19. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 9a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Zehapen espedienteko jarduketen jakinarazpena

Ondotik aipatzen diren pertsonei jakinarazpena egitea ezinezkoa suertatu denez, eta Ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuei buruzko 32/90 Foru Dekretua eta aplikatzen ahal diren gainerako legeria hausteagatik Alkatetza honek egin dituen jarduketak direla eta, ediktu hau ematen da argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta salatua bizi den tokiko Udalaren ediktu oholean.

1. Espedientea; arau-hauslea: U.T.E. Conservación Arga, Noaingo (Nafarroa) Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saila, 9 eta 10. lurzatiak.

Jakinarazten den jarduketa: Noaingo Alkatetzaren 2000ko apirilaren 10eko ebazpena eta kargu pleguak, ondotik heldu direnak:

Gaurko datarekin, eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen II. idatz-zatiak eta Udal Ordenantzak Noain-Elortzibarko Udaleko alkate udalburuari ematen dizkion eskumenak erabiltzerik baditudanez, honako ekintza hau eman dut:

Hirigintzako araua betearazteko espedientea, barne obrak lizentziarik gabe egiteagatik, Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatietan, U.T.E. Conservación Arga enpresaren jabetzakoetan.

Izanik, Obrak Zaintzeko udal bulegoak 2000ko apirilaren 6an egin txostenean adierazten dela barneko handitze obrak egin direla.

Izanik, obra horietarako Udalak ez duela lizentziarik eman.

Kontuan hartuz, Udalak uneoro babestu behar duela hirigintzako egungo legean aurreikusitakoa, bereziki, ondoko hauetan zehaztutakoa: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legean (aurrerantzean LAHFL), bereziki haren 235. artikulutik 264. artikulura, biak barne, hirigintzako legeria babesteari eta disziplina araubideari buruzkoa, bereziki 228 eta 229. artikuluetan, eta hura garatzeko apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan, haren 73 eta 78. artikuluetan hirigintzako arau-hausteen zehapen prozeduraz jarduten baitu; eta egun aplikatzen ahal diren gainerako hirigintzako arauak.

Kontuan hartuz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 245. artikuluak obrak lizentziarik gabe egiteagatik obra sustatzailearen eta egilearen erantzukizun solidarioari buruz xedatzen duena. Hori guztia ezertan ukatu gabe obrako egilearen eta nabearen jabeen artean bidezkoak diren ekintzak eta haien arteko harreman partikularrak.

Kontuan hartuz, aipatu Foru Legearen 246. artikuluan xedatutakoa, hitzez hitz honelaxe dioena: "Etekinaren bahitura.-Hirigintzako arau-haustearen etekina dagokion zehapena baino handiagoa bada, hura igo beharko da, zenbatean, lortutako etekin ekonomikoaren horrenbestean." Hori oraindik zehaztu gabe dago kasu honetan, zehapen mailako jarduketak galarazi gabe.

Kontuan hartuz: erruduntasunaren printzipioari jarraikiz, tipikotasunarekin eta antijudizitatearekin batera arau-hauste administratiboa osatzen baitute, instruitzen den ekintza edo omisioa beti egotziko zaio haren egileari. Honenbestez,

Ebatzi dut:

1. Hirigintzako arau-hausteen gaineko zehapen espedientea irekitzea, urratutako hirigintzako antolamendu juridikoa lehengoratzeko eta izan daitezkeen erantzukizunak argitzearren, kontuan hartu gabe direlako obrak legeztatzeko aukera badutela, uste baita egindako ekintzak zehaztuak daudela LAHFL-ko 248.10 artikuluan, alegia: "Arau-hauste arinak: Foru Lege honetan aipatzen diren jarduketetako bat egitea, inolako baimen, lizentzia edo betearazpen agindurik gabe, edo horiek zehazten dituzten zehaztapenak bete gabe.". Eta delako Foru Lege horretako 253.a) artikuluak zehazten duenez 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko zehapena jar daiteke, eta hori igotzen ahal dela, ekintza honen xedapen zatian ageri bezala, lortutako etekin ekonomikoa berdindu arte, eta hori jartzea alkate jaunari dagokio.

Prozedurako instruktore Oscar Laquidáin Pascual Hirigintzako Alorreko jaun zinegotzia izendatzea.

Ekintza hau ez da irmoa bide administratiboan. Jakinaraz bekie interesatuei, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Noain-Elortzibarren, bi milako apirilaren hamarrean.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko (aurrerantzen LAHFL) uztailaren 4ko 10/94 Foru Legea garatzeko apirilaren 3an eman 85/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 74. artikuluak xedatzen duena betez, 73. artikulutik 78. artikulura bitarte hirigintzako arau-hausteen zehapen prozedura arautzen baitu (1995eko 69. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, maiatzaren 31koa), honako hau sinatzen duen instrukoreak ondoko hau eman du:

Karguen plegua:

2000ko apirilaren 10ean zehapen prozedura ireki zen, eta U.T.E. Conservación Arga enpresari jakinarazi zitzaion, obren sustatzaile eta egile baitzen, hirigintzako ustezko arau-haustea egiteagatik Noaingo (Nafarroa) Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatietan duen nabean barneko obrak egin eta bukatu baititu, Udalaren lizentziarik gabe, eta izan daitezkeen erantzukizunak argitzearren ematen da honako hau, ezertan galarazi gabe obrak legeztatzeko aukera badela. Halaber, instrutkore izendatu da honako honen sinatzailea.

Egitateak:

Lehena.-Udal zerbitzuen 2000ko apirilaren 6ko txostenaren bidez frogatu da behegainean barneko obrak egin direla, lizentziarik gabe eta onetsitako planeamendu xehekatuaren kontra, nahiz eta legeztatzeko aukera lortzen ahal duten.

Direlako obrak U.T.E. Conservación Arga enpresak egin ditu, bera baita nabeko sustatzaile eta egile, Noaingo (Nafarroa) Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatietan helbide izanik. Obrak lizentziarik gabe egiteagatik erantzule solidariotzat jo da enpresa hori, LAHFL-ko 245.1 artikuluko 3. puntuak ezartzen baitu pertsona juridikoak zehatzen ahal direla, beren organoek edo agenteek egindako arau-hausteengatik.

Bigarrena.-Katastroko datuak ikusirik, nabe hori katastroko lurzatiaren barrenean agertzen dela, eta horien jabeak hemen aipatu direnak direla.

Hirugarrena.-Hirigintzako legea babesteko asmoz Udalak egindako errekerimenduak eta ekintzak egin direla, egoerak lehengoratzeko eta egindako obrak legeztatzeko. Ekintza horiek ez dute itxuraldatzen egindako egitateen gaineko juzkua, izan ere zehapen prozeduraren xede baitira lizentziarik gabe eginak izateagatik, eta LAHFLko 244. artikuluaren arabera arau-haustetzat hartzen dira eta beherago kalifikatuko dira. Lizentziarik gabe eraikuntza lanak egite hutsak berez arau-hauste direnez, LAHFLren 229.1 artikuluak zehazki biltzen du egitate hori, obrak lizentziarik gabe bukatu edo haren zehaztapenei lotu gabe egiteagatik. Obrak bukatu dira lizentziarik gabe eta artikulu horren arabera, Udalak lau urteko epea du erabakia hartzeko, obrak bukatzen direnetik hasita, betiere arautegiari loturik.

Laugarrena.-Kalifikazioa gorabehera, egitatea bakarra da eta baldintzak bete egin dira jarduketa edo metatze batasunezko iritzien arabera jarduteko, hau da, obrak U.T.E. Conservación Arga enpresa sustatzaile berak egin ditu, lehenago aipatu jabeak tartekoak utziz, eta prozedura honetan pertsona horiei egozten zaizkien egitateak lotura hertsikia dute egitateak egiteko modua eta denborarekiko, LRJPACko 73. artikuluan aurreikusi bezala.

Bosgarrena.-Obrak bukatu dira, eraikitzeko zegoen helbururako egokituak baitaude eta eraiki dena berehala okupatu eta erabiltzen ahal baita osagarrizko inolako obrarik gabe, beraz, egitateak egintzat hartzen dira erabat eta modu sinesgarrian, eta kontuan hartuz obrak bukatu zirela 1998ko irailaren 1etik 19ra bitarteko tartean, hau da Batzordeak U.T.E. Conservación Arga enpresak Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatietako eraikuntzari buruz aurkeztutako obraren jakinarazpena hartu zuen denboran, eta momentu horretan Lehenbiziko Erabilerarako Lizentzia eman zela, eta Udal zerbitzuek 1998ko irailaren 23an ohartarazpena eman zuela, izan ere egun horretan zehapen prozedura irekitzen ahal zen agerikoak eta begi-bistakoak zirelako zantzuek ezagutzera eman baitzituzten arau-haustea sortuko zuten egitateak (LAHFLko 261.1 artikulua). Gainera, iraungi gabeko arau-hausteez ari gara.

Horregatik guztiagatik, ikusitako egitateak hirigintzako arau-hauste zehagarri dira, eta erantzukizuna, berriz, arestian aipatutako pertsona fisiko eta juridikoena.

Antolamendu juridikoa osatzen duten oinarri konstituzionalak eta zehapen araubidea azterturik; eta kontuan hartuz Administrazioak ezinbestean eskubideak zaindu behar dituela eta nahitaezkoa dela hirigintzako arau urratua lehengoratzea, jakinik gainera, obra horiek legeztatzeko aukera dutela, dagokion xehetasun azterlana eginda; orobat, arau-hauste horien ondorio juridikoak direla sortutako kaltearen medeapena eta haren kalteordaina egitea; bestetik ere, prozedura honen lema norbanatzea dela, arau-hausleen aurka baita, eta ezertan ukatu gabe, desberdinak izan arren, lotura baduela hirigintzako legezkotasuna babesteko abiarazi den prozedurarekin, plegu hau ondoko zuzenbidezko oinarrietan gorpuzten da.

Zuzenbidezko oinarriak:

Arautegia ikusirik, alegia: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 244. artikulutik 264. artikulura bitarte, biak barne (1984ko 84. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, uztailaren 15ekoa); apirilaren 3ko 85/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Foru Lege hori garatzeko Erregelamenduko 73. artikulutik 78. artikulura bitarte, hirigintzako arau-hausteen zehapen prozedurari buruzkoa (1995eko 69. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, maiatzaren 31koa).

Arau-haustea arintzat dago kalifikatua, LAHFLko 248/10 artikuluan horrelaxe zehazten baita: Foru Lege honetan aipatzen diren jarduketetako bat, baimenik edota lizentziarik gabe edo betearazpen agindurik gabe egitea, nahiz horiek zehazten dituzten zehaztapenak bete gabe egitea".

LAHFLko 245. artikuluak finkatu egiten du obren sustatzailearen eta egilearen erantzukizun solidarioa, lizentziarik gabe egiteagatik.

Foru Lege horren 256. artikuluak hitzez hitz honela dio: "Etekina bahitzea.-Hirigintzako arau-hausteak sortu duen etekina dagokion zehapena baino handiagoa bada, diru etekin hori zenbatekoa izan den, beste hainbestean handituko da zehapena".

Eta erruduntasunaren printzipioari jarraikiz, tipikotasunarekin eta antijudizitatearekin batera arau-hauste administratiboa osatzen baitute, instruitzen den ekintza edo omisioa beti egotziko zaio haren egileari.

Eta Lege bereko 253. artikuluak zehaztu egiten du arau-hauste arinei dagokien isuna 50.000 pezetatik 1.000.000 pezetara bitartekoa izanen dela, eta handitzen ahal da lortutako diru etekinaren arabera, hori guztia zehapenaren murrizketa galarazi gabe, hala balitz, 258.1 artikuluan zehaztu bezala.

Eta zehapen mailari eta erantzukizunaren inguruabar astungarriei edo aringarriei dagokienez, jabeek inguruabar aringarria badute, hain zuzen ere LAHFLko 255.3b) artikuluan aurreikusten dena, hau da, arau-haustea egin dutela hartatik sortzen ahal zen etekin ekonomikoari begiratu gabe. Beraz, eta Foru Lege bereko 254.2 artikulua aplikatuz, aurreikusia dagoen zehapen txikiena jartzea dagokio. Ondotik, 100.000 pezetako isuna jartzea da bidezko.

U.T.E. Conservación Arga enpresa sustatzailearen kasuan, inguruabar astungarri izan liteke artikulu bereko 3 zenbakian aurreikusia dagoena, zeren eta erantzulearen lanbide edo ohiko jarduera ikusita, ezagupen tekniko handiagoa izan behar luke jarduketaren gorabeheren gainean.

Zenbatekoaren % 30eko murriztapena ere bidezko da, zeren eta arau-haustea egin da legeztatzeko aukera duen eraikuntza batean, LAHFLeko 258. artikuluaren arabera.

Ebazteko organo eskuduna eta zein arautegik ematen dion eskuduntza hori.

Alkate jauna da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 259.1 artikuluan eta Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.m) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Instruktoreak proposaturiko frogak.

-Eska bekie jabeei, barneko obren proiektua aurkez dezaten, legeztatzearren, jadanik Alkatetzak 98-9-23an behegaineko egituraren eta gainerako barneko obren proiektua eskatu baitzuen.

Igor bekie kargu plegu hau interesatuei, hamabost eguneko epea izanen baitute haien eskubideen defentsa egoki iruditzen zaizkien alegazioak eta frogen proposamena aurkezteko.

Instruktoreak proposatutako froga, eta interesatuen ekimenez proposatzen dena, kargu plegu honi erantzuteko epea bukatu eta hurrengo hamar egun baliodunetan eginen da.

Noainen, bi milako apirilaren hamarrean.

Ebazpen proposamena

Ondoko enpresari irekitako zehapen espedientearen gainekoa: U.T.E. Conservación Arga, Noaingo (Nafarroa) Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatiak. Hori guztia Noain-Elortzibarko Udaleko alkate udalburuaren ebazpenaren bidez:

1.-Frogatutzat jotzen diren egitateak:

Beren jabetzako nabean eta behegainean barneko aldea handitzeko obrak egin dituzte.

Espedientatuak aurkeztutako deskargu-pleguen

balorazioa:

Espedientatuak ez du inolako deskargurik aurkeztu, eta horrek ez du inolaz ere galarazten legezkotasun eza, izan ere lizentziarik gabe lanean ari baita. Beraz, balorazioa eginda, kargu plegua bere horretan mantentzea erabaki da.

3.-Tipifikazio juridikoa:

Frogatutako egitateak arau-hauste dira, hirigintzako legezkotasunaren babesari eta zehapen prozedurari buruzko 235.etik 264.era bitarteko artikuluetan, biak barne, halakoxetzat hartzen baita, bereziki 228. eta 239. artikuluetan, baita apirilaren 3ko 85/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako hura garatzeko Erregelamenduko 73.etik 78.era bitarteko artikuluetan ere, horiek hirigintzako arau-hausteen zehapen prozedurari buruz ari baitira. Halaber, egun aplikatzen ahal den gainerako arautegietan halakoxetzat jotzen da.

4.-Zehapen proposamena:

Zehapen ekonomikoa proposatzen da, 50.000 (berrogeita hamar mila) pezetakoa, aipatu Erregelamenduko 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Honako hau igortzen zaio interesatuari eta 15 eguneko epea ematen, haren aurka alegazioak eta egoki iruditzen zaizkion dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, adierazten zaio ezen espedientea bere osotasunean eta hartan biltzen diren dokumentu guztiak eskuratzen ahal dituela Udaletxe honetan.

Noain-Elortzibarren, bi milako uztailaren batean.

Alkatetzak, 2000ko otsailaren 11n eman ebazpenaren bidez, zehapen prozedura abian jarri zuen U.T.E. Conservación Arga enpresaren aurka, helbidea Noaingo (Nafarroa) Talluntxe II industrialdeko 9. nabe-saileko 9 eta 10. lurzatietan baitu, Noain-Elortzibarko Udaleko alkate jaunaren ebezpenaren bidez, alegia, lanean aritzeagatik horretarako dagokion lizentzia izan gabe. Delako ebazpena 2000ko otsailaren 15ean jakinarazi zitzaion.

Aurtengo otsailaren 15ean, kargu plegua jakinarazi zitzaion eta 15 eguneko epea eman, bere eskubidearen alde egoki iruditzen zitzaiona alega zezan.

2000ko apirilaren 5ean, zehapen espedientearen ebazpen proposamena jakinarazi zitzaion.

Enpresak ez du alegazio idazkirik aurkeztu, horretarako zuen epean.

Kontuan hartuz, jarduerarako eta irekitzeko lizentziarik gabe aritzea zehaztua dagoela Ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean eta hura garatzen duen 32/1990 Foru Dekretuan.

Kontuan hartuz, delako enpresari jakinarazi zitzaiola jardueran aritzeko dagokion lizentzia edukitzea behar-beharrezkoa zela.

Honako hau ebatzi dut:

1.-U.T.E. Conservación Arga enpresari 75.000 pezetarekin zehatzea, egindako arau-haustearengatik. Zenbateko hori Noain-Elortzibarko Udalak Nafarroako Aurrezki Kutxan duen 2054/0114/38/1100000281 kontuan ordaindu behar du, hamabost egun balioduneko epean ordaindu ere, jakinarazpenetik hasita. Bestela, premiamendu bidez ekinen zaio kobrantzari, legeak agintzen duenari jarraikiz.

2.-Hirurogei eguneko epea ematea, gehienez ere, Irekitzeko lizentzia eskuratzeko dokumentazioa aurkez dezan.

3.-Aitzineko puntua betetzen ez bada, prezintatu eta jarduera itxi ahalko da.

Ebazpen honen aurka honako hauek jar daitezke,

zuzenean:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki honen jakinarazpenetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenetik aitzina.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza sustatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki honen jakinarazpenetik aitzina.

Noain-Elortzibarren, bi milako azaroaren hamahiruan. Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: A0011714