25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko abenduaren 27koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen dira "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamenduko 11 bis, 14.3 eta 15.1 artikuluak.

1975ko uztailaren 26ko Ministerio Aginduz onetsi zen "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamendua. Geroago, Erregelamendu horri zenbait aldaketa egin zaizkio Foru Agindu bidez; horietako azkena 2000ko urtarrilaren 27an eman zen.

"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak Erregelamendu hori aldatzeko eskatzen du, ardo beltzak egiteko erabil daitekeen mahatsari dagokionez eskakizun handiagoak sartzeko; hemendik aurrera beltza izanen da oso-osorik, orain arte % 10 mahats zuri erabiltzeko aukera kentzen baita. Horrek 11 bis artikuluan eragina du, eta horrez gain haritzezko kupelak erabiltzeko denbora ere mugatu egin da, beren eginkizuna behar bezala bete dezaten, eta horretarako 14.3 artikulua aldatu beharko da. Azkenik, Kontseilu Arau- emaileak eskatzen du zuzentzeko berak 15.1 artikuluaren aldaketa eskatzean egindako akats bat; izan ere, aldaketa hori 2000ko urtarrilaren 27ko Foru Aginduak onetsi zuen, hondarreko azukrearen edukiari dagokionez ardo gozoen aipamena kendu zuenak.

Bestalde, Erregelamenduan bi neurri iragankor sartzea komeni da, seigarrena eta zazpigarrena, orain aldatutako aginduen aplikazioa erabatekoa izan dadin.

Nekazaritzako Elikadura Industrien eta Elikadura Zerbitzuaren adostasun txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamenduko 11 bis, 14.3 eta 15.1 artikuluak aldatzen dira. Aldaketak honako hauek dira:

a) 11 bis artikuluko lehen marratxoa, seigarren xedapen iragankorrak dioena ezertan galarazi gabe, honela geratuko da idatzita:

"-Beltzak. Mahats beltz aletu edo aletu gabeen fermentazio osoa edo partezkoa, azal eta guzti."

b) 14.3 artikuluko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzirik:

"Ardoak zahartzeko erabilitako haritzezko ontziak 350 litrorainoko kupelak izanen dira, "Moskatel" likore-ardoetarako salbu, kasu horretan 650 litrotik beherakoak izanen baitira. Ardo beltz, gorri eta zuriak zahartzeko erabiliko direnak ez dira izanen, inola ere, bederatzi urte baino gehiagokoak edo bederatzi baino urte gehiagotan erabiliak. Kontseilu Arau-emaileak ahalmena du beharrezkoak iruditzen zaizkion kontrol neurriak hartzeko.

c) 15.1 artikuluko "Zuriak" idatz-zatiak honako idazketa hau izanen du:

"Zuriak. Gutxieneko alkohol graduazio eskuratua, bolumenez adierazia, % 10,5 izanen dute.

Hondarreko azukrearen edukia ardo garratz, erdi-garratz, erdi-gozo edo gozoentzat eskuarki ezarritakoa izanen da."

2. artikulua. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamenduari bi xedapen iragankor berri erantsiko zaizkio, seigarrena eta zazpigarrena, honako eduki honekin:

"Seigarrena: Ardo beltzak egiteko 11 bis artikuluan ezartzen dena, soilik mahats beltza erabili beharra alegia, bost urteko epean bihurtuko da erabateko beharkizun, eta bitartean pixkana aplikatuko da, Foru agindu honek indarra hartu arte onesten zen mahats zuriaren % 10eko portzentajea urtero % 2an gutxituz; beraz, 2001ean % 8 izanen da, 2002an % 6, 2003an % 4, 2004an % 2 eta 2005ean % 0. Hala ere, Kontseilu Arau-emaileak ahalmena du, hala komeni dela uste badu, egoki iruditzen zaion moratoria ezartzeko."

"Zazpigarrean: Ardo beltz, gorri edo zuriak zahartzeko erabilitako haritzezko kupelen adina edo erabilpen denbora kontatzeko, 2001eko urtarrilaren 1a hartuko da abiapuntutzat. Beraz, inskribatutako upategiek data horretan dituzten kupel guztiak une horretan berri gisa eskuratutzat hartuko dira."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nekazaritzako Elikadura Industrien eta Elikadura zerbitzuari baimena ematen zaio Foru Agindu hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitatezko Deituren eta Lanbidearteko eta Kontratuzko Harremanen Zuzendariordetza Nagusira igortzeko, Estatuko Administrazioak nazio eta nazioarteko esparruan sustatu eta defendi dezan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileari jakinaraztea.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean izanen du indarra.

Iruñean, bi milako abenduaren hogeita zazpian. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0100002