36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

22/2001 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, inbertsiorako laguntzak emateko ponderazio faktoreak, prozedura eta baldintza orokorrak zehazten dituena. Laguntza horiek mailegu eta errentamendu finantzarioko eragiketetan korrituak diruztatuz ematen dira.

Azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuak araubide berri bat sortu du inbertsio eta enplegurako inbertsioetarako. 4. artikuluan, laguntza modalitateen barruan, mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketetan korrituak diruztatzea aipatzen du.

Bestaldetik, Foru Dekretu horretako azken xedapenetariko lehenak esku ematen dio Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari hura garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Foru Agindu honek, ahalmen hori erabiliz, mailegu eta errentamendu finantzarioko eragiketetan korrituak diruztatuz erabili beharreko ponderazio faktoreak eta enpresa onuradunen baldintza orokorrak zehazten ditu.

Hori horrela, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak,

AGINDU DU:

1) Onuradunak:

361/2000 Foru Dekretuko 2. artikuluan zehazten diren jarduerak egiten dituzten enpresak izaten ahalko dira korrituen hobarien onuradun mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketetan, baldin eta Europako Batzordeak ezarririko definizioaren arabera enpresa txiki edo ertaintzat joak badira.

2) Sartzen diren inbertsioak.

Mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketek, diruztatuak izan ahal izateko, 361/2000 Foru Dekretuko 3. artikuluko a) idatz-zatian zehazten diren aktibo finko material edo ez-materialetan inbertsioak finantzatzea izan beharko dute xede. Aktibo materialek berriak izan beharko dute, alegia, beste enpresa batzuek ezin izan dituzte lehenago erabili beren jardueretan, salbu eta, maileguen modalitatean, lurrak eta eraikinak erabiltzen direnean.

3) Eragiketen ezaugarriak:

3.1.-Mailegu eragiketek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Kopuruak inbertsioaren % 75 eta 250 milioi pezeta eginen du gehienez ere.

b) Maileguaren iraupena librea izanen da, baina bakarrik lehenengo lau urteetako korrituak diruztatuko dira.

c) Gabealdia gehienez ere bi urtekoa izanen da.

3.2.-Errentamendu finantzarioko eragiketek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez hogeita lau hilabete irautea eta gehienez berrogeita zortzi hilabete eta jatorrizko inbertsioaren zenbatekoa gehienez 100 milioi pezetakoa.

b) Aktibo finkoetan egitea, lurretakoak eta eraikinetakoak izan ezik.

Bi kasuetan aktibo finko ez-materialetako inbertsioak finantzatzeko eragiketen korrituak diruztatzen ahalko dira, baldin eta kapital finkoko inbertsioetarako eragiketa bati lotuak badira eta 361/2000 Foru Dekretuko 3. artikuluko a) idatz-zatian aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

4) Korritu tasak, gaurkotzea, komisioak.

Entitate finantzarioekin izenpetuko diren lankidetza hitzarmenetan ezarriko dira gehieneko korritu-tasak, dirulaguntzaren gaurkotze finantzarioko tasak eta mailegu eta errentamendu finantzarioko eragiketak eman eta administratzeko komisioak.

5) Laguntzen zenbatekoa.

Bi modalitate finantzarioetarako korrituak ehuneko 2 diruztatuko dira Iruñeko enpresen kasuan eta ehuneko 3 Nafarroako beste eskualdeetako enpresen kasuan.

Enpresa berriak izanez gero hobari osagarri bat emanen da, ehuneko 0,5 eginen duena.

Betiere enpresa onuradunerako ondoriozko tasa ezin izanen da dirulaguntza eskatu aurreko urteko abenduaren 31n zegoen urteko KPI metatua baino txikiagoa.

6) Prozedura.

6.1.-Eskabideak eta agiriak.

Foru Agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskatzeko betebeharrak betetzen dituzten enpresek entitate finantzarioaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarririko ereduaren arabera eta bertako edukiarekin. Eskaerak Departamentu hartako Erregistroan edo Administrazio Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen diren tokietan aurkeztuko dira.

Eskabideak proiektuak egiten hasi eta mailegu edo errentamendu finantzarioko kontratuak izenpetu baino lehen aurkeztu behako dira.

Aurkeztutako eskabidea eta agiriak aztertuta, osorik ez dagoela ohartuz gero edo datu edo agiri osagarriak beharrezkotzat joz gero, eskatzaileari eskatuko zaio, entitate finantzarioaren bidez, hilabeteko epean osatu ditzala. Hala egin ezik, uko egin duela ulertuko da eta espedientea artxibatuko da. Eragiketaren poliza edo kontratua igortzeko errekerimenduaren kasuan, gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da.

6.2.-Instrukzioa.

Organo eskudunak espedientea aztertu eta ebaluatuko du eta ebazpena emanen duen organora txosten bat igorriko, non adieraziko baitu onuradunak laguntzak eskuratzeko betebeharrak betetzen dituela eta laguntza horiek eman dakizkiola proposatuko.

6.3.-Ebazpena.

Proposamena ikusirik, organo eskudunak ebazpena emanen du laguntzak ordaintzeko eta ezarriko ditu korrituak ordaintzeko portzentajeak, dirulaguntza gaurkotua eta onuradunak bete behar dituen baldintza eta betebeharrak.

Dirulaguntza behin bakarrik ordainduko zaio entitate finantzarioari. Horrek mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketaren kapital bizia dirulaguntza ordainduaren zenbateko berean gutxituko du.

Ebazpena gehienez ere sei hilabetean jakinarazi beharko da, eskabidea organo eskuduneko erregistroan izapidatua izateko sartu zenez geroztik.

Ebazpena emateko epea etenik geldituko da organo eskudunak argibideak edo agiri osagarriak eskatzen dituenean, errekerimendua jakinarazten denetik interesatuak betebeharrak betetzen dituenera edo, hala ez bada, eman zaion epea bukatzen denera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Laguntzak emateko araubide hau 2001eko urtarrilaren 1az geroztik aurkezten diren mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketetan korrituak diruztatzeko eskabideei aplikatuko zaie. Egun horretatik aurrera inbertsioak egiten hasi diren kasuetan edo mailegu edo errentamendu finantzarioko kontratuak izenpetu diren kasuetan, lehenago laguntza horietarako eskabidea aurkeztu ez bada, enpresek hilabeteko epea izanen dute eskabidea aurkezteko Foru Agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita bian.-Industria eta Teknologia, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0102406