18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z A N G O Z A

Deialdia, Zangozako Udalerako igeltserotzako ofizial eta gidari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da igeltserotzako ofizial eta gidari izateko lanpostu bat, D mailakoa eta lan araubide finkoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Zangozako Udaleko plantillan sar dadin.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia, jabetza hartzen duen egunetik, igeltserotzako ofizial eta gidari bilakatuko da, D mailakoa.

1.3. Lanpostu honek D mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera.

1.4. Behar diren hautapen probak gainditu ondoan izendaturik gertatzen den izangaia Gizarte Segurantzako sistema orokorrean kidetuko da eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanorduen antolamendua araudi aplikagarriak ezarritakoa izanen da, baita oporrak, jaiegunak, dietak eta bertzelako eskubideen antolamendua ere. Hala ere, administrazio-organo eskudunek, lanaldia noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharrak hala eskatzen badu.

2.-Eginkizunak.

Izendatzen den izangaiak eginkizun hauek izanen ditu:

Zerbitzu anitzak, obra-taldeak berezko dituen jarduerekin ikusteko dutenak, igeltserotza bereziki.

Ibilgailuak eta makineria (atzerainduskailua, traktorea, kamioia, soropila egiteko makina, etab.) gidatzea eta maneiatzea.

Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak:

3.1. Izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

a) Adinez nagusi izatea eta Espainiako edo Europako Batasuneko kide den Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

b) Eskola Graduatua, Lanbide Heziketako lehen gradua edo titulu baliokideren bat edukitzea.

c) C1 eta C2 gidabaimena edukitzea.

d) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta Administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izana.

3.2. Gainditzen duten izangaiek deialdi honetan ezarritako epean eta eran egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak, eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita oposizio-lehiaketa prozedurak irauten duen bitartean ere, izendapenera arte.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, eranskin gisa agertzen den ereduari lotuko zaion eskabidea aurkeztu beharko dute, N.A.N.arekin batean, Zangozako Udaleko erregistro orokorrean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogeita hamar egun naturalen barrenean, azken eguneko 14:00ak, edo bertzenaz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arauetan aurreikusten den moduan.

4.2. Izangaiek, eskabideekin batera, zazpigarren oinarrian ezarritako merezimenduak lehiaketa fasean baloratuak izan daitezen, merezimendu horiek egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Agiriek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak beharko dute izan, eta ez aurkeztutzat joko dira horrela ez bada. Esperientzia frogatzeko, lan kontratua eta/edo Gizarte Segurantzaren egiaztagiria, ofizial eta/edo gidari kategoria espreski jasotzen dutenak, erabiliz egiaztatu beharko dira lanak eta aldiak.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, alkate jaunak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta akatsik egin badute, zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena eman eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honakoek osatuko dute:

Mahaiburua: Zangozako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko Landa Batzordeko buru den zinegotzia.

Mahaikidea: Zangozako Udaleko obra-taldeko arduraduna.

Ordezkoa: Oibarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Mahaikidea: udal arkitektoa.

Ordezkoa: Arkitektoen Elkargoak izendatu beharreko arkitektoa.

Mahaikidea: Irunberriko Lanbide Heziketako Eskolak hautatu beharreko teknikaria.

Ordezkoa: Irunberriko Lanbide Heziketako Eskolak hautatu beharreko teknikaria.

Mahaikidea: Udaleko langileen ordezkari bat, berek izendatua.

Ordezkoa: Udaleko langileen ordezkari bat, berek izendatua.

Idazkaria (hizpidea duela, baina botorik gabe): Zangozako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Oibarko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta ari ere, bere kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

6.3. Epaihamahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak interpretatu eta aplikatzearen gaineko afera guztiak.

6.4. Halaber, epaimahaiak deitzen ahalko ditu aholkulari adituak, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan oinarriturik baizik ez diote laguntza emanen Udalari.

7.-Lehiaketaldia:

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta 10 puntu izanen ditu gehienez.

7.2. 4.2 atalak ezarritakoaren arabera alegatzen eta frogatzen diren merezimenduak baremo honi jarraikiz puntuatuko dira:

Esperientzia atzerainduskailuak eta ezaugarri berdintsuko makinak gidatzearekin ikusteko duten lanetan, lan kontratuaren bidez frogaturik: 2 puntu urte bakoitzeko.

Esperientzia kamioiak, traktoreak eta ezaugarri berdintsuko makinak gidatzearekin ikusteko duten lanetan, lan kontratuaren bidez frogaturik: puntu 1 urte bakoitzeko.

Esperientzia igeltserotzako ofizial gisa, lan kontratuaren bidez frogaturik: 2 puntu urte bakoitzeko.

7.3. Lehiaketaldia burutu ondoan, epaimahaiak, Zangozako Udaleko iragarki oholean jakinaraziko ditu izangaiek lorturiko puntuazioen zerrendak. Lehiaketaldian erdietsitako puntuak oposizioan osotara eskuratzen direnei batuko zaizkie, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren puntuazio osoa.

8.-Oposizioaldia

8.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

8.2. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu emanen dira:

Proba teorikoa:

Lehen ariketa: Matematika. Buruketak egin beharko dira hauetan oinarriturik: lau oinarrizko erregelak, zaitikiak, hiruko erregela bakuna eta konposatua eta korrituaren erregela. Proba hau egiteko ez da kalkulagailurik erabiltzen ahal. Balorazioa 0tik 10 puntu bitarte, eta baztertuak geldituko dira gutienez ere 5 puntu ateratzen ez dituztenak.

Bigarren ariketa: proba psikoteknikoa, deialdiaren lanpostuarekin ikusteko izanen duena. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek eginen dute. Aldez aurretik, epaimahaiak lanpostuaren ezaugarriak ezarriko ditu, nahi den profila zehazteko. Balorazioa 0tik 10 puntu bitarte, eta baztertuak geldituko dira gutienez ere 5 puntu ateratzen ez dituztenak.

Probra praktikoa:

Ariketa bat edo gehiago egin beharko da, honen gainean:

Lanpostuarekin ikusteko duten makina eta ibilgailuak gidatzea, eta horiek mantentzeko eragiketa errazak egitea.

Igeltserotzako ofizial bati dagozkion lanak jakitea eta egiteko trebezia.

Balorazioa, 50 puntu, eta baztertuak geldituko dira proba praktikoaren osotasunean gutienez ere 25 puntu ateratzen ez dituztenak.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan aditzera emanen da Zangozako Udaleko iragarki oholean ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

8.4. Ez da beharrezkoa izanen probak egiteko toki, egun eta orduei buruzko iragarkiak jartzea, baina Zangozako Udaleko iragarki oholean argitara eman beharko dira horiek, gutienez probak egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago, proba baten jarraipena baldin bada.

8.5. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo legez haren baliokidea den agiria dutela agertu beharko dute proba guztietara. Probetan iruzurrik eginez gero berehala azterketatik kanpo gelditzeko arrazoia izanen da, deusetan ukatu gabe jarduketa penalak, horrelakorik egitea bidezko bada.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Zangozako Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, hura gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak ekarri beharko ditu Udaleko erregistro orokorrera.

Aipatu epean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatua izan, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.

Aitzineko lerroaldean aurreikusitakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan, 9.1 oinarrian aipatzen den hartan, ondo- ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Zangozako Udalak aitzineko atalean xedatutakoa betetzen duen izangaia izendatuko du. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.2 atalak ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.-Errekurtsoak

Epaimahaiaren egintzen aurka, errekurtso arrunta paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, eta horren ebazpenaren zein deialdi honen aurka, baita bertako oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetariko bat:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: A0011936