25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U R T Z U N

Irurtzungo Udalaren kontuhartzaile-diruzainaren lanpostua oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdia

Lehenengo oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Irurtzungo Udalaren kontuhartzaile-diruzainaren lanpostua oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Kontratua administratiboa izanen da, urte bateko iraupena eta luzagarria izanen da gehienez ere lanpostu behin betiko bete arte.

Horiek horrela, izendapenak Irurtzungo Udalaren zerbitzuko aldi baterako administrazio-kontratudun bihurtuko du izendatua.

1.3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da eta organo eskudunek edozein momentutan aldatzen ahalko dute.

1.5. Hautatutako pertsonak kontuhartzailetza, diruzaintza eta ekonomia arloko lanak betetzeaz gain ondoan adierazitakoak ere beteko ditu:

-Barneko ekonomia eta finantzen gestioaren kontrol eta fiskalizazioa.

-Ekonomia, finantza eta aurrekontuen gestioan aholkularitza, aurrekontuetako proiektuen txostenak, ordenatza eta zerbitzu berrien nondik norakoaren gaineko txostenak eta hauen ondorio ekonomiko eta finantziarioak ebaluatzea.

-Kontuhartzailetzako lanen koordinazioa, kontu orokorrak prestatzea, aurrekontuak kitatzea, fondoak erabili eta zaintzea, kobratze eta ordainketak.

-Kontuhartzailetzako planak egitea, ezarritako lehentasunak kontuan hartuz.

-Udaleko kontratazioak, iharduerak eta gestioak ondorioztatutako betebehar fiskal eta sozialak betetzea.

-Etorkizunean lanpostu honen titularrari emandako ahal zaizkionak, eta ekonomia eta finantzatan Alkateak edo Udalbatzak eskatzen dizkionak.

1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, Irurtungo Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabiltzen ahalko duena, beti ere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

Bigarren oinarria.-Izangaien beharkizunak:

2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea eta nazionalitatez espainiarra.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu tituluaren jabe izatea, edo Zuzenbidekoarena, uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 251.2b. artikuluaren arabera.

c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beteak izan beharko ditu beharkizun horiek.

Hirugarren oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Irurtzungo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 15 egun naturaleko epean, azken eguneko eguerdiko ordu bata arte. Azken egun hori baliogabea bada, epea hurrengo egun balioduneko ordu berean amaituko da.

Eskabideek I. eranskineko ereduaren araberakoak beharko dute izan, eta haiekin batera lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.

3.2. Eskabidearekin batera, espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideak kitatzeko 3.000 pezeta ordaindu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da udal diruzaintzan.

3.3. Luzaezina da eskabideak aurkezteko epea.

Laugarren oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Irurtzungo udalburuak, ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 10 egun baliodunetan, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Aipatu epea iraganik eta erreklamazioak ebatzirik, Irurtzungo udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpena eman eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

Bosgarren oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Eduardo Murugarren Frances jauna, Irurtzungo Udaleko alkate udalburua

-Ordezkoa: Juan Jose Iriarte Vitoria jauna, Irurtzungo Udaleko zinegotzia.

-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikaria.

-Mahaikidea: Josetxo Labairu Senosiain jauna, Etxarri-Aranazko Udaleko kontuhartzailea.

-Ordezkoa: Javier Cia Aldaba jauna, Arangurengo Udaleko kontuhartzailea.

-Mahaikide-idazkaria: Santos Iragui Hualde jauna, Irurtzungo Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Jesús María Llorens García, Etxarri-Aranazko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aurretik eratu beharko da, eta eraketa nahiz gainerako jarduketak baliozkoak izateko, gutxienez ere, kideen gehiengo osoa beharko da.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu proba guztietarako, edo batzuetarako soilik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horretan baino ez dute epaimahaia lagunduko.

Seigarren oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola egin:

6.1. Oposizio-lehiaketa 2001eko maiatzean hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.2. Lehiaketaldia:

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, 20 puntu arte gehienez ere, II. eranskinean zehazten denaren arabera.

6.3. Oposizioaldia:

Honako ariketa hauek osatuko dute oposizioaldia:

a) Idatzizko proba teorikoa: III. eranskineko gaietako bi idatziz garatu beharko dira. Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

b) Idatzizko proba praktikoa: Nafarroako Udal bateko kontu hartzaile lanetan ohikoak diren bi kasu praktiko idatziz garatu beharko dira. Kasu horiek IV. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Irurtzungo Udalaren iragarki-oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.

6.5. Izangaiei dei bakarra eginen zaie ariketa bakoitzerako, eta nortasun agiri nazionala daramatela beharko dute agertu.

Zazpigarren oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazio osoaren araberakoa, helaraziko dio Udalari. Bertan, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketa guztietan lortu kalifikazioak batuko dira eta, horrekin batera, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere eginen da. Proposamen hori Irurtzungo Udalaren iragarki oholean eman beharko da argitara.

7.2. Proposatzen den izangaiak jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epea izanen du Udaleko bulegoetan honako agiriok aurkezteko:

1.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

2.-2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria.

3.-Zin egin edo hitz emandako aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4.-Osasun ziurtagiria, karguaren berezko eginkizunak ongi betetzea eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela egiaztatzen duena.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Hori gertatuz gero, probak gainditu dituen eta 7.1. atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

Zortzigarren oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautaprobak amaitu eta izangaiak 7.2. oinarrian aipatu agiriak ekarritakoan, Irurtzungo Udalak, osoko bilkuran, Irurtzungo Udaleko aldi baterako administrazio-kontratudun izendatuko du, kontu hartzaile-diruzainaren lanpostua betetzeko. Ondotik, behar den kontratua sinatuko da.

8.2. Izendatzen den izangaiak 7 eguneko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 7.4. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Bederatzigarren oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien eta horiek ekarritako egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat jartzen ahalko da:

a) Zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo eskudunari zuzendua.

b) Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............., adinez nagusia, N.A.N. zk.: .........., helbidea: ........., kalea: .........., zenbakia: .... posta kodea: .........., telefonoa: ............

Adierazten dut:

Irurtzungo Udaleko kontu hartzaile-diruzainaren lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Deialdian ezarritako ezintasun bakar bat ere ez dudala.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez baztertua izan ez naizela eta eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez nagoela.

Deialdiko 2. oinarrian ezarri titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko adierazitako epea bukatzen den egunean behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Irurtzungo Udaleko kontu hartzaile-diruzainaren lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

1.-Alegatutako merezimenduak, eskabidearekin batera aurkeztuko diren jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

a) Deialdi honen antzeko administrazio publikoetan izandako aholkularitza eta gestioaren esperientzia, gutxienez urte batekoa.

Lan horretan izandako esperientzia egiaztatzeko dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Urte bakoitzeko 2 puntu emanen dira, eta urteko frakzioak ez dira kontabilizatuko. Gehienez ere 7 puntu lor daitezke.

Egindako zerbitzuak dagokion Administrazio Publikoak egiaztatuko ditu izandako lanaldia zehaztuz, eta benetan emandakoak onortuko dira kontratazio erregimena edozein izanda ere. Aldiberekotasun kasuetan puntuaziorik altuena ematen dutenak onortuko dira, besterik ez.

Lanaldi osoa betetzen ez den kasuetan, dagokion proportzioa lortuko da.

b) Administrazio Publikoetako ekonomia eta finantzen gestioaren inguruko 100 orduz goitiko hobekuntza ikastaroak egiteagatik: gehienez 3 puntu.

c) Lanpostu honen inguruko informatikaren erabilerarako ikastaroak egiteagatik: gehienez 3 puntu.

d) Euskarazko ezagutza egiaztatua, Nafarroako Gobernuak edo Hizkuntza Eskola Ofizialak luzatutako agiria edo horren baliokidea.

-Oinarrizko maila gainditzeagatik: 3 puntu.

-Goi maila gainditzeagatik: 7 puntu.

Maila ezberdinetako puntuazioa ez da gehigarria. Atal honetan, gehienez ere, 7 puntu lor daitezke.

Euskarazko ezagutzaren maila frogatu ahalko da Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean probak eginda.

Aipatu probak egin nahi dituzten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute.

2.-Lehiaketaldian gehienez ere 20 puntu lor daitezke.

3.-Lehiaketaldia bukatutakoan, Irurtzungo Udaleko iragarki oholean paratuko da ikusgai izangaiek bertan eskuratu duten puntuazioa.

III. ERANSKINA

1. gaia.-Aurrekontuei buruzko oinarri klasikoak. Aurrekontuari buruzko kontzepzio klasikoaren krisia. Oinarri politikoak, kontabilitatezkoak eta ekonomikoak. Aurrekontu mota berriak. Aurrekontuaren ondorio ekonomikoak.

2. gaia.-Toki administrazioen aurrekontu orokorrak. Exekuzio oinarriak, eranskinak, prestakuntza, izapideak bideratzea, onestea, iragartzea eta indarrean sartzea. Aurrekontuaren aldaketa.

3. gaia.-Toki administrazioen Aurrekontuen egitura. Kontzeptu orokorra. Diru sarrera eta irteerak sailkatzea.

4. gaia.-Finantza-kudeaketaren kontrola. Kontrol motak, administrazio kontrola. Kanpoko kontrola edo jurisdikzionala. Kontrol politikoa edo parlamentarioa.

5. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Barreneko fiskalizazioa. Fiskalizazio organo eta prozedurak. Kontu hartze eta diruzaintza eginkizunak. Esparrua eta edukia.

6. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Kanpoko fiskalizazioa. Nafarroako Kontu Ganbera. Eskumenak, eginkizunak, osaketa.

7. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Eskubide publikoko dirusarrerak eta eskubide pribatuko dirusarrerak. Kontzeptua eta motak. Prezio publikoak. Kreditu eragiketak. Isun eta zehapenak.

8. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Tributu baliabideak, tasak, kontribuzio bereziak, zergak eta errekarguak.

9. gaia.-Toki ogasunen baliabideak. Foru Komunitateko tributuetan parte hartzea. Transferentzia arruntak. Kapital- transferentziak. Tokiko obra eta azpiegituren hirurteko plana. Dirulaguntzak.

10. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Tributuez besteko baliabideak: herrilurretako aprobetxamenduak, urbanizazio kuotak, bestelako prestazioak.

11. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/88 Foru Legea. Finantza eragiketak. Diruzaintza, kontrol eta kontabilitatea.

12. gaia.-Nafarroako toki administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.

13. gaia.-Nafarroako toki administrazioaren kontratuak. Izaera eta motak. Administrazio kontratua. Kontratuen osagaiak. Baliozkotasuna eta baliogabetasuna.

14. gaia.-Kontratazio prozedura. Kontratua prestatzeko prozeduraren oinarriak. Kontratazioaren bermeak.

15. gaia.-Toki entitateen ondasunak. Kontzeptua eta motak. Ondasunen sailkapen juridikoaren aldaketa. Herri-ondasunak. Inbentarioa: eraketa, egitura eta prestaketa.

16. gaia.-Harreman juridiko-tributarioa. Kontzeptua: Mota eta osagaiak. Zergagaia. Nozioa eta sailkapena; Subjektu pasiboa. Tributo arloan egintza ahalmena. Helbide fiskala. Zerga-oinarria: Kontzeptu eta zehaztapen erregimena. Baloreak egiaztatzea, zerga oinarria. Karga tasa. Zerga zorra.

17. gaia.-Tributuak kudeatzeko prozedura: xedapen orokorrak. Tributuen ezarpena. Izapidaketa eta likidazioa. Egiaztapena eta ikerketa.

18. gaia.-Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. Preskripzioa. Zorrak iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak. Entitate laguntzaileak.

IV. ERANSKINA

1. gaia.-Kapitalizazio soil eta konposatuko erregimeneko finantza-eragiketak. Zati-denboretarako bihurketak.

2. gaia.-Deskontu soil eta konposatuak. Kapitalizazio konposatuko erregimeneko kapital baten egungo balioa. Kapitalizazioko batez besteko balioak. Kapitalizazio konposatuko kredituen ordezkapena. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Korrituen hainbesteko baliokideak eta deskontuak, osoak eta zatikatuak.

3. gaia.-Errenta benetako, finko eta aldakorrak, progresio aritmetiko eta geometrikoan.

4. gaia.-Errenta finko eta aldakorren bidez amortiza daitezkeen maileguak. Aitzinduriko korrituak eta amortizagarriak dituzten maileguak, Amerikako sistemaren bidezkoak. Jesapen arruntak, primadunak, lotedunak eta azken kupoia ordaindu gabeak. Errenta aldakorren bidez amortiza daitezkeen jesapenak eta urtero aldatzen den efektiboaren bidez haren guztirakoak amortizatzen direneko jesapenak. Jesapenen bihurketa.

5. gaia.-Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.

6. gaia.-Kontabilitate publikoa: funtsezko oinarriak. Sektore publikoa. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Kontabilitate publikoaren faseak.

7. gaia.-Toki administraziorako kontabilitate instrukzioa. Kontabilitate eragiketak. Dirusarreren aurrekontuko kontabilitatea. Gastuen aurrekontuko kontabilitatea. Beste eragiketen kontabilitatea: ibilgetua; kreditu eragiketak; beste ente publiko batzuen baliabideen administrazioa; bestelako eragiketak.

8. gaia.-Eman beharreko kontuen egoerak eta eskuratu beharreko informazioa. Aurrekontuen emaitzaren eta diruzaintzako gerakinaren kalkulua. Kontu orokorra. Toki entitatearen eta haren erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Merkataritzako sozietateen kontuak. Entitatearen osoko bilkurarendako eta kudeaketa organoendako argibideak.

9. gaia.-Toki administrazioaren kontabilitatea. Kontzeptu eta helburuak. Aurrekontuetako aurreikuspenak. Eskubide nahiz beharkizunen onarpena eta likidazioa. Dirusarreren bilketa eta gastuen ordainketa. Dirusarrera eta gastu espedienteen azterketa fiskala. Aurrekontuaren likidazioa.

Irurtzun, bi mila eta bateko urtarrilaren hemeretzian. Alkatea, Eduardo Murugarren Francés.

Iragarkiaren kodea: A0101536