25. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

1/2001 FORU LEGEA, otsailaren 13koa, Hondakin berezien kudeaketari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

HONDAKIN BEREZIEN KUDEAKETARI BURUZKO IRAILAREN 20KO 13/1994 FORU LEGEA ALDATZEN DUEN FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

2000ko ekainaren 29ko EE/2000/418 Erabakiaren bidez, Europar Batzordeak arautzen du entzefalopatia espongiforme kutsagarriekin (EEK) zerikusia duten material arriskutsuekin zer egin. Arau horrek behi, ardi eta ahuntz azienden material arriskutsuak (MER) ateratzeko eta horrelako eritasunen bat duten animaliak hiltzeko agintzen du, ondoren modu kontrolatuan deusezteko.

Erabakiak ezarritako betebeharretako nagusia hau da: 2000ko urriaren 1etik aurrera, behi, ardi, ahuntz aziendako hamabi hilabete baino gehiagoko animalia bakoitzaren material arriskugarri zehaztuak (burezurra, entzefaloa, begiak, amigdalak, bizkarrezurreko muina eta ileona) bereizi behar direla, baita ardi eta ahuntz azienden edozein adinetako animalia bakoitzaren barea ere. Parte horiek, arauak ezarri bezala, kendu eta deuseztu behar dira.

Batzordearen Erabakitik ateratzen den ondorioaren arabera, errausketa da Europar Batzordeak material horiek suntsitzeko metodo nagusia, eta baita seguruena eta osasun bermerik handienak ematen dituena.

1996ko maiatzaren 24ko EE/350/96 Batzordearen Erabakiak berak ere errausketa aipatu zuen estatu kide guztiek hondakinak desegiteko erabil ditzaketeen bideetako bat zela. Hala ere, gaur arte, foru arauetan ez da sartu Nafarroan erabiltzeko metodoen artean.

Hondakin Berezien Kudeaketari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legeak martxoaren 2ko 1/1999 Foru Legeak aldatu zuen, eta "Hondakin berezien tratamendurako metodo erabilgarriak" -DEUSEZTATZEKO BIDEAK izeneko I. eranskina gehitu zion. Metodo horien artean errausketa sartu ez zenez, ezinbesteko bihurtu da foru lege bat ematea deuseztapen bide hori sartzeko.

Artikulu bakarra.

Hondakin Berezien Kudeaketari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legean, "Hondakin berezien tratamendurako metodo erabilgarriak" -DEUSEZTATZEKO BIDEAK izeneko I. eranskinean, beste idatz-zati bat sartzen da, honela idatzirik:

"-Ondokoak erraustea:

a) Nekazaritzako zein abeltzaintzako ustiategietan hildako animaliak, zezenketako animaliak eta beste edozein animalia mota baldin eta, gizakiek jatekoa izaki, ez bada legediak ezarritako baldintzak betez hila izan.

b) Material arriskutsuak, Europako araudiak ezarritako moduan, eta erraustu aurretik material horiek tratatzetik ateratako irinak.

c) Europar Batasuneko zientzialariek eta Espainian berariaz sortutako batzordeek ezartzen dituzten material guztiak, entzefalopatia espongiforme kutsagarriarekin zerikusia dutenak."

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean izanen du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0101585