25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko urriaren 22koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, elorri beltza landatzeko laguntzak eskatzeko epea ezartzen duena, irailaren 25eko 422/95 Foru Dekretuak aldatutako apirilaren 3ko 87/95 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuak apirilaren 3ko 87/95 Foru Dekretua onetsi zuen, ondoren irailaren 25eko 422/95 Foru Dekretuak aldatu zuena. Foru Dekretu horren bidez Nafarroan elorri beltzaren laborantza sustatzeko dirulaguntzak ezarri ziren. Apirilaren 3ko 87/95 Foru Dekretu horren azken xedapenetako bigarrenak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariari, egun Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria denari, Foru Dekretu hori garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1982 Foru Legeko 26.2 artikuluak

AGINDU DUT:

1. artikulua. Elorri beltzaren laborantza sustatzeko apirilaren 3ko 87/95 Foru Dekretuan eta horretan dauden zenbait arau aldatu zituen irailaren 25eko 422/95 Foru Dekretuan ezarritako laguntzetarako eskabideak, 2000/2001 kanpainakoak, 2001eko otsailaren 1etik 2001eko otsailaren 28ra bitarteko epean aurkeztuko dira, biak barne.

2. artikulua. Laguntzak eskatzeko inprimakiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Eskualdeetako Bulegoetan eskuratuko dira, eta hantxe jakinaraziko da zein den kasu bakoitzean laguntza eskaerari erantsi behar zaion berariazko dokumentazioaren zerrenda.

Laguntza eskatzeko inprimakiak, bete ondoren, Eskualdeetako Bulegoetan aurkeztuko dira eskatutako dokumentazioarekin batera, aurreko artikuluan ezarritako epean. Kanpaina bakoitzean, pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du.

3. artikulua. Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak aurkeztu den dokumentazioa aztertuko du; akatsen bat aurkituz gero interesatuei jakinaraziko die, zuzendu edo behar diren datuak osa ditzaten.

4. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, aurkeztutako dokumentazioa eta emandako txostenak ikusirik, laguntzak emateari buruz dagokion ebazpena emanen du, eta interesatuei jakinaraziko. Ondoren, landaketen inguruan Administrazioak eskatzen dizkien konpromisoak bete beharko dituzte.

5. artikulua. Laguntzak emateari buruzko ebazpenean baietza jaso duten landaketen kasuan, Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak landaketak egin direla egiaztatzen duen egunetik aurrera ordainduko dira dagozkien dirulaguntzak.

Dirulaguntza hauek emanen dira, baldin eta 2001eko gastuen aurrekontuan behar beste diru badago Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko 10002 proiektuari dagokion kontusailean, "Nekazaritzako ustiategien eraginkortasuna hobetzea (FEOGA-G)" 71220-7700-7131 izenekoan.

6. artikulua. Landaketak amaitzeko 2001eko apirilaren 30a bitarteko epea izanen da.

7. artikulua. Foru Agindu honetan aurreikusi ez den orotan apirilaren 3ko 87/95 Foru Dekretuan eta irailaren 25eko 422/95 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101141