo turistikoek eta turismoa bultzatzeko helburua duten zenbait elkarte lan eskerga egiten ari dira turismo sektorea bultzatze aldera.

Laguntzen deialdi honen bitartez bultzatu eta sustatu egin nahi dira sektore publikoak turismoaren inguruan dituen ekimenak, hain zuzen ere 2001eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egiten direnak.

Horrenbestez:

AGINDU DUT:

1. Elkarte, toki entitate eta administrazio partzuergoei laguntza emateko deialdia onestea, bai eta deialdia arautuko duten oinarriak ere. Foru Agindu honen eranskinean bildu dira.

2. Deialdi honek sortuko duen gastua baimentzea, indarra duen 2001eko gastuen aurrekontuaren kontusail hauen kargura:

Aurrekontuko Zenbatekoa

kontusaila (pezetak)

Elkarteentzako laguntzak

turismoa sustatzeko 860001-82210-4810-751200 50.000.000

Ekimen publikorako laguntzak

turismoa sustatzeko 860001-82210-4600-751200 66.000.000

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru Agindu hau kontabilitate zentroari jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hamarrean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

ERANSKINA

Oinarri arau-emaileak

1.-Xedea, laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak.

Deialdi honen xede diren laguntzak 2001eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egiten diren jarduera hauetarako izanen dira:

1.1. Elkarteentzako laguntzak

1.1.1. Xedea.

1. Garapen turistikorako lagungarri diren produktuen komertzializazio eta sustapen estrategiak abian jartzeko jarduketak:

-Turismo arloko ferietara eta Work-Shop-etara joatea.

-Fam-Trip-etan hartzea eta horietara joatea.

-Publizitateko ekintzak, mailing-ak, web-orriak sortzea.

-Sektorearen irudia indartzeko ekintza eta kanpainak.

-Herritarrak turismo jardueraren inguruan sentsibilizatzeko kanpainak.

2. Jada utziak diren jarduera tradizionalekin loturiko jai eta ospakizun kulturalak eta Nafarroako elezahar eta tradizioei buruzko antzezpenak antolatzea, betiere jarduera horiek egiten diren tokira bisitari ugari erakartzeko ahalmena badute.

3. Kalitate turistikoaren kartak sortu eta ezartzeko jarduketak, eremu nazionalean homologatutako kalitate turistikoaren sistemak garatu eta ezartzeko, bai eta kalitate plan horiek eskatzen dituzten ingurumen arloko ekintzak ere. Ondoko hauek:

-Kalitate planak ezartzeko zuzenean esleitutako langileak kontratatzea.

-Aholkularitza espezializatua kontratatzea.

-Prestakuntzaren arloan ikastaroak eta gainerako jarduerak antolatzea.

4. Beharren diagnostikoa eta prestakuntza jarduerak egitea turismoko kudeatzaileen gaitasun tekniko eta profesionala hobetzeko eta turismoaren sektorean energia berritzaileak ezagutu eta aplikatzeko.

5. Turismoko produktua sortzeko jarduketak. Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da toki bateko baliabideei balioa ematea, betiere elkarren artean osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzuen multzo bat baldin bada, erakarmen berezia badu eta turismoa erakartzeko ahalmena.

6. Turismo arloko beste jarduera batzuk.

1.1.2. Laguntzaren zenbatekoa

Laguntzak fondo galdurako dirulaguntzak izanen dira, laguntza izan dezaketen jardueretarako bideratzen diren zenbatekoen % 70 artekoak. Hala ere, 6. ataleko jardueretarako laguntzak % 40 artekoak izanen dira.

Laguntzen muga: orokorrean, 7.000.000 pezeta elkarte bakoitzeko, 1.1.1. puntuko 1, 2, 4, 5 eta 6. ataletan aipatzen diren jardueretarako, eta 5.500.000 pezeta 1.1.1. puntuko 3. atalekoetarako.

1.1.3. Onuradunak.

Helbidea Nafarroan duten elkarteak, beren xedeetan, besteak beste, turismoa sustatzea daukatenak eta, beren estatutuetan turismo arloko helbururik izan gabe ere turismoko proiekturen bat garatzen dutenak.

1.2. Laguntzak toki entitateentzat eta turismo partzuergoentzat.

1.2.1. Laguntzaren xedea.

Laguntza jasoko dute ondoko atalen inguruan garatzen diren proiektuek:

1. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Turismoko produktuak eta gai baten inguruko ibilbideak diseinatu eta zehaztea.

b) Herritarrak turismo jardueraren inguruan sentsibilizatzeko kanpainak.

c) Eremu nazionalean homologatutako kalitate planak bultzatu eta garatzea, bai turismo arloan bai ingurumenekoan.

d) Beharren diseinua eta seinalizazio turistikoaren planak, 2003-12-31 baino lehen egiten badira. Hori egiteko erreferentzia gisa hartu behar da Turismo Zerbitzuaren Baliabide Turistikoen Oinarria.

2. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Fam-Trip-ak eta Work-Shop-ak antolatzea.

b) Gai baten inguruko festak, ikuskizun kulturalak eta kirolekoak, lehiaketak e.a. antolatzea, baldin eta xede turistikoa argi gelditzen bada eta eremu horretatik kanpoko bisitariak erakartzeko gaitasuna demostratzen bada.

3. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Jardueren Orriak egitea, Sustapen Programa baten osagai badira.

b) Web orria diseinatzea. Homogeneotasuneko jarraibideak: formatua Turismo Zerbitzuak ezarritako ildoaren araberakoa izanen da, Nafarroari buruzko irudi bakarra eman dadin. Turismo Zerbitzuak lotura bat ezarriko du orri horretan sartu ahal izateko, Nafarroaren sustapen turistikoari begira.

4. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Feria, Fam-Trip eta Work-Shop-etara joatea.

b) Publizitate ekintzak, mailing-ak.

5. Interes turistikoa duten eta aurreko ataletan sartu ez diren beste ekintza batzuei buruzko proiektuak.

6. Dinamizazio turistikorako zerbitzua ezartzeko proiektuak. Horren funtsa izanen da turismoko produktu komuna duten herriak edo herri bat bultzatzeko programa diseinatu eta garatzea.

Azpiegitura egokia duten partzuergoek eta toki entitateek turismorako argibide zerbitzua ere gehi dezakete egoki iruditzen zaien denboraldian. Adierazi beharko dute urtean noiz egonen den irekita, zer ordutan irekiko den eta aurreko urteetan izandako kontsulta kopurua.

7. Turismoko partzuergoek kudeatzailea kontratatzea.

8. CULTUR Programari egindako ekarpenak.

1.2.2. Laguntzaren zenbatekoa.

1.2.2.1. Laguntzak 1. ataletik 5.era bitartekoetan azaltzen diren proiektuetarako.

Fondo galdurako dirulaguntza, proiektuaren kostuaren % 40tik % 70era bitarte, baremo honen arabera:

Balorazioa:

-Proiektu mota kontuan harturik:

Proiektua zein ataletakoa den Puntuak

1.a 6

2.a 5

3.a 4

4.a 2

5.a 1

-Proiektuaren finantzazio eta exekuzioan parte hartzen duten entitateen kopurua kontuan harturik:

Toki entitate batek aurkezturiko proiektua: 4 puntu.

2, 3 edo 4 toki entitatek aurkezturiko proiektua: 5 puntu.

4 toki entitatek edo gehiagok aurkezturiko proiektua: 6 puntu.

Partzuergo batek aurkezturiko proiektua: 7 puntu.

2 partzuergok edo gehiagok aurkezturiko proiektua: 7+2 puntu gehitzen den partzuergo bakoitzeko.

Partzuergo batek eta toki entitate batek aurkezturiko proiektua: 7+1 puntu toki entitate bakoitzeko.

Baremo honi dagokionez, entitate parte-hartzailetzat jotzeko, proiektuko parte-hartzeak kostu osoaren % 10 izan beharko du gutxienez.

-Ekintza Plan Orokor baten barnean dagoen ala ez kontuan harturik.

1. ataletik 3.era bitarteko proiektuek, Ekintza Plan Orokor batean sartuta badaude, 2 puntu gehiago izanen dituzte.

Ekintza Plan Orokor batek, aldez aurretik azterketa eta diagnostikoa eginik, eremu geografiko baterako jarduera turistikoaren kalitate, garapen eta eusgarritasun xedeak planteatzen ditu eta, horrekin batera, ekintzen plan sistematiko bat, zeinetan txertatzen baitira laguntza eskaeretako proiektuak.

Baremoan kontuan hartzeko, ezinbestekoa izanen da plan hori garatzen duen dokumentu teknikoaren kopia bat aurkeztea.

2. Baremoaren aplikazioa.

1. ataletik 5.era bitarteko proiektu batek dirulaguntza jasotzeko, ezinbestekoa da proiektuak baremoaren arabera 10 puntu edo gehiago lortzea. Proiektuek gehienez ere 20 puntu lortu ahalko dituzte.

10 puntu lortzen direnean aurkeztutako aurrekontuaren % 40ko dirulaguntza emanen da. Puntu gehigarri bakoitzeko, hasierako dirulaguntzaren portzentajea 3 puntu gehituko da.

Dirulaguntzaren gehieneko portzentajea ez da izanen diruz lagun daitezkeen gastuen % 70etik gorakoa.

1.2.2.2. Laguntzak 6. ataleko proiektuetarako.

Zerbitzua ezartzeko langileen kostua besterik ez da finantzatuko jarduera horretan. 600.000 pezetako laguntza emanen da partzuergoek eskatutako dinamizatzaile turistiko bakoitzeko, eta 400.000 pezeta toki entitateek eskatzen dutenetan.

1.2.2.3. Laguntzak 7. ataleko ekintzetarako.

Laguntzaren zenbatekoa kostuaren % 70a izanen da; gehienez ere 3.000.000 pezeta partzuergo bakoitzeko.

1.2.2.4. Laguntzak 8. ataleko ekintzetarako.

Laguntzaren zenbatekoa programarako jarritako kopuruen % 70a izanen da; gehienez ere 2.000.000 pezeta.

1.2.2.5. Hainbanatzea.

Eman beharreko laguntzen zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiago bada, laguntzen hainbanatze lineala eginen da.

1.2.3. Onuradunak.

Nafarroako toki entitateak eta helbidea Nafarroan duten partzuergo turistikoak. Partzuergo horiek toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek osatuko dituzte eta beren jarduketa eremuan turismoa garatzea xede izanen.

2.-Eskaeren aurkezpena.

2.1. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztuko da.

Proiektu bat zenbait entitatek elkarren artean garatzen dutenean, proiektuaren exekuzioa bere gain hartzen duenak aurkeztu behar du eskaera. Eskaeran adieraziko da entitateen lankidetza nola eratzen den eta bakoitzak zer parte-hartze duen, bai eta entitateen legezko ordezkarien sinadura ere.

2.2. Epea.

Laguntzetarako eskaerak aurkezteko hilabeteko epea dago, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

2.3. Dokumentazioa.

Eskaera beteko da horretarako propio eratutako formularioa betez. Delako formularioa eskura dago Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: www.cfnavarra.es/industria/areas/turismo/taycon.htm.

Eskaerari ondoko agiriak atxikiko zaizkio:

1. Entitateari edo entitateei dagokien dokumentazioa

Elkarteek:

-Dagokion Erregistroko inskripzioaren kopia eta elkartearen Estatutuena eta hurrengo aldaketena, halakorik bada.

-Entitatearen legezko ordezkarien identifikazioa eta haien ahalordetzea.

-Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

Partzuergoek eta toki entitateek:

-Entitatearen legezko ordezkarien identifikazioa eta haien ahalordetzea.

2. Proiektuari dagokion dokumentazioa:

A) Proiektuaren azalpen memoria, honakoak zehaztuz:

-Proiektua osatzen duten ekintzak eta horiek non eginen diren.

-Dirusarrera eta gastuen aurrekontu zehaztua. Proiektuan ekintza bat baino gehiago dagoenean, bakoitzaren kostua azalduko da.

-Gastu eta dirusarreren aurrekontu zehaztua entitate eskatzaile bakoitzerako; adieraziko dira entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak, bai eta gastu eta dirusarreretako zein parte-hartze duen ere, kostua eta mota zehaztuta.

B) Ekintza Plan Orokorra. Adieraziko da: lortu nahi den helburu zehatza, plan horretako proiektuen zerrenda, bakoitzaren kostua eta proiektu bakoitzak azken helburuari zer ematen dion.

C) Dinamizazio zerbitzua ezartzeko laguntzak.

Dinamizazio turistikoaren zerbitzua ezartzeko laguntzak eskatzen direnean, bultzatze eta dinamizazio programa aurkeztu beharko da, eta bertan zehaztuko dira dirulaguntza jasoko duten pertsonek burutu beharreko lan konkretuak, bai eta haiek urtean jasoko duten lansaria. Horrezaz gainera, turismorako argibide zerbitzua ezarri nahi bada, adierazi beharko da lokala nolakoa den eta non kokatzen den, bulegoa noiz egonen den irekita eta hartarako zer baliabide material jartzen den.

D) Proiektuak egokiro definitzeko behar diren beste agiri batzuk.

3.-Tramitazioa.

Turismo Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala hamar egun naturaleko epean eskaera hori jakinarazten zaionetik hasita; adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, behar bezala osatutakoei dagozkien zenbatekoak zehaztuko dira eta zenbateko horiek onuradunei idatziz jakinaraziko zaizkie, horiek, jaso beharreko laguntzekin proiektuak ezin direla bideratu uste badute, eskaerari uko egiten diotela jakinaraz dezaten 10 eguneko epean.

Epe hori bukatutakoan, Turismo Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatziko.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera ez da onartuko.

4.-Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezakete proiektuaren garapenarekin lotura zuzena duten kanpoko gastuek, hots, hirugarrenek fakturatuek eta, beraz, ez dute dirulaguntza jasoko bertako langileei dagozkien gastuek eta entitatearen ohiko funtzionamenduko gastuek, ibilgetua amortizatzeko dotazioak barne.

Hala ere, partzuergoen kasuan dirulaguntza jasotzeko gastuen artean onartuko da, barne kostuen gehikuntza gisa, proiektuan parte hartzeko aurrekontuaren eta, hala denean, egiaz gauzatutako aurrekontuaren % 15a, 1.000.000 pezetako muga jarrita.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zenbatekoa kenduko da, erasatekoa den kasuetan.

5.-Egiaztapena eta ordainketa.

Laguntzen kontzesioarekin batera laguntzaren % 50eko aurrerakina emanen da.

Onuradunek egindako jardueren gastu eta dirusarreren frogagiriak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte 2001eko azaroaren 30a baino lehen.

Partzuergoek ez dituzte frogatu beharko Foru Agindu honen 4. oinarriko 2. lerroaldean aipatzen diren barne kostuak.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak egiaztatzen badu proiektuaren % 75 edo gehiago burutu dela, dirulaguntza zehaztuko da egiazki egindako gastuari egokitzeko; gelditzen dena ordainduko da eta aurrerakina ordaindutzat joko da.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak egiaztatzen badu proiektuaren % 75 baino gutxiago burutu dela, proiektuak kontzesiorako arrazoia galdu duela ulertuko da eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da.

Proiektuak gauzatzen ez direnean edo % 50 baino gutxiago burutzen direnean, entitateak parte hartzen duen hurrengo deialdian (Turismo Zerbitzuak egindakoan) aplikatu beharreko baremoan murrizketa izanen da.

2002ko deialdian baremoko beste irizpide bat izanen da aurreko urteetako gauzatze mailaren ondoriozko murrizketa hori.

6.-Onuradunen betekizunak.

6.1. Izandako gastuak justifikatzea, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz. Horiek martxoaren 23ko 89/1993 Foru Dekretuaren arabera eginen dira. Frogagiri horietan elkarren segidako zenbakiak jarri beharko dira eta, horiekin batera, Turismo Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu.

6.2. Lortutako dirusarrerak deklaratzea. Beste entitate batzuei eskatutako dirulaguntzak eta azkenik eman direnak adierazi beharko dira.

6.3. Laguntzen xedeko jardueren memoria aurkeztea.

6.4. Dinamizazio turistikoaren zerbitzua ezartzen bada, kontratazioa 6 hilabetekoa izanen da gutxienez. Exekuzio memorian azaldu beharko dira egindako lanak eta denboraldian izandako emaitzen balorazioa. Gainera, argibide zerbitzua ere jartzen bada, baldintza hauek bete beharko dira:

6.4.1. Lokal bat izatea Argibide Bulegoa jartzeko. Bulego horrek Nafarroako Gobernuko Turismoko Argibideetarako Bulegoen sarearen itxura berdintsua izan behar du eta telefonoa, faxa eta idazmakina behintzat izan.

6.4.2. Turismoko Argibideetarako Bulegoa egoki seinalatzea, Turismo Zerbitzuak finkatutako irizpideei jarraikiz.

6.4.3. Egindako lanaren ebaluazio memoria aurkeztu beharko da: kontsulta kopurua, bezero mota eta egindako eskaeren baliabideak edo nolakotasuna. Turismo Zerbitzuak informazioa biltzeko erabili beharreko galdesorta emanen du.

6.4.4. Turismo Zerbitzuaren koordinazio irizpideei lotzea, informazio arloan, eskaera eta eskaintza turistikoaren datu biltzearen arloan eta Bulegoaren bidez egiten diren sustapen ekintzen arloan.

6.5. Deialdi honen bidez Seinalizazio Turistikorako diruz laguntzen diren Planak 2003/12/31 baino lehen egin beharko dira.

6.6. Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela azaldu beharko da.

6.7. Deialdi honen xede diren proiektuei buruzko argitalpenak -proiektuen parte direnak- Nafarroari buruzko irudi bakarra zabaltzeko Turismo Zerbitzuak ezartzen dituen jarraibideen arabera egin beharko dira.

6.8. Dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako gainerako betekizunak.

6.9. Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismo Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak Zerbitzu horretara zuzendutako eskabide- orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

7.-Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Onuradunak hartutako laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

Dena den, deialdi honetan ezarritako laguntzak, programa europarrekin batera finantziatutakoak, ezin bateratzen ahal dira beste administrazio publikoek (horiek ere programa europarrekin batera finantziatutakoak direnean) xede eta helburu bererako ematen ahal dituztenekin.

Iragarkiaren kodea: a0105030