27. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

22/2001 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoak ezarri ziren.

Abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoak ezarri ziren.

Merezimenduen baremo horietan -Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan biltzen dira- euskaraz jakiteagatik eman beharreko puntuazio osagarria ageri da, uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan arautzen duen abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuak uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretu haren eduki oso-osoa indargabetu du berariaz eta, gai honi dagokionez, hots, Administrazioan sartu eta bertako lanpostuak betetzeari begira, euskaraz jakin beharraren eta euskararen balorazioaren inguruko xedapenak aldatu ditu.

Bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, 2001eko otsailaren 5ean Nafarroako Gobernuak harturiko erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko deialdietako merezimenduen baremoetan hizkuntzei emanen zaien tratamendua arautu da.

Horregatik, bidezkoa da merezimendu baremoetan euskaraz jakiteagatiko puntuazio osagarria ezartzen duten idatz-zatiak aldatzea, euskarari eta Europako Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzei buruzko arautegi berriari egokitzeko, hau da, abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuari eta Nafarroako Gobernuaren 2001eko otsailaren 5eko Erabakiari.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoak ezarri zituen abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinak aldatzea, euskaraz jakiteagatik emanen den puntuazio osagarriari dagokionez. Honela idatzita geldituko dira:

I. ERANSKINA

Lekualdatze-lehiaketetarako merezimenduen baremoa (lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 9. artikulua)

Hizkuntzak jakiteagatik emanen den puntuazio osagarria:

1) Merezimenduen baremo guztietan frantsesez, ingelesez edo alemanieraz jakitea baloratuko da, merezimendu gisa, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Horietako bakoitzari, gehienez, 2 puntu emanen zaizkio.

2) Euskaraz jakiteagatik emanen den puntuazioa, bidezkoa denean edo aintzat hartzen denean, hizkuntza-eremuaren arabera aldatuko da, irizpide hauetan oinarrituz:

a) Eremu euskaldunean, euskaraz jakiteagatik 2,20 puntu emanen dira, plantilla organikoaren arabera ezinbestekoa deklaratu ez bada betiere.

b) Eremu mistoan, plantilla organikoaren arabera merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, 2,10 puntu emanen dira euskaraz jakiteagatik.

3) Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo balio bereko beste agiri ofizial bat izanez gero, aurreko idatz-zatietan adierazitako gehieneko puntuazioa emanen da, hizkuntza guztietan.

Titulurik ezean, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako ikasmaila bakoitzeko gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da. Euskararen kasuan, bestalde, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditzen den "urrats" bakoitzeko 1/12 emanen zaio.

Lau hizkuntza horietako maila Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatuko dituen probak gaindituz ere egiazta daiteke. Bost maila izanen dira eta hizkuntza bakoitzarentzat ezartzen den gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio ikasmaila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak betetzeko deialdietan (lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 15. artikulua), gora egiteko lehiaketetan (21. artikulua) eta lekualdatze-lehiaketa berezietan (10. artikulua) erabili beharreko merezimenduen baremoa

Hizkuntzak jakiteagatik emanen den puntuazio osagarria.

1) Merezimenduen baremo guztietan frantsesez, ingelesez edo alemanieraz jakitea baloratuko da, merezimendu gisa, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Horietako bakoitzari, gehienez, 5 puntu emanen zaizkio.

2) Euskaraz jakiteagatik emanen den puntuazioa, bidezkoa denean edo aintzat hartzen denean, hizkuntza-eremuaren arabera aldatuko da, irizpide hauetan oinarrituz:

a) Eremu euskaldunean, euskaraz jakiteagatik 5,50 puntu emanen dira, plantilla organikoaren arabera ezinbestekoa deklaratu ez bada betiere.

b) Eremu mistoan, plantilla organikoaren arabera merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, 5,25 puntu emanen dira euskaraz jakiteagatik.

3) Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo balio bereko beste agiri ofizial bat izanez gero, aurreko idatz-zatietan adierazitako gehieneko puntuazioa emanen da, hizkuntza guztietan.

Titulurik ezean, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako ikasmaila bakoitzeko gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da. Euskararen kasuan, bestalde, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditzen den "urrats" bakoitzeko 1/12 emanen zaio.

Lau hizkuntza horietako maila Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatuko dituen probak gaindituz ere egiazta daiteke. Bost maila izanen dira eta hizkuntza bakoitzarentzat ezartzen den gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio ikasmaila bakoitzari.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu Foru Aginduaren II. Eranskinean, b) idatz-zatiko 6. zenbakian, "Beste merezimendu batzuk" izenekoan, "hizkuntzak" hitza kentzea.

3. artikulua. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren bederatzian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0101493