23. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 19a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

S E S M A

Sesmako Udaleko bitarteko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia

Sesmako Udalak bitarteko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia iragartzen du, ondorengo oinarrien arabera.

O I N A R R I A K

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Sesmako Udalaren zerbitzuko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez eta bitarte baterako betetzea, lanpostu hori behin betikoz bete arte.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Sesmako Udalaren administrazio kontratudun bilakatuko da, eta Gizarte Segurantzan alta hartuko du. Lanpostua betetzen duen bitartean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen ahal zaien estatutuaren araubide orokorrari atxikia egonen da.

Kontratuak sei (6) hilabeteko iraunaldia izanen du, epe hori lanpostua behin betikoz bete arte luzatu ahalko bada ere.

1.3. Lanaldia zerbitzuko beharrei egokituko zaie eta udal organo eskudunek edozein momentutan alda dezakete.

1.4. Deialdi honetako lanpostuaren lansariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Testu Bategineko 12. artikuluan ezarritako egungo eskalako "D" mailari dagozkionak, hala behar izanez gero ezarriko diren lansari osagarriez gain.

1.5. Izendatuak udaltzainen berezko eginkizunak beteko ditu, Sesmako Udalean egin beharreko zeregin zehatzez gain (hala nola bandoak aldarrikatzea, ahots publikoa, agirien banaketa, e.a.) eta udal organo eskudunek berariaz haren esku uzten dituen bestelakoak barne.

1.6. Izendatuak Nafarroako Funtzio Publikoaren arloan indarra duen araudiak agindutakoari jarraikiz finkatu beharko du egoitza.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetara onarturik izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako edo Europako Batasuneko nazionalitatea izatea.

b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hemezortzi urte beteak izatea.

c) Guttienez ere Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehenbiziko mailakoa edo baliokideren baten jabe izatea.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

f) Ibilgailuak gidatzeko guttienez "B-1" motako baimena izatea.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak Sesmako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, eta horretarako hamabost egun naturaleko epea izanen da, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Epe hori luzaezina izanen da eta azken eguneko arratsaldeko ordu batean bukatuko da, egun hori balioduna bada, edo balioduna den hurrengo eguneko ordu berean.

3.2. Eskabideak I. eranskineko ereduari lotu beharko zaizkio bete-betean, eta Sesmako Udaleko bulego orokorretan lortu ahalko dira. Haiekin batera honako agiriak aukeztuko dira:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.

b) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

c) Udal diruzaintzan azterketarako eskubideengatik 1.000 pezeta ordaindu izanaren gordekina.

3.3. Fotokopiak notario bidez konpultsatzen ahal dira, edo bestela, administrazioaren bidez, Sesmako Udaletxean berean.

4. oinarria.-Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpena emanen du eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du eta izangaiei banan- banan jakinaraziko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hiru egun baliodunetan, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta eskabidean edo agirietan egon daitezkeen formazko akatsak zuzendu, halakorik bada.

4.3. Epe hori amaituta, eta erreklamaziorik izan bada, horiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzeko eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

Ebazpen berean oposizioko ariketak noiz, non eta zer ordutan hasiko diren finkatuko da.

5. oinarria.-Oposizioa nola eginen.

5.1. Hautapenaldiko bigarren eta hirugarren probetan plika itxien sistema erabiliko da.

a) Lehen proba:

II. eranskinean agertzen diren gorputz-ariketak egin beharko dira, epaimahaiak zehazten dituen ordenan. Puntuak banatuko dira ariketa bakoitzean lorturiko markaren arabera.

b) Bigarren proba:

Bi ariketa egin beharko dira:

b. 1. Diktaketa: 100 bat hitzetako testua idaztea.

b.2. Oinarrizko matematikako hainbat problema ebaztea.

Epaimahaiak ariketen iraupena zehaztu ahalko du eta egun batean edo gehiagotan egitea, eta erabakiko du, orobat, probak test moduan, gaien bidez edo beste edozein modutan eginen ote diren.

c) Hirugarren proba:

c.1. III. eranskinean agertzen diren gaietatik bi garatu beharko dira edo eranskin horretako hainbat gairen inguruko kasu praktikoak ebatzi, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera.

Ariketa horretan epaimahaiak, ezaupideez gain, adierazpidea, aurkezpena, sintesirako gaitasuna, araudien aipamenak eta ortografia ere baloratuko ditu.

c.2. Elkarrizketa epaimahaikoekin

Buruz buruko elkarrizketa izanen da epaimahaikoekin, lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa eta izangaia lanpostuaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen den hobeki zehazteko balio duten beste arloei buruzkoa. Epaimahaiak zerotik hamar puntura arteko balorazioa erabil dezake.

5.2. Gehieneko puntuazioa: 80 puntu.

Hiru probak baztergarriak dira, eta honako puntuazio hauek erdietsi beharko dira gainditzeko:

Lehenengo proba: gutxienez 5 puntu, eta gehienez 10, ariketa bakoitzeko.

Bigarren proba: gutxienez 10 puntu (5 ariketa bakoitzeko), gehienez 20 (10+10).

Hirugarren proba: gutxienez 20 puntu, eta gehienez, 40.

5.3. Aurkezteko baldintzak.

Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakar baten bidez eginen dira eta izangaiek Nortasun Agiria eraman beharko dute. Kanporatuak izanen dira probetarako iragarri egun, ordu eta tokietan aurkezten ez direnak.

6. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Osaketa.

Epaimahaia horrela osatuko da:

Mahaiburua: José María Olcoz Esteban, Sesmako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: José A. Pérez Morrás, Sesmako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Sesmako Ikastetxe Publikoko irakasle bat, izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Sesmako Ikastetxe Publikoko irakasle bat, izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Sesmako Ikastetxe publikoko irakasle bat, izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Sesmako Ikastetxe publikoko irakasle bat, izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Gregorio Campos Larrainzar, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Antonio Martínez Arana, langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Francisco Javier Guembe, Sesmako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Eva Palacios Jorge, Sartagudako Udaleko idazkria.

6.2. Eraketa.

Epaimahaia proben hasiera baino lehen eratu beharko da, mahaiburuaren deialdiaren bidez. Epaimahaiak ez du osatzerik izanen, ez eta jarduterik ere, bertan kideen erabateko gehiengoa ez badago.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta betearazterakoan izan daitezkeen gorabehera guztiak.

6.4. Halaber, epaimahaiak aholkulari adituak biltzen ahalko ditu, proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

7. oinarria.-Proposamena.

7.1. Probak bukatutakoan, azken ariketa egin den tokian epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu azterketa gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren ordenan eta alkateari igorriko dio izendapen proposamena puntuazio altuena lortu duen izangaiaren alde. Alkateak Sesmako Udaleko albiente izendatuko du, bitarteko izaerarekin, proposatutako izangaia eta izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

7.2. Izendapenaren jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Titulu akademikoen fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiria, jatorrizkoa, lanpostuan aritzeko baldintza fisikoak eta psikikoak betetzen dituela erakusten duena.

c) Zinpeko aitorpena, izendatua ez dela ezgaitua edo gabetua izan funtzio publikoetan aritzeko eta ez dela inongo administrazio publikotako zerbitzutik berezia izan erakusten duena.

Hamar egun horietan eta aipatu agiriak aurkeztu ondoren, lanpostuaren jabetza hartu beharko du eta aldi baterako kontratazioa egiteko dokumentuak sinatu. Aipatu epean eta behar bezala egiaztaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, horrela egiten ez badu, Sesmako Udalaren kontratazio administratiborako eskubide guztiak galduko ditu.

Hori gertatuz gero, eta proposatutakoak edo izendatutakoak uko egiten badu, Alkatetzak puntuazioen zerrendan ondotik heldu den edo direnekin, hurrenez hurren, beteko du lanpostua.

8. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen kontra ondoko errekurtso hauetakoren bat jartzen ahalko da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, errekurritzen den erabakia argitaratu edo egintza jakinarazi eta bi hilabetetako epean, organo egileari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri eman ondotik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritzen den erabakia argitaratu edo egintza jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, Sesmako Udalari zuzendua, errekurritzen den erabakia argitaratu edo egintza jakinarazi eta hilabeteko epean.

Sesman, bi mila eta bateko urtarrilaren hamarrean.

I. ERANSKINA

Izena: .........., adinez nagusia. N.A.N. zk.: ........, sorteguna: ..........., sorlekua: .........., probintzia: ........, bizilekua: ........., kalea: ............., zenbakia: ......., oina: ...., posta kodea: .............. Telefonoa:

Zure aurrean agertu eta honako hau azaltzen dut:

Ezagutzen dudala Sesmako Udalaren zerbitzuko albiente izateko lanpostu bat, bitarte baterako eta oposizio bidez, betetzeko deialdia, 2001eko .....aren ..(e)ko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.

Hori dela eta, erantzukizuna nirea izanik, honako hau diot:

1.-Deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.-Deialdiko oinarriak onartzen ditudala eta horietara makurtzen naizela.

3.-Azterketa eskubideak ordaindu ditudala eta horren egiaztagiria eransten dudala.

4.-Deialdiko 3.2 oinarrian aipatzen diren agiriak eransten ditudala.

Horrenbertzez, aipatu oposizioan onar nazazula eskatzen dizut.

Sesman, 2001eko ............aren ....(e)an

(Sinadura)

SESMAKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1.-Abiadura lasterketa: 100 metro.

Hasierako jarrera: zutik, geldirik, irteera marraren atzean. Ez da zilegi takoak erabiltzea, ezta eskuekin lurra ukitzea ere.

Egiteko modua: ateratzeko agindua aditu ondoan, izangaiak 100 metro egin behar ditu lasterka ahalik eta denbora laburrenean, eman zaion kaletik atera gabe.

Kanporatua geldituko da baliorik gabeko bi irteera egin edo kaletik ateratzen dena.

Puntuazioa:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK PUNTUAK

14,5" baino gehiago 19,2" baino gehiago baztertua

14,4" eta 14,1" bitarte 19,2" eta 18,4" bitarte 5

14" eta 13,6" bitarte 18,3" eta 17,5" bitarte 6

13,5" eta 13,1" bitarte 17,4" eta 16,6" bitarte 7

13" eta 12,6" bitarte 16,5" eta 15,7" bitarte 8

12,5" eta 12,1" bitarte 15,6" eta 14,8" bitarte 9

12" edo gutxiago 14,7" edo gutxiago 10

2.-Erresistentzia-lasterketa (Cooper testa).

Hasierako jarrera: zutik, irteera marraren atzetik.

Egiteko modua: lasterka, oinez edo bi modu horiek erabiliz, 12 minututan egin daiteeken distantziarik handiena.

Puntuazioa:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK PUNTUAK

2.400 m. baino gutx. 1.600 m. baino gutx. baztertua

2.400 eta 2.599 bit. 1.600 eta 1.799 bit. 5

2.600 eta 2.799 bit. 1.800 eta 1.999 bit. 6

2.600 eta 2.799 bit. 2.000 eta 2.199 bit. 7

2.800 eta 2.999 bit. 2.200 eta 2.399 bit. 8

3.000 eta 3.199 bit. 2.400 eta 2.599 bit. 9

3.200 eta 3.399 bit. 2.600 m. edo gehiago 10

III. ERANSKINA

Bigarren probarako gaien zerrenda

Legedia eta erakundeak.

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura orokorra

2.-Eskubide eta askatasun publikoak. Izendapena eta sailkapena.

3.-Nafarroako Foru Erakundeak. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako erakundeen osaketa eta eskumenak.

4.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langilerialen Estatutuaren Testu Bategina (25/93 LFD) Edukiaren azterketa.

5.-Nafarroako toki entitateak: antolamendua eta eskumenak.

6.-Toki entitateen araudia: ordenantzak, erregelamenduak, bandoak. Udal lizentziak. Salaketa, txostena, atestatua.

7.-Trafikoa eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna. Zirkularioaren Erregelamendu Orokorra.

8.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legea. Egitura eta edukiaren azterketa

9.-Toki entitateen poliziei buruzko foru araudia.

10.-1/92 Foru Legea, otsailaren 21ekoa, Hiritar Segurtasun Babesari buruzkoa.

11.-2/89 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Jolas Jarduerak arautzen dituena.

12.-16/89 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Ingurugiroa Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzkoa.

13.-10/94 Foru Legea, uztailaren 4koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa, eta lege hori hein batean garatzen duen Erregelamendua, apirilaren 3ko 85/95 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Iragarkiaren kodea: A0100619