25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko urtarrilaren 22koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2001eko zenbait nekazaritza-asegururen kontratazio kosturako dirulaguntzak ematen dituena, Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Urteroko Planaren barnean.

Uztailaren 3ko 5/2000 Foru Legeak, 2. artikuluan, xedatzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak urtero zehaztuko dituela Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Plan Nazionalean sartutako lerroen laguntzak, betiere abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legeko Hamazazpigarren Xedapen gehigarriak eta 19/2000 Foru Legeko Hamalaugarren Xedapen Gehigarriak aldatu zuten abenduaren 29ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren eta Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Espainiako Aseguru Entitateen Elkartearen artean 1991ko azaroaren 4an ezarritako hitzarmenak ahalmena ematen du Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren zenbatekoa aseguratuak ordaindu behar duenari kentzeko poliza izenpetzen denean.

Ikusirik Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketa Zerbitzuak aurkeztutako txostena, bertan proposatzen baita, Enesak helburu berdinarekin emandako dirulaguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman dezala Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren barnean sartutako zenbait asegururen kontratazioaren kosturako 2001eko ekitaldian.

Nafarorako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzetan eta betebehar orokorren arabera, honakoak kontratatzeko kosturako dirulaguntzak emanen dira:

a) Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen 2001eko Planaren bidez hitzartutako nekazaritzako aseguruak, laboreen aseguru lerro hauetan: arbeletxekoa, gerezia, arana, sagarra, mertxika, udarea, Ebro ibarreko fruta ustiategiak, ardotarako mahatsa eta ardo kooperatiben kostu finkoak estaltzeko berme gehigarria, arbendolondoko etekinak, olibondoko etekinak, ardotarako mahatsaren etekinak, baratxuria, orburua, brokolia, tipula, azalorea, ilar berdea, baba berdea, leka, letxuga, piperra, tomatea, azenarioa, kiwia, artoa eta arroza.

Inolako kasutan ez da dirulaguntzarik emango aipatu laboreetarako aseguru osagarriei.

b) 2000ko Planaren abeltzaintzako aseguruak: ugalketarako eta aurrerakoen hazkuntzarako, gizentze industriala, hazitarako abere hautatuak, zezenketarakoak, behi aziendari dagokionez.

c) Ugalketarako eta aurrerakoen hazkuntzarako behi azienda, ardi eta ahuntz azienda ustiatzeko asegurua, 2001eko Plana.

2. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aurreko artikuluko aseguruei eman beharreko dirulaguntza hurrengo portzentaje hau izanen dela finkatu da, Estatuak Nekazaritzako Aseguruen Estatuko entitateak (ENESA) horretarako ematen duen dirulaguntzarekiko:

-% 50 aseguru hauetarako: arbeletxekoa, gerezia, arana, sagarra, mertxika, udarea, baratxuria, orburua, brokolia, tipula, azalorea, ilar berdea, baba berdea, leka, letxuga, piperra, tomatea, azenarioa, kiwia, artoa eta arroza.

-% 45 Ebro ibarreko fruta ustiategiak, erbendolondoko etekinak, olibondoko etekinak, ardotarako mahatsaren etekinak, ardotarako mahatsa eta ardo kooperatiben kostu finkoak estaltzeko berme gehigarria.

-% 27 behi, ardi eta ahuntz aziendaren lerroetako abeltzaintzako aseguruetarako.

2. Dena dela, aseguratuak, gutxienez, aseguruaren kostu osoaren % 20 ordaindu behar du. Portzentaje horretara iristen ez bada, behar diren puntuak kenduko zaizkio Foru Komunitateko Administrazioak ematekoa duen dirulaguntzari.

3. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eta Agroseguroren artean egindako Hitzarmenari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren dirulaguntza, Foru Dekretu honetan finkatutakoa aplikatuz aseguratu bakoitzari ordaindu behar zaiona, aseguratuak poliza izenpetzean ordaindu beharreko zenbatekotik kenduko da, eta poliza horretan adierazi beharko da zenbatekoa. Dirulaguntza behin-behinekoa izanen da, eta geroago berrikusi ahalko da. Era horretan kendutako dirua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordainduko dio Agrosegurori, aipatutako hitzarmenean ezarritako prozedura kontuan harturik.

4. artikulua. 1.-Nekazaritzako Finantzazioari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoa betetzeko, eta nahiz eta hori ez den eragozpen izanen 3. artikuluan xedatutakoari dagokionez, lehen adierazitako dirulaguntzen onuradun diren aseguru hartzaileek ondokoa aurkeztu beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan: laguntza-eskabidearen inprimaki ofiziala, izenpetutako polizen fotokopiak, eta zerrenda moduko laburpena, non adieraziko baitira, aseguratu bakoitzaren kasuan, aseguratutako unitateak, aseguratutako ekoizpenak, aseguratutako produkzioaren balioa, aseguruaren kostu osoa, hobariak eta deskontuak, ENESAren dirulaguntza, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eta nekazariak ordaintzen duen aseguruaren kostua, edo aukeran, izenpetutako polizen zerrenda euskarri magnetikoan, non polizako kontzeptu guztiak adieraziko baitira, aseguratu bakoitzaren kasuan.

2. Aurreko zenbakian adierazitako dokumentazioa aurkezteko epea, gehienez, hogeita hamar egunekoa izanen da, dagokion asegurua izenpetzeko epea amaitzen den egunetik hasita.

5. artikulua. 1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eginiko egiaztapenen ondorioz, agertzen bada izenpetutako polizetakoren batek ez dituela betetzen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan edo Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak, Departamentu honek behin- behinekoz baliogabetuko du ordaindutako dirulaguntza, eta aseguratuari diru hori itzultzeko eskatuko dio.

2. Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egindako egiaztapenen ondorioz, izenpetutako polizak aztertu eta ikusiko balitz horietakoren batek ez dituela betetzen Legegintzako Foru Dekretuan edo Foru Agindu honetan ezarritako betebeharrak, Departamentuak behin- behinekoz emandako dirulaguntza baliogabetuko du, eta aseguratuari erreklamatuko dio emandako laguntza.

Xedapen Gehigarria. Foru Dekretu honek eragindako gastua 2001eko gastuen aurrekontuko "Aseguru primen konpentsazioa" izeneko 71220-4700-7191 kontusaileko 10002 proiektuaren kargura ordainduko da.

AZKEN XEDAPENAK

Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean izanen du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bian. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101142