25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

2/2001 FORU LEGEA, otsailaren 13koa, zenbait aldaketa egiten dituena Balio Erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean eta Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legean.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ZENBAIT ALDAKETA EGITEN DITUENA BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 19/1992 FORU LEGEAN ETA ZERGA BEREZIEI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 20/1992 FORU LEGEAN

Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak 1990eko uztailaren 31n sinatu zuten Hitzarmen Ekonomikoaren 27. eta 30. artikuluek ezartzen dute Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Zerga Bereziak ordainarazteko Nafarroak ere Estatuaren lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio berak eta edukizko zein formazko arau berak aplikatuko dituela.

Abenduaren 29ko 14/2000 Legeak (Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzkoa) aldatu ditu Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Zerga Bereziak araubide komunean erregulatzen zituzten legeak.

Foru Lege honetan zenbait xedapen ematen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudia seigarren Zuzentarauan agintzen denaren arabera moldatzeko, subjektu pasiboaren jardueraren gai diren eragiketak hasi aurretik jasandako Zerga itzultzeko prozedura bereziari dagokionez, Europako Komunitateen Justizi Auzitegiak berriki eman dituen jarraibideekin bat.

Beste alde batetik, Balio Erantsiaren gaineko Zerga araubide komunean erregulatzen duen 37/1992 Legeko 19.5 artikuluak honako eragiketa hauek definitzen ditu inportazioen eite berekotzat: aduana edo fisko erregimenak bukarazi edo abandonarazi egiten dituzten eta, hortaz, Hitzarmen Ekonomikoko 3.1.a) artikuluak hala aginduta, Estatuaren eskumen esklusibokoak diren eragiketak.

Hala ere, abuztuaren 29ko 14/1997 Errege Dekretu-legeak eta geroago apirilaren 21eko 9/1998 Legeak aldatu zuten 37/1992 Legea, haren 19.5 artikuluari bigarren lerroalde bat erantsiz, zeinean inportazioen eite berekotzat jotako eragiketetatik kanpo uzten baitziren artikulu horretan aipatzen diren zenbait lehengai helburu dituzten eragiketak. Orobat, aldatu dute 37/1992 Legearen eranskineko seigarren idatz-zatia, eta eragiketa horiei dagokien Zerga kitatzeko formula berriak eratu dituzte.

Eragiketa horiek inportazioen eite berekotzat jotako eragiketen kontzeptutik kanpo uztearen ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateak haien gaineko zerga ordainarazteko eskumena du, Hitzarmen Ekonomikoaren harmonizazio printzipioen arabera. Beharrezkoa da, beraz, zerga kitatzeko formula berriak eratzea eta komeni da -ez dadin distortsiorik izan operadore ekonomikoekiko harremanetan, maiz asko ez baitute egoitzarik izaten zerga aplikatzen deneko lurraldean- formula horiek ahalean erregimen komunean ezarritakoak bezalakoak izatea, eta, azken finean, antzeko kasuetan Europako Batasuneko beste estatu erkideetan erabiltzen direnen tankerakoak.

Kitatze formula berriok Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legeari eransten zaizkio, hartarako bigarren lerroalde bat erantsiz 112. artikuluko 1. zenbakiari eta zortzigarren idatz-zati bat Eranskinari.

Zerga Bereziei dagokienez, foru lege honetako 2. zenbakiaren gaia baita, aipagarria da zenbait garraiobideren gaineko Zerga Bereziari egin zaion aldaketa, alde batetik zerga hori harreman diplomatiko eta kontsularrei buruzko Vienako hitzarmenera moldatzeko, 2001eko urtarrilaren 1ean matrikula turistikoko erregimena desagertzearen ondorioz, eta bestetik zerga oinarria 100eko 50ean gutxitzeko familia larri batek erosi duenean gutxienez bost eta gehienez bederatzi tokiko ibilgailu automobila.

Xedapen Gehigarriak ezartzen du 120.000 pezetako dirulaguntza emanen dela Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legeko 47.bis artikuluko baldintzak eta eskakizunak bete eta gasolina-motordun ibilgailu automobil bat kendu eta gasolina-motor katalizagailuduna duena erosten denean.

1. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen aldaketa.

2001eko urtarrilaren 1etik aurrera, honako eduki hau izanen dute Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko artikulu hauek:

Bat.-5. artikuluko 2. zenbakia.

"2. Jarduera enpresarial edo profesionaltzat hartzen dira produkzio faktore material eta gizakizkoak edo bietako bakar bat norberaren kontu antolatzea sortzen dutenak, ondasun edo zerbitzuen produkzio edo banaketan esku hartzea helburu.

Honako jarduera hauek hartzen dira, bereziki, halakotzat: erauzketa lanak, zerbitzuak sortu, merkaturatu eta ematekoak, haien barne direla eskulangintza, nekazaritza, basolanekoak, abeltzaintza, arrantza, eraikuntza, meatze lanekoak eta lanbide liberal eta artistikoetan aritzea.

Zerga honi dagokionez, jarduera enpresarial edo profesionalak hasitakotzat joko dira ondasun edo zerbitzuak erosten diren unetik, elementu objektiboen bidez egiaztaturiko asmoa delarik horiek jarduera horietan erabiltzea, bai eta aurreko zenbakiko b), c) eta d) letrek aipatzen dituzten kasuetan ere. Ondasun-zerbitzu horiek erosi dituztenak une hartatik aurrera hartuko dira enpresaburu edo profesionaltzat, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako."

Bi.-26.2 artikuluko 3. idatz-zatia.

"3gn. Zerga honen peko eragiketen prezioarekin lotura zuzena duten dirulaguntzak.

Dirulaguntzek zerga honen peko eragiketen prezioarekin lotura zuzena dutela joko da entregatu den unitate kopuruaren arabera edo emandako zerbitzuen bolumenaren arabera ezarri direnean, baldin eta eragiketa egin baino lehen zehaztu badira."

Hiru.-37. artikuluko 10 idatz-zatia. Bat.2.

"10gn. Hileta enpresek eta hilerriek ematen dituzten hileta zerbitzuak, eta zerbitzu horiekin lotuta zerbitzu-hartzaileei egiten zaizkien ondasun entregak.

Lau.-39. artikulua.

"39. artikulua. Kenketa egiteko subjektuak bete beharreko baldintzak.

1. Foru lege honetako 5. artikuluak agintzen duenaren arabera enpresaburu edo profesionalak izan eta beren jarduera enpresarial nahiz profesionalari dagozkion ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen erregularki hasi diren subjektu pasibo guztiek izanen dute kenketarako eskubidea.

Aurreko lerroaldean xedatu denagatik ere, zilegi izanen da beren jarduera enpresarial nahiz profesionalari dagozkion ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen erregularki hasi aurretik jasandako edo ordaindutako kuoten kenketa egitea, foru lege honetako 57, 58 eta 59. artikuluek agintzen dutenarekin bat.

2. Foru lege honetako 22. artikuluko 1. eta 2. zenbakiek aipatu garraiobide berrien entregak aldian behin egiten dituzten subjektu pasiboek ere izanen dute kenketarako eskubidea.

3. Foru lege honetako VIII. Tituluan arautzen diren araubide bereziak aplikatu behar zaizkien sektore edo jarduerei dagokien kenketa eskubidea erabiltzeko, Titulu hartan bakoitzerako ezartzen diren arauak hartuko dira aintzat.

4. Ez da zilegi izanen inolako moduan edo neurrian kenketa egitea jarduera enpresarial edo profesionaletan erabiltzeko asmorik gabe erosi edo inportatu diren ondasun edo zerbitzuengatik jasan edo ordaindu diren kuotekin, nahiz eta, beranduago, osasun edo zerbitzu horiek aipatu jardueretara osoki edo partzialki atxiki."

Bost.-50.2.2. artikuluko hirugarren lerroaldea.

"2. idatz-zati honetako aurreko lerroaldeetan agindu dena betetzeko, honako dirulaguntzak ez dira kontuan hartuko, foru lege honetako 26. artikuluaren arabera Zergaren oinarria osatzen ez badute:

a) Apirilaren 7ko 13/1982 Legeak araututako Enplegu Zentro Bereziek jasotakoak, 43. artikuluko 2. idatz-zatiak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

b) FEOGAk finantzatzen dituenak.

c) Arrantza Orientatzeko Finantza Institutuak (IFOP) finantzatzen dituenak.

d) Ikerketa, garapen eta teknologiaren arloko berrikuntzak egiteko gastuak finantzatzeko eman direnak. Halakotzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 66. artikuluan definitzen direnak."

Sei.-51. artikuluko 3. zenbakia.

"3. Jarduera enpresarial edo profesionalak hasi behar diren kasuetan eta ordu arteko jarduerarena ez beste sektore bat osatuko duten jarduerak hasi behar diren kasuetan, foru lege honetako 57. artikuluko 2. zenbakiaren arabera dagokion kenketa portzentaje behin-behinekoa aplikatuko da kasuko jarduerari dagozkion ondasun entregak egiten eta zerbitzuak ematen hasi diren urtean.

Foru Lege honetako 57. artikuluko 2. zenbakiak agintzen duenaren araberako kenketa portzentaje behin behinekorik finkatu ez den kasuetan, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kenketa portzentaje behin-behinekoa xedapen hartan agintzen den moduan finkatuko da."

Zazpi.-57. artikulua.

"57. artikulua. Jarduera enpresarial edo profesionalei dagozkien ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen hasi aurretik jasan edo ordaindutako kuoten kenketak.

1. Ordura arte jarduera enpresarial edo profesionaletan aritu gabeak izan eta elementu objektiboek salatzen dutenez eite hartako jardueretan erabiltzeko asmoz ondasunak edo zerbitzuak erosi edo inportatzeagatik enpresaburu edo profesional egiten direnek zilegi izanen dute jarduera horiei dagozkien ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen erregularki hasi aurretik eragiketa horiengatik jasandako edo ordaindutako kuoten kenketa egitea, artikulu honetan eta hurrengo 58. eta 59. artikuluetan agintzen denaren arabera.

Aurreko lerroaldean agindu dena aplikatuko zaie lehendik enpresaburu edo profesional izan, eite hartako jarduerak egin ohi zituztelako, eta ordura arte zeukaten jarduerarena ez beste sektore bateko jarduera enpresarial edo profesional berri batean hasten direnei ere.

2. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kenketak egiteko, enpresaburu edo profesionalak Administrazioari proposatzen dizkion portzentajeak aplikatuko dira, non eta Administrazioak berak beste portzentaje bat ezartzen ez duen, kasuko jarduera enpresarial edo profesionalen ezaugarriak kontuan harturik.

Kenketa horiek behin-behinekotzat hartuko dira, eta foru lege honetako 58. eta 59. artikuluetan xedatzen diren erregularizazioen mende egonen dira.

3. Enpresaburu edo profesionalek zilegi izanen dute artikulu honetan ezarri denaren arabera kengai diren kuotak itzultzeko eskatzea, foru lege honetako 61. artikuluan ezarri denaren arabera.

4. Foru lege honetan ezartzen denari jarraikiz, baliokidetza errekarguaren erregimen berezia jarduera komertziala hasten dutenetik bertatik aplikatu behar zaien enpresaburuek ez dute zilegi izanen artikulu honetan aipatzen diren kenketak egitea erregimen horretan sartzen diren jarduerei dagokienez.

5. Artikulu honetan aipatzen diren kenketak egin dituzten enpresaburu edo profesionalek ez dute zilegi izanen erregimen berezi sinpletu edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzarakoa eskatzea, erosteagatik kuota kenduak ordaindu zituzten ondasun edo zerbitzuak erabiltzen dituzten jardueretarako, harik eta jarduera horien esparruko ondasun entregak eta zerbitzuak hiru urte natural osoz egin eta eman diren arte.

Aurreko lerroaldean agintzen dena aplikatzeak aipatu erregimen berezi horiei uko egitearen ondorio berak izanen ditu.

Zenbaki honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foru lege honetako 68. artikuluko 5. zenbakiko 3. idatz-zatiko ondasun eta eskubideei.

6. Artikulu honetan eta foru lege honetako 58. eta 59. artikuluetan agintzen dena betetzeko, enpresaburu edo profesionala bere jarduera enpresarial edo profesionaletan erregularki hasi den lehenbiziko urtea hartuko da jarduera horietarako ondasun entregak egin edo zerbitzuak ematearen lehen urtetzat, beti ere jarduera horiek uztailaren 1a baino lehenago hasten badira; bestela, hurrengo urtea."

Zortzi.-58. artikulua.

"58. artikulua. Jarduera enpresarial edo profesionalei dagozkien ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen hasi aurretik jasandako kuoten kenketak erregularizatzea.

1. Foru lege honetako 57. artikuluak aipatzen dituen behin-behineko kenketak erregularizatzeko, jarduera enpresarial edo profesionaletarako ondasun entregak edo zerbitzu emateak egin diren lehenbiziko lau urte naturalen aldiari osotara dagokion behin betiko portzentajea aplikatuko da.

2. Aurreko zenbakiak aipatzen duen behin betiko portzentajea finkatzeko, foru lege honetako 50. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat; hartarako, aurreko zenbakiak aipatzen duen epean egindako eragiketa guztiak kontatuko dira, eta bai artikulu horretako 2. zenbakiko 22. idatz-zatiak aipatzen dituen dirulaguntzak ere, epe horretan eta aurretik ere jasotakoak.

3. Artikulu honek aipatzen dituen kenketak honela erregularizatuko dira:

1go. Jarduera enpresarial edo profesionalari dagozkion ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen hasi aurretik jasandako edo ordaindutako kuotei behin betiko aplikatzekoa den kenketa portzentajea ezaguturik, finkatuko da zenbateko kenketa egokituko litzatekeen portzentaje hori aplikatuko balitz.

2gn. Kopuru hori foru lege honetako 57. artikuluak agintzen duenaren arabera egiten diren behin-behineko kenketen guztizko baturari kenduko zaio.

3gn. Horren diferentzia, positiboa nahiz negatiboa izan, hartuko da egin beharreko dirusarrera edo kenketa osagarriaren zenbatekotzat."

Bederatzi.-59. artikulua.

"59. artikulua

Inbertsioko ondasunei dagozkien kuotak erregularizatzea, kuota horiek jarduera enpresarial edo profesionalei dagozkien ondasun entregak egiten edo zerbitzuak ematen hasi aurretik jasan direnean.

1. Foru lege honetako 57. artikuluak aipatzen dituen behin-behineko kenketak, inbertsioko ondasunak erosi edo inportatzeagatik jasan edo ordaindutako kuotei dagozkienak, behin aurreko artikuluan xedatzen denaren arabera erregularizatuz gero, foru lege honetako 53. artikuluan agintzen denaren arabera erregularizatu beharko dira oraindik geratzen den erregularizazio aldiko urteetan.

2. Artikulu honetan aipatzen diren erregularizazioak egiteko, hauxe hartuko da foru lege honetako 55. artikuluaren 2. idatz-zatian agintzen denaren ondorioetarako egozpena gertatu zen urtean egindako kenketatzat: foru lege honetako 58. artikuluko 1. zenbakiak ezartzen duenaren arabera behin betiko aplikatzekoa den portzentajearen ondoriozkoa.

3. Artikulu honek aipatzen dituen inbertsioko ondasunak artikulu honexek aipatzen duen erregularizazio aldia bukatu baino lehen entregatzen direnean, foru lege honetako 56. artikuluko arauak aplikatuko dira, lege honetako 57. eta 58. artikuluek eta artikulu honetako aurreko zenbakiek agintzen dutena ezertan galarazi gabe."

Hamar.-112. artikuluko 1. zenbakiari lerroalde berria eranstea.

"Balio Erantsiaren gaineko Zerga Araubide Komunean erregulatzen duen Legeko 19.5 artikuluko bigarren lerroaldeak zerrendatzen dituen ondasunak 20. artikuluak aipatzen dituen arloetatik ateratzeak eta foru lege honetako 21. artikuluan sartzen diren erregimenak abandonatzeak, zerga foru lege honetako Eranskineko zortzigarren idatz-zatiak agindu bezala kitatzea ekarriko dute."

Hamaika.-112 bis artikulu berria eranstea.

"112 bis artikulua. Behin-behineko kitapena.

Zergak kudeatzeko organoek zilegi izanen dute tokatzen den behin-behineko kitapena abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legeko 113. artikuluak agintzen duen moduan egitea (Zergei buruzko Foru Lege Orokorra), bai eta hurrengo artikuluan aipatzen diren kasuetan ere."

Hamabi.-Bigarren Xedapen Gehigarria eranstea. Xedapen Gehigarriaren oraingo testua lehenbiziko xedapen gehigarriarena izanen da.

"Bigarrena.-Nahitaez betearazteko prozedura administratiboak eta judizialak.

Nahitaez betearazteko prozedura administratibo eta judizialetan, zerga honi dagokionez enpresaburu edo profesionaltzat hartzen diren esleipen hartzaileek zilegi dute honakoak egitea, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontu, eta haietan gauzatzen diren zergapeko ondasun entrega eta zerbitzu emateei dagokienez:

1go. Eragiketa dokumentatu eta Zergaren kuota egotzi egiten duen faktura ematea, kasuko aitorpen-kitapena aurkeztea eta horren ondoriozko zerga-zenbatekoa sartzea.

2gn. Kasua bada, salbuespenei uko egitea, foru lege honetako 17. artikuluko 2. zenbakian aipatu bezala.

Erregelamendu bidez finkatuko da zer baldintzatan erabiliko diren ahalmen horiek, eta horretarako zer betekizun bete beharko diren.

Hamahiru.-Foru legeko Eranskinari zortzigarren idatz-zati bat eranstea.

"Zortzigarrena.-Zerga kitatzea Balio Erantsiaren gaineko Zerga Araubide Komunean erregulatzen duen Legeko 19.5 artikuluko bigarren lerroaldeak zerrendatzen dituen kasuetan.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga Araubide Komunean erregulatzen duen Legeko 19.5 artikuluko bigarren lerroaldeak zerrendatzen dituen kasuetan zerga kitatzeko, honako arauak beteko dira:

1go. Ondasunek foru lege honetako 20. eta 21. artikuluetako arloak edo erregimenak uzten dituztenean sortuko da arlo edo erregimen horietan sartzeagatik aurrez salbuespena izan zuten eragiketei dagokien zerga kitatu beharra, honako arauen arabera:

a) Ondasun horiekin aurretiaz entrega salbuetsi bat edo gehiago egin bada, sartu beharreko kopurua salbuetsitako azken entregari zegokiokeena izanen da.

b) Ondasun horiek Europako Batasunaren barrenean erosi badira eta erosketa salbuetsita badago direlako arlo eta erregimenetan sartu delako, eta ondoren haiekin entrega salbuetsirik egin ez bada, sartu beharreko zerga salbuespenik izan ez balitz eragiketa hari egokituko zitzaiona izanen da.

c) Ondasun horiekin eragiketa salbuetsirik egin bada aurreko a) edo b) letretan aipatzen diren eragiketen ondotik, edo azken eragiketa horiek egin ez badira, sartu beharreko kopurua kasuan-kasuan letra horietan ezartzen denaren ondoriozkoa izanen da, hari ondorengo eragiketa salbuetsi horiei egokituko zitzaiena gehiturik.

d) Ondasun horiekin inportazio salbuetsia egin bada Aduanetakoa ez beste gordailu erregimen batean sartu delako eta inportazio horren ondoren haiekin eragiketa salbuetsirik egin bada, sartu beharreko Zerga ondorengo eragiketa salbuetsi horiei egokituko zitzaiena izanen da.

Idatz-zati honetan xedatzen denak ez du galaraziko Administrazio eskudunean inportazioaren zergagaiari dagokion zerga zatia sartu beharra, hirugarren herrietatik heldu diren ondasunen kasuan.

2gn. Aipatu arloak edo erregimenak uzteagatik tokatzen diren kuotak kitatu eta sartu beharra daukan pertsona ondasun horiek unean-unean duten jabea izanen da, bera izanen baita subjektu pasiboa eta berak aurkeztu beharko baitu foru lege honetako 112. artikuluko 1. zenbakiak aipatzen dituen eragiketei dagokien aitorpen-kitapena.

Kuota horiek sartzeko obligazioa daukanak zilegi izanen du kuota horiekin kenketa egitea, foru lege honek 31. artikuluko 1. zenbakiko 2. idatz-zatiko kasuetarako agintzen duenarekin bat.

Zergaren aplikazio eremuaz kanpoko enpresaburu edo profesionalek, idatz-zati honetan agintzen denaren arabera zergaren subjektu pasibo gertatzen badira, zilegi izanen dute horren ondorioz kitatutako kuotekin kenketa egitea aplikazio eremuaz barnekoen modu eta baldintza berberetan.

3gn. Agindu honek aipatzen dituen arlo edo gordailuen titularrek erantzukizun solidarioa izanen dute tokatzen den zerga zorra pagatzeko, Zortzigarren idatz-zati honetako aurreko lerroaldeetan agindu den moduan. Hori ez da eragozpen izanen Zergaren aplikazio eremuaz kanpoko enpresaburu edo profesionalen ordezkari fiskal gisa jokatu ahal izan dezaten."

2. artikulua. Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen aldaketa.

2001eko urtarrilaren 1etik aurrera, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legeko artikulu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.-42. artikuluko 3. zenbakia.

"3. Lehenbiziko matrikulazio behin betikotik lau urte iragan baino lehen foru lege honek zergaz salbuesteko edo zergapean ez egoteko aurreikusten dituen baldintzak edo inguruabarrak aldatzen badira, Zerga Berezia autokitatu eta ordaindu beharra sortuko da aldaketa hori gertatzen den momentutik, non eta aldaketaren ondoren foru lege honek aurreikusten dituenetako zergaz salbuetsi edo zergapean ez egoteko kasu bat gertatzen ez den. Ibilgailu eskualdaketarik egiten bada horrek matrikulazio gaietako organo eskudunaren aurrean ondorio izateko, organo hartan frogatu beharko da zerga pagatu dela edo bestela salbuetsita egoteko edo zergapean ez egoteko deklarazioa bertan aurkeztu, organo kudeatzaileak behar bezala eginbidetua, edo salbuetsita egoteko edo zergapean ez egoteko kasua aplikatzeko Tributu Administrazioaren aldez aurretiko onarpena.

Aurreko lerroaldeak aipatzen duen aldia bi urtera murriztuko da delako ibilgailuaren lehen matrikulazio behin betikoa foru lege honetako 43. artikuluko 1. zenbakiko b) eta c) letretan agintzen denaren ondorioz zergaz salbuetsita egon bazen.

Orobat, ezin eskatuko da zenbaki honetako aurreko lerroaldeek aipatzen duten autokitapen eta ordainketa, inguruabarren aldaketa hori ibilgailua zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko bidaltzea izan bada; hori frogatzeko, kasuko erregistroan egindako bajaren zertifikazioa aurkeztuko da, matrikulazio gaietako organo eskudunak emana.

Matrikulazio gaietako organo eskudunak zirkulazio edo erabilera baimen bat ematen badio zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko eta aurreko lerroaldean nahiz foru lege honetako 43. zenbakiko 3. zenbakian xedatzen denaren pean sartuta bidali eta ondoren zergaren aplikazio eremura itzuli den ibilgailu bati, baimen hori ematea lehenbiziko matrikulazio behin betikotzat hartuko da zerga honi dagokionez.

Bi.-43. artikulua.

"43. artikulua. Salbuespenak, itzuli beharrak eta murrizpenak.

1. Honako garraiobideetan egonen da zergaz salbuetsia lehenbiziko matrikulazio behin betikoa:

a) Lege indardunetan taxi, autotaxi edo autoturismotzat jotzen diren ibilgailu automobilak.

b) Diru-ordainaren truke gidatzen irakastea beste erabilerarik ez izateko matrikulatzen diren ibilgailu automobilak.

c) Alokatzea beste erabilerarik ez izateko matrikulatzen diren ibilgailu automobilak.

Hartarako, ez da joko automobil alokairurik izan denik automobilak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeak aurreikusitako moduan lotura duten pertsonei laga zaizkienean, edo hamabi hilabete jarraituko epean pertsona edo entitate berari hiru hilabete baino gehiagoz laga zaizkionean.

Hartarako, ez dira automobil alokairutzat hartuko alokairu-almentako kontratuak eta horiei parekatuak, ez eta erosteko aukeradun alokairukoak.

d) Minusbaliatuen izenean eta haiek bakarrik erabiltzeko matrikulatzen diren ibilgailu automobilak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

1go. Beste ibilgailu bat antzeko baldintzetan matrikulatu zenetik gutxienez lau urte iragatea. Hala ere, baldintza hori ez da eskatuko delako ibilgailuak erabateko hondamena izan bazuen, behar bezala frogatua.

2gn. Ibilgailu horiek geroago "inter vivos" egintza baten bidez eskualdatuak ez izatea matrikulatu ondorengo lau urteetan.

e) Honakoen izenean matrikulazio berezia, matrikula diplomatikoaren araubidekoa, egiten zaien ibilgailuak, erregelamenduz finkatzen diren muga eta baldintzekin:

1go. Espainian egoitza iraunkorra duten misio diplomatiko kreditatuak eta Agente diplomatikoak.

2gn. Espainiako Estatuarekin egoitza hitzarmena sinatua duten nazioarteko erakundeak eta estatutu diplomatikoa duten bertako langileak.

3gn. Karrerako Kontsul bulegoak eta atzerriko nazionalitatea duten kontsuletxe bateko karrerako funtzionarioak.

4gn. Misio diplomatikoetako eta Nazioarteko erakundeetako langile tekniko eta administratiboak eta karrerako Kontsul bulegoetako kontsul-langileak, baldin Espainiako nazionalitaterik eta Espainian egoitza iraunkorrik gabeko pertsonak badira.

Aurreko 2. eta 4. idatz-zatietan agintzen denagatik ere, Erakunde horiek sortzeko nazioarteko hitzarmenek edo haien Egoitza Hitzarmenek beste muga edo baldintzarik ezartzen badute, horiek aplikatuko zaizkie Erakunde horiei, haien funtzionario estatutu diplomatikodunei eta haien langile tekniko-administratiboei.

f) Gehieneko luzera hamabost metrokoa edo gutxiagokoa duten jostetako edo ur kiroletako ontziak, alokatzea beste erabilerarik ez izateko matrikulatuak.

Salbuespen horren baldintza izanen dira ibilgailuak alokatzeko jartzen diren mugak eta baldintzat betetzea.

g) Duten taxukeragatik arrauna edo pala beste bultzabiderik ezin eduki duten ontziak, eta maila olinpikoko belaontziak.

h) Estatuak, Autonomi Erkidegoek, Toki Korporazioek edo enpresa nahiz erakunde publikoek matrikulatzen dituzten aireontziak.

i) Eskolen izenean matrikulaturiko aireontziak, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak ofizialki aitorpena eman dienak, pilotoak hezi eta prestatzea edo erreziklatzea beste inolako erabilerarik ez izateko matrikulatuak.

j) Airezko nabigazioko enpresen izenean matrikulatzen diren aireontziak.

k) Airezko nabigazioko enpresei alokatzea beste inolako erabilerarik ez izateko matrikulatzen diren aireontziak.

l) Titularrak bere ohiko egoitza atzerritik Espainiara aldatzearen ondorioz matrikulatzen diren garraiobideak. Salbuespena aplikatzeko baldintza izanen da honako eskakizunak betetzea:

1go. Interesatuek Espainiako lurraldeaz kanpo izan behar zuten ohiko egoitza, egoitzaz aldatu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez.

2gn. Garraiobide horiek jatorriko herrian zerga baldintza normaletan erosiak edo inportatuak beharko dute, herri hartatik ateratzeagatik sortutako kuoten inolako salbuespenik edo itzulketarik izan gabe.

Baldintza hori betetzen dela joko da garraiobideak erosi edo inportatzeko erregimen diplomatiko edo kontsularretan ezarritako salbuespenak edo aitorpena emandako eta jatorriko Estatuan egoitza duten nazioarteko erakundeen kideen aldeko salbuespenak erabili direnean, Erakunde horiek sortzeko nazioarteko itunek eta Egoitza hitzarmenek ezartzen dituzten muga eta baldintzekin.

3gn. Garraiobide horiek interesatuak bere lehengo egoitzan erabiliak beharko dute, gutxienez egoitza hura utzi aurreko sei hilabeteetan.

4gn. Matrikulazioa foru lege honetako 42.1.b) artikuluan aurreikusten den epean eskatu beharko da.

5gn . Matrikulatzean salbuespena izan duten garraiobideak ezin eskualdatuko dira matrikulatu ondoko hamabi hilabeteetan. Baldintza hau ez betetzeak zerga ordainaraztea ekarriko du ondorio, ez betetzea hasi den datatik aurrera.

2. Aurreko zenbakiko a), b), c), d), f), i) eta k) letretan aipatzen diren salbuespenak egiteko baldintza izanen da Tributu Administrazioak aurrez aitorpena ematea, erregelamenduz finkatzen den moduan. Bereziki, d) letrak aipatzen duen salbuespenaren kasuan, aurrez Foru Komunitateko Gizarte Ongizateko zerbitzuek, Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalak edo kudeaketa entitate eskudunek minusbaliotasunaren edo baliaezintasunaren zertifikazioa aurkeztu beharko dute.

Aurreko zenbakiko e) letrak aipatzen duen salbuespena egiteko, aurrez Kanpo Arazoetarako Ministerioak haren egokitasuna zertifikatu beharko du.

Gainerako salbuespen kasuetan deklarazio bat aurkeztu beharko da Tributu Administrazioaren aurrean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak agintzen duen tokian, moduan, epean eta inprimakian.

3. Garraiobide erabiliak saltzea lanbide duten enpresaburuek eskubidea izanen dute, garraiobide bat lehenbiziko matrikulazio behin betikotik lau urte iragan baino lehen zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko bidali dutela frogatzen dutenekiko, kanpora bidali zuten momentuan garraiobideak zuen balioari dagokion kuota ordainduaren zatia itzultzeko. Garraiobidea zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko bidali dutela frogatzeko, kasuko erregistroko bajaren zertifikazioa aurkeztuko da, matrikulazio gaietan eskudun den organoak emana.

Aurreko lerroaldeak aipatzen duen itzultze kasuan, honako arauok aplikatuko dira:

a) Zergaren aplikazio eremuaz kanpora bidaltzeak salmenta irmo baten ondorioz gertatua behar du.

b) Itzultzearen oinarria garraiobideak bidali zen momentuan zuen merkatu-balioa izanen da, betiere goreneko muga dela foru lege honetako 46. artikuluko b) letrak aipatzen dituen balorazio taulak aplikatzean sortzen den balioa.

c) Itzultzearen tipoa Zerga kitatzeko orduan aplikatu zena izanen da.

d) Itzultzearen zenbatekoa ez da inoiz izanen ordaindu den kuota baino gehiagokoa.

e) Garraiobide erabilia saltzen duen enpresaburuak eskatuko du itzultzea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak agintzen duen tokian, moduan, epean eta inprimakian.

4. Zergaren oinarria, foru lege honetako 46. artikuluak agintzen duen moduan kalkulatua, 100eko 50ean gutxituko da gidariaren tokia kontatuta gutxienez bost tokiko eta gehienez bederatzi tokiko kapazitate homologatua duten ibilgailu automobilen kasuan baldin araudi indardunaren arabera familia larritzat hartzen direnek soilik erabiltzekoak badira, baldintza hauekin:

a) Ibilgailuaren lehenbiziko matrikulazio behin betikoa familia larri horietako aita edo amaren izenean egina izanen da, edo, bestela, bien izenean.

b) Aurreko a) letran aipatu pertsonen izenean eta gutxitze horrekin beste ibilgailu bat matrikulatu zenetik gutxienez lau urte iragatea. Baldintza hori, hala ere, ez da eskatuko delako ibilgailuak erabateko hondamena izan bazuen, behar bezala frogatua.

c) Gutxitze hori erabiliz matrikulatu den ibilgailua ondoren "inter vivos" egintza baten bidez eskualdatzea ez da zilegi izanen matrikulatu ondoko lau urteko epean.

d) Gutxitze hori aplikatzeko nahitaezkoa da aurrez Tributu Administrazioak aitorpena ematea erregelamenduz ezartzen den moduan. Betiere Tributu Administrazioan aurkeztu beharko da familia larria izatearen zertifikazioa, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko, Administrazio Zentraleko edo kasuko Autonomi Administrazioko organoak emana."

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gasolina berunik gabea ezin erabili duten ibilgailu automobilen multzoa berritzeko laguntzak.

Salbuespen moduan eta 2003ko abenduaren 31ra arte, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legeko 47 bis artikuluan ezartzen den kenketaren zenbatekoa 120.000 pezetaraino igoko da (721,21 euro), agindu horretako baldintza eta eskakizunak ez ezik honako inguruabarrok ere gertatzen direnean:

a) Turismoko ibilgailu automobil erabiliak gasolina berunik gabea ezin erabili duen motorra baldin badu. Hartarako, Zientzia eta Teknologiako Ministerioak zerrenda batean azalduko du zein diren gasolina berunik gabea erabiltzeko gai diren turismoko ibilgailu automobilen markak eta modeloak, eta gasolina-motorra eduki eta zerrenda horretan ageri ez diren ibilgailuek idatz-zati honetako betekizuna betetzen dutela joko da.

b) Turismoko ibilgailu automobil berriak gasolina-motor katalizagailuduna badu. Gasolina-motorra eduki eta Espainian emanen zaien lehenbiziko matrikulazio behin betikoa foru lege honek indar hartzen duen egunetik aurrera egiten duten turismoko ibilgailu automobil berri guztiek baldintza hori betetzen dutela jojo da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 50.2.2. artikuluko hirugarren lerroaldeko d) letran agintzen dena aplikatuko zaie foru lege honek indar hartu ondoren jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoei, baita dirulaguntzak data hori baino lehen erabaki baziren ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2004ko urtarrilaren 1etik aurrera, indarrik gabe geldituko da Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legeko 47 bis artikulua.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0101586