43. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

176/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Osasun kontseilariak emana, lagin biologikoen Kriopreserbazioko Batzorde Aholku-emaile Teknikoa sortzen duena.

Urtarrilaren 29ko 23/2001 Foru Dekretuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Zentroaren eginkizunak eta antolamendua garatzen ditu. Foru Dekretu horrek aurreikusten du Ikerketa Biomedikoaren Zentroak giza patologiako lagin tisularrak kriopreserbatzeko behar dituen baliabideak izanen dituela eta Batzorde Tekniko baten aholkularitza izanen duela. Hori dena 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren arabera garatu behar da. Foru Agindu horrek xedatzen du Batzorde Aholku-emaile teknikoak sortuko direla osasun arloko jakintza espezializatu eta jardueretan aholkularitza etengaberako. Batzorde horren sorrera eta osaera haietariko bakoitza ezartzen duen Foru Aginduan zehazten da.

Azken hamarkada hauetan biologiako teknika berriak handizki garatu dira, oinarrizko alterazio molekularrak atzeman ditzaketenak. Alterazio horiek heredentziazko gaixotasunak, jaiotzakoak eta eraldaketa neoplasiko zelularrari lotuak eragiten dituzte, haietan dautzan alterazio molekularrak baitaude, eragin diagnostiko edo pronostikoa izan dezaketenak. Ikerketa molekular mota hori sustatzeko tisulak edo zelulak luzaz segurtasunez zaintzeko kriopreserbazioko teknikak garatu behar dira. Horrela diagnostiko klinikoei loturiko lagin banku bat osatzen ahalko da eta horretatik abiaturik bestelako ikerketak egiten ahalko dira geroan.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoaren egituraketari buruz 1990eko urtarrilaren 12an eman zuen Foru Aginduko 6. artikuluan xedaturikoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Lagin biologikoen Kriopreserbaziorako Batzorde Aholku-emaile teknikoa sortzen da, urtarrilaren 29ko 23/2001 Foru Dekretuaren arabera. Foru Dekretu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Zentroaren eginkizunak eta antolamendua garatzen ditu. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Interesa izan lezaketen lagin biologikoen kriopreserbaziorako behar diren teknika, jarraibide eta erregistroko formularioetarako etengabeko aholkuak ematea.

-Ardura hartzea laginak eta haien ondoriozko informazioak bakarrik gaixotasuna ezagutzeko erabil daitezen ikerketaren eta ikasketaren bidez.

-Material biologikoaren erabilera baimentzea.

-Berak eskatuta, Osasun Departamentuari argibideak eta aholkuak ematea, erakunde eskudunen aldetik berariazko ikasketa eta jarduketak behar dituzten arazo edo premiei buruz.

-Lagin biologikoen bankuaren kalitate eta isilpekotasunaren kontrola monitorizatzea.

-Beste erakunde batzuetako material biologikoaren bankuekin elkarlanean aritzea eta trukaketak egitea, bereziki Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalarekin.

-Esparru honetan eskatzen ahal zaizkion eginkizun guztiak.

2. Lagin biologikoen Kriopreserbaziorako Batzorde Aholku-emaile Teknikoak kide hauek izanen ditu, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatuko dituenak:

-Ikerketa Biomedikoaren Zentroko zuzendaria, lehendakari lanetan arituko dena.

-Nafarroako Ospitaleko hiru kide, bertako zuzendariak proposatuak, ospitale horretako Anatomia Patologikoaren Zerbitzuko, Onkologia Zerbitzuko eta beste zerbitzu mediko eta kirurgikoetako sendagileen artetik.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko hiru kide, bertako zuzendariak proposatuak, ospitale horretako Anatomia Patologikoaren Zerbitzuko, Hematologia Zerbitzuko eta beste zerbitzu mediko eta kirurgikoetako sendagileen artetik.

-Nafarroako Tumoreen Erregistroko sendagile bat, Osasun Publikoaren Institutuko Zuzendaritzak proposatuak.

-Bi aditu giza jatorriko material biologikoaren emaitza eta ikerketan aritzen direnak.

-Kriopreserbazio Bankuari lotzen zaizkion zentroek proposaturiko kide bana.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Zentroko kide bat, bertako zuzendari kudeatzaileak proposatua, Batzordeko idazkari lanetan arituko dena.

3. Bidezkotzat jotzen diren aholkulari espezialistek laguntzen ahalko diote Batzordeari kontu bereziak ikertzen.

4. Batzordeak bere erregelamendua prestatzen ahalko du bere antolamendu eta eginkizunetarako. Horrelakorik ezean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legean organo kolegiatuen funtzionamendurako ezarririk dauden arauak aplikatuko dira.

5. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hamalauan.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0102732