25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

137/2001 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "N-111 (Iruña-Logroño) errepidea berritzea, Zizur auzoberriko zatia" izeneko proiektuaren jendaurreko aldia ebatzi eta behin betikoz onesten duena.

"N-111 (Iruña-Logroño) errepidea berritzea, Zizur auzoberriko zatia" izeneko proiektua teknikoki onetsi eta jendaurrean jarri zen, martxoaren 30eko 522/2000 Ebazpenaren bidez.

Ebazpen haren bidez hasiera eman zitzaion ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari, eta jendaurrean jarri zen proiektua, bidezko ohar eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio epea bukatu eta honako hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa.-José María Montero Manero jauna.

1. Eustorma bat edo antzeko egitura eraiki dadila eskatu du, desjabetuko den lurzatiko landetxea babesteko eta haren segurtasuna bermatzeko. Atearen eta eustormaren artean gutxienez lau metro izan beharra ere azaldu du eskaeran.

2. Areka bat egin dadila eskatu du, ezpondatik eta errepidetik heldu den isuri guztia biltzeko; okupatutako azalera desjabetzapenean kontuan hartzea eskatu du.

3. Eskatu du obrak bukatutakoan lurzatiak sarbide eroso eta segurua izan dezala N-111n.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. ZI-8 finkako lurrak okupatuko dira (770. lurzatiko 2. lurzatia) bere eraikinaren eta autobiaren artean zerbitzu bide bat egiteko. Bide hori lurraren maila berean eginen denez, ez da beharrezkoa eustorma eraikitzea.

2. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuan ageri da areka bat eginen dela, autobiako ezpondatik heldu den isuria biltzeko, eta beste areka bat bidearen beste aldean.

3. Ezetsi egin da alegatutakoa. Lurzatiak ezin du sarrera eta irteera zuzena izan autobiatik. Finkako sarrera autobiaren parez pare izanen den zerbitzu bidetik eginen da.

2. alegazioa.-José Ricardo Pérez Torrano jauna. Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburua.

Zizur auzoberriko oraingo bi sarbideak biribilgune bakar batean bilduko direnez, auto-ilarak gerta daitezke bertako sarrera-irteeretan, eta horrek ekar dezake trafikoaren zati bat Zizur Txikiko errepide zaharretik joatea, nahiz eta errepide horrek ezin duen halako trafikorik jasan.

Aurkeztu den soluzioarekin, mugakide diren eta aukerak hautatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu ez diren herrien bide egitura ukitzen da.

Proposamena ez dago eskualdeko bideen ereduan integratuta, eta alde ezezagun larriak ditu inguruko trafikoan izanen duen eraginari buruz, ukipen zehatzak sortuko baitira, aipatu dena esate baterako, eta oraingoak ez bezalako zirkulazio mugimenduak izan baitaitezke, obrak bukatu bitartean ezinbestean; horrek Zizur Txikiko herrigunea uki dezake, eta herriaren egiturak ezin du pasako trafikoa jasan.

Eskatu du proiektuaren exekuzioa berriz azter dadila, eta eskualdeko bideen eredu bat osatuko duten jarduketen aurreikuspena plantea dadila, Iruñerrian hegomendebaldetik sartzeko aukerak eta Zizur-Ezkirotz saihesbidea kontuan harturik, bestela inbutua sor baitaiteke hiriko sarreran.

Erantzuna:

Ezetsi egin da alegatutakoa. Trazadura proiektuan ageri den soluzioaren arabera, oraingo glorietak kendu eta bakar batez ordeztuko dira, baina betiere N-111 errepidea azpian izanik. Iruña-Logroño ardatzeko trafikoa ez da pasatuko Zizur auzoberrian sartzeko biribilgunetik. Proiektatu den biribilgunearen ahalmena nahikoa da auzoberritik irten eta bertara sartzen den trafikorako.

Iruñeranzko trafikoa N-111 errepidetik joan beharrean Zizur auzoberritik, Zizur Txikiko herrigunetik eta Unibertsitateko Campusetik joatea ez da prebisioetan sartzen, ez baita Iruñean Pio XII.aren etorbidetik sartzearen alternatiba izateko modukoa.

Eskualdeko Hirigintza Arauetan azaltzen den eskualdeko bideen ereduari dagokionez, Iruña-Lizarra autobiaren proiektuko Zizur Nagusia-Gares tarteak (teknikoki onetsia eta jendaurreko fasean) Galarko lotura egitea aurreikusten du. Lotura horri etorkizuneko lotura perimetrala erantsiko zaio, zein Ezkirotz aldera bideratuko baita. Lotura horren diseinuak bide berriranzko mugimenduak erraztuko ditu, bereziki hegoaldetik heltzen den trafikoarenak.

3. alegazioa.-"Chalets Reunidos Ronda San Cristóbal, 1-53" jabeen elkartea.

1. Eskatu dute proiektuan hotsaren kontrako manparen instalazioa sar dadila, hain zuzen ere errepide ondoan elkarte horrek duen perimetroan jartzeko (1 zenbakitik 9ra), autobia hiri eremu batetik igarotzen baita eta trafiko handia dagoenez hotsa handia eta kaltegarria baita.

2. San Kristobal ingurubideko 1, 3, 5 eta 7. etxebizitzetako sarbideak kontuan har daitezela ere eskatu dute. Orain autoz sartzea arriskutsua da.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuan hotsaren eraginari buruz egin azterlanari dagokionez, bide nagusien trazadurak aldatzea (autobia) positiboa da etxebizitza eremurako, zeren eta, auzoberritik urrutien dagoen bideko trafikoa hurbildu arren, hurbilen dagoen bideko trafikoa urrundu eginen baita, eta horrek etxebizitza eremuko hots maila murriztea ekarriko du. Horrekin batera, Zizur auzoberrian oraingo biribilguneetatik egiten diren sartu-irtenek tokiko trafikoa erdialdeko eremurantz urrunduko dute. Eremu horretako hots mailak oraingoak baino txikiagoak izanen dira beti; 3 dBa-tik 6ra bitarteko murrizketak eginen dira, eta eginen den diseinuarekin 65 dBA ingurukoak izanen dira eguneko Laeq.ean.

Hori hala izanik ere, Eraikuntza Proiektuan aurrekontuko kontusail bat bereiziko da hotsaren kontrako pantaila bat eraikitzeko. Auzoberritik irtetzeko adarraren eta San Kristobal ingurubidean sartzeko bidearen artean jarriko da.

4. alegazioa.-Jesús Cía Aldaba jauna.

Ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendako ZI-3 eta ZI-4 finken errentaria denez, desjabetzapen prozesuan kalte-ordainak finkatzeko kontuan har dadila eskatu du.

Erantzuna:

Onartu egin da alegatutakoa. Aktak egiten direnean agiri bidez egiaztatu beharko du alegazioan azaldutakoa.

5. alegazioa.-Pedro José Erice Rípodas jauna. Galar Zendeako Udaleko alkate udalburua.

Galarko sarbidearen "behin-behineko desbideraketak" dakarren kaltean oinarriturik, kontuan harturik autobia bihurtuko den N-111arekin lotuta eginen den sarbidearen menpekoa dela behin-behinekotasun hori, sarbide hori aurreikusita dagoela Eskualdeko Hilerria egiteko onetsi zen UGPSean eta oraingo errepidearen neurria ez dela aski, eskatu du:

1.-NA-6004 egokitzea, 6 metroko galtzada eta arekak eginez, "behin-behineko desbideraketaren" eta N-111ean eginen den lotunearekiko gurutzatzearen artean.

2.-Puntu horren eta Galarko herrigunearen arteko zatia egokitzea, 7 metroko galtzada eta arekak eginez.

Erantzuna:

Hein batean onartu da alegatutakoa. N-111 errepideak Zizurko auzoberriaren parean duen tartea berritzeko proiektuan azaltzen da behin-behineko lotura eginen dela (auzoberritik pasatuz Galarreranzko trafikoa), baina Iruña-Logroño autobiako Zizur Nagusia-Gares tartearen proiektuan -teknikoki onetsian eta jendaurreko fasean dagoenean- ageri denaren arabera, Galarko herrigunera joateko errepidea eginen da (2.790 metro luze eta 8 metro zabal guztira).

6. alegazioa.-Luis Iriarte Larumbe jauna, Zizur Nagusiko Udala ordezkatuz.

1.-Proposaturiko soluzioan oraingo egoerak ez du aldaketarik izanen; 100 metrotan bi errei bat bihurtuko dira N-111n, eta Zizur Nagusitik Iruñeranzko irteera erreia eta Zizur Txikiko desbideraketa izanen.

2.-Udalak proposatu zuen bi errei egitea biribilgunearen artean, eta behin betikoz bihurtzea errei bakar N-111n sartzeko; horietako bat irteerakoa izanen da biribilgunetik heltzen direnentzat eta bestea, berriz, Zizurko auzoberritik heltzen diren ibilgailuentzat. Ematen den soluzioarekin Udalaren esku uzten da kontrola eta soluzioa, barne edo hiri erantzukizunarekin, eta Udalak uste du ez lukeela hala izan behar.

3.-Udala saihesbidea egitearen alde agertu da, uste baitu 11.000 biztanleko herri baterako irteera bakarra ez dela aski; hortaz, beste aukera batzuk aztertzea eskatuko du berehala.

Erantzuna:

1.-Hein batean ezetsi da alegatutakoa. Ezinezkoa denez autobiaren sekzioa mantentzea eta irteera adarra bikoiztea, ezin da onartu Zizur Nagusiko Udalak eskatutakoa. Hala ere, Iruñeko norabidean glorietatik irtetzeko errei bat proiektatu da, tokiko trafikoak bakarrik erabiltzeko, autobideko bi erreiak bakar bat bihurtuz.

2.-Trazadura proiektuan sartutako soluzioan azaltzen da oraingo glorietak kendu eginen direla eta horien ordez bakarra eginen dela, baina N-111 errepidea azpitik pasatuz betiere. Iruña-Logroño ardatzeko trafikoa ez da pasatuko, beraz, Zizurko auzoberrian sartzeko biribilgunetik. Proiektuko biribilgunearen ahalmena nahikoa da auzoberritik irten eta bertara joaten den trafikorako.

7. alegazioa.-Víctor Honorado Pérez jauna.

1.-Jendaurrean jarri den proiektua beste proiektu batez ordeztu dadila eskatu du; proiektu horrek hiriarteko trafikoaren pasatze azkarra egokia den saihesbidetik (edo saihesbideetatik) bideratu beharko luke. Alegazioak argudio hauek ditu oinarri:

a) Argudio teknikoak: proiektuko soluzioaren diseinua egitean erabili diren irizpideak ez dira antzeko eremuetan erabilitakoak bezalakoak (Berriozar, Atarrabia, Burlata eta Noain). Horietan errepideak kale edo hiribide bihurtu dira, eta hirian sartzeko trafikoa saihesbideetatik desbideratu da. Oraingo sarbidea egokitzat jo du, duina eta kualifikatua dela uste baitu; adierazi du, halaber, proiektuko soluzioak hirigintza arloan egin den lan onari kalte egiten diola. Orain Zizur eta errepidea lotzeko dagoen sistema bikaina dela uste du ikuspegi funtzionalaren eta ingurugirokoaren aldetik, baina Zizurko bereko trafikoarentzat bakarrik betiere. Oraingo soluzioa mantentzea proposatu du, horretarako bi glorieta itxi eginez eta lehentasuna horietan bira egiten duten ibilgailuei emanez. Horretaz gainera, Iruñerriko Hirigintza Arauetan (IHA) aurreikusitako saihesbidea egitea ere proposatu du, saihesbide horrek ibilbide luzeko trafikoa Zizurtik desbideratuko lukeelako. Proiektuko soluzioak istripuak izateko arriskua gehituko duela ere esan du.

b) Legezko argudioak:

-Onetsitako proiektua Zizur Nagusiko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren kontrakoa da. Plan horrek egungo bide sistema finkatzen du.

-Onetsitako proiektua IHAen kontrakoa da.

-Onetsitako proiektua Iruña-Lizarra autobiaren filosofiaren kontrakoa da, korridore berri baten gisan egin baitzaio trazadura.

2. Aurrekoa alde batera utzita, alegatu du proiektuak ez dituela behar bezala konpontzen planteaturiko trafiko arazoak, eta eskatu du beste soluzio bat azter dadila. Argudio hauek eman ditu:

-Oraingo bi glorietek ordena eta erregulartasuna ematen diote sare osoari. Proposaturiko soluzioak anarkia funtzionala sortzen du.

-Lubaki bat egiteak haustura formal eta funtzionala sortuko du.

-Proiektu honek erakusten du saihesbidea ez dela eginen.

-IHAen esku-hartze irizpideak ez dira errespetatzen.

-Zizurrertea kaleko trafikoa handitu eginen da.

-Zizurko planeamenduko zehaztapen batzuk ez dira betetzen.

Erantzuna:

1.-Ezetsi egin da lehenengo puntuan alegatutakoa, eta zehaztapen hauek egin dira:

a) Argudio teknikoak: Zizurko oraingo sarbideak, alegatzaileak hain positibotzat jotzen duenak, arazo hauek ditu:

-Ikuspegi funtzionalaren aldetik: zerbitzu maila baxuak, etenak maiz trafiko handiko orduetan eta asko itxaron beharra une batzuetan.

-Segurtasunaren aldetik: tarte arriskutsua, istripu ugari duena.

-Hiri ingurunearen gaineko eraginei dagokienez: hotsaren eragina; oinezkoendako oztopoa eta tokiko trafiko motordunarendako ere oztopoa.

N-111aren inguruan hiria hazi izanak sortu du oraingo egoera, eraikinen artean estututa gelditu baita errepidea; horrek errepidearen zabaltzea baldintzatzen du eta tokiko trafikoaren sarbide arazoak sortzen. Egoera hau sortu duen hiri plangintzak -ez dira zalantzan jartzen alegatzaileak baloratutako balio estetiko eta formalak- errepidea ito du, eta zorroztasun eza lepora dakioke aipatu diren trafiko eta eragin arazo teknikoak aurreikusi edo konpondu ez izanagatik. Alegatzaileak bidegurutzean orain dagoen arazoari (hiri hazkundeak sortuari) eman dion soluzioa da pasako trafikoa IHAetan aurreikusitako hegoalde-ekialdeko saihesbidetik desbideratzea, oraingo errepidea tokiko trafikoak bakarrik erabiltzeko. Proposamen hori, teknikoki oinarririk gabea izateaz gainera, ez da egokia interes orokorrerako, ibilbide luzeko trafikoa kaltetzen baitu, alegia, Iruñeko hegomendebaldean ahalmen handikoa den sarrera bakarretik (Pio XII.a etorbidetik) desbideratzen du. Bestalde, proiektuko soluzioak eta IHAetan aurreikusitako saihesbideak ez dute elkarren arteko zerikusirik, zeren eta, saihesbide hori egiten denean ibilbide luzeko trafikoaren parte bat Zizurko bidegurutzetik desbideratuko den arren, harantz erakarriko du (eta aurreikus daitekeenez neurri handiagoan) inguruan aurreikusita dauden hirigintza eta industri garapenen ondoriozko trafikoa. Jendaurrean jarritako proiektua tipologia tekniko, funtzional eta urbanistiko egokienekoa da ahalmen handiko bide bateko sarbideak konpontzeko, bai eta tokiko trafiko handiarekin duen zeharkako erlaziorako ere. Gainera, hiri integrazioa bultzatzen du, ibilbide luzeko bidea azpitik pasatuko baita eta Zizur Nagusiko bi guneek orain ez duten lurraren mailako lotura izanen baitute.

Jendaurrean jarri den proiektua aukeren azterketa zabala egin ondoren hautatu zen; Zizur Nagusiko Udalak oso aktiboki hartu zuen parte zeregin hartan. Hautaturiko proposamena egokiena da ikuspuntu funtzionalaren aldetik, segurtasunarenetik eta ukipenen aldetik. Gainera, oraingo arazoak konpontzen ditu. Hona hemen:

Ikuspuntu funtzionalaren aldetik:

-Ibilbide luzeko trafikoaren pasatzea ongi konpontzen du.

-Bereziki ongi konpontzen du Zizur Nagusiko sarbideetan ibiltzen den tokiko trafikoa, ibilbide luzekotik bereizita egonen baita.

-Segurtasunaren aldetik: istripuak izateko arriskua txikitu eginen da, orain gurutzatzen diren ibilbide luzeko trafikoa eta tokikoa ez direlako gurutzatuko.

-Hiri inguruneko ukipenei dagokienez: trafikoa azpitik pasatuko denez, intentsitate maila txikitu eginen da, hotsari buruzko azterlanak erakusten duen bezala: oinezkoek ez dute oraingo oztopoa izanen, ez direlako orain bezala ibilbide luzeko trafikoarekin gurutzatuko; errepideko bi aldeetan ibilgarritasuna erraztuko da, arrazoi berberengatik.

b) Legezko argudioak:

-Onetsitako proiektua ez dago inolaz ere IHAen kontra, proiektu honek ez baitu inolako zerikusirik alegazioan aipatzen den Zizurko hegoekialdeko saihesbidearen proiektuarekin.

-Proiektua ez dago inolaz ere Iruña-Lizarra autobiaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren kontra, Proiektu Sektorial hori Zizur auzoberriko bidegurutzetik hasten baita.

2. Ezetsi egin da 2. puntuan alegatutakoa, eta zehaztapen hauek egin dira proiektaturiko soluzioari buruz:

-Guztiz egokia da ikuspegi funtzionaletik begiratuta, oraingo egoeran dauden arazo guztiak konpontzen baititu. Soluzio estandarra, kalkulatua eta egoerari egokitutakoa da, eta Iruña inguruko antzeko kasuetan erabili da; hori horrela, funtzionamendu ona izanen duela ziurta daiteke. Oraingo egoeraren gainean esandakoari dagokionez, 1. puntuan azaldutakora jo behar da.

-Hotsaren eragina eta oraingo haustura formal eta funtzionala txikiagoak izanen dira.

-Bertako hiri ingurunea kontuan hartzen da, eta halako kasuetan IHAetan ezartzen diren esku-hartze irizpide guztiak aise beteko dira: oinezkoendako pasealekuak, berdeguneak, espaloiak, egituren estetika, apainketa elementuak, e.a.

-Hartu den soluzioaren ondorioz Beraskoaingo errepideko trafikoa Zizur Nagusitik pasatuko dela adierazi da alegazioan, baina esan behar da horrek ez duela funtsik, proiektatutako soluzioa erabiliz denbora teorikoa laburragoa izanen baita printzipioz.

-Nafarroako Errepideak Babesteko Legean aurreikusitako zortasun eremuan dago.

8. alegazioa.-José Joaquín San Martín Murillo jauna. Zizur Txikiko Kontzejuko alkate kontzejuburua.

Eskatu du Galarrera joateko behin-behineko biderako proiektatu den trazadura honako hauei loturik molda dadila: ia-ia bat datorren bide bati (Zizur Nagusiko Plan Orokorraren Antolamenduko zehaztapenetan bildua), unitatea Urbanizatzeko Proiektuan zehatzago ezarritakoari, eta, azken batean, hasiera batez onetsitako Lurzati Berrantolamenduko Proiektuan azaldutakoari. Horrela jabegoetan ukipen gutxiago izanen da eta behar den lurra dohainik lortuko.

Erantzuna:

Onartu egin da alegatutakoa. Eraikuntza Proiektuan aldatu eginen da alegazioko planoen arabera lurzatia ukitzen duen bidearen trazadura.

9. alegazioa.-Francisco Javier Urdanoz Alegre jauna.

Bere lurzatia desjabetzearen xedea Galarrera joateko behin-behineko bidea egitea denez, eskatu du desjabetzapena aldi batekoa izan dadila eta lurra itzul dakiola N-111tik ateratzen den behin betiko bidea egindakoan.

Erantzuna:

Onartu egin da alegatutakoa. Iruña-Lizarra autobiatik hasita Galarrera joateko errepide berria egindakoan, Galarreko behin-behineko bidea egiteko hartu lurrak jabeei itzuliko zaizkie.

10. alegazioa.-Zizur Nagusiko Udaleko Euskal Herritarrok taldea.

Zizur Nagusiko Udaleko Euskal Herritarrok taldeak idazki bat aurkeztu du. Idazkian alegatu du jendaurrean jarritako proiektuan ez dela ageri hotsak ingurunean izanen duen eraginaren azterlana, ekainaren 8ko 135/1989 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Erantzuna:

Jendaurrean jarritako dokumentuan, ukituriko ondasun eta eskubideak zehazteko behar diren datu guztiak bildu dira.

Hotsaren eragina alternatiben lehenengo azterlanetatik hartu da kontuan; azterlan horiek erakutsi zuten oraingo soluzioa zela egokiena.

Garatutako proiektuari jarraikiz, ibilbide luzeko trafikoa lubaki batean sartuko denez, hotsaren eragina murriztu eginen da hiri inguruan, hotsak ingurunean izanen duen eraginari buruzko azterlanean ageri den bezala.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegatutakoa.

11. alegazioa.-Zizur Nagusiko Udaleko Euskal Herritarrok taldea.

Udaleko Euskal Herritarrok taldeak idazki bat aurkeztu du. Idazkian alegatu du jendaurrean jarri den proiektuak ez duela betetzen "Iruña-Logroño autobiako Iruña-Lizarra tarteko azterlanaren" memoria justifikatzailean ezarritakoa ez dela betetzen, hiriguneetan ukipenak saihesteari dagokionez. Alegatu du, halaber, Iruñerriko Hirigintza Arauak (I.H.A.) onesten dituen martxoaren 22ko 809/1999 Foru Dekretuan ezarritakoa, Zizur Nagusia eta Zizur Txikia inguratuz bide berri bat egiteko aurreikuspenari dagokionez (R.V.C. 10).

Erantzuna:

Lehenik zehaztu behar da aipatu den Lizarra-Logroño autobiako Azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak abenduaren 14ko 4590/1999 Foru Aginduaren bidez onetsia, "Zizur auzoberriko tartea pasatu ondoren" hasten dela, Foru Agindu horren 2a) puntuan azaltzen den bezala. Hortaz, alegazio horretan aipatutakoa ez dagokio proiektu honi.

IHAen dagokionez, azaldu behar da alegazioan aipatu den Foru Aginduan Galarko lotura egitea aurreikusten dela. 2b) puntuak (Loturak) ezartzen du "Galarko lotura ... Lotura horretan aurreikusiko da Ezkiroz aldera joanen den bidearen lotzea, IHAek agintzen dutenez. Lotura horren diseinuak ez ditu bide berriranzko mugimenduak nekeztuko, batez ere hegoaldetik heldu den trafikoa".

Jendaurrean jarritako proiektuaren arabera tokiko trafikoa N-111n errazago sartuko da, orain ibilbide luzeko trafikoak hirigunean sortzen dituen hots mailak nabarmen jaitsiko dira eta txikiagoa izanen da, halaber, bidegurutzean istripuak izateko arriskua.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegatutakoa.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "N-111 (Iruña-Logroño) errepidea berritzea, Zizur auzoberriko zatia" izeneko proiektuaren jendaurreko aldia ebaztea, Ebazpen honetan alegazioei erantzuteko azaldu denaren arabera.

2. Behin betikoz onestea "N-111 (Iruña-Logroño) errepidea berritzea, Zizur auzoberriko zatia" izeneko proiektua. Kontrata bidez egiteko aurrekontua 2.341.516.487 pezetakoa da (14.072.797,51 euro), eta lanak egiteko epea 18 hilabetekoa.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura, Desjabetzapen Atalera, Zizur Nagusiko Udalera, Zizurko Zendeara eta Galarko Zendeara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamahiruan.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0101571