22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

79/2001 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Industri zuzendari nagusiak emana, Obanosko herrigunean etxeetarako, merkataritzarako eta industria txikietarako propano gasa banatzeko eta sarea ustiatzeko administrazio baimena Cepsa Elf Gas, S.A.ri eman, haren instalazioak baimendu eta haren onura publikoa aitortzen duena.

Cepsa Elf Gas, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Obanosko herrigunean etxeetarako, merkataritzarako eta industria txikietarako propano gasa banatzeko eta sarea ustiatzeko, baita haren instalazioak baimendu eta haren onura publikoa aitortzea ere. Mugak instalazio proiektuan zehazten den herrigunekoak izanen dira.

Hauek dira, funtsean, instalazioen ezaugarriak:

Banaketa sarea GLPko 99,712 mÛ-ko biltegi esparru batetik hornituko da. Lur gaineko bi biltegi finkok osatuko dute esparru hori (bakoitzak 49,856 mÛ), eta erregulazio ekipoak eta segurtasun balbulak izanen dituzte. Errotagaña parajeko lurzati batean kokatuko dira, Legardako bidetik gertu, Obanosko herrigunetik kanpo.

Aurreikusitako inbertsioek hemeretzi milioi hirurehun eta laurogeita bat mila zortziehun eta zortzi pezeta (19.381.808) egiten dute.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik, eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak ere erabiliz.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) eskuordetu dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Cepsa Elf Gas, S.A. enpresari administrazio baimena ematea Obanosko herrigunean etxeetarako, merkataritzarako eta industria txikietarako propano gasa banatzeko sarea eratu eta ustiatzeko eta biltegi eremua egiteko.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Cepsa Elf Gas, S.A.k bi hilabeteko epean 381.621 pezetako bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da GLPa biltegi finkoetan biltzeko Erregelamendua, Industria eta Energia Ministerioak 1986ko urtarrilaren 29ko Aginduaren bidez onetsia, bai eta Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua ere. Erregelamendu hori Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsi zuen eta, gero, Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Cepsa Elf Gas, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Cepsa Elf Gas, S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Cepsa Elf Gas, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6ko (84-07-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko EAO) eta 1998ko maiatzaren 29ko (98-06-11ko "EAO") Aginduen bidez aldatua, eta GLPa biltegi finkoetan biltzeko Erregelamendua, Industria eta Energia Ministerioak 1986ko urtarrilaren 29ko Aginduaren bidez onetsia.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea, proiektuari lotuz burutu beharko dena, indarra duen legeria betez, urtebeteko epean; eskariaren arabera epea luzatu egin ahalko da. Proiektuan Obanosko herrigune barneko hornidura sarea ageri da. Eremu hori zabaldu nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

Baimen hau ematen da deusetan galarazi gabe udal edo probintzia mailako kontzesio, baimen eta lizentziak edo aplikatzekoak diren bestelako xedapenekin bat beharrezkoak direnak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurugiroari buruzkoa. Baimenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen hau Cepsa Elf Gas, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita hiruan.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: a0101070