19. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

20/2001 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Murillo el Fruto-Zarrakazteluko hondakin uren tratamendua" proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak azaroaren 22an emandako 826/2000 Ebazpenaren bidez, "Murillo el Fruto-Zarrakazteluko hondakin uren tratamendua" proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari hasiera eman zitzaion, eta aipatu proiektua jendaurrean jarri zen hamabost egunez, ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Epea iraganik, alegazio hauek aurkeztu eta erantzun hau eman zaie:

1.-Angel Villafranca Lecumberri jaunak, bere izenean eta identifikatu gabeko beste ukitu batzuen izenean, alegatu du:

Beren finkak ukituko dituen trazadura ikusirik, alda daitekeela uste dute, ahalik eta kalte gutxien egiteko. Horretarako bi aukera proposatu dituzte: horietako batek Bide Zaharrean izanen luke hasiera, errepidea hegorantz gurutzatuko luke, Carrerako bidetik jarraituko eta bukaera makaldian izanen. Bigarrenak zuzen jarraituko luke 3001. lurzatiaren (CR-236) albotik (hegoaldetik), errepidea gurutzatuko, zuzen jarraituko 3142. lurzatiaren (CR-223) albotik (hegoaldetik) eta Carrerako errepidera irtengo.

Lehenengo proposamenari dagokionez, ideia hori baztertu egin zen lehenago, kota galtzen baitzen eta, ondorioz, ponpaketako altuera nabarmen gehitzen Hondakin Uren Araztegiko sarreran, bi arrazoi zirela eta. Lehenik, lur eremuak kota galtzen zuen makaldiaren alderantz. Bigarrenik, trazadura hark geroko uzten zuen iparraldeko adarra hegoaldekoarekin lotzea eta, beraz, bigarrenak ezinbestekoa zuen malda handiagoa izatea baldintza hidrodinamikoengatik. Gainera, trazadura haren ondorioz igorleek luzeagoak izan behar zuten.

Bigarren proposamenari dagokionez, ezin da onartu, trazaduraren parean dagoen ureztaketarako ubidea hautsi beharko litzatekeelako. Beste alde batetik, errepideko bidegurutzea desnibel handiagoarekin egin beharko litzateke, metro bat gorago baitago gurutzatze puntu horretan.

2. Herrera Amador senideek alegatu dute:

Indusketa lanek eragin negatiboa izanen dute lurzoruaren ondorengo trinkotzean. Halaber, egin daitekeen nekazaritzako landaketa deuseztatu eginen da, eta ez da zehaztu sortzen ahal den erantzukizunik.

Trazadura aldatu eta ondoko bidetik joanen litzatekeen batez ordez daitekeela ere adierazi dute.

Jabeei adierazten zaie lanak bukatutakoan ukitutako eremua lehen zegoen bezala utziko dela eta kalteak ordaindu eginen direla. Beste alde batetik, proposatu den trazadura aldaketa ez da bideragarria, hodiak ez lukeelako estaldurarik izanen.

3. M.ª Cruz Salvo Gabari andreak, CR-260 finkaren jabeak, Emiliana Gurpegui Pegenaute andreak, CR-261 finkaren jabeak, Sagrario Ezpeleta Goyena andreak, CR-262 finkaren jabeak (Emilio Ezpeleta Alfaro jaunak ordezkatzen duela) eta Antonio Herrera Amador jaunak, CR-263 finkaren jabekideak, alegatu dute:

Aipatu lurzatietatik kolektore bat pasatzea proiektaturik dago, eta, lurzati horiek noizbait lurzoru eraikigarri izan daitezkeenez, asko kaltetuko lirateke; hori horrela, trazadura finken mendebaldeko ertzetik pasa dadila eskatu dute.

Aukera hori onar daiteke, nahiz eta, eremu horretan hodia zein sakoneran dagoen kontuan harturik, mugatik 4 bat metrotara jarri behar izan. Halaber, CS-14 putzua CR-260 finkan (7. poligonoko 248. lurzatian) kokatu beharko da. Aldaketaren ondorioz, CR-262 finkan (7. poligonoko 251. lurzatian) dagoen etxola bat eraitsi beharko da eta frutarbol gehiago moztu.

4. Luis Fernando Usoz Josué jaunak, CR-266 finkaren jabeak, alegatu du:

Bat egin du aurreko alegazioarekin, eta trazadura bere finkaren mendebaldeko ertzetik pasa dadila eskatu.

Alegazioa aurreko erantzunean azaldutako moduan onartu da.

5. Francisco Javier Alfaro Orta jaunak, bere izenean eta Ricardo anaiarenean, alegatu du:

Proiektuak eskatzen duen lur desjabetzapenak beren finketako bi ukitzen ditu, eta araztegiaren jabe halako batean udala izanen denez, beren finkak Zarrakazteluko herrilurrekin trukatzea eskatu dute.

Horretaz gainera, beste alegazio batean adierazi dute Murillo el Frutoko ureztalurrak lurzati berrantolamendua egiteko prozesuan daudela; hori horrela, lur trukea eskatu diote udal horri.

Beste alde batetik, hirugarren alegazio batean adierazi dute Zarrakazteluko 7. poligonoko 3126 eta 3127. lurzatien jabeak direla.

Desjabetu beharreko lurrek, gurasoek oinordetzan utziak direnez, balio afektibo handia dutela adierazi dute eta, beraz, eraiki beharreko instalazioetarako beste toki bat bila dadila eskatu. Oker larritzat jotzen du laborantzarako lur ezin hobea hondatzea, askoz produktibitate txikiagoko lurra izanik eremu berean. Eskatu dena betetzea ezinezkoa izanez gero, desjabetzapenaren ordaina Zarrakaztelu eta Murillo el Frutoko udalen lurra adjudikatuz eman diezaietela eskatu dute.

Azkenik eskatu dute kontuan har daitezela lurzatiek nekazaritza aldetik dituzten ezaugarriak, desjabetu beharreko lurraren balorazioa egiten denean.

Lehenbizi adierazi behar da, jabeei azaldu zitzaien bezala, proiektuaren ondorioz Zarrakazteluko 7. poligonoko 3.127 finkan (CR-206) desjabetu behar diren metro errealak 1.066 mý direla, eta ez 5.841 mý, jendaurreko informazioan agertu bezala. Horretaz gain, aldi bateko okupazioko metroak 5.276 mý dira, eta ez 8.511 mý, jendaurreko informazioan agertu bezala.

Hondakin uren araztegiaren kokalekua aldatzeari dagokionez, ezin da onartu, hautaturiko lekua baita egokiena ikuspegi teknikotik eta ekonomikotik begiratuta. Halaber, aldaketa horrek beste jabe batzuen lurrak ukitzea ekarriko luke.

Eskatu diren trukeei dagokienez, ezin dira onartu, administrazioaren eskumenetik kanpo baitaude.

Ukituriko lurren balorazioari buruz adierazi behar da ukituriko finken balio justuaren gainean adostasuna lortzen ez bada, Nafarroako Desjabetzapenen Epaitegiak emanen duela irizpena.

Horiek guztiak horrela, eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8ko 407/99 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betikoz onestea "Murillo el Fruto-Zarrakazteluko hondakin uren tratamendua" proiektua, eta aurkeztu diren alegazioak Ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Zarrakaztelu eta Murillo el Frutoko udalei eta alegatzaileei, eta ohartaraztea errekurtso arrunta jar dezaketela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114.2, 115 eta 116. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeian.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Juan Frommknecht Lizarraga.

Iragarkiaren kodea: a0101103