41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A D R E I T A

Cadreitako Udalaren Musika Eskolaren Estatutuen behin betiko onespena

Azaroaren 24ko 142/2000 Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emandako ediktuaren bidez jendaurrean jarri ziren Cadreitako Udalaren Musika Eskolaren Estatutuak, Udal honek 2000ko irailaren 20ko osoko bilkuran hasiera batez onetsi zituenak.

Orduan ezarritako epea iragan baitzen inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, Udalak, 2001eko urtarrilaren 15ean egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen espedientea.

Horiek horrela, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, argitara ematen da hemen oso-osorik Cadreitako Udalaren Musika Eskolaren Estatutuen testua.

CADREITAKO UDALAREN MUSIKA ESKOLAREN ESTATUTUAK

I. Izaera, xedea, helbidea, zuzendaritza

1. artikulua. Udalaren erabakiaren ondorioz sortutako Cadreitako Musika Eskolaren Udal Patronatuak bere nortasun juridikoa izanen du, Cadreitako Udaletik aparte, eta zentroa kudeatzeko gaitasun juridiko osoa, izanez ere agertzen ahalko baita agintari, erakunde eta partikularren aitzinera, bere xedeak bete beharrez, bai eta ekintza administratibo eta jurisdikzionalei ekiteko edo bere interesen defentsan auzitaratu gisa agertzeko ere.

2. art. Patronatuaren helburua Musika Eskolaren funtzionamendu egokirako behar diren jarduketak egitea da. Helburu hori beteko du Patronatuak zerbitzu publikoa eginez, irabazi-asmorik gabe.

3. art. Zehatz-mehatz, Patronatuaren egitekoak, aurreko artikuluetan oro har ezarritakoak dira eta, bereziki, Eskolaren barrenean jarduerak koordinatzea.

Honako hauek, hain zuzen ere:

-Eskolaren funtzionamendu ona kontrolatu eta zaintzea administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

-Gastu eta dirusarreren urteko aurrekontua prestatzea, bere xedeak bete daitezen.

-Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten eta balantzeak idazteko.

-Eskolako irakasleak kontratatzea, irizpide egokiak ezarri ondotik. Jarduera hori indarra duen legerian nola dagoen sailkaturik, lan sailkapen hori izanen dute langile horiek.

-Erakunde publikoen aitzinean nahi den xederako on diren dirulaguntzak kudeatzea, Udala aholkulari duela.

-Ikasleen sarrera eskaerak hartzea. Horiek onartzeko, oinarrituko da indarra duen legerian araututako irizpideetan eta aldez aurretik helburu horrekin Patronatuan onesten diren irizpide objektiboetan, eskaera handiagoa bada bete daitezkeen ikaspostuen kopurua baino.

4. art. Patronatuaren egoitza Udal Kiroldegia izanen da.

5. art. Patronatuaren iraunaldiak ez du mugaegunik izanen. Udalak hura desegitea erabakitzen ahal du, eskaerarik ez izateagatik edo Udalak ontzat jotzen duen bestelako arrazoiren batengatik.

II. Gobernu organoak

6. art. Patronatuaren gobernua eta zuzendaritza honela osaturiko Batzordearen esku egonen dira:

-Udalaren bi ordezkari.

-Musika Eskolako zuzendaria

-Gurasoen bi ordezkari.

-13 urtetik gorako ikasleen bi ordezkari.

7. art. Udalak osoko bilkuran hautatuko ditu bere ordezkariak, beste lau ordezkariak gehiengo soilez hautatuko dira hartarako deitzen den Batzarre Orokorrean, eta hautatua ateratzen denak ezin izanen dio karguari uko egin, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, baina, betiere, Batzordeak eskua izanen du kasu bakoitzaren gainean erabakitzeko.

8. art. Patronatuaren Batzordeko ordezkari guztiak beren kargutik libreki kentzen ahalko ditu izendatu dituen ordezkaritzak berak, haiek hautatzeko erabili den prozedura bera erabiliz.

9. art. Batzordeak batzordeburua izanen du, eta batzordeburuorde bat eta idazkari bat ere izanen dira, denak Batzordeko gehiengo osoaren bidez izendatuak.

10. art. Patronatuko batzordekideen agintaldiak bi urte iraunen du. Batzordekideek urtero, Batzordeak aurretik izendaturik, batzordeburuorde eta idazkari karguak beteko dituzte.

11. art. Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio, lehendik aipatutakoez gainera:

-Patronatuko gobernu, zuzendaritza eta administrazio arauak finkatzea.

-Langileak kontratatzea, indarra duen legeriaren barnean.

-Patronatuaren aurrekontua, planak, kontuak eta txostenak behin-behinekoz eta behin betiko onestea.

-Udalari kontuak ematea.

-Ikasleak onartzeko irizpideak onestea.

-Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.

-Azken batean, Patronatu hau sortzean aipatu diren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.

12. art. Patronatuko Batzordeak hilabetean behin bederen eginen du bilkura arrunta, eta berezia, berriz, batzordeburuak erabaki edo kideen herenek hala eskatzen duten aldiro.

13. art. Bilkuretarako deia eginen da 48 ordu lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren premiak besterik eskatzen.

14. art. Lehenbiziko deialdian bilkurak balioa izan dezan, kide eskubidedunen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia egiteko beharrik izanez gero, lehenbizikoa egiteko ordua finkatu eta handik ordu erdira eginen da, eta kideen herenak agertzea aski izanen da. Batzordearen erabakiek balioa izanen dute, bildutakoen gehiengo osoaz hartzen badira, eta berdinketetan batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

Nolanahi dela, kudeaketa ekonomikoari buruzko erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da legezko batzordekideen gehiengo osoa izatea.

15. art. Hauek dira batzordeburuaren eginkizunak:

-Patronatuaren ordezkari izatea eta ahalmenak emateko eskumena izatea. Batzordeko beste edozein kideri eskuordetzen ahal dizkio.

-Patronatuaren agiriak sinatzea.

-Oro har, Batzordearen erabakiak betearaztea.

16. art. Hauek dira idazkariaren eginkizunak:

-Deitzen diren batzarre edo bilkuretara joatea eta aktak idaztea.

-Artxiboko espedienteak eta agiriak zaintzea.

17. art. Patronatuko Batzordeak lantalde teknikoa izendatzen ahal du, egoki juzkatuz gero.

III. Araubide ekonomikoa

18. art. Urtero, Patronatuak aurrekontua behin-behinekoz onetsiko du eta hura Udalari igorriko, berretsi eta behin betiko onespena eman diezaion.

19. art. Estatutuak aldatu nahi izanez gero, haiek onesteko arau berberak erabiliko dira (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 F.L.ko 326. artikulua).

20. art. Patronatua desegiten ahalko da:

a) Udalak komenigarritzat jotzen badu, legez ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

b) Hura eratzearekin lortu nahi zen xedea iristen baldin bada, edo dagoeneko ezinezkoa bada xede hartarako erabiltzea Patronatuaren jarduera edo baliabideak.

21. art. Erakundea desagertzen denean, Udalera itzuliko dira hark eratu zituen ondasunak eta dotazioa.

Cadreitan, bi mila eta bateko otsailaren hamahiruan. Alkatea, Julián Pina García.

Iragarkiaren kodea: A0101818