43. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F A L T Z E S

Enplegua sustatzeko udal ordenantza

6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa betetzeko, argitara ematen da Enplegua sustatzeko Udalaren ordenantzaren testu osoa. Ordenantza hori 2001eko otsailaren 23ko osoko bilkuran onetsi zen behin betikoz.

Faltzesen, bi mila eta bateko otsailaren hogeita zazpian. Alkate udalburua, Clemente Amátriain Azcona.

ENPLEGUA SUSTATZEKO UDAL ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da enpresa proiektuak sustatu eta bultzatzea, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sortzeko Faltzesko Udalaren mugapean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak enpresa inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko nahiz herri honetako ekimenak garatzeko asmoa du, eta horretarako, bere finantza-baliabideak erabiliko ditu enpresei dirulaguntzak emateko, herriko bizilagunei kontratu mugagabeak egin diezazkieten.

1. artikulua. Faltzesko Udalak dirulaguntzak emanen dizkie besteren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.

2. art. Enpresa mota hauek guztiek hartu ahalko dituzte finantza arloko laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

-Epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko lanpostuak sortzea, Faltzesen bizi eta erroldatuta daudenendako.

-Diruz lagunduko den kontratazio horren bidez epe mugarik gabeko kontratuen kopurua handitzea.

-Helbide fiskala Faltzesen izatea.

3. Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat 2001eko urtarrilaren 1etik aitzina abiarazten duten lagunek hartu ahalko dituzte laguntzak, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman eta baldintza hauek betetzen badituzte:

-Helbide fiskala Faltzesen izatea.

-Azken hamabi hilabetetan Araubide Berezi berean egon ez izana.

-Faltzesen bizi eta erroldatuta egotea.

-Gizarte Segurantzako bestelako araubideetan ez kotizatzea.

-Ustiapenaren titularrak izatea.

4. art. 70.000 pezetako dirulaguntza emanen da herrian bizi eta enpadronatuta dauden bizilagunei egindako kontratu bakoitzeko, epe mugarik gabea eta lanaldi osorako bada, edo Gizarte Segurantzako araubide berezietan egindako inskripzio bakoitzeko.

1. 100.000 pezetako dirulaguntza emanen da epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko kontratua honelako baldintzak betetzen dituen biztanleren bati egiten bazaio:

-Emakumea izatea.

-25 urtetik beheitikoa edo 50 urtetik goitikoa izatea.

-Minusbaliotasunen bat izatea.

-Oinarrizko Errentako edo Enplegu Babestuko programaren baten bidez kontratatua izatea.

2. Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzeko, dirulaguntza bakarra hartu ahalko da.

5. art. Inbertsioetarako laguntzak.

Enpresa mota hauek guztiek hartu ahalko dituzte finantza arloko laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

-Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako eraikinak egin, handitu edo zaharberritzeko inbertsioak egitea.

-Helbide fiskala Faltzesen izatea.

-Kanpoan geldituko dira energia alternatiboa biltzeko instalazioak (aereosorgailu eolikoak, eguzkikoak, etab.), haien jarduera nagusia hori bada.

1. Laguntza hauek hartu nahi dituzten enpresek Udaletxean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, irekitzeko lizentzia eskuratu eta urtebeteko epean.

-Eskaera idatzia.

-Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

-Inbertsio proiektuaren txosten arrazoitua.

-Burutuko den jardueraren txostena.

-Gizarte Segurantzako eta udal nahiz foru zergen ordainketak eguneratuak daudela egiaztatzeko agiria.

2. 7.000.000 pezetatik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute laguntza.

Eskatzaileak alde zaharreko saltokiak badira, 3.000.000 pezetatik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute laguntza.

Laguntza honen zenbatekoa izanen da E.I.O.Z.aren ehuneko 60koa, eta muga, 6.1 artikuluan xedaturikoa.

E.I.O.Z.ko zerga oinarria izanen da finantza arloko laguntza kalkulatzeko oinarria.

3. Inbertsioak burutu ondotik emanen dira laguntzak.

Inbertsioak burututzat hartuko dira udal aparejatzaileak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean.

Enpresek konpromisoa hartuko dute inbertsioa eta jarduera gutxienez hiru urtetan mantentzeko.

6. Udal aurrekontuan urtero finkatuko da xedapen baten bidez zer muga izanen duten 4, 4.1 eta 5.2 artikuluetako laguntzek. Laguntzak emateko, eskaeren sarrera egunari jarraituko zaio hertsiki.

1. Laguntza guztiak bateragarriak izateaz gain, administrazio publikoek emandako beste edozein dirulaguntzarekin batera hartu ahalko dira.

Alde zaharreko eraikinak zaharberritzeko E.I.O.Z.i dagokion laguntza izateko aukera dagoenean, partikularrendako zenbatekorik handiena aplikatuko da.

7. 2 eta 3. puntuetan zehaztu laguntzetarako eskaerak Udaletxean aurkeztu beharko dira, horretarako banatuko den eredu ofizialaren bidez, eta kontratua sinatzen den egunetik hasita 30 egun balioduneko epean. Langilearen kontratu jatorrizkoaren kopia eta inbertsioaren edo jardueraren gaineko txostena ere aurkeztuko dira.

8. Udalak espedienteak aztertuko ditu eta ebazpena emateko behar dituen agiriak eskatu ahalko ditu. Agiriok 30 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, eskaeraren jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, izapidaketak eten eta espedientea artxibatuko da.

9. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesten badira, deuseztu edo ukatu eginen da, eta hortik aitzina eta hamar urtetan laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko du enpresa horrek.

10. 4 eta 4.1 puntuetako dirulaguntzak bi alditan ordainduko dira, betiere ondoko agiriak aurkeztu ondotik: lan kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak, kontratuaren aurrekoak nahiz ondokoak, eta udal nahiz foru ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneraturik daudela egiaztatzeko agiriak.

5. puntuko dirulaguntzak, berriz, enpresa eskatzailearen jarduerari buruzko espedientea ebatzi eta beranduenez ere urtebeteko epean ordainduko dira.

11. art. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren babesean diruz lagundutako kontratua duen langileren batek, kontratua sinatu eta 37 hilabete gabe eten egiten baditu zerbitzuak, enpresa onuradunak baja hori gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordezko langilea hartu beharko du, kontratu mota berdina erabiliz. Langile horrek dirulaguntzak eskuratzeko beharkizunak beteko ditu, bestela emandako laguntza kendu, deuseztu edo itzularaziko da.

12. art. Era berean, epe mugarik gabeko kontratudunen kopurua jaisten bada, emandako laguntza kendu, deuseztu edo itzularaziko da.

13. Enpresa onuradunak, 37 hilabetez, sei hiletik behin honakoak eraman beharko ditu Udaletxera: Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak. Kuotak zein entitateri ordaindu, kotizazio orriek horko zigilua beharko dute izan.

14. Faltzesko Udalak egoki juzgatzen dituen aldizkako kontrol eta egiaztapen guztiak egin ahalko ditu, laguntzak edukitzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen ote diren egiaztatzearren.

15. Ordenantza honen ondorioz onuradunek bete beharrekoak betetzen ez badira, dirulaguntzak kendu edo deuseztatuko dira eta, hala behar denean, ordura arte emandakoak Udalari itzularaziko zaizkio, deuseztapenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean.

16. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Laguntzak eskuratzeko eskabideak

Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Interesatuaren, edo haren ordezkariaren izen-abizenak. Jakinarazpenak egiteko modurik egokiena eta horretarako helbidea.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaera, zer eskatzen den zehatz-mehatz azalduz.

c) Tokia eta eguna.

d) Eskatzailearen sinadura edo bere borondatearen benetakotasunaren egiaztapena.

Iragarkiaren kodea: A0102159