36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

24/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, 2001. urtean Nafarroan merkataritzako banaketaren sektorean giza kapitala prestatzeko jarduerak egiteko laguntzen deialdia onesten duena.

Urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretuak, Nafarroako merkataritza enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituenak, V. kapituluan ezartzen du merkatari elkarteek eta irabazi asmorik gabeko enpresa erakunde eta entitateek laguntzak eskatu ahalko dituztela giza kapitalaren prestakuntza jardueretarako, kontuan izanik jarduera horiek pizgarri izanen direla Nafarroan merkataritzako banaketaren sektorearen barnean kudeaketa enpresariala profesionalizatu eta hobetzeko.

Bestalde, Foru Dekretu horren azken xedepenetako lehenak ahalmena ematen dio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari, hori betearazi eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Merkataritza Atalaren txostena ikusirik.

Hori horrela,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Xedea.

Deialdi honen xedea da banaketa sektorean giza kapitala prestatzeko jarduerak egiteko dirulaguntzak ematea.

2. artikulua.-Onuradunak.

Ondoko hauek jaso ahalko dituzte laguntza hauek:

-Merkatari elkarteek.

-Nafarroan helbideratuta dauden irabazi asmorik gabeko entitateek, giza kapitala prestatzeko jarduerak antolatzen badituzte, Nafarroako merkataritza banaketaren sektorean enpresa-kudeaketaren profesionalizazioa eta hobekuntza suspertzeko.

-Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkatari elkarteen taldeek.

3. artikulua.-Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Jardunaldi eta ikastaroek, hala nola merkataritzako banaketari loturiko beste edozein prestakuntza jarduerak, ondoren zehazten diren edukiei buruzkoak izan beharko dute Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko:

-Euroa merkataritzan sartzea.

-Merkataritza elektronikoa.

-Merkataritzako enpresa txiki eta ertainen kudeaketa.

-Bezeroarekiko ardura eta hari egindako zerbitzuaren kalitatea.

-Erakusleihoak atontzea.

-Merchandising-a.

-Frankiziak.

-Saltzeko teknikak.

-Merkataritzako enpresa txiki eta ertainetarako salmenten kudeaketa.

-Merkataritzako sektore edo elkarte zehatz baterako bereziki diseinatutako ikastaroak.

-Onuradunek proposatu eta Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak merkataritzako banaketaren sektorerako interesgarritzat jotzen dituzten beste batzuk.

2. Ikastaroek gutxienez 20 orduko iraupena izanen dute eta parte-hartzaileak ez dira hamabost baino gutxiago izanen.

Merkatarien elkarte batek egindako ikastaro berariazkoak direnean, ez da parte-hartzaileen gutxieneko kopuruari buruzko baldintza hori eskatuko, baldin eta aurretik horretarako eskabide arrazoitua aurkezten bazaio Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuari.

4. artikulua.-Laguntzen zenbatekoa.

Merkataritzako banaketaren sektoreko giza kapitala prestatzeko jarduerek fondo galdurako zuzeneko dirulaguntza jaso ahalko dute, haiek sortutako defizitaren % 100era bitartekoa; laguntza, antolaketarako beharrezkoak diren gastu guztien % 50 bitartekoa izanen da eta prestakuntza jarduera bakoitzak 1.000.000 pezeta jasoko du gehienez (6.010,12 euro).

Aipatu gehieneko portzentaje hori % 70era handituko da 2001ean Merkataritzako Jarduketaren Programa Integratuak garatzeko dirulaguntza jaso duten merkatarien elkarteen kasuan.

2. Antolaketaren kostuaren barruan sartuko dira prestakuntza jarduera egiteak zuzenean sortutako gastu arruntak.

5. artikulua.-Emateko irizpideak.

Dirulaguntzak emateko ondoko irizpide hauei jarraituko zaie:

1. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da aurreko artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen arabera.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

Dena den, hainbanaketa hori ez zaie aplikatuko merkataritzan euroa sartzeari buruzko prestakuntza jarduerei.

6. artikulua.-Eskabideen aurkezpena.

1. 2001eko ekitaldiari dagozkion laguntzetarako eskabideak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren Erregistroan aurkeztu beharko dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. FCCAF001 formularioan aurkeztuko dira. Formularioa aipatu Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren web gunean (www.cfnavarra.es/industria) hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

A) Dokumentazio orokorra:

-Lehenbiziko eskabidea aurkezten duten erakundeak edo entitateak badira, eskatzailearen identitatea egiaztatzen duten agiriak, horretarako aurkeztuz eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia; Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia eta transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

-Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak, eta, hala behar bada, horien ahalduntzea, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea eta eskatutako ekintzen pertsona arduraduna ere.

-Foru Ogasunean zergak ordainduak dituela adierazten duen ziurtagiria.

B) Ekintza bakoitzaren dokumentazio berezia.

-Ikastaroaren titulua eta haren edukia.

-Ikastaroaren iraupena, tokia eta egunak.

-Norentzat den eta zenbat ikasle izanen diren.

-Behar diren materialak eta giza baliabideak eta horien kualifikazioa.

-Dirusarrera eta gastuen kontusail nagusiak xehatzea.

3. Betiere, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta ebatzi ahal izateko beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdetzen ahal dizkio eskatzaileari.

7. artikulua.-Tramitazioa.

1. Organo eskudunak, espedientea aztertu eta ebaluatu ondoren, txosten bat emanen dio ebazpen organoari eta bertan azalduko onuradunak dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela; laguntzak emateko proposamena ere sartuko du txostenean.

Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusiko balitz edo beharrezkotzat joko balitz datu edo agiri osagarriak eskuratzea, hamar eguneko epea emanen litzaioke eskatzaileari horiek aurkezteko. Hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatuko da.

2. Proposamena ikusirik, organo eskudunak laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

3. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartu zen egunean hasita.

Nolanahi ere, ebazteko epea eten eginen da organo eskudunak argibide edo agiri osagarriak eskatzen dituenean. Etenaldia errekimenduaren jakinarazpena igortzen den egunean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea amaitzean.

8. artikulua.-Onuradunen betebeharrak.

1. Jardueren publizitatean edo zabalkundean Departamentuaren laguntza izan dela adierazi beharko da.

2. Dirulaguntzaren kontzesioa jakinarazi ondoren garatzen diren ekintzetarako, onuradunak, gutxienez ere astebete lehenago, prestakuntza ekintza zer egunetan, zer ordutan eta non izanen den adierazi beharko du.

3. Irabazi asmorik gabeko entitateek egindako jarduerak badira, haien publizitatea eginen da eta haien parte-hartzaileak irizpide objektiboei jarraikiz aukeratuko dira.

9. artikulua.-Dirulaguntzen ordainketa.

1. Emandako dirua ordaindu ahal izateko honako hauek aurkeztu beharko dira:

-Dirulaguntza ordaintzeko eskabide-orria, behar bezala betea (FCCAF002).

-Prestakuntza jardueren ebaluazio-memoria.

-Ikastaroetako parte-hartzaileen zerrenda eta klaseetara agertzeari buruzko eguneroko parteak, behar bezala sinatuak.

-Dirusarreren eta gastuen likidazioa.

-Beste laguntzaren bat hartuko balitz, horren gaineko aitorpena.

-Eginiko gastuen ziurtagiriak eta haien ordainagiriak.

2. Agiri horiek ondoko epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) Dirulaguntza eman aitzin egindako prestakuntza jardueren kasuan, dirulaguntza eman ondoko hilabetearen barnean.

b) Oro har, prestakuntza jarduera amaitu ondoko hilabetearen barnean, abenduaren 15a baino lehenago betiere.

3. Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak beharrezkoak diren ikuskapenak egin ahalko ditu, prestakuntza jarduerak burutu diren egiaztatzeko, bai eta eman den dirua zehazturiko xedeetarako erabili den egiaztatzeko ere.

4. Organo eskudunak ebazpena emanen du egitan burututako jarduerak ordaintzeko.

10. artikulua.-Errekurtsoak

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2001eko ekitaldirako, laguntza hauen aurrekontuko kredituak 15.000.000 pezetakoak dira (90.151,82 euro), eta 2001eko gastuen aurrekontuetako "Prestakuntza barneko merkataritzan" izeneko 850003 82110 4810 763102 kontusailaren kargura ordainduko dira. Diru kopuru hori handitu ahalko da, aurrekontuak horretarako bidea ematen baldin badu.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru Agindu hau Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuari eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari jakinaraziko zaie, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren batean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0102408