36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

26/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 51. artikuluari jarraikiz, Toki Entitateek, beren eskumeneko esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzte, hala nola, argibideak eta aholkuak ematea eta kontsumoaren arloko salaketak onartzea. Jarduera mota hori diruz laguntzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko zerbitzuen eskumena hartu zenetik. Izaniko esperientzia ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen legezko esparrua kontuan harturik, komeni da dirulaguntza horiek baimendu eta haien oinarriak ezartzeko beste arau bat ematea.

Hori horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluak emaniko ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Oinarri hauek izanen ditu:

1.-Xedea.

Nafarroako Toki Entitateek kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko egiten dituzten jarduerak izanen dira dirulaguntzen xede.

2.-Onuradunak.

Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulego baten bidez jarduera hori egiten duten Nafarroako Toki Entitateek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan. Haren egoitzak udal lokal batean egon beharko du.

3.-Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

Kontsumitzaileen eskubidezko interes ekonomikoak babestu eta horietaz argibideak ematea xede duten jardueren artean, honakoak izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Kontsumitzaileei argibideak emateko bulegoek aholkulari eta bitarteko lanetan izaniko funtzionamendu gastuak.

b) Kontsumoko gaiei buruzko argitalpenen edizioa.

c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jardueraren antolamendua.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko lanetan aritzen diren Toki Entitateetako langileek prestakuntza ikastaroetan eta bilera instituzional edo teknikoetan parte hartzea.

4.-Aurrekontu-kreditua.

2001ean ematekoak diren dirulaguntzak 851001/82120/ 4600/444200 kontusailaren bizkar finantzatuko dira eta gehieneko zenbatekoa 9.100.000 pezetakoa izanen da.

5.-Dirulaguntzak emateko prozedura.

a) Eskabideak

Eskabideak urtero aurkezten ahalko dira, apirilaren 30a baino lehen, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan, Tomás Caballero parkeko 1ean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietan.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Aurreko urtean eginiko jardueren memoria eta horrekin batera, sortutako argitalpenak, ekitaldien deialdiak, hormirudiak eta abar.

2. Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulegoan aurreko urtean eginiko kontsulten eta horien gaien zerrenda.

3. Jendeari argibideak emateko ordutegia (hileroko egun-orduak). Urtean urterako jarduren egitaraua eta gastuen aurrekontu zehatza, eskura dituen baliabideak, ekitaldien egutegia, eta gainerako inguruabar adierazgarriak aipatuz.

Betiere, Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak eskabidea egokitasunez ebazteko behar dituen argibide edo agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

6.-Dirulaguntza emateko irizpideak.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Ekitaldi programatuen interes eta kalitatea, jardueraren onuradun izan daitekeen jende multzoa, jendeari laguntzeko egiazki erabilitako denbora eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko gainerako eginkizunak baloratuko ditu.

7.-Ebazpena.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendariak proposamen bat prestatuko du, dirulaguntzaren xede izanen diren jarduerak eta horietariko bakoitzari emaniko diru- kopurua ezarriko dituena.

Dirulaguntza ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko da eta interesatuei jakinaraziko. Espreski ebazpenik gabe bi hilabete pasatzen badira, ulertuko da eskabidea ezetsia izan dela.

8.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira aurkeztutako eskaeren aurrekontuaren % 50 baino handiagoak izanen, deialdiaren 6. atalean ezarritako lehentasun irizpideei eta aurrekontuetan dagoen diru kopuruari jarraikiz.

9.-Jardueren justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da, egindako jardueren memoria eta diruz lagunduriko jarduerek eraginiko gastuen ordainketaren ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Lehenbiziko aldian, ekainaren 30era bitarte egindako jardueren memoria eta gastuak aurkeztuko dira Kontsumo Atalean, uztailaren 30a baino lehen. Bigarrenean, azaroaren 30era bitartekoak aurkeztuko dira Atal berean, abenduaren 18a baino lehen. Dirulaguntza agiriak aurkeztu eta hurrengo 30 egun naturaletan ordainduko da.

10.-Dirulaguntza deuseztatzea.

Foru Agindu honetan ezarririko baldintzak betetzen ez badira, dirulaguntza osorik edo hein batean deuseztatzen ahalko da, eta harturiko dirua itzultzea erabaki.

11.-Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi da 2000ko martxoaren 2ko 25/2000 Foru Agindua, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia ezarri zuena.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

Foru Agindu hau Kontsumo Atalari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren batean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: a0102409