18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R A N G U R E N

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala

Arangurengo Udalak, 2000ko abenduaren 21ean egin osok bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Ordenantza jendaurrean jarriko da Udal idazkaritzan hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru legearen 29. artikuluarekin bat ezarri da.

Zergagaia

2. art. Zergagaia honako kasu hauetakoren batek osatuko du:

a) Etxez etxeko laguntza zerbitzuak ondoko hauek ematea zuzenean:

-Etxeko lanak.

-Zainketa eta laguntza pertsonala.

b) Bazkariak edo/eta afariak ematea.

3. art. Ez dute prezio publiko hau ordaindu behar izanen zerbitzuko langileek egindako jarraipen zerbitzua eta hezkuntza lana besterik jasotzen ez duten erabiltzaileek, aurreko lerroaldean adierazitako laguntza prestazioen onuradun izan gabe.

Subjektu pasiboa

4. art. 2. artikuluan azaldutako zerbitzuak eskatu eta erabiltzen dituztenak izanen dira subjektu pasiboak.

Prezio publikoaren sortzapena

5. art. Sortzapena hilabete natural eta oso bakoitza amaituta eginen da, subjektu pasiboak zerbitzuan baja hartzen ez duen bitartean.

Hilabete naturalekin bat ez datozen hasierako edo amaierako aldiak egun naturaletan hainbanatuz likidatuko dira.

Prezio publikoak

6. art. Udaleko organo eskudunak, ordenantza honen eranskinean dagoen baremoan oinarriturik, urte bakoitzean aplikatuko diren prezio publikoak onetsiko ditu.

Kudeaketa arauak

7. art. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaile berariazkoak izanen dira ohiko jarduerak egiterik ez duten pertsonak edo/eta familiak, edo senitartekoren batek eragindako arazoak dituztenak, egoera horietan elkarbizitza autonomoak irautea ere arriskuan jartzen denean.

8. art. Etxez etxeko laguntza zerbitzua halakorik behar duten pertsonek edo/eta familiek eskatu ahal dute, betiere Aranguren Ibarrean benetan bizi badira eta bertako erroldan badaude.

Halere, inguruabar bereziak direla-eta egoki denean, ez da bete beharko arestian xedatutakoa.

9. art. 2. artikuluan adierazitako zerbitzuak emateko eskaera, Udaleko alkateari zuzendua, familia unitateak aurreko urtean eta kontzeptu guztiengatik izandako dirusarreren deklarazio justifikatuarekin eta beharrezkotzat jotzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.

Nolanahi ere, eskaera aurkeztu ondoko hilabetearen barruan, deklaratutako dirusarrerak frogatu beharko dira PFEZaren aitorpenaren kopia ofizialaren eta/edo bestelako ziurtagirien bidez, eta eskatu daitekeen dokumentazio osagarria ere eraman beharko da.

10. art. Udaleko alkateak ebatziko ditu espedienteak, eta zerbitzua onartu edo ukatu dela jakinaraziko, zerbitzuaren erantzuleak diren gizarte langileek eskaera bakoitza baloratu ondoren. Langile horiek, halaber, behar den proposamena prestatuko dute, erabiltzaileak ordaindu beharreko prezio publikoa barne.

11. art. Etxebizitza berean bizi diren erabiltzaileen kasuan, prezio publikoa behin bakarrik aplikatuko da, erabiltzaile edo familia unitate bakarra balitz bezala.

12. art. Inguruabar bereziak edo partikularrak, behar adina justifikatuak eta baloratuak, direla-eta, erabiltzaile bati baremoaren aplikaziotik heldu den prezio publikoa ordaintzea gehiegizkoa zaiola ohartuz gero, zerbitzu horretako gizarte langileek proposatu ahalko dute erabiltzailea sartzea dirusarrera txikiagoak dituztenen mailetako batean.

Kasu horretan, aplikatutako prezio publikoaren eta dagokionaren arteko aldea gizarte zerbitzuen dirulaguntza-aurrerakintzat hartuko da, eta onuradunak edo haren ordezkoak itzuli beharko du baldintza ekonomikoak aldatzen badira, edo ondasunen likidazioa edo eskualdaketa gertatzen bada, mortis causa barne.

Horretarako, zor-onarpena izenpetuko da, bai eta baldintza ekonomikoen, eta halaber, egoki bada, ondareari dagozkionen, iraupena edo aldaketaren gaineko deklarazioa ere.

13. art. Salbuespen gisa, 2. artikuluan aurreikusitako zerbitzuak Udalaren ekimenez ematen hasten diren kasuan, zerbitzua jasotzen duena ez da erabiltzailetzat hartuko prezio publikoa kobratzeko eta beraz, zerbitzua aldi baterako eta modu iragankorrean emanen da, lagundutako pertsonak edo familiak eskaera egin bitartean.

14. art. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan baja emateko arrazoiak honakoak izanen dira:

a) Etxez etxeko laguntzaren helburua diren egoera pertsonal edo/eta familiar horiek gainditzen direnean.

b) Beste etxe batera edo zentro espezializatu batera joatea.

c) Heriotza.

d) Erabiltzaileak berak baja eskatzea.

15. art. Prezio publikoa hilabetero ordainduko da, sortzapenaren zerbitzuak zein hilabetetan eman diren, hurrengo hilabeteko lehenbiziko bost egunetan, eta horretarako ezarriko den moduan.

Arau-hausteak eta zehapenak

16. art. Arau-hausteak izanen dira aurkeztutako agiri edo aitorpenak faltsutzea prezio publiko bajuagoa lortzeko, eta prezioa kalkulatzeko kontuan hartu beharreko dirusarrerak handitu baldin badira horren berri ez ematea Udalari.

17. art. Egindako arau-hausteei Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritako zehapenak egokituko zaizkie.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Etxez etxeko laguntza zerbitzua egun erabiltzen dutenek adieraziko den epean aurkeztu beharko dute ordenantza honen 9. artikuluan aipatzen den dokumentazioa, ordaindu behar duten prezio publikoa kalkulatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako tramiteak beteta hartuko du indarra.

ERANSKINA

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei aplikatu beharreko prezio publikoen baremoa

Tarifak kalkulatzeko kontuan hartuko dira familia unitateak urtean eta kontzeptu guztiengatik izandako dirusarrerak. Horretarako, familia unitatetzat hartuko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen maiatzaren 14ko 6/1992 Foru Legearen 83. artikuluan zehaztutakoa.

Diru iturriak

Prezio publikoa kalkulatzeko subjektu pasiboaren familia unitateak izandako dirusarrerak kontuan hartuko dira, hauetatik heldu baldin badira:

-Lan errentak.

-Aldiroko prestazioen errentak: subsidioa, langabezi saria, pentsioak, bestelakoak.

-Higigarri eta higiezinen errentak.

Prozedura

Hileko per capita errenta, zeinaren gainean dagokion prezio publikoa aplikatuko den, zein den jakiteko, honako kalkulu hauek eginen dira:

-Deskribatutako kontzeptu guztiengatik urtean izandako dirusarrerak, eskaera egin aurreko urtekoak, 12 hilerokotan banatuta.

Kontuan hartu beharreko baldintzak

1. Prezio publikoaren aplikazioa lanbidearteko gutxieneko soldataren zenbatekoan oinarrituko da.

2. Prezio publikoa famili unitate bakoitzeko aplikatuko da.

3. Prezio publikoaren zenbatekoa ez da inola ere izanen prestazioaren kostu erreala baino handiagoa.

4. Hileroko per capita errenta LGSren % 120 baino handiagoa baldin bada, prezio publikoaren zenbatekoari gehituko zaio jasotzen dituen orduen kostuari dagokion portzentaia, baremoan adierazia.

5. Orduko kostua kalkulatzeko, familia laguntzaileen urteko soldaten batura urteko orduen kopuruaz zatituko da, lan hitzarmenaren arabera.

Baremoa

Hileroko errenta per kapita eta prezio publikoa

LGSren % 65 baino gutxiagoko dirusarrerak: salbuetsiak

LGSren % 65etik % 80ra bitartekoak: 500 pezeta hilean

LGSren % 80tik % 95era bitartekoak: 1.000 pezeta hilean

LGSren % 95etik % 110era bitartekoak: 1.500 pezeta hilean

LGSren % 110etik % 125era bitartekoak: 2.000 pezeta hilean

LGSren % 125etik % 140ra bitartekoak: 2.000 pezeta hilean + kostu errealaren % 10

LGSren % 140tik % 155era bitartekoak: 2.000 pezeta hilean + kostu errealaren % 25

LGSren % 155etik aurrerakoak: 2.000 pezeta hilean kostu errealaren % 50

Otorduak ematea

Otordu prestatuak etxean emanez gero, erabiltzaileak kostu errealaren arabera ordainduko ditu, salbu eta LGSren % 65 baino txikiagoko per capita-ko dirusarrerak dituzten erabiltzaileek, berauek kostuaren % 70 ordainduko baitute.

Mutiloabeitin, bi milako abenduaren hogeita batean. Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: A0011938