63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

FORU AGINDUA, 2001eko apirilaren 17koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Servicios y Limpiezas Artaza S.L. enpresak egindako jarduketak eta, aheriari aurrea hartzeko, Frantziarekiko mugetan ibilgailuak desinfektatzeko zerbitzua emateko laguntza-kontratuari dagokion gastua onesten dituena.

Ministerioak 2001eko martxoaren 13an emandako Aginduaren bidez, aheria zela-eta, Frantziatik heldu ziren elikagai, hondakin eta ibilgailuetarako prebentzio-neurriak hartu ziren. Horien arteko bat zen zuzenean Frantziatik heldu ziren ibilgailu guztien gurpilak garbitu eta desinfektatzea osasun neurrietarako pasabide batean edo desinfekzioa ziurtatzen zuen beste edozein metodoren bidez.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko martxoaren 16an emandako Foru Aginduaren bidez aheriari aurrea hartzeko babespen neurri osagarri batzuk ezarri ziren.

Foru Agindu horrek debekua jarri zien Frantziatik heldu ziren ibilgailu guztiei, non eta ez ziren sartzen zortzi muga-toki hauetan barna:

-Ibardin, Beran.

-Lizuniaga, Beran.

-Lizaieta, Etxalarren.

-Dantxarinea, Urdazubin.

-Izpegi, Erratzun

-Urkiaga.

-Luzaide.

-Larra, Izaban.

Bestetik, agindu zen Frantziatik sartzen ziren ibilgailu guztien gurpilak desinfektatu behar zirela osasun neurrietarako pasabide batean, baita ibilgailu guztietako pertsonen zapatak ere, mugako pasabide bakoitzean horretarako ezarririko osasun baliabideen bidez.

Xedapen hori presakoa zenez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Servicios y Limpiezas Artaza S.L. enpresa kontratatu zuen 2001eko martxoaren 16an berean, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 60. artikuluan ezarritakoa prozeduraren bitartez.

Aurrekoa kontuan harturik, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 12. artikuluan esleitutako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Servicios y Limpiezas Artaza S.L. enpresak (IFZ B 31225873) burututako jarduketak onestea. Zerbitzua aheriari aurrea hartzearren Frantziarekiko mugetan ibilgailuak desinfektatzeko zerbitzua ematea izan da.

2. 21.000.000 pezetako gastua onestea (126.212,54 euro). Gastua 2001eko aurrekontuko "Aheriari aurrea hartzeko gastu arruntak" izeneko kontusailaren kargura ordainduko da (71320-2269-713202 kontusaila, 711000 proiektua).

3. Zerbitzuaren ordainketa fakturak aurkeztutakoan eginen da, betiere Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpena eman ondoren. Lehenbiziko ordainketetatik 840.600 pezeta deskontatuko dira (5.048,50 euro), behin betiko berme gisa.

4. Foru Agindu honen berri ematea adjudikazioa hartu zuen enpresari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Kontuhartzailetza Delegatuari eta Departamentuko Ekonomi Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru Agindu honen erabakitako kontratazioaren berri ematen duen iragarkia igortzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara eman dadin.

6. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 30/1998 Foru Legeari eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hamazazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0104227