23. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

20/2001 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) erdiesteko 2000an egin ziren probak gainditu zituztenei agiri hori emateko baimena eman du.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak 1535/1985 Foru Aginduaren bidez Euskararen Gaitasun Agiria sortu zen. Agiri horren helburua lanbide jarduera orotan, ahoz zein idatziz, euskararen jakintza nahikoa frogatzea zen.

Gaur egun, EGA agiria ondoko bideetakoren bat erabiliz erdiets daiteke:

1.-EGA agiria erdiesteko deialdi irekiko probak gainditu ondoren (azaroaren 19ko 1132/1999 Ebazpenak arautuak). 2000an bi deialdi egin ziren, bata, ekainean eta, bertzea, irailean.

2.-EGA agiria erdiesteko unibertsitatekoak ez diren jarduneko irakasle, eskolako orientatzaile eta eskolako ikuskatzaileendako prestatu berariazko probak gainditu ondoren (azaroaren 19ko 1132/1999 Ebazpenak arautuak). 2000an hiru deialdi egin ziren, hots, urtarrilean, ekainean eta irailean.

3.-Irakasleriaren Unibertsitate Eskolako ikasketa gehienak edo den-denak euskaraz egin badira. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du eta hartan aditzera eman izangaiak ikasketa gehienak edo den- denak euskaraz egin dituela eta EGA agiria erdiesteko behar den euskara maila duela.

2000. urteari dagozkion prozesuak bukatu dira. Beraz, Euskara Zerbitzuak prozesu horietako probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea proposatu du.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.c) eta d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-EGA agiria erdiesteko 2000an egin ziren deialdi irekiko probak gainditu zituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea (azaroaren 19ko 1132/1999 Ebazpenak arautuak). Proba horiek gainditu zituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen I. Eranskinean dago.

2.-EGA erdiesteko unibertsitatekoak ez diren jarduneko irakasle, eskolako orientatzaile eta eskolako ikuskatzaileendako prestatu berariazko probak 2000an gainditu zituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea (azaroaren 19ko 1132/1999 Ebazpenak arautuak). Proba horiek gainditu zituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen II. Eranskinean dago.

3.-Irakasleriaren Unibertsitate Eskolako ikasketak 2000an bukatu zituztenei Nafarroako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du eta hartan aditzera eman izangaiak ikasketa gehienak edo den-denak euskaraz egin dituela eta, gainera, EGA agiria erdiesteko behar den euskara maila duela. Aipatu baldintzak betetzen dituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen III. Eranskinean dago.

4.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea. Eranskinak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuan daude jendaurrean.

5.-Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0101186