25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko otsailaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen dira 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduko zenbait artikulu; Foru Agindu horrek mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren arabera Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubidea aplikatzeko arau osagarriak ematen zituen.

Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuak mahats produkzioaren ahalmena arautzen du, eta Europako Komunitateko araudi berria Espainiako barne antolamendu juridikora egokitzen.

2000ko irailaren 15eko Foru Aginduak arau osagarriak eman zituen, mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren arabera Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubidea aplikatzeko.

5. artikuluak mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planen betebeharrak arautzen ditu, eta 4. idatz-zatian ezartzen du lurzatiaren gutxieneko azalerak, berregituratu ondoren, 0,5 hektareakoa izan behar duela.

Aipatu artikuluaren 9. idatz-zatiak ezartzen du berregituratzekoa den gutxieneko azalerak hamar areakoa izan behar duela.

Bi idatz-zati horiek 1472/2000 Errege Dekretuak ezarritakoa baino murriztaileagoak dira; izan ere, Dekretua oinarrizko araua da, eta horregatik aipatu araudiari egokitu behar zaizkio.

8. artikuluak laguntzen bazterketa arautzen du, eta e) idatz-zatian esaten du berrantolamendu prozesuan diren lurzatietarako eskaerak baztertuko direla, lehendik baztertuak direnak izan ezik, baldin eta ofiziala aurkezten badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ziurtagiria, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak proposaturik emana.

Aipatu artikulua aski nahasia da idazkeraz, eta aplikaezina; izan ere, lurzati bat baztertua baldin bada, ez dago inolako lurzati berrantolamendutan sarturik. Beraz, 8. artikuluko 3) idatz-zatia berriro idatzi behar da.

9. artikuluak eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa arautzen du, eta 3 H) idatz-zatiak eskatutako lurzatien frogantza eskatzen du. Idatz-zati horretako a) letran eta lurzatien berrantolamendua berriki egin den udalerrietako lurzatien frogantzari dagokionez, katastro eguneratuko orria behar da, edo, bestela, jabetza-estrikura publikoa, eta gainera lurzati berrantolamenduko esleipen orria. Halaz guztiz ere, zilegi da berrantolamendua bukatu ondoren, katastroaren eguneratzea edo jabetza-eskritura publikoa berehala ez egitea; horregatik, aski da lurzatiak zein diren frogatzea lurzatien berrantolamenduko esleipen orriaren eta horretarako eskudun organoak emandako ziurtagiriaren bidez.

Eta 3 H) idatz-zatiko b) letrari eta senide arteko lagapen kontratuaren eta errentamendu kontratuaren datei dagokienez, data horiek plana onetsi baino lehenagokoak izan behar dute, plana aurkeztu aurrekoak izan beharrean.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak ematen didan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Aldatu egiten dira mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren arabera Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubidea aplikatzeko arau osagarriak ematen 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduko 5. artikuluko 4 eta 9 idatz-zatiak, 8. e) artikulua eta 9.3. H) letrako a) eta b) idatz zatiak, hemendik aurrera honela idatzirik geratuko baitira:

A) 5.4. artikulua. "Lurzatiaren azalerak, behin berregituratuz gero, gutxienez 0,5 hektareakoa izan beharko du. Hala ere, berregituratze eta birmoldatze plana egin ondorengo lurzatiak hasieran baino 100eko 80 baino gutxiago badira, lurzatiaren azalera, berregituratu ondoren, gutxienez 10 areakoa izanen da.

Neurria gaintxertaketa edo birtxertaketa bidezko barietateak birmoldatzea eta ontzi motako mahastiak besatarakoak bihurtzea baldin bada, gutxieneko azalera moldatu aurrekoa izanen da."

B) 5.9 artikulua. "Berregituratzeko lurzatiaren gutxieneko azalera area batekoa izanen da".

C) 8 e) artikulua. "Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan diren udalerrietako poligonoetako lurzati eskaerak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren baimena aurkezten duten lurzatiak izan ezik".

D) 9.3. H) a) artikulua. "lurzatien berrantolamendua berriki egin den udalerriak direnean, lurzatien berrantolamenduko esleipen orria eta organo eskudunaren ziurtagiria aurkeztuko da, non jasoko baita berrantolamenduan sartua den lurzatiaren jabe gisa nor ageri den".

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, nahiz eta Agindu honetatik sortzen diren ondorioak aplikatuko zaizkien mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren arabera Nafarroako mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubidea aplikatzeko arau osagarriak ematen dituen 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduaren babesean aurkeztutako eskaerei.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamabian. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101567