36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

116/2001 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana. Honen bidez baimena ematen da ikastetxe publikoetarako mintza-praktikako laguntzaileentzako 2001/2002 ikasturterako deialdia egiteko.

Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan adierazten da premiazkoa dela Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetarako mintza-praktikako laguntzaileentzako 2001/2002 ikasturterako deialdia argitaratzea.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honi erantsirik dagoen deialdia onestea. Horren bidez ezartzen dira ikastetxe publikoetan 2001/2002 ikasturterako ingeles, frantses eta alemaneko mintza-praktikako laguntzaileak edukitzeko programan parte hartzeko arauak.

2. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean lehenbailehen argitaratzeko agindua ematea.

3. Ebazpen hau igortzea Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikora, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita batean.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

I. ERANSKINA

Ikastetxe publikoetarako mintza-praktikako laguntzaileen programan parte hartzeko deialdia 2001-2002 ikasturtea

Deialdi honen asmoa da ikastetxe publikoei ingeles, frantses edo alemaneko mintza-praktikako laguntzaile bat ikastetxean hartzeko hautagai izateko aukera ematea 2001/2002 ikasturterako.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Nafarroako ikastetxe publikoetan beren lana eginen duten mintza-praktikako laguntzaileentzako beketarako deialdia egin du (1118/2000 Ebazpena, abenduaren 5ekoa. 2001eko urtarrilaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Nafarroako Gobernuaren mintza-praktikako laguntzaileen programaren asmoa da atzerriko hizkuntzen irakasleei lana erraztea, hizkuntza hauen alderik komunikagarriena lantzea eta kulturen arteko harremana indartzea. Mintza-praktikako laguntzaileak edukitzea haien sorburu herriaren kultura eta bizimodura hurbiltzeko modu dira, eta hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzen duen faktoreetako bat.

1. Mintza-praktikako laguntzaileak ikastetxean jardun beharreko 14 ordu izanen ditu 2001-2002 ikasturtean, urriaren 1etik maiatzaren 31 arte, eta horietatik gehienak ikasleari laguntza zuzena emateko izanen dira. Horrez gain, laguntzaileak ikastetxeko bizitzan eta hezkuntza-proiektuetan inplikatzea da asmoa.

2. Mintza-praktikako laguntzailearen eginkizunak, funtsean, honako hauek dira:

-Atzerriko hizkuntzaren titularrari mintza-praktikako eskola praktikoetan laguntzea.

-Ikasleen hizkuntz trebakuntzan parte hartzea.

-Lanerako hartu duen ikastetxeko irakasleekin elkarlanean aritzea; ikastetxearena, berriz, irakasleari leku berrian girotzen eta ikastetxeko barne nahiz kanpo jardueretan sartzen laguntzea.

-Mintza-praktikako laguntzaileek, hizkuntz gelan izanen duten eginkizunaz gain, beste jarduera batzuetan ere parte har dezakete, esate baterako:

-Trukeak (truke-kideak bilatu, harremanetan jarri).

-Europako proiektuetan parte hartzea (Comenius).

-Eskolaz kanpoko jarduerak.

-Irakasleei babesa ematea (mintza-praktika taldeak).

-IGEekin elkarlanean aritzea.

3. Eskola-orduetan, laguntzaileak irakasle titularrarekin batera bete dezake ordua edo, taldea bitan banatzen bada, gelakoen erdiez arduratuko da, baina ez du inoiz ordezkatuko irakasle titularra hura eskola-orduetatik libratuz.

Ikastetxe bakoitzak laguntzailearen ordutegia ikastetxeko premietara egokitzeko aukera du (adibidez, urte osorako ordutegi bakarra ematea, urterako bi ordutegi ematea, etab.), baina beti jakinarazi behar zaio laguntzailearen ordutegia Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuari eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

4. Oporraldi eta egutegiari dagokienez, laguntzaileak bere egin beharko du ikastetxeko irakasleentzako egutegi indarduna, Eskola Kontseiluak eta Hezkuntza Ikuskatzailetzak onetsia.

Ikastetxeko zuzendaritzak beste baimen batzuk ematen ahal ditu egun baterako baldin bada eta behar adinako arrazoiak emanez gero. Egun bat baino gehiagoko ez-agertzerik edo bestelako anomaliarik gertatzen bada, ikastetxeko zuzendaritzak Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuari adieraziko dio.

5. Mintegi edo Arloko buruak txosten bat aurkeztu behar du, laguntzaileak ikasturtean zehar egin duen lanari eta erakutsi duen jarrerari buruz. Txosten hori Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzura bidaliko da.

Ikastetxean egin beharreko egonaldia amaitzean, mintza-praktikako laguntzaileak bere lanari eta lan egin duen baldintzei buruzko txosten bat egin behar du ikastetxeko zuzendaritzari emateko, eta zuzendaritzak, gero, Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuari bidali behar dio.

6. Deialdi honetara bil daitezke Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak, Bigarrenekoak, Arte Eskoletakoak eta Hizkuntza Eskola Ofizialak (bertan ikastekoak).

Deialdi honetara bildu nahi duten ikastetxeek II. Eranskineko ereduaren arabera behar bezala betetako eskabidea aurkeztu behar dute eta honako hauek erantsirik:

a) Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren ikus-onetsia.

b) Laguntzailearen eginkizunen proiektu arrazoitua (II. Eranskinaren arabera).

c) Baremoaren arabera ahalik eta puntu gehien eskuratzeko bidezkotzat hartzen diren dokumentuak.

d) Erantsitako dokumentuen zerrenda zenbakitua.

7. Eskabideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan aurkeztu behar dira, Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuari zuzendurik (Santo Domingo Aldapa kalea, z.g., 31001, Iruña).

Eskabideak zuzenean aurkezten ahal dira edo bestela Administrazio Publikoaren Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 29ko 30/1992 Legean ezarritako bulegoen bitartez. Kasu honetarako ez dira Lege horren 38.4 artikuluan adierazitako bulegoen artean sartutakotzat hartzen ikastetxeetako Erregistroak.

Eskabidea posta-bulegoren baten bidez aurkeztea hautatuz gero, gutunazala itxi gabe eraman behar da bertara, funtzionarioak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtatu baino lehen.

8. Eskabideak aurkezteko epea 2001eko apirilaren 11n bukatuko da.

9. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Deialdi honi buruzko Ebazpena maiatzaren 15a baino lehen emanen du, hori erabakitzeko sortutako Batzorde baten proposamena ikusirik, zeinak aztertu eta baloratuko baititu aurkeztutako eskabideak. Batzorde hori honela osatuko da:

Batzordeburu: Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendaria edo hark bere ordez jartzen duen pertsona.

Batzordekideak:

-Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen atalburua.

-Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikoko burua.

-Atzerriko Hizkuntzen Unitate Teknikoko burua.

-Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuko bi teknikari.

10. Aurkeztutako eskabideak Batzordeak honako irizpide hauen arabera baloratuko ditu:

-Ikastetxeko ikasleen egoera sozioekonomikoa.

-Ikastetxean matrikulatutako ikasle kopurua.

-Ikastetxea nekazaritzako eskualde andegatu batean egotea.

-Aurreko ikasturtean mintza-praktikako laguntzailerik gabe egon izana.

-Ikastetxeak parte hartzea Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuak antolatutako atzerriko hizkuntzako Eskolaz Kanpoko Jardueren programan.

-Ikastetxeak EOIDNA lankidetza-programan parte hartzea.

-Mintza-praktikako laguntzailearen eginkizunen proiektu argi eta landu bat aurkeztea. Laguntzailearen gaitasunak ikastetxe osoan eta, ahal izanez gero, herri-komunitate osoan probetxugarri izateko proiektua.

11. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eskaera egin duten ikastetxeei bere erabakiaren berri emanen die eta argitara emanen du Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki-oholean aukeratutako ikastetxeen zerrenda, hala nola erreserban geratzen direnena eta baztertuena, arrazoiak erantsirik.

Hautagai diren ikastetxeek behin-behineko ebazpenaren aurka erreklamazioak aurkezten ahal dituzte hamar egun naturaleko epean jendaurrealdiko datatik hasita.

12. Erreklamazioak aurkezteko epea beterik, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du mintza-praktikako laguntzaileak ikastetxeei esleitzeko Ebazpena.

Ebazpen horretan honako hauek zehaztuko dira:

a) Ikastetxe hautatuen zerrenda, lehentasunen arabera emana.

b) Hautatu ez eta erreserban utzi diren ikastetxeen zerrenda, beheranzko hurrenkeran emana. Hautagai diren ikastetxe horiei mintza-praktikako laguntzaileren bat esleitzen ahal zaie, baldin eta onuradun izan den ikastetxeren batek uko egiten badio. Horretarako zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

c) Baztertutako ikastetxeen zerrenda, arrazoia zein izan den erantsirik.

13. Deialdi honen eta ondoriozkoak diren egintzen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Mintza-praktikako laguntzaileen eskaera 2001-2002 ikasturtea

1. Ikastetxea:

Legezko izena

Herria

Helbidea

Zuzendaria

Mintegia

Harremanetarako pertsonaren izen-deiturak

Ikastetxean duen kargua

Telefonoa ......................................................... Faxa

Posta elektronikoa .......................

2. Laguntzaileak zein adinetako ikasleekin lan egitea nahi da?

f 3tik 6 urte artekoak.

f 6tik 11 urte artekoak.

f 11tik 16 urte artekoak.

f 16tik 19 urte artekoak.

3. Ikastetxea zein kategoriatakoa da?

f Lehen Hezkuntza.

f DBHI.

f BHI.

f Ikasketa premia berezikoentzako ikastetxea.

f Hizkuntz Eskola Ofiziala.

4. 4. Ikastetxeko ikasleen kopurua:

5. Frantseseko ikasleen kopurua:

1. hizkuntza ........... 2. hizkuntza ............

6. Ingeleseko ikasleen kopurua:

1. hizkuntza ............. 2. hizkuntza ............

7. Alemaneko ikasleen kopurua:

1. hizkuntza ............. 2. hizkuntza ............

8. Frantseseko irakasleak guztira

Ingeleseko irakasleak guztira

Alemaneko irakasleak guztira

9. Ikastetxearen berezitasunak (nekazaritzako eskualdea, andegatua, ikasleen maila sozioekonomikoa, gutxiengo etnikoak, ikasketa premia bereziak dituzten ikasleak.)

10. Non dago kokatua ikastetxea?

f Hiria.

f 50.000tik 100.000 biztanle arteko herria

f 10.000tik 50.000 biztanle arteko herria.

f 10.000 biztanle baino gutxiagoko herria.

11. Lojamendua: lojamendurako laguntza moduren bat ematerik baduzue? (pentsio, hotel, partikularren helbideak, aurreko urteko laguntzailearen helbidea).

12. Garraio publikoaren bidez ikastetxera iristerik badago?

f Bai Nola?

f Ez

13. Honako lan hauetatik zein eskatuko zaio egitea laguntzaileari? (Laukitxo bat baino gehiago marka daitezke).

f Ikasleen mintzatzeko gaitasuna hobetzea.

f Hizkuntzen irakaskuntza teknologia berrien bidez.

f Ikastetxean Europarekikoak sartu/lantzea (programa europarrak, trukeak).

f Hizkuntza maila handiagoko ikasleei laguntza ematea.

f Laguntzaileak bere herriaren egoera soziokulturalaren berri ematea.

f Hizkuntzarekin loturiko eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea (antzerkia, aldizkariak, festak...).

f Irakasleentzako laguntza (mintza-praktika).

f IGEekin elkarlanean aritzea.

f Herri, kultura, eskualdeekiko. harremanak bultzatzea.

f Beste batzuk.

14. Ikastetxeak parte hartu al du inoiz Europako Komunitateko programaren batek finantzatutako jardueraren batean?

f Bai.

f Ez.

Erantzuna baiezkoa bada, adieraz ezazu programaren izena, jarduerarena eta zein urtetan egin zen.

15. Eskatzen den mintza-praktikako laguntzailea:

f Frantseserako.

f Ingeleserako.

f Alemanerako.

16. Ikastetxeak izan du 2000-2001 ikasturtean laguntzailerik?

f Bai.

f Ez.

17. Ikastetxean mintza-praktikako laguntzailearen arduradun/tutorearen izena eta kargua.

18. Mintza-praktikako laguntzaileak izanen dituen ikasleak zein ikasturte eta mailatakoak diren.

19. Ikastetxeak bere proiektuak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen duen asteko ordu kopurua.

20. Laguntzaile bat eduki nahi izateko arrazoiak zein dira?

Azal itzazu helburu pedagogikoak eta eman laburki ikastetxeak izatea espero duzun onura (10 lerro)

Zuzendaria:

................... jaunak/andreak eskatzen du ................eko mintza-praktikako laguntzaile bat esleitzea 200/2001 ikasturterako.

.........................n, 2001eko .................aren .............n.

Iragarkiaren kodea: A0102000