43. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F O N T E L L A S

Hasierako onespena, bikote egonkorren Fontellasko udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzari

Fontellasko Udalak, 2001eko otsailaren 26ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen bikote egonkorren Fontellasko udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Osoko bilkurak hartutako erabaki horren ondorioz, ordenantza horren testua, jarraian ematen dena, jendaurrean jarri da, aldez aurretik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean iragarkia jarrita, hogeita hamar eguneko epean jarri ere. Epe horretan espedientea aztertu ahalko da, interesatuen eskura baitago udal idazkaritzan, eta, hala behar bada, erreklamazio, kexa edo oharrak egin. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, ordura arte behin-behinekoa zen erabakia behin betikotzat joko da, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49 c) artikuluan, apirilaren 21eko 11/1999 Legeak emaniko testu berriaren arabera, xedatutakoa betez.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Fontellasen, bi mila eta bateko otsailaren hogeita zazpian. Alkatea, Andrés Agorreta Arriazu.

BIKOTE EGONKORREN FONTELLASKO UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Bikote egonkorren Fontellasko udal erregistroak administrazio izaera du eta bertan hurrengo artikuluak aipatzen dituen elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. art. Ordenantza hau aplikatzerakoan, eta Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren antzeko afektibitate- harremanaren pareko harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol- edo adopzio-ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

3. art. Bikoteek, sexu-joera kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Fontellasko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere bikote egonkorren beste erregistroren batean.

4. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan zehaztutako elkartzeetariko bat osatzen dutela deklaratzeko.

5. art. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira ere.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehaztutako elkartzeetariko bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu. Hitzez hitz idatzi ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. art. Fontellasko Udalean ordenantza honek eskatutako baldintzei jarraikiz inskribaturik dauden elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. art. Bikote egonkorren erregistroa Udaleko Idazkaritza Orokorraren kargu egonen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

9. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatuko da eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

11. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

12. art. Erregistroaren publizitaterako modu formala idazpenen ziurtagirien luzapena izanen da, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren. Erregistrora jotzeko, horren inguruan indarrean diren arau orokorrei jarraituko zaie.

Iragarkiaren kodea: A0102134