36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

20/2001 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, gizon eta emakumeek lan aukera berdinak izateko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzetarako deialdia onesten duena.

Azken aldi honetan, ohartu gara zenbait enpresa txiki eta ertainetan gizon eta emakumeentzat ez dela instalazio bereizirik, komunak eta aldagelak bereziki; sarritan, horren ondorioz ez dira bi sexuetako pertsonak kontratatzen, instalazio falta hori dela-eta, hain zuzen ere.

Hori horrela, eta gizon eta emakumeek berdintasuna izan dezaten, bai laneratzean, bai eta lanean aritzean ere, aipatu ekintza positiboak egiteko eginbide horretarako, enpresek dirulaguntzak jasotzen jarraitzea aurreikusten da.

Foru Agindu honetan araututako laguntzen bidez, enpresa txiki eta ertainen inbertsioak sustatu nahi dira; hain zuzen ere, instalazioak egokitu eta emakumeentzat errazagoa izan dadin laneratzea, lanean aritzea, eta lanean gora egitea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru Agindu honek helburu hau du: gizon eta emakumeentzako instalazio bereiziak -komunak, aldagelak eta antzekoak- ez dituzten enpresek, 2001. urtean zehar, horrelakoetan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahal dituzte laguntza hauek, baldin eta gizon eta emakumeentzako instalazio bereizirik izan ez eta, 2001. urtean zehar, Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan inbertsioak egiten badituzte, Foru Agindu honetan ezarritako aktibo finko ez-materialeko inbertsioak hain zuzen, eta horien helburua bada gizonezkoak nahiz emakumeak kontratatu ahal izatea.

Laguntza hauen aplikaziorako, enpresa txiki eta ertaina honako baldintza hauek betetzen dituena da:

1. 250 langile baino gutxiago izatea.

2. Negozio bolumena 27 milioi euro baino gutxiago izatea.

3. Independentzia irizpidea betetzea. Irizpide hori betetzeko, enpresaren kapitalaren edo boto eskubideen % 25 edo gehiagok ez du izan behar enpresa txiki edo ertain ez den beste enpresa edo enpresa- talde batena. Muga hori honako kasu hauetan gainditzen ahal da:

-Enpresa hori inbertsioko enpresa publikoen, kapital arriskuko enpresen edo inbertsiogile instituzionalen kontrolpean dagoenean, baldin eta horiek ez badute, banaka nahiz batera, enpresaren gainean inolako kontrolik.

-Kapital barreiadurak titularra zehaztea ezinezko egiten duenean eta enpresak adierazten duenean baduela funtsik pentsatzeko ez dela enpresarik edo ETEEren definizioan sartzen ez den enpresa talderik bere kapitalaren % 25aren edo gehiagoren jabe denik.

3. artikulua. Laguntzak jasotzen ahal dituzten inbertsioak.

Dirulaguntzak jasotzen ahal dituzten gastuak hurrengoak besterik ez dira izanen: gizon eta emakumeentzako bereizitako komun, aldagela, edo antzekoen eraikitze berriarekin zerikusia duten inbertsio finko ez-materialak.

4. artikulua. Eman daitezkeen laguntzak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, instalazioak bereizita izan ez eta hala jartzen dituzten enpresei, hurrengo laguntzak ematen ahal dizkie: gizon eta emakumeentzako bereizitako komun, aldagela eta antzekoetarako eginiko inbertsioaren % 30 fondo galdura -gehienez ere, 5.000.000 pezeta-, baldin eta beste sexuko pertsonak kontratatzen badituzte.

5. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru Agindu honetan araututako laguntzak jasoz gero, ezin dira jaso inbertsioa eta enplegua sustatzeko laguntzetarako araubide berria ezartzen duen azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuak eta horren garapenerako gainerakoek araututakoak. Enpresak horietara biltzen ahal dira, baldin eta aukera horretaz baliatzea erabakitzen badute.

6. artikulua. Eskabideak nola tramitatu.

Arau honetako laguntzak jaso nahi dituzten enpresek inbertsioak egin aurretIk aurkeztu beharko dute eskabidea, betiere aurtengo azaroaren 1a baino lehen, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari buruzko 88.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako edozeinetan.

Eskabidearekin batera, hurrengo agiri hauek aurkeztu behar dira:

1.-Enpresak PYME izateko baldintzak betetzen dituela adIerazten duen aitorpena.

2.-Egin nahi den obraren proiektua eta horren aurrekontua.

3.-Gizon eta emakumeentzako instalazio bereizirik ez dagoela esaten duen zinpeko adierazpena; halaber, dagoenaz beste sexuko pertsonen kontratazioari buruzko egiaztagiria.

Lan Zuzendaritza Nagusiak aztertu eginen ditu eskabideak eta, orobat, enpresek aurkeztutako agiriak, eta, horrela, egiaztatzen ahal du espedienteak badituela eskatutako agiriak eta datuak.

Administrazioak hutsuneren bat ikusten badu edota beharrezkotzat jotzen badu enpresari informazio gehiago eskatzea, jakinarazi eginen dio, eta, jakinarazpena egiten denetik, enpresak hamar egun izanen ditu esaten zaizkion hutsuneak konpontzeko edo espedientea datu gehiagoz osatzeko. Enpresak ez badu eskatutakoa betetzen aipatu epean, Lan Zuzendaritza Nagusiak espedientea artxibatu eginen du besterik gabe.

7. artikulua. Ebazpena.

1. Lan zuzendari nagusiak, egokitzat jotzen dituen txosten teknikoen ondotik, ebatzi eginen du eskabideak hartutako hurrenkeraren arabera eta aurrekontuan dirua dagoen bitartean; eskabidea sartu zenetik gehienez ere hiru hilabeteko epea izanen du ebazteko.

2. Eskabidea aurkeztu eta aurreko idatz-zatiko epeak beteta, ebazpen espresurik ez bada ematen, eskaera ezetsitzat joko da.

8. artikulua. Laguntzak ordaintzea.

Egin beharreko inbertsio guztiak egin direla behar bezala frogatu eta egiaztatu delarik ordainduko da laguntza; edonola ere, inbertsio horien frogagiriak 2001eko abenduaren 31ren aurretik aurkeztu beharko dira.

Programa honetarako aurreikusitako zenbatekoa 2001eko Nafarroako aurrekontu orokorretako honako kontusail honetan ageri dena da: 870000-83110-7709- 315102.

9. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.

Laguntzak deuseztatu eginen dira, baldin eta proiektuan agertzen ziren inbertsioak ez badira egiten, edota laguntza jasotzen duen enpresak faltsutu edo aldrebestu egin baditu emaniko datu, informazio edo agiriak; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen erantzukizunak eskatu ahal izateko, dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak horretarako biderik ematen badu.

10. artikulua. Laguntzak bateratzea.

Araubide hau, betiere, laguntzak bateratzeari buruzko arauen pean egonen da, eta bateratze horrek kontuan hartuko ditu bai beste helburu baterako laguntzak, bai helburu bererakoak, hala erakunde batek berak, nola erakunde batek baino gehiagok (administrazio zentrala, eskualdekoa edota toki administrazioa) onetsitako araubidea oinarri hartuta emanak; azken kasu horretan, laguntzek, bateratuta, ezin izanen dute gainditu araubide horiek ezarritako gehienekoa.

Dena dela, enpresak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoak nahitaez bete behar ditu "de minimis" laguntza motengatik enpresentzako estatu-laguntzei buruzko Europako Zuzentarauak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2001. urtean Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen egindako inbertsioetarako laguntzen eskabideak aurkezteko epea indarra hartu ondoko 2 hilabetekoa izanen da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa sartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hogeita bian.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0102404