41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

135/2001 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion kontratazio publikoko prozeduren instrukzioa, izapidaketa eta ebazpena Ondare Zerbitzuaren esku uzten dituena.

Irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuaren bidez Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen eta horren barruan Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa sortu. Erakunde horren estatutuak irailaren 13ko 353/1999 Dekretuaren bitartez onetsi ziren.

Estatutu horien 1. artikuluak dioen bezala, Nafarroako Zerga Ogasuna izaera administratiboko erakunde autonomoa da, bere nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko jarduteko ahalmen osoa dituena, hala nola administrazioaren kontratuei buruz indarra duten arauek agindutakoari jarraikiz kontratatzeko ahalmena.

Kontuan harturik baliabideak urriak dituela, hala langileriaren nola baliabide materialen aldetik, lanak, hornidurak eta laguntzak kontratatzeko prozedurak behar bezala burutzeko, beharrezkoa da gai horietarako Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari laguntza eskatzea eta horretarako kudeaketa esleitzea.

Kudeaketaren esleipena Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 15. artikuluan arautu zen, Administrazioaren unitate desberdinen arteko lankidetza tresnetako bat den aldetik.

Lege horretan aipaturiko baldintzak bete direnez, beharrezkoa da esleipena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eragina izan dezan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren estatutuak onesten dituen irailaren 13ko 353/1999 Foru Dekretuko 12.a) artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, eta Administrazioaren organoen arteko kudeaketa-esleipenari buruz Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 15. artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren funtzionamendu egokirako behar diren obrak, hornidurak eta laguntzak kontratatzeko espedienteen instrukzioa, izapidaketa eta ebazpena Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzea, hurrengo hiru urteetan zerbitzu horren esku egon daitezen.

Espediente bakoitzaren aurretik haren deskripzioa emanen da, haren kudeaketarako behar den xehetasunez osatua.

2. Esleipenaren gastuak Zerga Ogasunaren aurrekontu arrunten kontura finantzatuko dira; behar diren fondoak Ondare Zerbitzuaren esku jarriko dira, horretarako ezarritako edozein bideren bitartez.

3. Nafarroako Zerga Ogasuneko Administrazio bulegoburua izendatzea, erakunde horren eta Ondare Zerbitzuaren arteko harremanez arduratzeko.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzura, Zerga Ogasuneko Administrazio Bulegora eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzura, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren seian.-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: A0102414