18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L L I N I B A R

Ordenantza fiskal orokorreko aldaketaren eta ordenantza fiskalen behin betiko onespena

Allinibarko Udalak, 2000ko urriaren 5ean egin bilkuran, Ordenantza fiskal orokorrean aldaketa egitea onetsi zuen, hasiera batean, martxoaren 2ko 2/99 eta 4/99 Foru Legeetara egokitzeko, baita onetsi ere Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza eta Ordezko betearazpenen eta betearazpen aginduen tasak arautzen dituen ordenantza.

Azaroaren 8an 2000ko 135. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jendaurrean jarri ziren hogeita hamar egunez, eta ikusgai egoteko aldia iraganik inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu dira, eta haien testua osorik argitaratuko da.

Allinibarren, bi milako abenduaren hamabortzean. Alkatea, Julio Jesús Osés Osés.

ORDENANTZA FISKAL OROKORREKO ALDAKETA

Oinarrian hau eranstea:

Ordenantza fiskal hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak eta 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak eta 6/1990 Foru Legeak xedatutakoari jarraikiz ezarri da.

AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

2. art. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko dokumentuak eman edo tramitatzeagatik sortu udal jarduerak eratzen du zergagaia.

Ordaindu beharra

3. art. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri ematea eskatzearekin.

Subjektu pasiboa

4. art. Udal administrazioak edo udal agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. art. Ordenantza hau aginduko duten tarifak ondokoak izanen dira:

a) Kopiak eta fotokopiak: 5 pezeta bakoitzeko.

b) Udal bulegoek luzatzen dituzten ziurtagiriak: 10 pezeta bakoitzeko.

c) Fax zerbitzua, probintziaren barnean bidaltzen bada, 100 pezeta lehen orriak eta 50 pezeta ondokoek; probintziatik kanpora bidaltzen bada, 200 pezeta lehen orriak eta 100 pezeta ondokoek.

Kudeaketa eta dirubilketarako arauak

6. art. 1. Tasa sortutzat hartuko da dokumentua Udalaren erregistro orokorrean aurkezten denean eta udal bulegoetan ordenantzapeko eskabiderik ez dokumenturik ez da hartuko ez eta tramitatuko ere aldez aurretik ez bada ordainketa egin.

2. Udal zigiluaren itzulketa behar duen dokumenturik ere ez da luzatuko dokumentua ematen duen funtzionarioak betekizun hori bete ez badu.

Aurrekinak bilatzeko eskaera orok tasa sortuko du emaitza negatiboa bada ere.

7. art. Udal administrazioaren dokumentu eta berriemateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioek emanen dituzten udal zigiludun agiri guztiak zenbatuko dituzte eta Udal Gordailuzaintzan egunero dirusarrerak, dagozkien likidazioekin eginen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. art. Udal administrazioaren dokumentu eta berriemateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioak eta Udal Gordailuzaintzaren langile arduradunak izanen dira iruzurraren erantzule. Iruzurra indarra duten xedapenetan aurreikusitako eran zigortuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA BETEARAZPEN AGINDUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

2. art. Zergagaia honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Zaborrak eta obra-hondakinak kentzea baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek edo pilaketaren arduradunek kentzeari uko edo ezetza egiten badiote.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa, eta orokorki Udalaren ordenantza nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpenen eginbideak.

2. Interesatuek berek eragiten dituzten zerbitzuek, eta bereziki beren mesederako direnek, eta bai ere ondasunak berreskuratzeko larritasunagatik edo ordena publikoa, segurantza edo osasungarritasuna direla medio derrigor eman beharrekoak direnek, horiek guztiek ordainarazpena sortzea ekarriko dute nahiz eta zerbitzua ez izan interesatuek eskatua.

3. art. Udalak zilegi izanen du, nolanahi den ere, enpresa pribatu batekin kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, alkateak zilegi izanen du zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari eskudunen eta bertze bitarteko batzuen zerbitzuak, eta gero Udalbatzari horren berri emanen dio.

Tasaren sortzapena

4. art. Zerga ordaindu beharra, zerbitzua ematen den momentu berean sortzen da, eta zilegi da konturako nahiz zatikako kitapenak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. art. Modu solidarioan pagatzera behartuta daude legez erantzun beharra duten pertsona natural nahiz juridikoak, hurrengook, alegia:

a) Zerbitzua eman beharra eragiten duten egintzetako ondasunen jabe edo erantzuleak edo haren onura jasotzen dutenak.

b) Halakorik bada, maizter edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espreski egindako betearazpen erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule ateratzen direnak.

Zerga-oinarria

6. art. Ordainarazpen honen zerga-oinarria honako hauek osatzen dute:

a) Betearazpen agindua: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik heldu da.

b) Ordezko betearazpena: egindako betearazpenaren kostu osoa.

Karga-tasa

7. art. Karga-tasa zerga-oinarriaren ehuneko 0,5 izanen da betearazpen agindu nahiz ordezko betearazpeneterako.

Kudeaketa arauak

8. art. Udalak, obrak egiteko, zilegi izanen du kautelazko likidazioak formulatzea tasen zenbateko kalkulatuaren arabera, aldez aurretik, eta bai hura ordainarazi eta bildu ere Ordenantza fiskal orokorrean agintzen den gisara. Obrak burututakoan, tasak likidatuko dira eta soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidaziook arduradunen artean zatitu edo banatzea, edo erabiltzaile nahiz errentari gisa borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. art. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/199 Foru Legea eta xedapen aplikagarri guztiak aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Iragarkiaren kodea: A0011991