63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A Z K O I E N

Albiente izateko lanpostu bat betetzeko deialdia

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udaleko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatuko den izangaia Azkoiengo Udaleko funtzionario publiko bihurtuko da eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat orokorrean aplikagarri den estatutuen araubidearen menpe egonen da.

1.3. Izendatuak Azkoiengo udalerrian bizi beharko du.

1.5. Lanaldi araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatu dezakete.

1.6. Deialdiko lanpostua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik D mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, udal plantila organikoan albiente lanpostuarentzat finkatzen diren osagarriak ere bai.

1.7. Izendatuak organo eskudunek haren gain utzitako eginkizunak bete beharko ditu, albienteei dagozkienak badira, bai eta Azkoiengo Udalak agintzen dizkionak ere.

2. oinarria.-Izangaien beharkizunak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko herri batekoa izatea.

b) Gutxienez ere, Eskola Graduatuaren titulua, LH-1ekoa edo baliokideren baten jabe izatea.

c) Gutxienez ere, B.T.P. motako gidatzeko baimenaren jabe izatea.

d) Beren eginbeharra betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.

f) Ziurtagiria, udal diruzaintzan 1.000 pezeta ordaindu direla egiaztatzen duena, azterketan parte hartu ahal izateko.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean aurreko baldintzen jabe izan behar dute, c) letrakoa izan ezik, oinarrizko prestakuntzako ikastaroko izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete behar baita, 6.2.2. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Azkoiengo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek I. eranskinean argitaratu eta udal bulegoetan eskura daitekeen ereduari beharko zaizkio lotu.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Alkatzetzak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hamar eguneko epean, erreklamazioak egin ahalko dituzte eta haien eskabideak eta erantsitako dokumentazioko akats formalak zuzendu, horrelakorik egin bada.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzita daudela, alkateak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Jesús Hilario Campo Vidondo jauna, Azkoiengo alkate udalburua.

-Ordezkoa: Juan Jesús Basarte Osés jauna, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolako teknikari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolako teknikari bat.

-Mahaikidea: Iruñeko Udaltzaingoko Akademia Iraunkorreko arduradun bat.

-Ordezkoa: Udaltzaingo bereko arduradun bat.

-Mahaikidea: Antonio Remón Osta jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko kudeaketa teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko teknikari bat.

-Mahaikidea: Florencio Gutierrez Arrondo jauna, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

-Ordezkoa: Juan Asín Basarte jauna, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

-Idazkaria: Miguel Chivite Sesma jauna, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Francisco Javier Arbeloa Boneta jauna, Azkoiengo Udaleko funtzionarioa.

5.2. Epaimahaia hautapen probak baino lehen eratu beharko da eta eratu eta jardun ahal izateko kideen gehiengo absolutuak bederen agertu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu proba guztietara, edo batzuetara bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

6.1. Oposizioaren hasiera Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, 4. oinarrian azaldutako izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

Gainerako probak Azkoiengo Udaleko iragarki oholean bakarrik emanen dira argitara.

6.2. Oposizioak honako aldi hauek izanen ditu:

6.2.1. Hautapen aldia, honako ariketa hauek izanen dituena:

Lehenbiziko ariketa:

Proba teoriko bat eta proba praktiko bat egin beharko dira.

A) Proba teorikoa: II. eranskinean azaltzen diren gaiei buruzko galdetegi bati erantzutea, gehienez ere ordu eta erdian.

B) Proba praktikoa: ondorengo bi ariketa praktikoak egin beharko dira:

a) Lau problema matematiko, gehienez ere ordu batean. Zatikiak, sistema metrikoa, proportzioak, hiruko erregela bakun eta konposatua eta ehuneko hainbestekoak izanen dira ariketa honetako problemen gaiak. Ariketa hau egiteko izangaiek ezin izanen dute kalkulagailurik erabili.

b) Epaimahaiak proposatuko dituen bi kasu praktiko ebaztea, toki administrazioetan albiente batek egiten dituen ohizko eginkizunei buruzkoak. Hortaz, poliziaren txosten bat, eskabide bat, eskari bat, edo poliziaren edozein salaketa mota (trafiko, hirigintza, jarduera sailkatuak,...e.a.) idaztea eskatu ahalko zaie izangaiei ariketa honetan.

Epaimahaiak ahalmena izanen du kasuaren planteamendua nahi bezala aurkezteko, hau da, ahoz nahiz idatziz.

Epaimahaiak azalpenaren argitasuna, laburtzeko gaitasuna, hitzak zuzen erabili direnentz, sintaxiaren erabilera zuzena eta ortografia baloratuko ditu. Kasuaren planteamendua ahoz egiten bada, epaimahaiak kontuan hartu beharko du emandako datuez jabetzeko izangaiak duen ahalmena.

Kasu praktiko bakoitza egiteko ordu erdia izanen da, gehienez ere.

Lehenbiziko ariketaren puntuazioa: lehenbiziko ariketa honen gehieneko puntuazioa 50 puntukoa izanen da, honela banatuta:

-Proba teorikoa: 20 puntu, gehienez ere.

-Proba praktikoa: kasu praktiko bakoitzari 15 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Lehenbiziko ariketa hau gainditzeko 20 puntu, gutxienez, lortu beharko dira. Probaren batean, teorikoan ala praktikoan, 0 puntu lortzen duten izangaiak baztertuko dira.

Bigarren ariketa:

III. eraskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta puntuatuko dira lortzen den markaren arabera. Proba honetan 30 puntu lortu ahalko dira, gehienez ere.

Hirugarren ariketa:

Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak prestatuko dituen proba psikoteknikoak egin beharko dira eta horietan neurtuko da izangaia zenbateraino hurbiltzen den lanpostuaren eskakizun profesiografikora.

Txosten teknikoaren arabera, epaimahaiak izangaiak baloratuko ditu, gehienez ere 15 punturekin.

Laugarren ariketa:

Epaimahaikideekin elkarrizketa egin beharko da, gehienez ere ordu erdikoa, deialdi honen xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzkoa. Ariketa honi 5 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean jarriko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin batera, eta hurrengo ariketa zein egun, ordu eta tokitan izanen den emanen du jakitera.

Izangaiei deialdi bakarra eginen zaie eta bertara Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.

Epaimahaiak, egoki juzkatzen badu eta ariketak egiteko ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabaki ahalko du ariketen ordena aldatzea edo egun berean egitea.

6.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta bertan agertzen den lehen izangaia oinarrizko prestakuntzako ikastaroa egiteko proposatuko du. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko oholean agertuko da.

Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denetik hamabost egun naturaleko epean, izangaiak deialdiaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten frogagiriak aurkeztu beharko ditu eta, zehazki, honakook:

1.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo nazionalitatearen egiaztagiria.

2.-2. oinarrian eskaturiko tituluaren jatorrizko agiria eta fotokopia edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, bai eta B.T.P. motako gidatzeko baimenaren jatorrizko agiria eta fotokopia.

3.-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4.-Ziurtagiri medikoa, karguari dagozkion eginkizunetan aritzeko eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela adierazten duena.

Halaber, Udalak bidezko iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu izangaiek azterketa medikoa egin dezaten, horien gaitasun fisiko eta psikikoa frogatzeko.

Ikastaroa egiteko proposatutako edozein hautagaik, ezinbesteko arrazoirik izan gabe, ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, hautapen aldian epaimahaiak sortutako puntuazio zerrendan hirugarren lekuan edo, kasua bada, ondoko lekuetan dagoen oposiziogilea proposatuko du Udalak ikastaroa egiteko. Erabaki bera hartuko da hautagai horrek, baldintzak betetzen baditu ere, prestakuntza ikastaroan izena ematen ez badu edo egian agertzen ez bada.

6.2.3. Prestakuntza aldia:

Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du. Baztergarria izanen da eta bederatzi hilabete inguru iraunen du.

Ikasgai teoriko eta praktikoak izanen ditu. Lehendakaritza kontseilariak apirilaren 3an emandako 401/96 Foru Aginduko arauak beteko dira, haren bidez onetsi baitzen Nafarroako Segurtasun Eskolaren Funtzionamenduaren Erregelamendua (1996ko apirilaren 15eko 46. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Onartzen diren ikasleei ehun eta hogei mila (120.000) pezetako beka emanen zaie hilabetero, ikastaroak dirauen bitartean eta amaitu arte, udako oporraldia kanpo, kasua bada.

Ikastaroan baja izateak ikastaroan, prestakuntza eta hautapen aldian jarraitzeko eskubidea galtzea ekarriko du, bai eta beka galtzea ere, baztertua izaten den unetik.

Kasu horretan deialdia egin duen organoak onartuen zerrendan ondotik datorren izangaia proposatuko du ikastaroa egiteko.

8. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

8.1. Hautapen aldia amaiturik, Alkatetzak, ebazpen bidez, proposatutakoa Azkoiengo Udaleko albiente lanpostuan aritzeko funtzionario gisa izendatuko du.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da eta horren berri banan banan emanen zaie ikastaroa gainditu duten interesatuei.

8.3. Izangai izendatuek hogeita hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpen/argitarapenetik aitzina. Horretarako zin egin edo hitz eman beharko dute, Konstituzioa eta Nafarroako Foru Araubidea eta legeak, xedapenak, erregelamenduak, etab. errespetatu eta defendatu eta bere karguko betebeharrak beteko dituztela.

Horretarako deiturikoak ez badu epe horretan zin egin edo hitz ematen, ezin izanen da izendatua izan eta karguari dagozkion eskubide guztiak galduko ditu.

Kasu horretan, prestakuntza ikastaroa egiteko, gainditu dutenen zerrendan puntu gehien duenetik hasita, hurrengo edo ondorengo izangaiak proposatu ahalko dira.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka edo haiek aplikatzeko erabakien aurka paratu ahalko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik, edo aurretiaz eta aukeran ondoko errekurtsoetako bat:

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik.

-Berraztertzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............, adinez nagusia, N.A.N: ........, jaioteguna: ........, sorlekua: ........, bizilekua: .........., karrika: ........., posta kodea: ............, telefonoa: ........... 2001eko ........aren .....(e)ko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, albiente izateko lanpostuak betetzeko Azkoiengo Udalak egin deialdia dela eta, ondokoa azaltzen dut:

Deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez, aipatutako lanpostuak betetzeko egingo diren probetan onartua izatea ekatzen dut.

Azkoienen, 2001eko .......aren .....(e)an.

AZKOIENGO UDALEKO ALKATE UDALBURU JAUNA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.-1978ko Konstituzioa. Espainiako sistema konstituzionalaren oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak eta askatasun publikoak. Estatuaren lurralde banaketa, Konstituzioaren arabera.

2. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1983 Lege Organikoa. Izaera eta esanahia. Nafarroako foru erakundeen aipamen laburra: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak eta Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua.

3. gaia.-Udalaren ezaugarriak, beste Administrazio Publikoekin konparatuz: lurralde izaera eta korporaziokoa. Nafarroako toki erakundeen arautegia. Udalaren eskumenak. Udalen antolaketa: derrigorrezkoa eta osagarria. Udaltzainen eskumenak, Estatuko Segurtasun Indar eta Taldeei buruzko Lege Organikoaren arabera.

4. gaia.-Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Arautegi mota eta sailkapena. Legea. Erregelamendua. Toki Erakundeen ahalmena erregelamenduak egiteko. Erregelamenduak, ordenantzak eta udal bandoak.

5. gaia.-Administrazio egintzak: kontzeptua eta osagaiak. Egintzen eraginkortasuna. Administrazio egintzak derrigorrez betearazteko baliabideak: ondarearen gaineko premiamendua, ordezko exekuzioa, isun hertsatzailea, pertsonei zuzenduriko betearazpena, administrazio iraizpena.

6. gaia.-Administrazio zehapenak. Kontzeptu eta motak. Administrazio zuzenbide zehatzailearen printzipioak. Zehapen prozedura.

7. gaia.-Administrazio Polizia. Udal lizentzien ikuskapena eta horien gaineko kontrola (obra, jarduera sailkatuak, ondasun publikoak erabiltzeko lizentziak). Kalez kaleko salmenta eta merkataritza egonkorraren gaineko kontrola. Kontzesio eratorrien eta zerbitzu publikoen kontrol eta ikuskapena. Ordenantza eta Udal bandoetatik etorritako egintzen betearazpena (kaleko garbiketa, sanitatea, jaiak, publizitatea, zerbitzu publikoak,...e.a.).

8. gaia.-Nafarroako Udalen eskumenak, hiritarren segurtasunaren arloan. Eskumen horien azterketa, Hiritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Foru Legearen arabera, Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legearen arabera eta Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen arabera.

9. gaia.-Udalen ahalmena trafiko eta bide segurtasunaren arloan, martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegilearen bidez onetsi zen Trafiko eta Bide Segurtasunari buruzko Testu Artikuludunaren arabera eta Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorraren arabera (urtarrilaren 17ko 13/1992 E.D.). Arau-hauste eta zehapenak. Zehapen prozedura, trafikoaren arloko arau-hausteei dagokienean.

III. ERANSKINA

Proba fisikoak

1.-Abiadura lasterketa: 100 metro.

Hasierako jarrera: zutik, geldirik, irteera marraren atzean. Ez da zilegi takoak erabiltzea, ezta eskuekin lurra ukitzea ere.

Egiteko modua: ateratzeko agindua aditu ondoan, izangaiak 100 metro egin behar ditu lasterka bere bidetik atera gabe eta ahalik eta denbora laburrenean.

0 puntu emanen zaio baliorik gabeko bi irteera egiten dituenari edota beste bide batera pasatzen denari.

Puntuazioa:

M A R K A Gizonak Emakumeak

16,6'' edo gehiago 0 0

16,5'' 16,1'' 0 4

16'' 15,6'' 0 5

15,5'' 15,1'' 0 6

15'' 14,6'' 4 7

14,5'' 14,1'' 5 8

14'' 13,6'' 6 9

13,5'' 13,1'' 7 10

13'' 12,6'' 8 10

12,5'' 12,1'' 9 10

12'' edo gutxiago 10 10

2.-Erresistentzia lasterketa (Cooper proba).

Hasierako posizioa: abiadura lasterketan bezala.

Egiteko modua: 12 minutuko denboran ahal den distantzia haundiena egin behar da (lasterka, oinez edo bietara).

M A R K A Gizonak Emakumeak

2000 edo gutxiago 0 0

2.000 2.199 0 5

2.200 2.399 5 6

2.400 2.599 6 7

2.600 2.799 7 8

2.800 2.999 8 9

3.000 3.199 9 10

3.200 edo gehiago 10 10

3.-Igeriketa: 50 metro.

Hasierako posizioa: zutik igerilekuaren ertzean.

Egiteko modua: 50 metro egin beharko dira igerian, ahal den denbora laburrenean.

Ez da zilegi izanen kortxoetan laguntzea, ez eta igerilekuaren hondoan abiada hartzea ere, eta horrelakorik egiten dutenei 0 kalifikazioa emanen zaie.

Gizonak Emakumeak Puntuazioa

60'' baino gehiago 63'' baino gehiago 0

60'' 55,1'' 63'' 58,1'' 5

55'' 50,1'' 58'' 53,1'' 6

50'' 45,1'' 53'' 48,1'' 7

45'' 40,1'' 48'' 43,1'' 8

40'' 35,1'' 43'' 38,1'' 9

35'' edo gutxiago 38'' edo gutxiago 10

Marka ateratzeko ehunenak ez dira kontuan hartuko.

Azkoienen, bi mila eta bateko martxoaren hogeita bederatzian. Sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: a0103415