21. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko urtarrilaren 29koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseilu Arau-emailea eta Nafarroako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (CPAEN-NNPEK) partez berritzeko hauteskundeetarako deia egiten duena.

Formazko eginkizun batzuk gorabehera, bukatua da jada Nafarroako lurraldean elikagaien kalitatezko deituren Kontseilu Arau-emaileak berritu edo eratzeko hauteskunde prozesua, 2000ko uztailaren 24ko Foru Aginduaren bidez iragarria. Horren bidez, Kontseilu horietako kideak hautatu dira.

Dena den, bi kontseilutan ez dira kontseilukide postu guztiak bete. Izan ere, "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseiluan, D zerrendako ordezkariei dagokien tokia betetzeko kandidaturarik ez da aurkeztu, eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan (CPAEN-NNPEK), D zerrendako ordezkarientzako kandidatura bakarra atzera bota zuen Hauteskunde Batzordeak.

Hortaz, bidezko da bi kontseilukide postu horiek betetzeko hauteskundeetarako deia egitea. Horrenbestez, ikusirik Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikulua eta nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatutakoa,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseilu Arau-emailea eta Nafarroako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (CPAEN-NNPEK) partez berritzeko hauteskundeetarako deia egitea. Lehenbizikoan, C zerrendako ordezkariei dagokien kontseilukidea hautatu behar da, hots, Kontseilu Arau-emailearen Prestatzaileen Erregistroan inskribaturik dauden manipulatzaile eta merkaturatzaile izanagatik, B zerrendan ez daudenen ordezkaria. CPAEN- NNPEKen, aldiz, D zerrendako kontseilukidea hautatu beharko da, hots, azken buruko merkaturatzea egiteko enpresen titular eta Kontseiluko laguntzaile diren operatzaileei dagokiena.

2. artikulua. 1. Hauteskunde prozesuak koordinatu eta kontrolatuko dituzten hauteskunde batzordeetako kideak eta haien eginkizunak 2000ko uztailaren 24ko Foru Aginduaren bidez deituriko hauteskundeetako berberak izanen dira, bai "Lodosako Pikillo Piperrak" jatorrizko deituraren Kontseilurako, bai CPAEN-NNPEKerako, are Hauteskunde Batzorde Nagusia ere.

2. Era berean, hautesleak eta hautagaiak zehazteko zentsuak 2000ko uztailaren 24ko Foru Aginduaren bidez araututako hauteskunde prozesurako behin betikoz onetsitako berberak izanen dira.

3. Botoa emateko bi mahai izanen dira, biak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bulegoetan. Bata Iruñean, Tutera kaleko 20an, CPAEN-NNPEKerako hauteskundeetarako; bestea, San Adrianen, Pelayo Sola kaleko 9. zenbakian, "Lodosako Pikillo Piperra" jatorrizko deituraren Kontseilu Arau-emailerako.

4. artikulua. Hona hemen hauteskundeen egutegia:

-Hautagaiak aurkeztea: martxoaren 12ra arte, hori barne.

-Hautagaiak aldarrikatzea: martxoaren 14a.

-Hautagaiak aldarrikatzearen inguruan erreklamazioak aurkezteko epea: martxoaren 19ra arte, hori barne.

-Aurreko erreklamazioak ebaztea: martxoaren 20a.

-Ebazpen horren gaineko errekurtsoak Hauteskunde Batzorde Nagusian aurkeztea: martxoaren 23ra arte, hori barne.

-Hauteskunde Batzorde Nagusiak errekurtsoak ebaztea: martxoaren 26a.

-Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea eta interesatuei jakinaraztea: martxoaren 27a.

-Hauteskunde mahaietako kide ezin izatearen arrazoiak Hauteskunde Batzordeetan alegatzea: apirilaren 2ra arte, hori barne.

-Alegaturiko arrazoiak ebaztea: apirilaren 3a.

-Mahaiak eratzea eta boto ematea: apirilaren 5a.

-Kontseilukideak aldarrikatzea: apirilaren 6a.

-Kontseilukideen aldarrikatzearen gaineko errekurtsoak Hauteskunde Batzorde Nagusian aurkeztea: apirilaren 20ra arte, hori barne.

-Aurreko errekurtsoak ebaztea: apirilaren 23a.

-Hautaturiko kontseilukideak kargua hartzea: apirilaren 27a.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, 2000ko uztailaren 24ko Foru Aginduari segituko zaio, horren bidez Nafarroako lurraldean eligakaien kalitatezko deituren Kontseilu Arau-emaileak berritu edo eratzeko hauteskundetarako deia egin baitzen.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bederatzian.-Neka- zaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101295