23. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 19a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

BARAÑAINGO LAGUNAK UDAL ZERBITZUA

Zerbitzu anitzetako peoi bat oposizio bidez hartzeko deialdia

Zuzendaritza Batzordeak 2001eko urtarrilaren 18an hartu erabakiaren bidez, peoi bat oposizio bidez hartzeko deialdia onetsi da. Deialdiak oinarri hauek ditu:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako peoi lanpostu bat oposizio bidez eta lan-araubide finkoan betetzea, Lagunak Udal Zerbitzuan (SML/LUZ) aritzeko.

1.2. Horrez gain, probak gainditzen dituztenekin zerrenda bat osatuko da, lortutako puntuazioari hertsiki jarraituz, langileak aldi baterako kontratatzeko erabili ahalko dena. Zerrenda horrek bi urteko indarraldia izanen du, izangai izendatua lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita.

1.3. Deialdi honen xede den lanpostua.

1.4. Lanpostuak plantilla organikoan eta Lagunak Udal Zerbitzuko langileekin sinaturiko hitzarmenean aurreikusitako lansariak izanen ditu.

1.5. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute.

2.-Bete beharreko eginkizunak, jakingarri hutsez.

2.1. Lagunak Udal Zerbitzuaren instalazioak mantendu, konpondu, zaindu eta kontrolatzea. Bere esku uzten ahal diren antzeko bertze batzuk, espezializazio zehatzik eskatu gabe nolabaiteko jakinduria edo trebetasuna eskatzen dutenak, betiere bere eskumenen esparrukoak eta bere maila eta kategoriaren barnekoak.

3.-Izangaien baldintzak.

3.1. Oposizio honetara onartua izateko izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea epea bukatzen den egunerako eta espainiako nazionalitatea edukitzea edo abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluko edozein estatutakoa.

b) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikiko nahikoa izatea.

c) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik ez egotea eta administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana.

3.2. Aitzineko baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean egiaztatu beharko dituzte izangaiek, eta oposizioaren prozedurak dirauen bitartean bete behar dira, izendapena arte.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak LUZeko bulego orokorretan aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita azken eguneko ordu biak arte, egun balioduna bada, edo egun balioduna den hurrengoan.

4.2. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 3.1 atalean eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak.

4.3. Agiri guztien kopiak Barañaingo Udalaren bulegoetan edo Lagunak Udal Zerbitzuarenetan konpultsatu beharko dira.

4.4. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, LUZko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzi ondoan, LUZko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko. Ebazpen berean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honakoek osatuko dute:

Mahaiburua: Iñaki Nieto García jauna, LUZko lehendakaria.

Ordezkoa: María Luisa Iturria Andreu andrea, LUZko lehendakariordea.

1. mahaikidea: Jesús Vidaurreta Eugui jauna, LUZko arduradun nagusia.

Ordezkoa: 1. mahaikideak hautatzen duena.

2. mahaikidea: Javier Bariain Beorlegui jauna, LUZko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: 2. mahaikideak hautatzen duena.

3. mahaikidea: Francisco Javier Moreno Lanzas jauna.

Ordezkoa: Angel Eusa Cenoz jauna.

4. mahaikidea: Juan José Goñi Latiegui jauna.

Ordezkoa: 4. mahaikideak hautatzen duena.

5. mahaikide idazkaria: Mikel Sarasa Astrain jauna, LUZko kudeatzailea.

Ordezkoa: María Angeles Gorena Nicuesa andrea, LUZko kirol koordinatzailea.

Epaimahaia hautapen probak hasi aitzin eratu beharko da.

6.2. Epaimahaiak eratzeko eta jarduteko kideen gehiengo osoa bederen beharko du.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7.-Oposizioaldia.

7.1. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hirugarren hilabetearen hondarrean hasiko da oposizioa. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7.2. Oposizioaren ariketen balorazioa gehienez ere 110 puntukoa izanen da, ariketa ezberdinetan honela banaturik:

a) Lehen ariketa.

Idatzizko ariketa, elektrizitateko, igeltserotzako, zurgintzako, iturgintzako, lorezaintzako eta kultur orokorreko ezagupenen gainekoa.

Epaimahaiak, aurretik, galdera sorta batzuk prestatuko ditu, eta gero horietatik bat aterako zozketa bidez.

Ariketa hau plika sistemaren bidez eginen da.

Ariketaren gehieneko iraupena ordubetekoa izanen da eta gehienez ere hogei puntu emanen dira.

b) Bigarren ariketa.

Bete beharreko lanerako tresnen erabilerari eta ezagupenei buruzko proba praktikoak.

Ariketaren iraupena epaimahaiak ezarriko du oposiziogileen kopuruaren arabera, baina oposiziogile bakoitzari lau ordu emanen zaizkio gehienez, eta gehienez ere 60 puntu emanen dira.

c) Hirugarren ariketa.

Proba psikoteknikoa. Gehienez ere 30 puntu emanen dira.

7.3. Oposizioaren lehen, bigarren eta hirugarren ariketak baztergarriak izanen dira, eta haietako bakoitzean bazterturik geldituko dira gutxienez ariketa bakoitzari dagokion puntuazioaren erdia erdiesten ez duten izangaiak. Halaberean, lehen eta bigarren ariketetan, bazterturik geldituko da edozein gai edo kasutan 0 puntu ateratzen duen izangaia.

7.4. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta ariketa horren zatiaren puntuazioa kalifikazio guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da.

8.-Probetarako deialdia

8.1. Ariketa bakoitza bukaturik, epaimahaiak, hamar eguneko epean, LUZko iragarki ofizialen oholean argitaratuko du gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioekin batean, eta bere hartan adieraziko ere oposizioaren hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.2. Probetarako deialdi bakarra egonen da, eta hara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela joan beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.-Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Lagunak Udal Zerbitzuko iragarki ofizialen oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, ariketa guztietan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.

9.2. Epaimahaiak LUZko Zuzendaritza Batzordeari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Izangai izendatuak, izendapenaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza. Epe horretan eta, ezinbertzeko arrazoiak direla eta, jabetzarik hartzen ez badu, peoiaren kategoria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu eta, beraz, Zuzendaritza Batzordeak hutsunea gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta egintzen kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Aldez aurretik eta nahi bada, gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Izena: ................., N.A.N. zenbakia: ......., sorteguna: ........, sorlekua: ............ (.........), bizilekua: ....... (........), karrika: ...... zenbakia: ...., posta kodea: ........, telefonoa: .....

Agertzen naiz eta azaltzen dut:

Zerbitzu anitzetako peoi bat oposizio bidez hartzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galaraziko didan eritasun eta akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez dudala.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

Merezimendu hauek alegatzen eta egiaztatzen ditudala: ............

Horiek horrela,

Eskatzen dut honako eskabide hau onar dezazun eta, beraz, zerbitzu anitzetako peoi bat oposizio bidez hartzeko deialdian onar nazazun.

Barañainen, .....(e)ko ...aren ...(e)an.

LAGUNAK UDAL ZERBITZUKO LEHENDAKARIA.

Iragarkiaren kodea: A0100792