18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

UHARTE-ARAKIL

Urez hornitzeko zerbitzuari eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantza

2000ko irailaren 18ko 113. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ondoren ematen den ordenantza fiskala hasiera batez onetsia zela agertu zen.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, erreklamazio, kexu eta oharrik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedaturikoarekin bat.

UREZ HORNITZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Funtsa

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 100. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoaren babesean ematen da. Foru Lege hori 4/1999 Foru Legearen bidez aldatu zen.

Zergagaia

2. artikulua. Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzeko aukera eta erabilera bera dira Zergagaiak.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez dago salbuespenik tasa hau ordaintzeko.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Pertsona fisiko eta juridikoak eta unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak (pertsonalitate juridikorik ez izanagatik ere) dira tasa honen subjektu pasiboak, zergadunak diren aldetik, etxeetan edateko uraz hor nitzeko zerbitzua eskatzen badute edo zerbitzu horren onuradun badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, hala bada.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzu hori emateko tasak hiru hilabetean behin igorriko dira, kontzeptu hauengatik:

a) Etxeetan erabiltzeko horniduragatik, m3 bakoitzeko.

1.-0 m3tik 22 m3ra: 770 pezeta, kuota finkoa.

2.-23 m3tik goiti: 35 pezeta m3 bakoitza.

b) Industrietan eta ureztalurretan erabiltzeko horniduragatik, m3 bakoitzeko: 65 pezeta.

c) Hornidura paratu eta hartzeko eta alta emateko:

-Etxeetan: 37.000 pezeta.

-Industrietan eta ureztalurretan: 48.000 pezeta.

d) Hornidurako zerbitzua erabili eta mantentzeagatik: 300 pezeta.

Kitatu beharreko kuota

6. artikulua. Kitatu beharreko kuota aurreko artikuluan aipatzen diren tarifak aplikatzetik ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Tasa eta beraz pagatu beharra sortzen da:

a) Zerbitzua erabili eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, hori egiten denetik hasita.

c) Hartuneagatik haren irekiera, lizentzia edo baimena onartzen denean sortu eta ordainaraziko da.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Kontagailua erosteko gastuak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren kontu izanen dira, baita paratu eta hornitzeko behar diren materialak eta lan-eskua ere.

9. artikulua. Ur hornidura eteten ahalko zaio, badaezpada ere, barneko instalazioa matxuraturik daukan hartune baten titularrari, matxura horiek ura galarazten badute.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabilt zailea izanen da errudun bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileek berehala jakinaraziko dizkiote toki entitateari ura banatzeko orotariko sarean matxuraren bat gertatzean izan litezkeen gorabehera guztiak.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio arduratzea kontagailua eta ura sartzeko giltza dauden tokia behar bezala zaintzen eta toki entitateak ematen dizkion jarraibideak betetzen.

13. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten den tasaren bat pagatu behar duen zergadun oro beharturik dago kontagailua dagoen tokian sartzen uztera kontagailuaren irakurketak egiten dituzten langileei (behar bezala kreditaturik joanen direnei) eta toki entitateko beste langileei, zerbitzuaren beharrengatik edo antzeko arrazoiengatik, zergadunaren etxebizitzan edo lokalean sartu behar badute.

Diru-bilketa

14. artikulua. 1. 5. artikuluko a), b) eta d) idatz-zatietan aurreikusten diren tasak hiru hilabetean behin pagatuko dira.

2. Artikulu bereko c) idatz-zatian aipatzen den tasa sortzapenarekin batera pagatuko du erabiltzaileak.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Honakoak iruzurtzat hartuko dira:

a) Entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanez gero.

b) Ez uztea egiten kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko egiaztabideak.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketari buruz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren datuak maltzurkeriaz aldatzeko tresna baimendugabeak paratzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratutakoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak.

Uharte-Arakilen, bi milako abenduaren hogeita bederatzian. Alkatea, Juan José Orbegozo Beraza.

Iragarkiaren kodea: A0100024