19. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 9a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Deialdia, Tuterako Udaleko informatikako teknikari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

(Alkatetzak 2000ko azaroaren 30ean emandako ebazpenaren bidez onetsia, 1999ko apirilaren 21eko Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliz).

1.-Arau orokorrak

1.1. Tuterako Udaleko informatikako teknikari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Lanpostuak C mailari dagozkion lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Izendatuak Tuterako Udalean langileei buruz indarrean diren xedapenek, bai eta Plantilla Organikoak ere, ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.3. Izangai izendatuak Tuterako udal mugapean beharko du bizi eta, horretarako, hantxe finkatu beharko du bizitokia.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, administrazio organo eskudunek edozein momentutan alda dezaketelarik.

1.5. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du hautatua lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, bere ondorio guztiekin. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko bazkide bihurtuko da eta alta emanen zaio, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezarri bezala.

2.-Eginkizunak:

-Erabiltzaileen ekipoetako aplikazio informatikoen ezarpena, eguneratzea eta mantentze lanak.

-Sareko oinarrizko arazoen konponketa.

-Erabiltzaileen ekipoetako hardwarearen mantentzea.

-Zerbitzarien segurtasun kopien oinarrizko mantentzea.

-Erabiltzaileen ekipoetarako beharrezkoak diren sistema eragileen ezarpena, konfigurazioa eta akatsen berreskurapena.

-Software lizentzien zerrendak egitea eta haien jarraipena.

-Ekipoen eta periferikoen irteerak eta sarrerak kontrolatzea, konpondu beharra dela-eta.

-Erabiltzaileak lagundu eta aholkatzea oinarrizko aplikazioetan.

-Mantentze kontratuak dituzten aplikazioen arazoak konpontzea, dagokion enpresarekin zuzenean arituz.

-Erabiltzaileen hardware eta softwarearen behar berriak iradokitzea kategoria handiagoko informatikako arduradunei.

Aurreko funtzio horiek guztiak C mailari dagozkion eginkizunak dira.

3.-Izangaien betebeharrak.

3.1. Honako oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea edo Europako Batasuneko beste edozein Estatutakoa, edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera izaten ahal diren Estatuetakoa.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Hezkuntzakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Bere egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

3.2. Arestiko betebeharrak (4. oinarrian ezarritako salbu) azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 10. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako edozein baliabideren bidez, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.3. Minusbaliotasunen bat dutenek denbora eta baliabide egokitzapenak eskatu ahalko dituzte egokitzapena beharrezkoa duten ariketak egiteko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein den eskatutako egokitzapena, eta eskabideari erantsi erakunde eskudunek minusbaliotasunari buruz luzatutako egiaztagiria.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du.

5.2. Bazterturiko izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barruan, erreklamazioak aurkeztu eta egindako akatsak zuzendu ahalko dituzte.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Pedro González Felipe jauna, Baliabideen Kudeaketa eta Antolaketaren Arloko zinegotzi delegatua.

-Ordezkoa: María Victoria Castillo andrea, Hezkuntza, Zentro Zibikoak eta Gazteriako zinegotzia.

-Mahaikidea: Carmelo Arriazu jauna, informatikako teknikaria.

-Ordezkoa: informatikako teknikaria.

-Mahaikidea: Luis Carlos Alcubierre jauna, informatikako teknikaria.

-Ordezkoa: informatikako teknikaria.

-Mahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, hark hautatua.

-Ordezkoa: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, hark hautatua.

-Mahaikide-idazkaria: Elena Zubieta Mozaz andrea, Tuterako Udaleko Gizarte Graduatua.

-Ordezkoa: María Jesús Gastón Fernández andrea, Antolaketa eta Langileri Azpialorreko zuzendaria.

Epaimahaia hauta-probak egin baino lehen eratu beharko da.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, gutxienez, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta kideen erdiek ere, gutxienez.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egin ahalko die. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari horietan soilik emanen diote laguntza.

7.-Oposizio-lehiaketaren garapena.

7.1. Oposizio-lehiaketa 2001eko apirilean hasiko da, betiere, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iraganik eta bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketaldia eta horren ondotik oposizioaldia, betiere deialdi honen oinarriei jarraikiz.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Gero, epaimahaia beste probak iragarriz joanen da aldian-aldian, arauzko moduan.

7.3. Oposizio-lehiaketaren gehieneko balorazio osoa 100 puntukoa izanen da.

8.-Lehiaketaldia.

8.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi ere eskatzen ahalko ditu argibideak lehiatzaileek alegatu dituzten merezimenduei buruz.

8.2. Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuengatik:

-C maila edo taldean emandako zerbitzuak, langile finkoa izanik, edozein Administrazio Publikorenak edo haren menpeko erakunde autonomoenak diren zentroetan: 1,2 puntu urte bakoitzeko.

-C maila edo taldean emandako zerbitzuak, behin-behineko langilea izanik, edozein Administrazio Publikorenak edo haren menpeko erakunde autonomoenak diren zentroetan: puntu 1 urte bakoitzeko.

-Beste maila edo talde batean emandako zerbitzuak, langile finkoa izanik, hartarako lehiaketa edozein Administrazio Publikotan edo haren menpeko erakunde autonomoetan egiten bada: 0,8 puntu urte bakoitzeko.

-Beste maila edo talde batean emandako zerbitzuak, behin-behineko langilea izanik, hartarako lehiaketa edozein Administrazio Publikotan edo haren menpeko erakunde autonomoetan egiten bada: 0,6 puntu urte bakoitzeko.

Gehieneko puntuazioa 15 puntukoa izanen da.

b) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate- zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin lotuta badaude: kreditu akademiko edo haren balio bereko bakoitzarengatik (10 ikastordu), 0,1 puntu. Ordu kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira. Gehienez ere 6 puntu, denbora zatiak hainbana eginez.

c) Titulu akademikoak:

1. Unibertsitateko goi-mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

2. Gradu ertaineko titulazio akademikoak: puntu 1, titulu bakoitzeko.

3. Hizkuntza eskolan gainditutako ikasturte bakoitzeko: 0,10 puntu.

4. Aurrekoak ez bezalako titulazio akademikoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: puntu 1 gehienez.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barnean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila baxuagoko tituluak ez dira baloratuak izanen. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

c) idatz-zatian gehienez ere 4 puntu lortu ahalko dira.

8.3. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira, honela banatuak:

a) Eginiko zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.

b) Lanbide curriculuma: gehienez ere 6 puntu.

c) Titulu akademikoak: gehienez ere 4 puntu.

8.4. Lehiaketaldia bukatutakoan Epaimahaiak izangaien zerrenda, bakoitzaren puntuazioa zehaztuz, emanen du argitara Tuterako Udaleko iragarki oholean.

9.-Oposizioaldia

9.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehen ariketa.-Teorikoa, programako II. eranskinean dauden gaien artean zozketaz bi hautatu eta haiei buruz idatzi beharko da, gehienez 4 orduz. Gai bakoitza 0tik 12,5 puntura baloratuko da eta gainditzeko, bakoitzean gutxienez 6,25 puntu lortu beharko dira.

Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira.

b) Bigarren ariketa.-Teorikoa, programako III. eranskinean dauden gaien artean zozketaz bi hautatu eta haiei buruz idatzi beharko da, gehienez 4 orduz. Gai bakoitza 0tik 12,5 puntura baloratuko da eta gainditzeko, bakoitzean gutxienez 6,25 puntu lortu beharko dira.

Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira.

c) Hirugarren ariketa.-Teoriko-praktikoa, III. eranskinean dauden gaiekin lotutako 5 kasu -epaimahaiak ezarriak- ebatzi beharko dira, gehienez 4 orduz.

Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira, 5 kasu bakoitzeko. Beharrezkoa izanen da gutxienez 12,5 puntu lortzea.

Ariketa guztiak izanen dira baztergarriak, gutxieneko puntuazioa lortzen ez bada.

9.2. Oposizioko 3 ariketen balorazioa gehienez ere 75 puntukoa izanen da.

9.3. Epaimahaikide bakoitzak banaka puntuatuko ditu ariketak eta kalifikazio guztien bataz-besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren emaitza.

9.4. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

9.5. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.

10.-Gainditu dutenen zerrenda.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, izangai onartuen zerrenda, lehiaketa eta oposizioko ariketetan lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.2. Epaimahaiak puntuazio altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Proposamen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Azken puntuazioan berdinketarik suertatuz gero, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntu gehien kreditatu dituen izangaiak. Horrela ere berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

10.3 Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Udaletxeko Langileen Departamentuan honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 3. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua luzatzeko eskubideen ordainagiria.

c) Osasun txostena, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko-psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

10.3.1. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

10.3.2 Ezarritako epean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da bere izendapena egin eta bere egintza guztiak deuseztuko dira, hasierako eskaeran egindako iruzurragatiko erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

10.4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 9.1. idatz-zatian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

11.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

11.1. Alkateak, ebazpen bidez, aurreko idatz-zatian ezarritakoa betetzen duen izangaia Tuterako Udaleko informatikako teknikari-ofizial izendatuko du.

11.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaren jabetza hartu behar du hilabeteko epean, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

12.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra, honako errekurtso hauetako bat jarri ahalko da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean; aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa erabakia eman duen organoari zuzendua, hura jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegian, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Gainera, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten den egunetik hasita hilabeteko epean.

Tuteran, bi milako azaroaren hogeita hamarrean. Alkatea, Luis Campoy Zueco.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............ adin nagusikoa, NAN zenbakia: ................, jaioteguna eta tokia: ......................., helbidea: ....................., posta-kodea: ............., telefonoa: ................

Honako hau diot:

Tuterako Udaleko informatikako teknikari-ofizial lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio- lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik eskatzen dudala ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik (beste orrialde batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

Ez dudala minusbaliotasunik

(X bat ezarri behar den laukitxoan)

Horiek horrela: Eskabide hau ontzat hartu eta Iruñeko Udaleko informatikako teknikari-ofizial lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Tuteran, 20 ....(e)ko ..........aren ....(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

II. ERANSKINA

1.-Nafarroako toki entitateen aurrekontuak: 270/1998 Foru Dekretua. Aurrekontuen egitura. Tuterako Udalaren aurtengo aurrekontua betetzeko oinarriak.

2.-Udal errolda.

3.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Tributuz besteko dirusarrerak: kontzeptu eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak, prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

4.-1978ko Espainiako Konstituzioa.

5.-Egintza administratiboa: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Ebazpen eta egintza administratiboen jakinarazpena. Egintza administratiboaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isilbide administratiboa.

6.-Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

7.-Kontratazio administratiboa Nafarroan: ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen Zioen Azalpena. Aplikazio eremua eta araubide juridikoa. Kontratu administratibo ohikoenak: kontzeptua eta oinarrizko araubidea. Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Pleguak. Interesatuen proposamenak eta agiriak. Zabalkundea.

8.-Kontratazio administratiboa Nafarroan: esleipen bideak: enkantea, lehiaketa eta bestelakoak. Kontratuak betearazi, aldatu eta etetea.

9.-Europako Erkidegoa. Parlamentua. Batzordea. Kontseilua. Justizi Auzitegia. Euroa: haren jatorria eta haren mailakoko ezarpena.

10.-Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Osaera eta eginkizunak. Erregelamendua. Osoko bilkura eta batzordeak. Kontuen Ganbara.

11.-Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haren hautaketa. Parlamentuaren aurrean duen erantzukizun politikoa.

12.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: Xedapen Orokorrak. Funtzionario publikoak: hautaketa; funtzionario izaera eskuratu eta galtzea; mailak eta graduak; karrera administratiboa; plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta langileen espedienteak; egoera administratiboak; lanpostuak betetzea; eskubideak.

13.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: funtzionario publikoen betebeharrak; diziplina-araubidea, eskubide pasiboak; ordezkapen organoak. Behin-behineko langileak. Langile kontratatuak.

14.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa.

15.-Berraztertzeko errekurtsoa eta gora jotzekoa Foru Komunitatean.

16.-Tuterako Udalaren Funtzionamenduaren Erregelamendu Organikoa.

III. ERANSKINA

1. gaia.-PCaren arkitektura. Belaunaldiak. Periferikoak.

2. gaia.-PCaren konfigurazioa: Setup-a. Konfigurazio fisikoa. Etenak, E/S ateak, memoria helbideak eta DMA. BIOS AWARDak.

3. gaia.-Informazioko euskarri fisikoak. Diskete- unitateak. Disko gogorrak. CD-ROM irakurgailua.

4. gaia.-Kontrolagailuak. Disko gogorren kontrola, CD-ROM unitateak, diskete-unitateak eta atakak.

5. gaia.-Oinarri plakak. Formatu fisikoak. Osagaiak.

6. gaia.-Hardwarearen hutsegiteak. Gutxi gora-behera nola jardun. Softwarearen hutsegiteak. Hasierako diskoa. Arazoak hastapen sektorearekin. Arazoak DOS eta Windowsekin. Sarearen mantentze lanak eta gerta daitezkeen matxurak.

7. gaia.-Sistema eragileak. Motak. Egiturak.

8. gaia.-Windows 95 eta Windows NT. MS-DOS.

9. gaia.-Memoriaren kudeaketa. Memoria birtuala.

10. gaia.-E/S sistemak. Bigarren eta hirugarren mailako memorien egitura.

11. gaia.-Microsoft Office. Word. Excel. Access. Outlook.

12. gaia.-Sistema telematiko baten egitura. Telekomunikazioko protokoloak.

13. gaia.-OSI erreferentzia eredua. Geruzak. Mailak.

14. gaia.-Modem-ak. Motak. Terminalaren eta modem-aren arteko korrontearen kontrola. Modem motak, ITU-T estandarren arabera. Akatsen kontrola eta konpresioa. Instalazioa eta erabilera. Fabrikatzaile ezagunenen modem-ak.

15. gaia.-Transmisiorako bitartekoak. Motak, ezaugarriak eta komunikazioaren beharretara egokitzea.

16. gaia.-Sareen konexiorako gailuak. Motak. Eginkizunak. Firewall-a eta haren baliagarritasuna.

17. gaia.-Router baten funtzionamendua. Interfazeak. Konfigurazioa. Oinarrizko komandoak.

18. gaia.-LAN sare baten instalazioa eta konfigurazioa.

19. gaia.-Internet. Konexioa. Softwarea. Nabigatzaileak. Aurkitzeko motorrak. Plugins.

20. gaia.-WEB orrien diseinua.

Iragarkiaren kodea: A0012082