36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

135/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Osasun kontseilariak emana, osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2001eko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak ezarritakoaren arabera (1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), bidezkoa da osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2001eko deialdia egitea.

Foru Lege horren 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, dirulaguntzen banaketa publizitate, konkurrentzia eta objektibitatearen irizpideei jarraikiz egin behar da.

Ezagupen zientifikoak elkarri azaldu eta ikerketen eta berrikuntza teknologikoen emaitzak zabaltzeko asmoz egiten diren osasun zientzietako profesionalen bilerak ezinbestekoak dira, osasun zerbitzuen kalitatea hobetuko bada, prebentzio arloan bezala laguntzakoan eta ikerkuntzakoan.

Horrenbestez, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak esleitu dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea, Foru Agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

2.-Laguntzen xedea.

Deialdi honen xede dira Nafarroan egiten diren honako jarduerak:

-Bilera zientifikoak, biltzarrak eta jardunaldiak. Laguntza horiek 2001 eta 2002. urteetan egiten diren bilera zientifikoen gastuak oso-osorik edo zati bat berdintzeko izanen dira. Azken kasu honetan, 2001. urtean egin beharreko gastuak daudenean, hots, egoki antolatzeko beharrezko diren aurretiazko prestaketa lanei dagozkienak; kasu horietan urte anitzeko laguntzen izaera izanen dute. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak osasun arloan interesa dutela adierazteko ematen duen onarpena beharko da.

-Irakaskuntzakoak ez diren entitateek eta osasun zentroek antolatzen dituzten ikastaro eta mintegi ez-arautuak. Dirulaguntza irakaskuntza jardueretatik sortzen diren gastuak oso-osorik edo zati bat finantzatzen laguntzeko izanen dira. Osasun arloko etengabeko prestakuntza ikastaro eta mintegiak Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak kreditatu beharko ditu. Gainerako kasuetan, osasun arloko programetan laguntza ematen dutela frogatu beharko da.

3.-Eskatzaileak.

Foru Agindu honetan zehazturiko laguntzak eskatu ahalko dituzte egoitza, delegazioa edo antolaketa batzordea Nafarroan duten osasun zentro, erakunde edo entitateek. Legez eraturik eta irabazteko asmorik gabekoak behar dute izan eta, laguntza hartu ahal izateko, jardueraren arduradunaren izena eman.

4.-Eskaerak.

1. Eskaerak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan (Irakaskuntza pabilioia, Nafarroako Ospitalea).

Eskaerarekin batean honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: 1.a, eskaera, entitate eskatzailearen ordezkariak eta jardueraren arduradunak sinaturikoa; 2.a, jardueraren funtsa eta helburuak; 3.a, jardueraren programa, zehatz azaldurik ekintza zientifikoak edo ikastaroaren edukiak, txosten-egileen edo irakasleen identifikazioa eta lanbide kualifikazioa, eta jarduera zein jenderi zuzentzen zaion; 4.a, dirusarrera eta gastuen aurrekontu xehatua, urtetan banatua gastu konpromisoen arabera; 5.a, entitate eskatzailearen I.F.K.ren egiaztagiriaren fotokopia eta jarduera Nafarroan antolatzeko arduradun baimenduaren N.A.N.aren fotokopia eta 6.a, entitate edo zentro eskatzaileak pertsona arduradunari emandako baimenaren ziurtagiria.

Gainera, kasuen arabera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Bilera zientifikoak, biltzarrak eta jardunaldiak antolatzeko laguntza eskaerak, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak osasun arloan interesa dutela adierazteko ematen duen onarpenaren kopia edo, halakorik ez bada, eskatu izanaren frogagiria.

Osasun arloko etengabeko prestakuntzako ikastaro eta mintegiak antolatzeko laguntza eskaerekin batera, Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak emandako kreditazio agiriaren kopia bat aurkeztu beharko da edo, halakorik ezin bada, kreditazioa eskatu izanaren frogagiria.

Dokumentazio normalizatua eskuratu ahalko da Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian (Amaia kalea, 2-A, Iruña), Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta Interneten (www.cfnavarra.es/salud).

2. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzeak deialdia bera arautuko duten oinarri guztiak onartzea ekarriko du.

3. Aurkezturiko datuak egiazkoak ez badira edo faltsutzen badira zehapenak jarri ahalko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari jarraikiz.

5.-Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2001eko irailaren 30a bitarte aurkeztu beharko dira, jarduera hasi baino lehen betiere, honako kasu hauetan izan ezik:

2001eko urtarrilaren 1etik Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu bitartean hasten diren jarduerak, hasi ondoren aurkeztea onartuko baita, betiere 2001eko apirilaren 30a baino lehen.

2. Eskaerak aipatu baldintzak betetzen ez baditu, Irakaskuntza Atalak interesatuari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

6.-Batzorde teknikoa.

1. Eskaerak aztertu, baloratu eta laguntzak emateko proposamena egiteko Batzorde Tekniko bat osatuko da, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatuta. Batzordea osatuko dute laguntzen kudeaketarekin loturiko hiru pertsonak eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordeetako lauk.

2. Esleitzen zaizkion eginkizunak aurrera eramateko, Batzorde Teknikoak jardueraren inguruan nahi beste egiaztapen egin ahalko du eta horri buruzko dokumentazioa aztertzeko bidea izanen du.

3. Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

7.-Laguntzak emateko irizpideak.

Laguntzak emateko, kontuan hartuko dira ondoko irizpideak:

-Jardueraren interes zientifikoa eta garrantzia.

-Bilera zientifikoak Nafarroako osasun arloan duen oihartzuna eta eragina.

-Osasun arloko jarduera edo programekin duen lotura.

8.-Laguntzak ematea.

1. Laguntzak Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraikiz. Urtean zehar bi proposamen eginen dira, batean apirilaren 30era arte jasotako eskaerak sartuko dira eta, bestean, egun horretatik irailaren 30era bitartean jasotakoak.

2. Urte anitzeko laguntzak badira, dirulaguntza emateko Ebazpenean finkatuko da 2002. urteari dagokion zenbatekoa eta, betiere, aurrekontuan nahiko diru egotea izanen da hura emateko baldintza.

3. Eskaerak aurkezten direnetik sei hilabete igarotzen badira ebazpen espresurik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertu behar da.

4. Ebazpenaren jakinarazpena banan-banan eginen zaie interesatu guztiei, nahiz eta onartu eta baztertutako laguntzen zerrenda osoa Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren iragarki-oholean jartzen ahal den.

9.-Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak aurkeztu den aurrekontua oso-osorik edo zati bat berdintzeko izanen dira, aurrekontu baliabideen arabera Irakaskuntza Atalak zehazten dituen irizpideei jarraikiz hura egokitu ondoren.

Jarduera baterako eman daitekeen laguntzarik handiena 1.500.000 pezetakoa izanen da. Gastu sozialek eta material inbentariagarrikoek ez dute laguntzarik jasoko.

Ematen den dirulaguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

10.-Laguntzak ordaintzeko bidea.

1. Laguntzak erakunde, entitate, elkarte edo antolakuntza taldeei ordainduko zaizkie, kasuan-kasuan, edo, bestela, jardueraren Nafarroako arduradunari, bankuko kontuan dirusarrera eginez, ongi zehaztuz zein helburutarako erabili behar den.

Laguntza jaso duen jardueraren kudeaketa ekonomikorako lankidetza hitzarmena baldin badago onuradunaren eta Miguel Servet Fundazioaren artean, zilegi izanen da laguntza Miguel Servet Fundazioari ordaintzea.

2. Ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

-Laguntzaren % 75, behin betiko programa berretsi ondoren. Portzentaje hori osatzen ez bada 2001. urteko ekitaldirako aurrekontuaren kargura emandako diruarekin, portzentaje hori osatzeko gelditzen dena 2002. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorrek indarra hartzen dutenean ordainduko da.

-Gainerako % 25a, hurrengo lerroaldean zehazten diren baldintzak bete ondoren.

Laguntza likidatu ahal izateko, diruz laguntzen den jarduera burutu eta hurrengo hilabetearen barruan, antolatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasun Departamentuko Irakaskuntza Atalean: alde batetik jardueraren memoria teknikoa, ponentzia eta komunikazioen testuak bildu beharko dituena, halakorik izanez gero, bai eta banatutako argitalpenak eta material bibliografikoa ere, eta, bestetik, memoria ekonomikoa, eta horren barruan, laguntzari aplikatu ahal zaizkion gastuen zerrenda atalez atal emana (pezetatan), ordainketa horien jatorrizko fakturekin.

3. Jarduera amaitu baldin bada eta Irakaskuntza Atalak adostasuna eman baldin badio azkeneko memoriari, justifikatu diren gastu guztietarako ordainketa bakarra eginen da, gehienez ere onartzen den zenbatekoaren adinakoa.

Bestalde, 750.000 pezetatik gorakoa ez den dirulaguntza onartu baldin bada, behin betiko programa berretsi ondoren aurrerakin gisa eman ahalko da, aurreko idatz-zatian aipaturiko justifikazioa egin beharra deusetan galarazi gabe.

4. Ordainketa Irakaskuntza Atalak proposaturik eginen da, ezarritako baldintzak bete ondoren.

5. Dirulaguntza ordaintzeko modua edozein dela ere, egiaztagiriak aurkezteko azken eguna 2001eko abenduaren 15a izanen da.

11.-Konpromiso osagarriak.

Jardueraren programan aldaketarik eginez gero, antolatzaileek Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, baimena eman dezan, betiere dirulaguntza onartzeko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Laguntza onartzearekin batera, antolatzaileak beharturik daude kaleratzen dituzten programa, iragarki eta propagandarako material guztietan eta argitalpenetan Osasun Departamentuaren laguntza izan dutela adieraztera, deialdi honen aipamen zehatza eginez.

12.-Baldintzak ez betetzea.

Deialdi honetako arauak betetzen ez badira, laguntza beste helburu batzuetarako erabili edo jarduera bertan behera uzten bada, jasotako dirua berehala itzultzeko eskatuko da, gainerako erantzukizunei aurre egin beharra galarazi gabe.

13.-Laguntza bateragarriak.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, baina proiektu edo programa bakar baterako erakunde edo entitate ezberdinetatik jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu jarduera horren gastu osoa.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu Irakaskuntza Atalari jakinarazi beharko dio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluko 2.d) idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz.

14.-Laguntzen finantzazioa.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak finantzatuko dira 2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen "Bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak" izeneko 512001-51310- 4809-413103 kontusailaren eta 2002ko Gastuen Aurrekontuetakoaren kargura.

2. Urte anitzeko jarduerak badira, zilegi izanen da hurrengo ekitaldietan ere gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzea, 2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

15.-Aplikatu beharreko beste arau batzuk.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen eremuan aplikatuko da. Lege horrek zuzendu eta osatzen du deialdi honen edukia.

16.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau argitara eman eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutakoak, 114. eta 115 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

17.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren zazpian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: a0102493