22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L I Z A R R A

Deialdia, Lizarrako Udaleko lehen mailako ofizial lorezain buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Lizarrako Udaleko lehen mailako ofizial lorezain buru izateko izateko lanpostu bat, funtzionario moduan, oposizio- lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Probak gaindituta lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko eta hartan izena emanen, jabetza hartzen duenetik, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezartzen duen gisara.

1.4. Lanpostuak C mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginean eta Ordainsarien behin-behineko Erregelamenduan eta Lizarrako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoetan. Eginkizunak haren kategorirako aurreikusita daudenak izanen dira, baita berariaz manatzen zaizkionak ere.

1.5. Izangai izendatuak Lizarran bizi behar du, eta horretarako udal mugape horretan ezarriko du egoitza.

1.6. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.7 Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

2. oinarria.-Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek beharko dira bete:

a) Nazionalitatez espainiarra edo Europako Batasuneko bertze edozein estatutakoa, eta adinez nagusi izatea.

b) Goi mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako Bigarren Mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

c) Bere eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea ezta baztertua ere inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) B motako gidatzeko karneta izatea.

2.2. Arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 9.3 oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Lizarrako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean, eta egun horretako 13:30ak arte. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako I. ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batean agiri hauek aurkeztuko dira:

a) N.A.N.aren edo identifikatzeko agiri baliokidearen fotokopia.

b) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

Ikastaroei dagokienez, berriz, asistentzia edo matrikulazioa frogatzeko agiriak, haien iraupena agertzen duten agiriekin batean.

3.2. Ezintasunen bat dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda atera eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer egunetan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua.-Lizarrako Udaleko alkatea.

Ordezkoa.-Zerbitzu Batzordeko burua.

1. mahaikidea.-Iruñeko Agroforestal B.H.I.ko irakaslea.

Ordezkoa.-Iruñeko Agroforestal B.H.I.ko irakaslea.

2. mahaikidea.-Giroaz Ingurumenaren gaineko Aholkularitzako teknikaria.

Ordezkoa.-Giroaz Ingurumenaren gaineko Aholkularitzako teknikaria.

3. mahaikidea.-Lizarrako Udaleko zerbitzuburua.

Ordezkoa.-Lizarrako Udaleko arkitektoa.

4. mahaikidea.-Lizarrako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa.-Lizarrako Udaleko langileen ordezkari bat.

Idazkaria.-Udalbatzakoa, hizpidea duela, baina botorik gabe.

5.2. Hautapen probak hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia eta kideen erabateko gehiengoa, bederen, beharko da haren eraketak eta jarduketek balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guzti nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan burutuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisan.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragarriko da oposizio-lehiaketa noiz, non eta zein ordutan hasiko den.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 15 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A) Lanbideko esperientzia (9 puntu gehienez ere).

-A.1) Edozein administrazio publikoren zerbitzuan lorezain ari izan bada: 1,5 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu (zatikiak proportzioz hainbanatuko dira).

-A.2) Enpresa publiko nahiz pribaturen batean lorezain ari izan bada, Gizarte Segurantzan inskribaturik egonik: puntu 1 urte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu (zatikiak proportzioz hainbanatuko dira).

B) Prestakuntza osagarriagatik (gehienez ere 6 puntu).

1) Erdi mailako Lanbide Heziketako tituluagatik: lorezaintzako teknikaria: 3 puntu.

2) Lanpostuarekin ikusteko zuzena duten ikastaroak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, eta behar bezala egiaztatuak jatorrizko tituluaren edo fotokopiaren bidez. Puntuazioa honela eginen da:

a) 15 ordu baino gutiagokoak: 0,25 puntu.

b) 15 ordu eta hortik goitikoak: 0,50 puntu.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

7.2. Lehiaketaldia amaitutakoan, argitara emanen da Lizarrako Herriko Etxeko iragarki oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketak izanen ditu eta gehienez ere 70 puntu ematen ahal dira.

Lehen ariketa.-Proba teorikoa edo teoriko-praktikoa. II. eranskineko gaien gainean zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, gehienez ere bi ordutan. Gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutienez ere 7,5 puntu erdietsi behar dira.

Bigarren ariketa.-ZenbaIt probatan gauzatuko den ariketa izanen da. Hartan lorezain lanari dagokion makineriaz izangaiak duen jakitatea eta trebezia baloratuko dira, hala nola motozerra, traktorea, belarra mozteko makina helikoidala, landaresiak mozteko makina, etab. Gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

Hirugarren ariketa.-Euskaraz jakitea (borondatezkoa).

Euskaraz ahoz eta idatziz jakitea, gehienez ere 5 puntu emanen direla.

Euskaraz dakitela frogatzeko, horrela eskatzen duten izangai guztiek ahozko eta idatzizko proba egin beharko dute, epaimahaiak, deialdi honetako 5.4 oinarriari jarraikiz, izendatzen dituen aholkulariekin.

Laugarren ariketa.-Proba psikoteknikoa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologiako Zerbitzuak eginen duena. Gehienez ere 5 puntu emanen dira proba honetan, eta ez da baztergarria izanen.

Borzgarren ariketa.-Elkarrizketa bat egin beharko da epaimahaikoekin. Epaimahaiak behar duen aholkularitza teknikoa izaten ahalko du horretarako. Gehienez ere 5 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko da, Herriko Etxeko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz non eginen den, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako deialdi bakarra izanen da, eta hartara Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute izangaiek. Agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria.-Azterketa gainditu dutenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Lizarrako Udaleko iragarki oholean argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamen loteslea eginen dio alkateari. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena jakinarazi eta hurrengo 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu Udaleko erregistro orokorrera:

1.-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

2.-Osasun ziurtagiria, karguak bere dituen eginkizunak betetzea eragotziko liokeen eritasunik edo akats fisikorik ez duela erakusten duena. Izangaiak ezintasunen bat alegatu badu, hura deialdi honetako lanpostuarekin bateragarria dela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek sinatua.

3.-Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

4.-B.1 motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

5.-Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, izangai izendatuak aitzineko agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

9.5. Aitzineko atalean ezarritako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, alegia, 9.1 atalak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautabidea amaituta eta izangaiak aitzineko 9.4 oinarriak aipatu dituen agiriak ekarrita, alkateak Lizarrako Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Lizarrako Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.4 eta 9.5 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauek para daitezke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..........., adinez nagusia, N.A.N.: ........., jaioteguna: ..........., jaioterria: ....... (.......), bizitokia: .......... (........), karrika: ..........., zenbakia: ......., posta kodea: ...... telefonoa: .............

Zure aitzinera agertu eta azaltzen dut:

Lizarrako Udaleko lehen mailako ofizial lorezain buru izateko lanpostu bat betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guztiak betetzen ditudala, tenorez eta moduz.

Deialdia lotzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.

Ez dudala ezintasunik

Ezintasuna badudala eta, beraz, ondoko egokitzapen hau eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik (orri berezi batean ezintasunaren arrazoiak azalduko dira, baita eskatzen diren egokitzapenak ere)

(X bat paratu bidezko den tokian)

Euskara probak egin nahi ditudala:

Bai

Ez

Horrenbertzez:

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, horren bitartez, Lizarrako Udaleko lehen mailako ofizial lorezain buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira onar nazazun.

(Data eta sinadura)

LIZARRAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gaiak

1.-Zoruen egitura. Osagaien proportzioa. Zoru motak. Uraren atxikipena. Ekarpen substratua. Medeatzeak.

2.-Ongarriak. Motak eta ezaugarriak. Merkataritzako formatoak. Zoruan aplikatzeko moduak. Dosifikazioa.

3.-Fitosanitario eta izurrite berariazkoak lorezainintzan. Toxikotasuna eta sailkapena.

4.-Ureztapenak. Premiak. Maiztasunak. Motak. Zoruari aplikatzeko sistemak. Ihinztagailu motak. Kontrol eskuzkoa eta automatikoa. Banaketa.

5.-Zoruen prestakuntza. Xedeak eta bitartekoak. Kalkulua eta neurketa. Planoen interpretazioa. Planimetria.

6.-Landareen lurraren mekanizazioa. Aplika daitezkeen makina motak. Inplementoak. Mantentze lanak. Segurtasuna.

7.-Lorategiak. Kokaera. Lerrokadurak. Parkeak. Parke eta lorategien osagaiak. Ekipamendua. Landareak sartzea. Erabil daitezkeen eremuak eta zuhaitz eta zuhaixka motak. Banaketa. Landaketa eta ereintza. Lurraren prestakuntza. Behar diren bitartekoak.

8.-Mantenimendua. Espezieen identifikazioa. Mantentze lanen premia aroen ariora. Zoruak eta landareak. Bitartekoak. Kimatzea eta segatzea. Maziatasunak. Denboraldiko landaketak.

9.-Mintegiak. Erreprodukzioa. Ekoizpen sistemak eta kalitatea. Hautaketa. Garraioa eta biltegiratzea. Osasuna. Birlandaketa eta txertaketa.

Iragarkiaren kodea: A0100658