Iragarkia
18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a
III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I R U Ñ A
Ordenantza, etxe-aldaerek ukituendako etxebizitzak eskuratzeko dirulaguntzak ematea arautzen duena
Iruñeko Udalak, 2000ko abenduaren 4an egin bilkuran, ondokoa erabaki zuen:
"Hirigintzako jardueren ondoriozko etxe-aldaerek ukituendako etxebizitzak erosteko dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantzaren proiektua ikusirik, eta prozesu hori azaltzeko espedientean dauden txostenekin bat, erabaki da:
1. Behin betikoz onestea Etxe-aldaerek ukituendako etxebizitzak eskuratzeko dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza, espedientean bildua, gaur egun indarra duenaren ordez.
2. Eman bekio espedienteari erregelamenduzko tramitea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoa.
3. Onesten den ordenantzak, erregelamenduzko tramiteak bete ondoan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta hogei egunetara hartuko du indarra.
4. Nafarroako Gobernua premiatzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legea aldatzeko, Iruñeko Udalak hirigintzako etxe-aldaerek ukituei ematen dizkien dirulaguntzak dirusarrera berezitzat har ez daitezen.
Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko egungo 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) atalean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.
Iruñean, bi milako abenduaren hamaikan. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
ORDENANTZA, ETXE-ALDAIREK UKITUENDAKO ETXEBIZITZAK ESKURATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
Atarikoa
Iruñeko Udalak etxe-aldaerak kudeatzerakoan eta Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategineko laugarren xedapen gehigarriak finkatu esparru arau-emailearen barnean, baita babes ofizialeko etxebizitzen gaineko foru araudiak, aurrekoarekin lotua baita, finkatutakoaren barnean ere, funtsezko auzitzat hartzen da behar bezalako erantzuna ematea laugarren xedapen gehiagarriak ezartzen duen obligazioari, hots, etxe-aldaeraren ondorioz etxebizitza eskaintzeko obligazioari.
Hori dela eta, jabe ukituei etxebizitza edukitzeko bidea erraztu nahirik, Iruñeko Udalak erabaki zuen hartzaile bakoitzaren egoeraren araberako laguntza pertsonalak ezartzea, horien xedea izanik ukitutako familien zama ekonomikoa arintzea, etxe-aldaerek ukitutako jabeei bidea emanez babes ofizialeko etxebizitza bat erosteko, araubide orokorrekoa nahiz berezikoa, edo merkatu libreko bertze edozein, haiek nahi bezala. Horretarako, Udalbatzak onetsi zuen, 1998ko irailaren 25eko osoko bilkuran, Etxez aldatzeko planak ukitutakoendako etxebizitzak erosteko dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza, 1998ko 137. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zena azaroaren 16an.
Ordenantza hori argitaratu ondotik, mahai gainean jarri da Udalaren laguntza aukerak zabaltzea, etxe-aldaera dela eta gero jabetzako etxebizitza lortu ahal izateko.
Horretarako, bi aukera berezi dira, jabe ukituaren hautara, betiere kasu bakoitzerako aurreikusten diren baldintzak betez gero: batetik, ukituaren hautara, edozein etxebizitza mota eskuratzeko zuzeneko laguntzak beren horretan utziko dira, gehieneko zenbatekoa nahiz familien errentaren arabera laguntzako portzentajeak handituz; eta bertzetik, Udalak jabe ukituaren eskura uztea babes ofizialeko etxebizitza bat, haren familiaren premien ariokoa, ordenantzak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz, ukitzen duen birzartiketaren ondoriozko eskubide guztiak Udalaren esku utzirik.
Gainera, laguntza osagarria ezarri da alokairu egoera behin-behinekoetarako, karga bikoitza eragozteko: batetik, etxe-aldaera dela eta erosten den etxebizitza eta, bertzetik, alokairuaren ordainketa.
Orobat, aparteko kasuetarako, laguntza izan daiteke etxebizitza bat errentamenduan eskaintzea, Udalak errentarako dirulaguntza emanen lukeelarik ukituak bizi artean, Udalari birzatiketaren aprobetxamenduak lagaz. Halakoetan, eraikuntzaren ondoriozko kalte-ordainak jaso litezke.
Xede horretan, beharrezkoa da ordenantza berria egitea, gaur egun indarra duenaren ordez, eta haren artikuluetara errandakoa betetzeko bidezko dena biltzea.
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Xedea.-Ordenantza honen xedea da hirigintzako jarduerek ukitutako jabeek udal mugapean bertze etxe bat erosiz etxe-aldaerarako duten eskubidea errazteko Iruñeko Udalak ezarri dituen laguntzak arautzea.
2. art. Edukia.-Ordenantza honetan aurreikusten diren jardueren hartzaileek aukera izanen dute ondoko laguntzetariko bat hautatzeko, betiere kasu bakoitzerako baldintzak betetzen badituzte:
a) Laguntza ekonomiko bat ezarri da, ondoko artikuluetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten guztiei, banan- banan emanen zaiena. Laguntza hori haien etxebizitza kargatzen duen hipoteka-mailegua amortizatzeko eta hala bada, kitatzeko erabiliko da, eta kalkulatuko da, berriz, erositako etxebizitza babes ofizialekoa balitz bezala eta familiaren edo norbanakoaren beharretarako azalera egokia balu bezala, betiere ordenantza honetan arautzen den bezala.
b) Aurreikusten denez, etxe-aldaerarako eskubidea duten jabeek, ondoko artikuluak ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte, Udalak haien eskura jartzen duen etxebizitzara egiten ahalko dute etxe-aldaera. Hura haien famili eta diru premien neurrikoa izanen da, ordenantzako 7. artikuluak dioen ildotik, eta betiere babes ofizialeko etxebizitza izanen da, eta ez da barnean sartuko ez garajerik ez trastegelarik, horiek onuradunaren bizkar izanen baitira. Bertzalde, mota honen bidez erosketa egiten duenak diharduen administrazioaren esku utzi beharko ditu ordenantza honetako artikuluetan aurreikusten diren eskubideak.
3. art. Indarraldia.-Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz hartuko du indarra.
I. TITULUA
Laguntzak norendako
4. art. Hartzaileak.
A) 2. artikuluko a) lerroaldean deskribatzen diren eduki ekonomikoko laguntzen hartzaile izanen dira baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak:
1. Legean aurreikusi hirigintzako jarduketa sistemetatik edozeini dagokion kudeaketa proiektua behin betikoz onetsirik egotea.
2. Jarduketa espedientea hasiera batean onetsi aurretik, gutxienez ere, hiru urteetan ukitutako etxebizitzaren jabe izatea, eta inguruabar hori eskritura publikoan jasoa egotea.
3. Iruñean eta Iruñerrian bertze etxebizitza baten titularrak ez izatea, etxe-aldaerarako erosten dutena ez bada.
Iruñerriko Mankomunitateak garraio kontuetarako ezartzen duena hartuko da Iruñerritzat.
4. Etxe-aldaerarako eskubidea izateko indarra duen legeriak ezarri baldintzak betetzea.
5. Dagokien kalte-ordainaren zenbatekoa, kasu bakoitzeko exekuzio proiektuen balorazio agirietan finkatu zena, baita, hirigintza eskubideen titularrak badira, eskubide horien balioa ere etxebizitzaren erosketa ordaintzeko erabiltzea, aldaerako gastuak kenduta.
6. Konpromisoa hartzea, etxebizitza bizitegi ohiko eta iraunkor izateko, baita laguntza jaso zenetik bortz urteko epean ez besterentzeko ere.
Epe horren barrenean hirugarrenei besterentzen bazaie, konpromisoaren barnean sartzean da jasotako laguntzaren zenbatekoa itzultzea, gehi dagokion legezko korritua.
B) 2. artikuluko b) atalaren barnean sartzen den aukerarako, baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak izanen dira hartzaileak:
1. Legean aurreikusi hirigintzako jarduketa sistemetatik edozeini dagokion kudeaketa proiektua behin betikoz onetsirik egotea.
2. Espedienteari dagokion etxebizitzaren jabe izatea etxebizitza hori antolamendutik kanpora uzten duen planeamendua -indarra duena eta garatzen ari dena- hasiera batean onesten den unean, eta betiere dagokion birzatiketa onetsi aitzineko bortz urteetan, eta inguruabar hori eskritura publikoan jasoa egotea. Orobat, Iruñean eta Iruñerrian bertze etxebizitza baten titularrak ez izatea, etxe-aldaerarako erosten dutena ez bada.
Aitzineko artikuluan bezala, Iruñerriko Mankomunitateak garraio kontuetarako ezartzen duena hartuko da Iruñerritzat.
3. Etxe-aldaerarako eskubidea izateko indarra duen legeriak ezarri baldintzak betetzea.
4. Babes ofizialeko etxebizitzen gainean Estatuko nahiz Nafarroako araudia betetzea, dirulaguntza lortzeko araubide orokorrean nahiz berezian, eta Udalak zer kasutan ematen duen laguntzarik tikiena, babes araubide harexeri heltzea.
5. Aldaera gastuengatik salbu kontzeptu guztiengatik jaso beharreko kalte-ordaina, beren eskura ailegatu gabe ere (ondoko lerroaldean aurreikusten diren kasuetan salbu), Udalaren esku uztea, eta berdin hirigintza aldetik dagozkien eskubideak ere bai, kargarik gabe, likidazio kontua ez bada urbanizazio gastuengatik. Eskubide horiek hirigintzako jarduketa sistemaren exekuzio proiektuaren agiri bakoitzean finkatu ziren.
Hala ere, ordenantza hau onetsi aitzin behin betikoz onetsitako birzatiketen jabeek, beren hirigintzako eskubideak besterendu badituzte eta/edo kalte-ordaina eskuratu badute, bi kontzeptuengatik bildutako dirua itzuli beharko dute.
6. Konpromisoa hartzea, etxebizitza bizitegi ohiko eta iraunkor izateko, baita laguntza jaso zenetik hamabi urteko epean ez besterentzeko ere. Inguruabar hori sal-erosketako eskritura publikoan jasoko da.
7. Iruñeko Udalak etxe-aldaera dela eta eskuratzen den etexebizitza hori lehentasunez erosteko eskubidea hitzez hitz agertzea, hamabi urtez indarra izanen duena, ordenantza honetako 11. artikuluan erraten den bezala eta haratan arautzen diren baldintzetan.
5. art. Titularkidetasun kasuak.-Jabe ukituak bertze edozein pertsonarekin batera etxebizitza pro indiviso eskuratzen badu, laguntzaren oinarria (A aukera) kalkulatzeko, kontuan hartuko da onuradunak benetan zer partaidetza duen erreferentziatzat hartutako etxebizitza horretan.
Udalak eskaintzen duen etxebizitza hautatuz gero (B aukera), etxebizitza bakoitzak bertze bat eskuratzeko eskubidea emanen du. Horregatik etxebizitza berria erostean etxe-aldaerarako eskubidea ematen duen etxebizitzaren jabeei baizik ez zaie onartuko titulartasuna, eta horiek bat baino gehiago badira, berek ezarriko dute, ados jarrita, bakoitza zein heinetan den titularkide. Bertzenaz, modu fede emangarrian jasoko da etxe-aldaerarako eskubiderik ez duten jabeen ukoa eta lagapena eskubidea dutenen alde.
II. TITULUA
Dirulaguntzen zenbatekoa (A aukera)
6. art. Laguntzen zenbatekoa.-Hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera eta etxebizitzaren prezioaren gainean kalkulatutako kopurua izanen da dirulaguntzen zenbatekoa. Kalkulua egiteko Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatu eta bultzatzeko neurriei buruzko foru legerian ezarri parametro orokorrak hartuko dira erreferentziatzat. Kopuru hori etxebizitza eta onuradun bakoitzeko 3.500.000 pezetakoa izanen da, gehienez.
Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko laguntzak behin baizik ez dira jasoko lagun eta etxebizitza bakoitzeko.
7. art. Laguntzaren oinarri orokorraren kalkulua.-Hartzaile bakoitzak zer laguntzatarako eskubidea duen kalkulatzeko, lehenik, formula hau aplikatuko da:
Laguntzaren oinarri orokorra = etxebizitzaren prezioa - Nafarroako Gobernuko dirulaguntza.
Horiek honela:
a) Etxebizitzaren prezioa: norberaren dirusarrerei dagokien babes ofizialeko etxebizitzarena, edo, tikiagoa bada, salmentarako aurretik benetan sinaturiko eskrituran agertzen dena.
Prezio hori kalkulatzeko, Nafarroako Gobernuak ekitaldi bakoitzean babes ofizialeko etxebizitzak erosteko dirulaguntzen gainean xedatzen duenera joko da, laguntza eskatzen den unean indarra duen idazketaren ariora.
Kalkulu horri dagokionez, etxebizitzaren azalera erabilgarria hauetako tikiena izanen da: erositako etxebizitzaren azalera erreala edo laguntzak eskatzen dituenari ondoko koadroa aplikatzearen ondorioz esleitzen ahal zaiona, betiere familiaren premien ariora kalkulatua:
Famili unitateko kideen kopurua: 1. Etxebizitzaren azalera erabilgarria: 50 metro karratu.
Famili unitateko kideen kopurua: 2. Etxebizitzaren azalera erabilgarria: 60 metro karratu.
Famili unitateko kideen kopurua: 3. Etxebizitzaren azalera erabilgarria: 70 metro karratu.
Famili unitateko kideen kopurua: 4. Etxebizitzaren azalera erabilgarria: 80 metro karratu.
Famili unitateko kideen kopurua: 4 baino gehiago. Etxebizitzaren azalera erabilgarria: 90 metro karratu.
Azalera erabilgarriaren kalkulurako soil-soilik, familia unitatearen kontzeptua laguntzaren onuradunarekin batera bizi ohi diren familiakideen kopuruaren araberakoa da, etxe-aldaeraren espedientean modu fede emangarrian frogatzen bada. Horien artean minusbaliaturen bat badago, ez da aplikatuko azalera erabilgarriko metro karratuen muga familia unitateko kide bakoitzeko eta bai, ordea, erositako edo erosi beharreko etxebizitzaren azalera erreala, laurogeita hamar metro karratutik goitikoa ezin izan daitekeena.
b) Nafarroako Gobernuko dirulaguntza: etxebizitzari dagokion laguntza esleitzen zaio, Nafarroan etxebizitza arloko jarduketa babesgarrien gainean laguntza eskatzen den unean indarra duen foru legeriari jarraikiz.
8. art. Laguntzaren banan banako oinarria.-Horrela kalkulatutako laguntzaren oinarri orokorrari halako ehuneko bat aplikatuko zaio, ondotik ematen den taula aplikatuz lortuko dena:
Familiaren dirusarrera haztatuak: 0 - 1. Dirulaguntzaren ehunekoa: % 100.
Familiaren dirusarrera haztatuak: 1 - 1,4. Dirulaguntzaren ehunekoa: % 95.
Familiaren dirusarrera haztatuak: 1,4 - 1,7. Dirulaguntzaren ehunekoa: % 90.
Familiaren dirusarrera haztatuak: 1,7 - 2. Dirulaguntzaren ehunekoa: % 85.
Familiaren dirusarrera haztatuak: 2 - 2,5 Dirulaguntzaren ehunekoa: % 80.
Familiaren dirusarrera haztatuak: 2,5etik aitzina. Dirulaguntzaren ehunekoa: % 75.
9. art. Laguntzaren zenbatekoa.-8. artikuluan azaldutakoaren arabera kalkulatutako laguntzaren banan banako oinarriari kenduko zaio interesatuerandako, jabe den aldetik, dagokion birzatiketa edo antolamendu espedientean finkatutako kalte-ordainaren zenbatekoa, hark ekarri bazuen etxe-aldaerarako eskubidea. Diferentziari 3.500.000 pezetako gehieneko muga aplikatuko zaio.
III. TITULUA
Etxebizitza eskaintza (B aukera)
10. art. Edukia.
A) Aukera honen helburua da Udalak babes ofizialeko etxebizitza bat jartzea eskura. Haren jabea hartzailea izanen da, eta kostua Udalaren bizkar izanen da, baina kostu horri kenduko zaizkio, batetik, interesatuari bere inguruabarren ariora dagozkion dirulaguntza guztiak, interesatuak eskatu behar baititu eta Nafarroako Gobernuak eman erosketa egiteko, eta bertzetik, hirigintzako jardueraren ondorioz laguntzaren hartzailearen alde onetsitako kalte-ordaina, Udalaren esku jarri behar baitu edo itzuli, jaso baldin badu.
Halaber, hartzaileak Udalaren esku jarri behar ditu haren ondoriozko hirigintzako eskubideak, kargarik gabe, hirigintzako kargetako likidazio kontuaren ondoriozkoak izan ezik, aitzineko 4. artikuluko B letrako 5. puntuko 2. lerroaldean aurreikusi salbuespena kontuan hartua, jadanik besterendurik dauden kasuetarako.
B) Laguntza mota hau zer etxebizitzatan gauzatzen den, huraxe erosiko da bai Udalak xede horretarako jartzen dituenen artetik, bai hartzaileei esleitzen zaizkienen artetik.
Etxebizitzaren azalerari dagokionez 7. artikuluan biltzen dena ere kasu hauetarako aplikatuko da. Hala ere, bai azalera bai babes araubidea (orokorra nahiz berezia) aldatzen ahalko dira Udalak zenbat etxebizitza duen eskura eta horrela.
C) Etxebizitza erosteko eskritura publikotik heldu diren gastu guztiak laguntzaren onuradunaren bizkar izanen dira, baita garajea eta trastegela erostea ere, esleitutako etxebizitzaren eranskin agertzen badira.
11. art. Onuradunaren bertze betebehar batzuk.-Laguntzak eskuratzeko, aldez aurreko baldintza izanen da jabeak edo, hala baldin bada, jabekide guztiek, laguntzaren hartzaileak izan ala ez, Iruñeko Udalari lehentasunezko erosketa eskubidea erreala ematea, hamabi urteko iraupena izanen duena gauzatzen denetik, epe horretan delako etxebizitzarekin egiten diren eskualdaketa guztietarako, herentzia bidezkoak salbu.
Eskubide hori erosketaren eskritura publikoan jasoko da eta jabetza Erregistroan inskribatuko da. Eskubide hori gauzatu eta inskribatzeko behar diren gastu guztiak laguntzaren onuradunaren bizkar izanen dira.
Udalak lehentasunezko erosketa eskubidea erabiltzen badu etxebizitzaren gainean, bigarren eskualdaketako salmentetarako babes ofizialeko etxebizitzetan Nafarroako Gobernuak ezarria duen prezioa ordainduko dio interesatuari, Udalaren laguntzen zenbatekoa, iragandako denborari dagokion legezko korritua gehiturik, kenduta.
Nafarroako Gobernuak etxebitzaren gainean lehentasunez erosteko edo atzera eskuratzeko eskubidea erabiliz gero, babes ofizialeko etxebizitzari buruzko araudi berariazkoaren ariora, edo eskualdaketa hirugarren bati egiten bazaio hamabi urteko epe berean, onuradunak Udalari itzuliko dio hark emandako dirulaguntzen zenbatekoa, iragandako denborari dagokion legezko korritua gehiturik.
Aitzineko bi lerroaldeei dagokienez, behar den udal zerbitzu teknikoak laguntza eman orduko zehaztuko da udal laguntzek egiten duten zenbatekoa. Horiek onuradunaren ekarpenari dagozkion zenbatekoen eta etxebizitzaren prezioaren arteko diferentziatik aterako dira, hots, eraikuntzaren ondoriozko kalte-ordaina, gelditzen den orubearen gaineko partizipazioaren katastroko balioa eta Nafarroako Gobernuak onartutako dirulaguntzak.
Kalte-ordaina jaso bada eta/edo ordenantza honetan onartutako kasuetan gelditzen den orubea saldu bada, 4. artikuluko B) letrako 5. puntuan xedatutakoa aplikatuko da, lurzorua baloratu ahal izateko.
Eranskinik bada, Udalak horiek ere erosi beharko ditu, bigarren eskualdaketako salmentaren balioa, Nafarroako Gobernuak finkatzen duena, ordainduta.
IV. TITULUA
Laguntzen kudeaketa
12. art. Eskabideak eta agiriak.-Hona hemen lehenago aipatu baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko aurkeztu beharreko agiriak:
Bi laguntza motetarako:
1. Eskabidea, eredu ofizialaren araberakoa. Iruñeko Udaleko Hirigintzako Gerentzian jasotzen ahalko da.
2. Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiria, bere izenean edo ordezkari gisa.
3. Dirulaguntza eskatzeko gaitasuna ematen dioten inguruabarren azalpena, ukitzen duen hirigintzako espedienteari buruzkoak (horri ekarritako jabego eskubidea eta balorazio espedientean finkatu kalte-ordainaren zenbatekoa). Orobat, egiaztatu beharko du ordenantza honetako 4. artikuluan ezarri baldintzak betetzen dituela.
4. Zinpeko aitorpena, interesatuarena eta bere ezkontidearena, halakorik bada, bertze etxebizitza baten gaineko eskubiderik ezta jabegorik ere ez dutela adieraziz, eta horrekin batera, Nafarroako Gobernuko Lurraren Aberastasunaren Departamentuak luzaturiko egiaztagiria, halakorik ez duela adierazten duena.
5. Eskatzailearen P.F.E.Z.aren aitorpena eta, halakorik bada, famili unitatearen gaineko kideena, ordenantza honetan definitzen den gisara, eskaeraren aurre-aurreko zergaldiari dagokiona, nahitaez aurkeztu beharrekoen epeak errespetatuz. Horri dagokionez, nahitaez aurkeztu behar ez denean, Ogasunak luzatutako ziurtagiria eskatuko da zergadunaren deklarazio faltaren gainean, eta harekin batean etekinak ordaintzen dituen enpresaren ziurtagiria ere, halakorik bada.
6. Minusbaliotasunaren gaineko nondik norakoen ziurtagiria eta kasu zehatz bakoitzeko bertzelako inguruaberrenak, Nafarroako Ongizate Institutuak luzatua.
7. Iruñeko Udalari eta Hirigintzako Gerentziari egin beharreko ordainketak eguneratuak dituztela adierazten duen zinpeko aitorpena.
8. Gelditzen den orubearen gaineko eskubideen salmentaren eskritura publikoa eta lehenago horiek besterendu badira, horren ziurtagiria (epai judiziala, etab.).
9. Laguntzen eskariari buruzko datuak, behar diren erakunde publikoetan agertzen direnak, eskuratzeko baimen espresu eta idatzia.
10. Udalaren Hirigintzako Gerentziak eskatzen dituen agiri osagarri guztiak, hura baita laguntzen kudeaketarako bulegoa.
Aitzineko agiriez gain, interesatuak egindako aukeraren ariora, ekarri beharko da:
A) aukerarako:
1. Sal-erosketarako kontratua, halakorik bada, erakunde eskudunak behar bezala ikus-onetsia, edo sal-erosketako eskritura, lehenago erosi baldin bada.
2. Idatziz konpromisoa hartzea urbanizazio prozesuan hartzaileari egokitu kalte-ordaina eta, halakorik bada, ordenantza honen ondoriozko laguntza diruz lagundu beharreko etxebizitza erosteko erabili beharrez.
3. Idatziz konpromisoa hartzea etxebizitza hori bizitegi ohiko eta iraunkortako erabiltzeko baita erosi eta bortz urteko epean ez besterentzeko ere. Hori hautsiz gero, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, legezko korritua gehiturik.
B) aukerarako:
1. Idatziz konpromisoa hartzea urbanizazio prozesuaren ondoriozko kalte-ordaina eta orubearen gaineko eskubideak lagatzeko, laguntza onartzen den momentuan.
2. Idatziz konpromisoa hartzea etxebizitza hori bizitegi ohiko eta iraunkortako erabiltzeko baita erosi eta hamabi urteko epean ez besterentzeko ere, espreski onartuz Udalaren esku uzteko betebeharra lehentasunez erosteko eskubidearen ondorioz, baita Iruñeko Udalari ordenantza honetan aurreikusita zenbatekoak itzultzeko betebeharra onartuz ere.
13. art. Laguntzen ordainketa.-Ordenantza honetan aurreikusitako bi aukeretan, aurreko xedapenei jarraikiz egindako kalkuluen araberako dirulaguntza ordainduko da etxe-aldaera dela eta eskuratu beharreko etxebizitzaren sal-erosketaren eskritura publikoa egiten den unetik aurrera, egin gabe badago behintzat, eta emandako hipoteka mailegua, halakorik bada, murrizteko erabiliko da.
Behar bezala justifikaturiko arrazoiak daudenean, A) aukeran aurreikusitako laguntzak lehenago ordaintzen ahalko dira, horren onuradunak etxe-aldaera dela eta eskuratu beharreko etxebizitza erosteko hasierako ekarpena egin behar duen unean berean laguntza jaso dezan. Horrela ukituak ez du egin beharko arau honetan aurreikusi ez bezalako ordainketarik.
14. art. Laguntza osagarriak, etxe-aldaera aldi baterako eta alokairuz egiten denean.-Etxe-aldaeraren ondorioz, Iruñeko udalaren jabetzako etxebizitzetan errentamenduan eta aldi baterako dauden jabeek, etxebizitza bat erosten badute bere hartan ohiko bizitegia paratzeko, ez dute errentarik ordainduko beren bizkar, eta bakarrik tokatzen diren bertze kontzeptu batzuk ordainduko dituzte etxebizitza erabiltzeagatik etxebizitza erosteko agiri pribatua sinatzen dutenetik sal-erosketaren eskritura sinatzen duten arte.
Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio sal-erosketa gauzatzen ez bada, onuradunak ordaindu gabe utzitako zenbateko guztiak ordainduko ditu, gehi dagokion legezko korritua.
Dirulaguntza hau atzera eragingarria izanen da, aitzineko lerroaldean aurreikusitako aldietan ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta osagarria izanen da ordenantza honetan aurreikusitako laguntzarekin, A) nahiz B) aukerakoa izan.
15. art. Alokairu bidezko laguntzak, aparteko kasuetan.-Ordenantzak estaltzen ez baititu, etxebizitza erosteak dakartzan gastuei aurre egiteko behar adina dirurik ez duten jabeendako, arestian deskribatutako laguntzetara jo nahi izanez gero, A) eta B) aukeren ordez, aukera izanen da, baita ere, ukituari etxebizitza bat alokairuz eskaintzea, ezaugarri hauetan:
Aurreikusitako aukera hirigintzako jarduerek ukituei aplikatuko zaie, baldin eta hiruretan hogei urte edo gehiago badute behar den birzatiketa agiria behin betikoz onestean.
Onuradunak hirigintzako jarduketaren ondoriozko kalte- ordaina eskuratuko du, baina ondoriozko orubearen gaineko eskubideak Udalari lagako dizkio.
Haren beharren araberako etxebizitza emanen zaio alokairuz, 7. artikuluko azalera laukian definitzen den bezala.
Onuradunak bizi artean izanen du errentamenduko errentetarako dirulaguntza, eta bizartiketa agiria onestean ezkontiderik badu, hark ere izanen du bizi artean, baina ez haien seme-alabek edo bertzelako ondorengoek.
Errentamenduak dirauen bitartean, onuradunak ez du sos bat ere ordainduko, ez alokairuz ez hirilurraren gaineko kontribuzioa dela eta, eraikinaren gastu komunak eta dagozkion hornidurak baizik ez baititu ordainduko.
Aukera honetaz baliatu ahal izateko, A) aukerarako 4. artikuluan ezarritako lehen lau baldintzak baizik ez dira bete behar, A) eta B) aukerei uko egitea baitakar.
16. art. Aurrekontuko kontusaila.-Laguntza hauetarako ekitaldi ekonomiko bakoitzean egonen den zenbateko osoa urteko aurrekontuan horretarako finkatu kontusailean dauden baliabideen menpe egonen da. Hala ere, aurrekontuan behar adina dirurik ez egoteak ez du laguntza hori izateko eskubiderik kenduko.
17. art. Denetarako xedapenak.
a) Babes ofizialeko etxebizitzen alorreko foru araudiaz ordenantzan egiten diren aipamen guztiak laguntza eskatzen den unean indarra duenaz eginak direla ulertuko da.
b) Laguntzak onartzeko nahitaezko baldintza izanen da ordenantzako 12. artikuluan zerrendatzen diren agiriak aurkeztea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza hau orobat aplikatuko zaie indarra hartu baino lehenago onetsitako birzatiketa espedienteetatik heldu diren dirulaguntza eskabideei (A aukera), haien jabeek etxebizitza erosi behar badute edo erosia badute, bai merkatu librean, bai babes ofizialekoa.
Aitzineko ordenantza aplikatuz laguntzak jaso dituzten onuradunek ordenantza hau modu osagarrian aplikatzeko eska dezakete, diru aldetik diferentziarik bada haien alde. Horretarako 12. artikuluan aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko dituzte, eguneraturik eskabidearen dataren ariora.
Berriz, oraingo B) aukerarako aurreikusi den araubidea aplikatzen ahal zaie, interesatuak nahi badu, eraikuntza etxe-aldaerek ukitutako jabeei, baldin eta 5. artikuluko b) artikuluak bete eta etxe-aldaera dela eta eskuratu beharreko etxebizitzaren sal-erosketaren eskritura publikoa sinatu ez badute eskabidearen egunean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko da Etxez aldatzeko planak ukitutakoendako etxebizitzak erosteko dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza, 1998ko irailaren 25ekoa (1998ko 137. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 16koa)
Iragarkiaren kodea: A0011628
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
