25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

12/2001 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, inbertsiorako zuzeneko dirulaguntzetarako eta Inbertsio eta Enplegurako Laguntzen araubide berriaren babesean enplegua sortzeko ematen diren dirulaguntzak kalkulatzeko faktoreak ezarri eta haiek jasotzeko baldintza orokorrak finkatzen dituena.

Azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuaren bidez, Inbertsio eta Enplegurako dirulaguntzetarako araubide berria ezarri zen. 4. artikuluko 1. idatz-zatiak ezartzen du inbertsiorako zuzeneko dirulaguntzak eman ahalko direla, inbertsioaren gaineko ehuneko jakin bat alegia, eta 2. idatz-zatian, berriz, inbertsioa egitearen ondorioz sortzen diren enpleguetarako ere dirulaguntzak izanen direla. Bosgarren artikuluan laguntzen gehieneko diru-mugak finkatzen dira eta 9.ean, 1.2 idatz-zatian, proiektuak ebaluatzeko eta eman beharreko laguntzak mailakatzeko aintzat hartuko diren ponderazio faktoreak zerrendatu. Bestalde, azken xedapenetan lehenak ahalmena ematen dio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari foru dekretu hura garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Ahalmen horiek erabiliz, Foru Agindu honen asmoa inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko aipatu 361/2000 Foru Dekretuan aurreikusitako zuzeneko dirulaguntzak emateko ponderazio faktoreak zehaztea da, hala nola enpresa onuradunek bete beharreko baldintza orokorrak.

Hona hemen inbertsiorako zuzeneko dirulaguntzak emateko kontuan hartuko diren oinarrizko ponderazio faktoreak:

1. Kokapena: Europako Batasunak ezarritako zonifikaziotik abiatuta, hiru eremu ezarri dira: Iruñeko udalerrria, erregioetako laguntzetatik salbuetsita dagoena, PYMEendako laguntza orokorretatik izan ezik; Iruñerria, laguntza jaso dezaketen eremuen zerrendan ageri baldin bada ere, Foru Komunitateko beste eremuek baino sinergia handiagoa izanda, laguntza gehiago behar duen eremua; eta, azkenik, Nafarroako gainerako eremuak.

2. Enpresaren tamaina. Foru Agindu honen ondorioetarako, Estatuek PYMEentzat ematen dituzten laguntzei buruz Europako Batasunak 1996ko uztailaren 23an emandako Zuzentarauetan enpresa txikiak, ertainak eta handiak identifikatzeko ezarritako definizioak aintzat hartuko dira.

3. Lehenbiziko aldiz instalatzea edo handitzea: lehenbiziko aldiz instalatzen diren proiektuei lehentasuna emanen zaie.

4. Inbertsioan nolako esfortzua egiten den: handitzen diren enpresetarako gutxieneko inbertsio bat ezarri da.

5. Inbertsiotik zenbat finantzatzen den norberaren baliabideetatik: onuradunak, gutxienez, inbertsioa osoaren % 25 finantzatu beharko du ezinbestean.

Dirulaguntza handiagoa emateko beste faktore osagarri batzuk finkatu dira, esate baterako, zenbat lanpostu sortzen diren eta nolakoak diren, izan ere, enplegu finkoa sortzea eta sendotzea baloratuko baita, hala nola emakumeen kontratazioak, inbertsioaren nolakotasuna, energia aurreztu eta dibertsifikatzeko balio ote duen eta lan sozietateek eta kooperatibek sustatua ote den.

Enplegurako dirulaguntza ematearen ondorioetarako, langile finkoen plantilla handitzen duten kasuak baloratuko dira, betiere plantilla osoa murriztu gabe.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Faktore orokorrak.

1. Azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuaren 4.1. artikuluan ezarritako inbertsiorako zuzeneko dirulaguntzak emateko, oro har, honako portzentaje hauek aplikatuko dira:

INSTALAZIO BERRIA ERDIA % 15 % 17 % 24

ERTAINA % 7,5 % 15 % 17

HANDIA % 0 % 12 % 14

HANDITZEA TXIKIA % 8 % 10 % 12

ERTAINA % 6 % 8 % 10

HANDIA % 0 % 6 % 7,5

Kasu guztietan, onuradunak, gutxienez, inbertsio osoaren % 25 finantzatu beharko du ezinbestean.

Bestalde, enpresa handitzeko proiektuetan honako muga hauek ezarriko dira:

-Dirulaguntza jaso ahal izateko, 10 milioi pezetatik gorako inbertsioa egin beharko da.

-Aurreko higiezin material garbia % 25etik behera handitzen bada, dirulaguntza % 5ekoa izanen da. Kasu horretan ez dira aplikatuko Foru Agindu honen 2. artikuluan aipatu faktore osagarriak.

Kasu bietan, ekonomia sozialeko enpresek bultzatutako proiektuak bazter utziko dira, hala nola krisian dauden enpresen salbamendurako edo berregituraketarako laguntzak arautzen dituen 3/2000 Foru Legeaz baliatzen direnenak.

2. Portzentaje horiek ezartzeko orduan, honako definizio hauek erabiliko dira:

-Iruñerria: Foru Agindu honen 1. eranskinean ageri diren toki entitateek osatuko dute, Iruñeko udalerria kenduta.

-Enpresa txikia: honako baldintza hauek betetzen dituena: Lehenik, 50 langile baino gutxiago izatea. Bigarrenik, haren negozioen bolumena 7 milioi eurotik beherakoa izatea (1.164,7 milioi pezeta) edo balantze orokorra 5 milioi eurotik beherakoa izatea (831,9 milioi pezeta). Hirugarrenik, aurreraxeago zehaztuko den independentzia irizpidea betetzea.

-Enpresa ertaina: Lehenik, 250 langile baino gutxiago izatea. Bigarrenik, bere negozioen bolumena 40 milioi eurotik beherakoa izatea (6.655,4 milioi pezeta) edo balantze orokorra 27 milioi eurotik beherakoa izatea (4.492,4 milioi pezeta). Hirugarrenik, aurreraxeago zehaztuko den independentzia irizpidea betetzea.

-Enpresa handia: enpresa ertainentzat ezarritako mugak gainditzen dituena edo independentzia beharkizunak betetzen ez dituena.

Enpresa independientea izanen da baldin eta kapitalaren partaidetzaren edo botoen % 25 edo gehiago ez badago enpresa txiki edo ertaina izateko baldintzak betetzen ez dituen enpresa baten edo enpresa multzo baten esku, Europako Batasuneko Zuzentarauetan ezarritako salbuespen kasuetan izan ezik.

Ezarritako hiru baldintza horiek, hots, plantilla, negozioen bolumena edo balantzea eta independentzia, metagarriak dira, hau da hiru-hirurak bete behar dira.

-Lehen aldiz instalatzea: aipaturiko laguntzaren bat har dezaketen jardueretan aritzen den beste zentrorik Nafarroako Foru Komunitatean ez duen enpresa batek produkzio zentro berri bat instalatzeko inbertsioak izanen dira lehen aldiz instalatzekoak.

-Handitzea: lehenbiziko instalaziotzat hartu ezin diren inbertsio guztiak, horien barne direlarik produkzio zentro bat Foru Komunitateko toki batetik bestera lekualdatzekoak.

2. artikulua. Inbertsiorako zuzeneko dirulaguntzak emateko faktore osagarriak.

Iruñerrian edo Nafarroako beste eremu batzuetan kokatutako inbertsio proiektuetarako, aurreko artikuluan ezarritako gutxieneko portzentaje horiez gainera, ondotik zerrendatzen diren faktoreen betetze-mailaren araberako beste bat ere eman ahalko da, edozein izanik ere sortzen duen lanpostu finko bakoitzagatik dagokion dirulaguntza.

1. Enplegua sortzea.

1.1. Gutxienez 5 lanpostu sortu edo sendotzen badira, beste puntu bat emanen da (betiere langile finkoen plantilla handitzen bada, plantilla orokorra murriztu gabe).

1.2. Aurrekoaz gainera, sortu edo sendotzen diren lanpostuen % 25 edo gehiago, eta betiere 3 lanpostu gutxienez, emakumeentzat baldin badira, bi puntu gehiago emanen dira.

2. Inbertsioa nolakoa den.

Makinerian eta instalazioetan egindako inbertsioak zati inbertsio osoa egin eta ateratzen den indizea 0,6 edo handiagoa bada, beste puntu bat emanen da.

3. Energia aurreztu eta dibertsifikatzeko proiektuak.

Energia aurreztu eta dibertsifikatzeko helburua duten inbertsioei beste 2 puntu gehiago emanen zaizkie.

4. Lan Sozietateek eta Kooperatibek sustatutako proiektuak.

Lan Sozietateek eta Kooperatibek sustatutako proiektuei 2 ehunen gehiago emanen zaizkie.

3. artikulua. Interes bereziko proiektuak.

1. Nafarroako Gobernuak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak proposaturik, interes bereziko proiektuak deklara ditzake. Horretarako, honako alderdi hauek baloratuko dira:

-Inbertsioaren bolumena.

-Garatzeko zailtasunak dituzten eremuetan kokatua izatea.

-Enpresa eta/edo eskualde baten jarduera ekonomikoa mantendu nahia.

Proiektu bat interes berezikoa baldin bada, honako laguntza hauek emanen dira:

a) Lehen aldiz instalatzekoak: Europako Batasunak ezarritako gehieneko diru-mugarainoko dirulaguntzak eman ahalko dira.

b) Handitzekoak: enpresaren tamaina gorabehera, inbertsio proiektuak non dauden, gehieneko diru-muga hauek ezarriko dira:

-Iruñerria: % 15era arte.

-Nafarroako beste eremu batzuk: % 17ra arte.

Ekonomia sozialeko enpresetan gehieneko mugak % 16 eta % 18koak izanen dira, hurrenez hurren.

2. Honako kasu hauek lehenbiziko instalazioen parekoak izanen dira:

2.1. Lurzoruaren hirigintza sailkapena aldatzearen ondorioz, egin beharreko lekualdaketen inbertsioak.

Hirigintza sailkapenaren aldaketa Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da. Gainera, katastroko balorazio eguneratua aurkeztu beharko da.

2.2. Ezintasunak dituzten kolektiboentzako lanpostuak sortzen aritzen diren entitateek egindako inbertsioak eta krisian dauden enpresen salbamendurako eta berregituraketarako ekainaren 22ko 3/2000 Foru Aginduan adierazitako kasuetarako bideratzen direnak.

4. Lanpostuak sortzeagatiko dirulaguntzak.

Behin betiko bihurtzen den aldi baterako lanpostu bakoitzeko 300.000 pezetako dirulaguntza emanen da, betiere enpresako langileen kopuru osoa murrizten ez bada.

Aurreko egoerarekin alderatuta, plantillako lanpostuen kopurua handitzen bada, sortzen den behin betiko lanpostu bakoitzeko 500.000 pezeta emanen dira.

Lanaldi osoa ez duten behin betiko kontratuen kasuan, lanaldiaren araberako portzentajea emanen da.

Kasu guztietan, sortzen edo sendotzen diren lanpostuak Inbertsiorako Laguntzetatik egindako inbertsioaren ondorio izanen dira.

5. artikulua. Inbertsio eta Enplegurako laguntzetarako baldintza orokorrak.

Inbertsio eta Enplegurako Laguntzak jasotzen dituzten enpresak Foru Agindu honen II. Eranskinean azaltzen diren baldintza orokorren menpe geldituko dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren batean.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

I. ERANSKINA

Iruñerrian sartzen diren udalerriak

Foru Agindu honen ondorioetarako, Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauak behin betikoz onetsi zituen martxoaren 22ko 80/1999 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, Iruñerria honako udalerri hauek osatzen dute:

Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Ziritza, Zizur, Etxarri, Etxauri, Eguesibar, Noian (Elortzibar), Ezkabarte, Galar, Uharte, Itza, Txulapain, Oltza, Olloibar, Orkoien, Iruña, Tiebas-Muru Artederreta, Bidaurreta, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

Mugaketa horrek aipatu udalerrien eremu osoa hartzen du, bertan diren bizigune guztiak barne, bakunak edo konposatuak (kontzejuak, guneak, e.a.), hala nola udalerri horiei esleitutako mendi eta fazeriak.

49. fazeria: Txulapain.

50. fazeria: Oltza.

52. fazeria: Txulapain.

55. fazeria: Ziritza.

56. fazeria: Ziritza.

62. fazeria: Ezkabarte.

105. fazeria: Berriobeiti.

II. ERANSKINA

Inbertsio eta enplegurako finantza laguntzetarako baldintza orokorrak

Inbertsio eta enplegurako finantza laguntzak jasotzen dituzten enpresek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

1. Onuradunaren betebeharrak:

1.1. Inbertsioak eta, horrelakorik bada, enplegu-sortzea ezarritako epean egitea.

1.2. Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinaraztea proiektua noiz jarri den abian eta noiz bukatu den, hori gertatu eta hilabeteko epean, edo laguntzak ematearen jakinarazpena jaso aitzin gertatu izan bada, jakinarazpen hori gertatzen denetik kontatuta. Departamentuak behar diren jarduketak eginen ditu inbertsioak egin direla eta enplegua sortu dela egiaztatzeko eta, orobat, behar den ebazpena emanen du, ordaindu beharreko diru-kopurua zehazteko, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera.

1.3. Eginiko inbertsioen eta sortutako lanpostuen frogagiriak aipatu departamentuari igortzea, hark dioen moduan, eta inbertsioak benetan halaxe egin direla eta hartutako konpromisoak benetan bete direla egiaztatzeko behar diren ikuskapen eta egiaztapenak egiten uztea.

1.4. Diruz lagundu beharreko ondasunak enpresaren jarduerari atxikita eta Nafarroan kokatuta egonen dira, gutxienez 5 urtez edo, bestela, erabilera aldia amaitu arte, 5 urtetik beherakoa baldin bada, eta ez dira eskuz aldatuko, errentan jarriko edo haien erabilera hirugarrenei lagako. Delako epea inbertsioak abian jartzen direnetik kontatuko da.

1.5. Diruz lagundutako enplegu gehikuntza bost urtez bederen mantentzea, inbertsio proiektua gauzatzen denetik aitzina, eskualdeko laguntzaren gehieneko mugak aplikatzen badira.

1.6. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, bost urteko epean, kudeaketaren kontrola Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eskura izatea eta, eskatzen duenean, hari igortzea. Kontrolean, gutxienez, ekitaldi burutuko Egoeraren Balantzea eta Ustiapen Kontuak sartuko dira, bai eta enpresako plantillaren egiaztagiri sinesgarria ere.

1.7. Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen datuak, dokumentazioa eta frogagiriak helaraztea.

1.8. Helburu bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari.

2. Laguntzak bertan behera uztea.

Aurreko idatz-zatian azaldu diren betebeharrak bete ezik edota enpresa onuradunak datu eta informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, edo ikuskatze lana oztopatzen badu edo laguntzak ematean eta ordaintzean erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak ezkutatuz gero, enpresari onurak baliogabetuko zaizkio, eta, hala dagokionean, jadanik eskuratuak dituen onurak itzultzeko eta berandutza- korrituak ordaintzeko eskatuko.

Dirua itzuli beharko da, orobat, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako kasuetan, eta bertan adierazitako ondorioak aplikatuko dira. Foru Lege haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Onuradunak Foru Lege horren 27. artikuluan ezarritako arau-hausteren bat egiten baldin badu, 28. artikuluan ezarritako zehapenak ezarriko dira, kasuan kasuko zehapen espedientea izapidatu ondoren.

3. Aurreikusi gabeko gorabeherak.

Negozioa itxi eta industri jarduera uzten bada, lana sei hilabetez edo gehiago geldiarazten bada, lantegia edo enpresaren helbide soziala Nafarroatik kanpora eramaten bada, krisiaren espedientea edo lanaren edo lanaldiaren erregulazioa egitea erabakitzen bada, ordainketak eteten badira edo enpresak porrot egiten badu, Departamentuak ahalmena izanen du emandako laguntzak osorik edo partez baliogabetzeko eta jasotako dirua Nafarroako Ogasunari itzul diezaioten eskatzeko hilabeteko epean, betiere inguruabar horiek laguntza eman ondoko bost urteko epean gertatzen baldin badira, laguntzak behin betikoz emateko Ebazpenaren datatik aurrera. Kasu guztietan, aipaturiko inguruabarren bat gertatuz gero, enpresa behartuta dago horren berri Departamentuari ematera, idatziz, gertatu bezain pronto.

Iragarkiaren kodea: A0101251