41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A M E S K O A B A R R E N

Ordenantzen behin betiko onespena

Ameskoabarrengo Udalak, 2000ko irailaren 29ko osoko bilkuran, erabaki zuen Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskal orokorra eta Udalaren baskula publikoa erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenanza hasiera batean onestea. Iragarkia azaroaren 20an 2000ko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz espedientea jendaurrean paratuta, eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, bidezko da erabakia behin betikoz onestea, 2000ko abenduaren 29ko osoko bilkuran berretsi baitzen, eta bidezko orobat hura osorik argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

3. ordenantza

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. ataleko 109tik 120ra bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergagaia

2. art. Kontribuzio berezien zergagaia hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herrilanak egitearen ondorioz edo beren esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. art. 1. Honakoak hartuko dira udal mailako obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta bertzelako zerbitzuak legeari jarraikiz haien titulartasuna bere gain hartu duelako.

c) Udalak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

2. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. art. Kontribuzio berezien aldera bildutako kopuruek eskatzeko arrazoia izan zuten obra edo zerbitzuko gastuak berdintzea izanen dute helburu zilegi bakarra.

Subjektu pasiboa

5. art. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: unitate ekonomiko edo ondare berezia osatu eta kontribuzio eginbidea sortzen duten obra egiteak edo toki mailako zerbitzuak ezarri edo handitzeak onura berezia ekartzen dien pertsona fisiko zein juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak.

2. Onura bereziaren hartzaileak hauek hartuko dira:

a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen batek behar duen obra egite edo zerbitzu ezartze nahiz handitze batengatik, ustiategiaren jabe den pertsonak edo entitate titularrek.

c) Kontribuzio berezia delarik su itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan udalerrian lanean aritzen diren aseguru konpainiak.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3. Jabetza horizontaleko kasuetan, jabeen komunitateko ordezkaritzak udal administrazioari emanen dizkio jabekideen izenak eta komunitate horretan bakoitzak duen parte hartzearen koefizientea, banako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta komunitateak berak eginen duela banaketa.

Zerga oinarria

6. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak jasaten duen kostuaren ehuneko 90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria. Udalak, antolamendurako erabakia hartzerakoan, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentaia finkatuko du.

2. Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4. Obra edo zerbitzuak direlarik 3.1 c) artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2) zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak ukatu gabe. Dena dela, artikulu honen lehen zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.

5. Zerga oinarria finkatzeko, hau ulertuko da udal administrazioak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du aurreneko helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuota

7. art. 1. Kontribuzio berezien zerga oinarria subjektu pasiboen artean partituko da, kontuan harturik obrak eta zerbitzuak zer motatakoak ziren, arau hauei men eginez.

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, partitze modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten balio katastrala.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetu beharra delarik ezarpena egin beharreko udalerrian arriskua estaltzen dutenak, denak ere subjektu pasibo gisa, orduan zilegi izanen da entitate horiei dagokien kuota zatia haien artean partitzea aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan. Subjektu pasibo bakoitzari eskatzeko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen ehuneko bosta baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) idatz- zatian aipatzen dituen obren kasuan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean partituko da, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

8. art. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei tokatuko zaizkien kuotak ez dira partituko bertze zergadunen artean.

9. art. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Korporazioak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez bortz urtez.

Tributuaren sortzapena

10. art. 1. Kontribuzio bereziak obrak egin diren unean sortuko dira edo zerbitzua ematen hasi denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izanen da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarendako.

2. Aurreko zenbakian xedatu dena galarazi gabe, ezartzeko eta antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, horiek burutu ez badira ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

3. Kontribuzio bereziak sortzeko momentua kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta antolatzeko erabaki zehatzean bertze subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2 zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Antolatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sortzapena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du kobratzeko ekintza espediente horretan subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra zuzentzea.

4. Obrak osorik nahiz partez bururatu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, tokatzen diren likidazioak jiratuz eta konturako entrega gisa konpentsatuz egin diratekeen ordainketa aurreratuak. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, delako tributua kasuan kasuko obra edo zerbitzura egokitzeko erabaki zehatzeko arauak begiratuz.

5. Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz goiti egiten badute, udal administrazioak bere kabuz eginen du behar den itzulketa.

Ezarpena eta antolamendua

11. art. 1. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, aurrez kasu bakoitzean ezarpen erabakiak hartuta beharko du.

2. Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez dirutu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia gauztatzea harik eta kontribuzio berezien antolamendu zehatza onetsi ez den arte.

3. Antolatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, eta bai onuradunen artean partitu beharreko zenbatekoa eta partitze irizpideak ere. Antolatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.

4. Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta, bertzenaz, ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.

12. art. 1. Udal mailako eskumenen menpeko obrak eta zerbitzuak Udalak bertze toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta antolatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek onesten ez badu antolatzeko erabaki konkretua, ekintza unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren parte hartzea

13. art. 1. Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, Udalaren finantza egoera larria denean, hari dagokion zatia ere ordaintzeko.

2. Orobat, Udalak sustatutako lanak egiteak edo zerbitzuak ezartzeak edo handitzeak ukituriko jabe edo titularrek ere zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak antolatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

3. Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izanen dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak erabateko gehiengoaz hartuko dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izanen dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izanen dira interesatu guztientzat.

14. art. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia, betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badira.

UDALAREN BASKULA PUBLIKOA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluan ematen den baimenaren babesean.

Ordainarazpenaren izaera

2. art. Ezartzen diren ordainarazpenen izaera fiskala prezio publikoa da, Ameskoabarrengo Udalaren eskumeneko zerbitzu publikoak edo jarduerak egiteagatik ordaintzen diren diru ordainetan funtsaturik, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 29. eta ondoko artikuluei jarraikiz.

Zergagaia

3. art. Zergagaia Udalaren baskula publikoa erabiltzea da, ibilgailuak eta salgaiak pisatzeko.

Subjektu pasiboa

4. art. Zergagaian deskribatutako xederako Udalaren baskula publikoa erabiltzeko eskatzen duten pertsona natural edo juridikoak dituzte ordenantza honetako prezio publikoak ordaindu behar.

Karga-oinarria

5. art. Karga-oinarria baskula horretan egiten den pisatze unitate bakoitzak zehaztuko du.

Sortzapena

6. art. Pisatzeari ekiteko eskura dauden txartel edo fitxak luzatzeko eskatzen denetik sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Tarifak

7. art. Aplikatu beharreko tarifak hauek dira:

-Pisatze unitate bakoitzagatik: 350 pezeta.

Tarifaren barnean dago, hala behar badu, balio erantsiaren gaineko zergaren kuota.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

8. art. Udalaren baskula publikoa erabiltzeko interesa duten partikular nahiz pertsona juridikoek Udalari eskatuko dizkiote, eskabide baten bidez, pisatzeko behar diren fitxa edo txartelak.

9. art. Prezio publikoa Udalaren bulegoetan ordainduko da, fitxak erabiliz gero, horiek jasotakoan; txartelak erabiliz gero, berriz, ekitaldi bakoitzerako tarifak aplikatuz urte bakoitzean egiten den likidazioari jarraikiz.

10. art. Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, fidantza ezartzea eskatzen ahal dio baskularen erabiltzaileari, pisatzeko fitxak edo txartel magnetikoak galtzeak ekar dezakeen kalteari erantzuteko.

11. art. Baskula erabiltzeko fasean edozein istripu mota gertatzen bada oker zirkulatzeagatik edo instalazioak gaizki erabiltzeagatik, Udalak ez ditu bere gain hartuko eragindako kalte-galerak.

12. art. Oker erabiltzeagatik baskulan egiten diren kalteak erabiltzaileak bere bizkar hartu beharko ditu. Hark konpondu beharko ditu eragindako kalte-galerak, edo haien kalte-ordaina ordaindu, peritu batek tasazioa egin ondoan.

Ameskoabarrenen, bi mila eta bateko otsailaren hamabian. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0101730