19. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 9a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, Zizur Nagusiko Udaleko albiente izateko lau lanpostu oposizio bidez betetzeko

Udal honek albiente izateko lau lanpostu, funtzionario izaerakoak, oposizio bidez betetzeko deialdia iragartzen du honako oinarri hauen arabera.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Nagusiko albiente izateko lau lanpostu oposizio bidez betetzea, honako txanda hauetan banaturik:

a) Txanda irekiko bi lanpostu.

b) Igoera txandako bi lanpostu.

1.2. Igoera txandako lanpostu hutsen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautapen probetan eskaturiko guttieneko puntuazioa eskuratzen ez dutelako edo horiek betetzeko izangairik ez dagoelako, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaie.

Era berean, igoera txandan gehiago badira gainditzen dutenak hutsik dauden lanpostuak baino, txanda horretan probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekikoak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak Zizur Nagusiko Udalaren funtzionario publiko bilakatuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen ahal zaien estatutuen araubidearen menpe egonen dira eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarrita dagoen babesa hartuko dutelarik.

1.4. Izendatzen diren izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko D mailan sartuko dira eta aipatu maila horri dagozkion oinarrizko lansariak eta, behar izanez gero, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkien lansari osagarriak jasoko dituzte.

1.5. Izendatzen direnek lanpostuarekin zerikusia duten eginkizun guztiak eta Udalaren organo eskudunek une oro ematen dizkietenak beteko dituzte, Nafarroako toki entitateen polizi kidegoei berez dagozkienak barne eta baita atezaintzari dagozkienak ere, horiek haien esku uzten badira.

1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2. oinarria.-Izangaien beharkizunak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

c) Guttienez ere Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehenbiziko mailakoa edo baliokideren baten jabe izatea.

d) Ibilgailuak gidatzeko A eta BTP motetako baimenak edo horien baliokideak izatea, guttienez.

e) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Azterketa eskubideak ordaintzeko udal diruzaintzan 1.000 pezeta sartu izanaren egiaztagiria.

2.2. Igoera txandako izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, aipaturikoez gain baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoko langile finko izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deitutako lanpostu hutsetako maila berekoa edo hori baino apalagokoa izatea.

c) Nafarroako Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez jardun duela frogatzea.

2.3. Aurreko beharkizunak eskabideak aurkezteko epea akitzen denerako bete beharko dira, 2.1 idazatiko d) letrako beharkizuna salbu, oinarrizko prestakuntzaren ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezartzen den bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko arratsaldeko ordu biak baino lehen. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

3.2. Eskabidearekin batera osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, izangaia deialdiaren 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gai dela dioena, baita azterketa eskubideak ordaintzeko, udal diruzaintzan 1.000 pezeta sartu izanaren egiaztagiria ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta haien eskabideetan eta erantsitako agirietan formazko akatsik bada, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta behin horiek ebatzita direla, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5. oinarria.-Oposizioaren garapena.

5.1. Oposizioa 2001eko maiatzean hasiko da, gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.2. Oposizioa aldi hauetan banatuko da:

5.2.1. Hautapenaldia.

Hautapenaldiak proba hauek izanen ditu:

a) Lehenbiziko proba.

1. eranskinean agertzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira. Horietako bakoitzak jendea baztertu eta puntuatzeko balioko du, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko duen ordenan eginen dira ariketak.

Kiroletako Kontseilu Gorenak substantzia eta talde farmakologiko debekatuei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz 1996ko urtarrilaren 25ean eman zuen Ebazpenean azaltzen diren produktuetariko edozein erabiltzen duen izangai oro baztertuta geldituko da eta, horretarako, behar den antidoping kontrola egin ahalko da.

b) Bigarren proba.

Idatzizko lau proba objektibo eginen dira, deialdi honen 2. eranskinean agertzen den gai zerrendaren lau atalei buruzkoak.

Epaimahaiak erabakiko du ariketek zenbat iraunen duten, probak egun berean edo gehiagotan eginen diren eta baita osorik edo partzialki test modukoak edo bestelakoak izanen diren ere.

c) Hirugarren proba. Aukerakoa.

Aukerako proba izanen da, euskaraz, frantsesez, ingelesez edota alemanez izangaiek dituzten ezagupenak erakusteko. Horretarako epaimahaiak erabakiko du zein ariketa mota eginen diren.

Izangaiek 3.1 oinarrian zehazten den eskabidean adierazi beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi duten proba.

d) Laugarren proba.

Zenbait proba psikotekniko egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei zenbateraino egokitzen zaizkien zehazteko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du aurreko proba.

Hautapen prozesuko probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute, baztertuak geldituko direlarik, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunetan agertzen ez diren izangaiak.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntzaren ikastaroa.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du ikastarora behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da lau ikaslerena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzen denetik hamabost egun naturaleko epean, izangaiek frogatu egin beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako 2.1 oinarriaren a), b), c) eta g) beharkizunak betetzen dituztela eta oinarrizko prestakuntzaren ikastaroan behin-behinekoz onarturiko izangaien zerrenda argitaratzen denean, oinarri hartako d) beharkizuna betetzen dutela. Horretarako, Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean agiri hauek aurkeztuko dituzte:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokien Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

-Eskola Graduatuaren tituluaren fotokopia konpultsatua, Lanbide Heziketako lehenbiziko mailakoa edo baliokideren bat.

-A eta BTP gidabaimenaren edo baliokideren baten fotokopia konpultsatua.

-Norberaren ardurapeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik batertua izan ez dela dioena.

-Osasun egiaztagiria, eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa duela frogatzen duena.

Izangaiek aurreko agiriak aurkeztu ondoren, epaimahaiak erabaki du zenbat baja dauden, eta horiek, onartuak ez izan baina baztertu ez diren eta adierazitako beharkizunak betetzen dituzten izangaiekin beteko dira, eta oinarrizko prestakuntzaren ikastaroan onartzen direnen behin betiko zerrenda emanen da argitara.

Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta bederatzi bat hilabete iraunen du. Ikasgai tekniko eta praktikoak izanen ditu eta Lehendakaritza eta Barne kontseilariak apirilaren 3an emandako 401/1996 Foru Aginduaren bidez onetsitako Barne Araubideko Erregelamenduari jarraikiz eginen da.

Onartzen diren ikasleei ehun mila (100.000) pezetako beka emanen zaie hileoro ikastaroak dirauen bitartean, baina ikastaroak iraun bitartean udako oporrak egonen balira, aldi hori ez litzateke kontuan hartuko.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehenbiziko probako ariketa bakoitza 5etik 10 puntura bitarte kalifikatuko da, deialdi honen 1. eranskinean ezarritako baremoen arabera.

Ariketa bakoitzean 5 puntu eskuratzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

Azken puntuazioa erdiesten dituzten puntuazio guztien batura izanen da.

6.2. Bigarren probako proba objektibo bakoitza 0tik 25 puntura bitarte kalifikatuko da.

Baztertuta geldituko dira aipatu bigarren proba horretako lau proba objektiboetan guztira 50 puntu eskuratzen ez dutenak, baita horietako batean 5 puntura iristen ez direnak ere.

6.3. Hirugarren proba ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 12 puntuz baloratuko da.

Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira.

Frantsesez, ingelesez edota alemanez jakiteagatik, gehienez ere 9,60 puntu lortzen ahal dira hizkuntza bakoitzean.

Proba honetan ,hizkuntza batean baino gehiagotan puntuak lortuta ere, gehienez ere 12 puntu lortzen ahal dira.

6.4. Hautapen aldiko laugarren probako ariketa psikoteknikoei 0tik 50 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie, ematen den txosten teknikoa ikusirik.

Hirugarren proba horretako izangaiak baztertuko dira osotara 25 puntu, gutxienez, lortzen ez badituzte.

6.5. Nafarroako Segurtasun Eskolak, bere Barne Araubideko Erregelemenduari jarraikiz, Oinarrizko prestakuntzaren ikastaroak guztira izanen duen balorazioa erabakiko du, eta baztertuak izanen dira Eskolak ezarritako puntuak eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa hautapen aldiko puntuazioak prestakuntza ikastarokoekin batuz ateratzen dena izanen da.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduketa.

7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Zizur Nagusiko Udalaren alkate udalburua.

Ordezkoa: Zizur Nagusiko Udalaren lehen alkateordea.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolako teknikari bat, bertako zuzendariak izendatua. Ordezkoa ere azken horrek izendatuko du.

Mahaikidea: Zizur Nagusiko Udaleko Albiente Kidegoko burua. Ordezkoa berak izendatuko du.

Mahaikidea: Zizur Nagusiko funtzionarioen legezko ordezkaria. Berak hautatuko du bere ordezkoa.

Idazkaria: Zizur Nagusiko Udalarena edo legez ordezkatzen duena.

7.2. Epaimahaia eratzeko mahaiburuak deia egin beharko du, probak hasi baino lehen.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen hartara agertu gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntza emanen epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du ikastaroa gainditzen dutenen zerrenda, oposizioko ariketa guztietan lortzen dituzten puntuen hurrenkeran, baita puntuaziorik handienak lortzen dituzten izangaien aldeko izendapen proposamena ere. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi eta ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, izendaturiko izangaiek zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbestekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena, ezin izanen da izendatu.

8.4. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gertatuz gero, organo eskudunak zerrendan ondotik diren izangaiekin beteko du hutsunea, oinarri honetan ezarritakoa betetzen badute, alegia.

9. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Hautapen prozesua amaiturik, Alkatetzak, ebazpenaren bidez, 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen duten izangai proposatuak Zizur Nagusiko Udalaren funtzionario izendatuko ditu, albiente postua bete dezaten. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Izangairen batek, aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu funtzionario izateko eta aitzineko oinarrian xedatutakoaren arabera beteko da lanpostua.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ondoko errekurtso hauetakoren bat jarriko da hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza sustatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien sailari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta bi hilabeteko epean, jakinarazpenetik edota errekurritzen den egintza edo erabakia argitaratzen denetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke alkateari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean

11. oinarria.-Eskabide eredua

Izena: adinez nagusia, N.A.N.: ............., noiz sortua: 19.....(e)ko .......aren (e)an, helbidea: ........., Herria: ........., probintzia: .........., posta kodea: ............, telefonoa: ..............

Zure aitzinean agertu eta azaltzen dut:

Zizur Nagusiko Udalaren albiente izateko lau lanpostu, funtzionario izaerakoak, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala, txanda honetan:

Txanda irekia

Igoera txanda

Karguan jarduteko gaisotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik bat ere ez dudala.

Ez naizela berezia izan disziplina-espedientearen bitartez administrazio publiko baten zerbitzutik eta ez nagoela ezgaiturik eginkizun publikoetan jarduteko.

Egoera txandan onartua izateko deialdian (hala balitz) eskatzen den egiaztagiria erasten dudala.

Deialdian ezarri bezala, azterketa egiteko eskubideak ordaindu ditudala eta horren gordekina eransten dudala.

Deialdiaren 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dudala dioen osasun ziurtagiri ofiziala eransten dudala.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Aukerako proba, hizkuntzetakoa, egin nahi dudala:

Euskara

Frantsesa

Ingelesa

Alemana

X batez adierazi.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat eman eta horren indarrez, Zizur Nagusiko Udalaren albiente izateko lau lanpostu, funtzionario izaerakoak, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dizut.

.......(e)n, 2001eko .......aren ......(e)an.

(Sinadura)

ZIZUR NAGUSIKO UDALEKO ALKATE JAUNA.

1. ERANSKINA

Lehenbiziko probari dagozkion ariketak

1.-Abiadura lasterketa: 100 metro.

Hasierako jarrera: zutik, geldirik, irteera marraren gibelean.

Ez da zilegi takoak erabiltzea, ez eta eskuekin lurra ukitzea ere.

Egiteko modua: ateratzeko agindua aditu ondoan, izangaiak 100 metro egin behar ditu lasterka ahalik eta denbora laburrenean, eman zaion kaletik atera gabe.

Kanporatua izanen da baliorik gabeko bi irteera egin edo kaletik ateratzen dena.

PUNTUAZIOA GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK

baztertua 14,5" baino gehiago 16" baino gehiago

5 14,5" eta 14,1" bit. 16" eta 15,1" bit.

6 14" eta 13,6" bit. 15" eta 14,6" bit.

7 13,5" eta 13,1" bit. 14,5" eta 14,1" bit.

8 13" eta 12,6" bit. 14" eta 13,6" bit.

9 12,5" eta 12,1" bit. 13,5" eta 13,1" bit.

10 12" edo gutxiago 13" edo gutxiago

Kanporatuak izanen dira 16" baino gehiago egiten duten emakumezkoak eta 14,5" baino gehiago egiten duten gizonezkoak.

2.-Erresistentzia-lasterketa (Cooper testa).

Hasierako jarrera: abiadura lasterketan bezalaxekoa.

Egiteko modua: lasterka edo oinez, edo bi modu horiek erabiliz, 12 minututan egin daitekeen distantziarik handiena.

PUNTUAZIOA GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK

baztertua 2.400 m. baino gutx. 2.000 m. baino gutx.

5 2.400 eta 2.599 bit. 2.000 eta 2.199 bit.

6 2.600 eta 2.799 bit. 2.200 eta 2.399 bit.

7 2.800 eta 2.999 bit. 2.400 eta 2.599 bit.

8 3.000 eta 3.199 bit. 2.600 eta 2.799 bit.

9 3.200 eta 3.399 bit. 2.800 eta 2.999 bit.

10 3.400 edo gehiago 3.000 edo gehiago

Baztertuak izanen dira 2.000 metro baino gutxiago egiten duten emakumezkoak eta 2.400 baino gutxiago egiten duten gizonezkoak.

3.-Igeriketa: 50 metro.

Hasierako jarrera: zutik igeritokiaren kanpo aldeko bazterrean.

Egiteko modua: 50 metro ahalik eta denbora txikienean igerian egitea.

Ez da zilegi kortxoei heltzea, ez eta igeritokiko zolatik bultzatzea ere. Hori betetzen ez dutenak kanporatuak izanen dira.

Era berean, kanporatuak izanen da baliorik gabeko bi irteera egiten duena.

PUNTUAZIOA GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK

baztertua 57 baino gehiago 60" baino gehiago

5 57 eta 52,1 bitarte 60" eta 55,1" bitarte

6 52 eta 47,1 bitarte 55" eta 50,1" bitarte

7 47 eta 42,1 bitarte 50" eta 45,1" bitarte

8 42 eta 37,1 bitarte 45" eta 40,1" bitarte

9 37 eta 32,1 bitarte 40" eta 32,1" bitarte

10 32 edo gutxiago 35" edo gutxiago

Marka ehunenak kenduta aterako da.

Baztertuak izanen dira 60" baino gehiago egiten duten emakumezkoak eta 57" baino gehiago egiten duten gizonezkoak.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai-zerrenda

1.-Legeria eta erakundeak.

1.1. Espainiako 1978ko konstituzioa.

Egitura orokorra.

1.2. Eskubideak eta askatasun publikoak. Haien zerrenda eta sailkapena. Haien babes judiziala.

1.3. Nafarroako Foru Erakundeak. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaketa.

1.4. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta amaiera. Bere edukiaren azterketa. Bere itun izaera.

1.5. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina: 251/1993 L.F.D. Horren egitura eta edukiaren azterketa.

1.7. Nafarroako toki entitateak: antolakuntza eta eskumenak.

1.8. Administrazio prozedura: kontzeptua, prozeduraren hastapenak eta aldiak. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea. 30/1992 Legea eta hura garatzen duen 4/1999 Legea.

1.9. Toki araudia: ordenantzak, erregelamenduak eta bandoak. Udal lizentziak.

1.10. 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duena. 5/1997 Legea, martxoaren 24koa, Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzen duena.

13/1992 Errege Dekretua, urtarrilaren 17koa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrari buruzkoa. 116/1998 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendua eta Zehapen Prozeduraren Erregelamendua 5/1997 Legeari egokitzeari buruzkoa.

320/1994 Errege Dekretua, otsailaren 25ekoa, Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onesten duena. 137/2000 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, Zehapen Prozeduraren Erregelamendua aldatzen duena.

1.11. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa. Haren edukiaren ideia orokorra.

1.12. Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko oinarrizko araudia. Toki Poliziei buruzko Foru Araudia.

1.13. Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa, Hiritarren Segurtasunaren Babesari buruzkoa.

1.14. Martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

1.15. Abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea, Ingurugiroa Bebesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzkoa. Otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretua, Ingurugiroa Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Erregelamendua onetsi zuena.

2.-Zientziak.

2.1. Higidura: higidura moten azterketa problemetara aplikatua.

2.2. Indarrak. Masarekin eta azelerazioarekin duten zerikusia. Indar unitateen erabilera.

2.3. Lana, potentzia, energia eta makinak. Buruketetarako aplikazioa.

2.4. Zatikiak. Aplikazioak eragiketetan.

2.5. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakuna eta konposatua, ehunekoak, banaketa proportzionala eta korritu bakuna.

2.6. Sistema metriko hamartarra. Sistemaren unitateak. Kalkuluak.

2.7. Geometria: planoa, poligonoak, Ariketa praktikoak.

2.8. Geometria: espazioa: poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

3.-Hizkuntza.

3.1. Izen, adjektibo eta aditzaren morfologia. Perpaus bakunaren sintaxia.

3.2. Perpaus elkartuaren sintaxia. Deskribapena: motak. Deskribapenaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

3.3. Ortografia. Hiztegia. Irakurketa eta ulermena. Ñabardurak. Zehaztapen semantikoa. Elkarketak. Definizioak. Sinonimia eta antonimia. Zehaztapen lexikoa.

4.-Gizarte Zientziak.

4.1. Giza eskubideak.

4.2. Haurraren eskubideak, haurren babesa.

4.3. Ezintasunei buruzko legeria.

4.4. Oztopo fisikoei eta zentzumenezkoei buruzko araudia.

Zizur Nagusian, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita seian. Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

Iragarkiaren kodea: A0101019