25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskara itzultzaile-teknikariak administrazio izaeraz eta aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko oposizio-lehiaketarako.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2001eko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, hurrengo Erabakia hartu zuen, besteak beste:

Lehena.-Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskara itzultzaile-teknikariak administrazio izaeraz eta aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko oposizio-lehiaketarako deialdia onestea. Haien hautapena ondoren aipatzen diren oinarriekin bat eginen da.

Bigarrena.-"Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamabian.-Lehendakaria, José Luis Castejón Garrués.

NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ZERBITZUKO EUSKARA ITZULTZAILE-TEKNIKARIAK ADMINISTRAZIO IZAERAZ ETA ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO ZERRENDA OSATZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETARAKO DEIALDIA

1. oinarria.-1. Euskara itzultzaile-teknikariak, administrazio izaeraz eta aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko oposizio-lehiaketarako dei egiten da. Zerrenda horrek 2001-2004 urteetan behar diren aldi baterako kontratazioak egiteko balioko du, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduari jarraikiz (1999ko apirilaren 19ko "NPAO").

2.-Biltzarraren eta hautatzen diren pertsonen arteko harremana aldi baterako administrazio kontratuaren bidezkoa izanen da, aipatu erregelamenduko 2. artikuluan ezarririkoarekin bat. Kontratatuek Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 8.2 artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren Antolamenduari buruzko Erregelamenduko 20.2 artikuluan aipatzen diren eginkizunak izanen dituzte.

3.-Zerbitzuen prestazioaren erregimena Biltzarreko euskara itzultzaile-teknikariendako ezarririkoa izanen da.

2. oinarria.-Hauta-probetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Lizentziatu, ingeniari edo arkitektoaren unibertsitate-tituluaren jabe izatea.

d) Ofizialki onetsitako euskara-titulu ofiziala izatea (EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialekoa edo Euskaltzaindikoa).

e) Bere eginkizunetan jarduteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Funtzio publikoetan jarduteko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izana.

3. oinarria.-1. Oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari igorri behar zaizkio eta, eskabide gisa, erantsitako eredu ofizialari jarraiki, Parlamentuko Erregistro Nagusian aurkeztuko dira, egun baliodunetan, goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu bi eta erdiak arte eta arratsaldeko bostetatik zazpiak arte, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost egun naturaleko epean.

2. Hautagaiek izen-deiturak, adina, helbidea -jakinarazpen ondorioetarako- eta telefonoa, hala bada, azalduko dituzte eskabidean, baita bigarren oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituztela ere, beti ere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, kontratua eginez gero, eskaturiko betebeharrak dituztela frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko lituzketela.

3. Halaber, eskabidearekin batean, alegaturiko merezimenduen zerrenda eta horiek frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, deialdi honetako 6. oinarrian ezarririkoarekin bat sailkatuak.

4. oinarria.-1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Parlamentuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean ikusgai jarriko da. Zerrenda horretan onarturiko hautagaien izen-deiturak agertuko dira.

2. Interesatuek, bi egun balioduneko epearen barrenean, egoki deritzeten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka.

3. Erreklamazioetarako epea bukatuta eta, halakorik bada, horiek ebatzita, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean ikusgai jarriko da.

5. oinarria.-1. Hona hemen hauta-probak zuzenduko dituen Epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: José María Aierdi Fernández de Barrena jauna, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria.

Ordezkoa: Amelia Salanueva Murguialday andrea, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea.

Mahaikidea: Ander Arana Bareño jauna, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea, Nafarroako Parlamentuko langileen batzordeak izendatuta.

Ordezkoa: Mikel Iriarte Cilveti jauna, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea, Nafarroako Parlamentuko langileen batzordeak izendatuta.

Mahaikidea: Mikel Vilches Plaza jauna, Nafarroako Gobernuko Itzulpen Ataleko itzultzailea.

Ordezkoa: Luis M.ª Igartua Dominguez jauna, Nafarroako Gobernuko Itzulpen Ataleko itzultzailea.

Mahaikidea: Aingeru Epaltza Ruiz de Alda jauna, Nafarroako Gobernuko Itzulpen Ataleko itzultzailea.

Ordezkoa: Juan José Petrirena Irazoqui jauna, Nafarroako Gobernuko Itzulpen Ataleko itzultzailea.

Mahaikidea: Ander Irizar Apaolaza jauna, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Xabier Aristegieta Okiñena, Nafarroako Parlamentuko itzultzailea.

2. Epaimahaia 2001eko martxoan osatuko da. Epaimahaiak ez du osatzerik izanen, ez eta jarduterik ere, bertan haren kideen gehiengo osoa ez badago.

3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor litezkeen afera guztiak.

4. Mahaikideek ez dute esku hartu beharko eta Mahaiari jakinarazi beharko diote, Administrazio Publikoen eta Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 28. artikuluan ezarririko gorabeherak gertatzen badira.

6. oinarria.-Lehiaketaldian, alegaturiko merezimenduak honela sailkatu eta puntuatuko dira:

A) Ikasketa merezimenduak.

Euskal Filologiako lizentziatura: 2 puntu.

Lizentziatura gradua: 0,50 puntu.

Doktore gradua: puntu 1.

Doktoretzan izandako sari berezia edo ohorezkoa: 0,50 puntu.

Doktoretzako ikastaro monografikoetan izandako ohorezko matrikula edo bikain bakoitzeko: 0,10 puntu.

Bestelako lizentziaturak: puntu bana.

B) Parlamentu erakundeetan edo administrazio publikoan emaniko zerbitzuak.

1. Parlamentu erakundeetan eta administrazioan, euskara itzultzaile lanpostuan, eman edo aitorturiko zerbitzuak baloratuko dira, lanpostu horretarako ofizialki onetsitako euskara-titulua (EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialekoa edo Euskaltzaindikoa) eskatu bada. Urteko puntu 1 emanen da.

2. Parlamentu erakundeetan eta administrazio publikoetan eman edo aitorturiko zerbitzuak, lizentziatu, ingeniari edo arkitektoaren titulua eskatzen duen lanpostuan. Ez dira kontuan hartuko batera emaniko zerbitzuak. Urteko 0,5 puntu emanen da.

C) Lanbide curriculuma:

Atal honetan hautagaien lanbide historiala baloratuko da: lanpostuak eta buruturiko jarduerak.

Epaimahaiak lanbide historiala neurtuko du eta bereziki kontuan hartuko ditu beteriko lanpostuen kategoria eta garrantzia, haietan sartzeko zailtasuna eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak eta haren Langileen Estatutuak euskara itzultzaileak diren teknikariei esleitzen dizkieten eginkizun berak edo antzekoak benetan betetzea.

Hautagaiek bere lanbide curriculuma aurkeztu beharko dute, oposizio-lehiaketan onartua izateko eskabidearekin batera.

D) Bestelako merezimenduak:

Atal honetan argitarapenak, emaniko ponentzia eta hitzaldiak, hizkuntzak, hobekuntza ikastaroak, eta beste edozein merezimendu baloratuko dira, hautagaiek azaldu eta frogatu badituzte eta epaimahaiak kalifikatzea egoki baderitze.

Lehiaketaldiko kalifikazioa hautagai bakoitzari 0tik 20 puntu bitarteko puntuazioa emanez eginen da, epigrafe bakoitzerako honako puntuazio baremo honen arabera:

A) 5 puntu, gehienez ere.

B) 5 puntu, gehienez ere.

C) 5 puntu, gehienez ere.

D) 5 puntu, gehienez ere.

7. oinarria.-1. Lehiaketaldia bukatu eta gero, egindako balorazioaren emaitza epaimahaiak Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean jendaurrean paratuko du, hautagai bakoitzak lortu duen puntuazioaren berri emanez. Halaber, eta gutxienez ere hiru egun balioduneko aurrerapenarekin, oposizioaldiko probak zer egunetan eginen diren jakinaraziko da. Hautagaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute proba horietara.

2. Oposizioaldiko probak ariketa hauek osatuko dituzte:

1.-Lehenengo ariketa bi proba praktikok osatuko dute. Batean, epaimahaiak emanen dituen bi testu, bata literarioa eta bestea juridiko-politikoa, itzuli beharko dira euskaratik gaztelaniara. Bestean, epaimahaiak emanen dituen bi testu, bata literarioa eta bestea juridiko-politikoa, itzuli beharko dira gaztelaniatik euskarara.

Ariketa praktiko hori egiteko hautagaiek gehienez ere hiru ordu izanen dituzte, eta hiztegia erabiltzen ahalko dute.

2.-Bigarren ariketa proba praktikoa izanen da. Parlamentuan euskaraz egindako hizketaldi baten aldi bereko itzulpena izanen da, gaztelaniara.

3.-Oposizioaldia honela kalifikatuko da:

1. Lehen ariketa praktikoa: 25 puntu, gehienez ere (12,5 puntu proba bakoitzeko).

2. Bigarren ariketa praktikoa: 25 puntu.

Oposizioaldiko ariketetako bakoitza baztergarria izanen da, eta ariketa bakoitzean gutxienez ere hamar puntu lortzen ez dituzten hautagaiak baztertuta geldituko dira.

8. oinarria.-1. Ariketak burutzeko plika itxien sistema erabiliko da. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta Parlamentuko iragarki oholean iragarriko da noiz irekiko diren, ireki baino hogeita lau ordu lehenago, gutxienez ere.

2. Epaimahaiak Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean iragarriko ditu ariketen emaitzak.

9. oinarria.-1. Merezimenduak baloratu ondoren eta oposizioaldiko probei nota eman eta gero, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda eginen du, puntuaziorik gehien dutenengandik hasi eta gutxien dutenenganaino ordenaturik.

2. Epaimahaiak jendaurrean iragarriko du gainditu dutenen zerrenda, berau Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean paratuz.

3. Zerrenda egiterakoan puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, berauek oposizioaldian puntuaziorik gehien atera duen hautagaiaren alde ebatziko dira.

10. oinarria.-1. Mahaiak, kontrataziorik egin behar badu, gainditu dutenen zerrendako ordenari jarraikiz eginen du. Horretarako, kontrataziorako proposatzen den hautagai gaindituak ondorengo agiri hauek aurkeztuko ditu Parlamentuko Erregistro Orokorrean, kontratazioaren jakinarazpenaren ondorengo hamar egun naturalen barruan:

a) Jaiotze-aktaren egiaztagiria, edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Administrazio publiko baten zerbitzutik berezia izan ez dela eta funtzio publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena.

c) Eskaturiko tituluen kopia kautotua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera aurkeztu beharko dena konpultsatzeko) edo eginiko ikasketen ziurtagiri akademikoa edo eta berau eskuratzeko eskubideak ordaindu direlako egiaztagiriak.

d) Halaber, eginkizunak aurrera eramatea galarazten duten gaixotasunik edo akats fisikorik ez izatearen egiaztagiria ere aurkeztu beharko da, Mahaiak adierazten duen sendagileak edo erakundeak luzatua.

2. Aurreko ataletan aipatzen diren agiriak ezin daitezkeela aurkeztu behar den bezalako arrazoiez justifikatzen bada, zuzenbidean onartzen den edozein frogaren bidez egiaztatu ahalko da deialdian parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla.

3. Ezarritako epearen barruan, eta ezinbesteko arrazoiak tartean ez daudela, agiriak aurkezten ez baditu, hautagaia ezin izanen da kontratatua izan, hasierako eskaeran egin duen faltsutasunarengatiko erantzukizuna deusetan galarazi gabe. Kasu horretan, kontratazio-proposamena deialdiko 9. oinarrian aipatzen den zerrendan ondorengo puntuaziorik handiena atera duenaren alde eginen litzateke.

11. oinarria.-Deialdiaren, oinarri hauen eta deialdi hau dela-eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak har ditzakeen erabakien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion sailean bi hilabeteko epean, horiek argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ere jar daiteke aldez aurretik, Biltzarreko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean.

Deialdi hau aplikatzeko gainontzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua.

I. ERANSKINA

Izena:

Adina:

NAN zenbakia:

Helbidea (kalea, zenbakia, pisua, posta kodea):

Telefonoa:

Adierazten dut:

Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskara itzultzaile-teknikariak, administrazio izaeraz eta aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko oposizio-lehiaketarako deialdiaren berri jakinik (............ko ... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) eta hartan parte hartu nahian, erantsiriko agirian, hirugarren oinarrian ezarririkoarekin bat, alegatzen diren merezimenduak biltzen ditudala, behar bezala antolaturik, baita horiek frogatzen dituzten agiriak eta, haiekin batean, nire lanbide curriculuma ere.

Deialdiko bigarren oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak biltzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean.

Izendatua banaiz, konpromisoa hartzen dudala deialdiko hamargarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko, kontratua izenpetzean.

Hori horrela, zuri

Eskatzen dizut, idazki hau aurkeztutzat emanda, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko euskara itzultzaile-teknikariak, administrazio izaeraz eta aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko oposizio-lehiaketan onar nazazula.

Iruñean, 2001eko ...................aren ......................(e)an.

(Izenpea)

Iragarkiaren kodea: a0101755