158. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1643/2001 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da 2002. urtean Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategi medikoak eraiki eta birmoldatzeko dirulaguntzetarako deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra 1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean arautu zen. Aipatutako Foru Legearen 3. artikuluan adierazten denari jarraikiz, dirulaguntzak ematea publikotasun, konkurrentzia eta objektibotasun printzipioei egokituko zaie.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 34. artikuluan, 2.b) puntuan, ezartzen du herrietako kontsultategiak eraiki, birmoldatu edo/eta janzteko eskumena Udal edo Kontzejuena izanen dela, Foru Administrazioaren jarraibide eta planen barrenean. Aipatu Legearen 76. artikuluak ezartzen du eskumen hauen finantzazioa Nafarroako Gobernuak prestatzen duen aurrekontu proiektuan sartuko dela urtero. "Oinarrizko Osasun Laguntzaren Egituren Erregelamenduak", maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, herrietako kontsultategiek izan beharreko ezaugarriak eta eman dakiekeen kokapena ezartzen ditu (4. artikulua eta xedapen gehigarriak).

Aipatutako arautegiaz baliatuz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki, birmoldatu eta handitzeko dirulaguntzak eman ditu, ekitaldi bakoitzeko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, eta horretarako zenbait diru-kopuru ordaindu, zerbitzua hartzen duten biztanleen eta kontsultategiaren ezaugarri eta azaleraren arabera zehazten diren eredu batzuetan oinarriturik.

Beraz, bidezkoa da herrietako kontsultategiak eraiki edo birmoldatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea lan horiek 2002an hasi edo egin behar diren kasuetarako. Diruz lagundutako jardueraren izaera kontuan harturik, eta halaber, dirulaguntza emateari buruzko ebazpena eman eta lau hilabeteko epean hasi behar direla lanak, deialdia aurrekontu ekitaldia itxi aurretik egin behar da. Esanikoak berekin dakar, batetik, ekainaren 9ko 8/1987 Foru Legearen 6.2 artikuluari jarraikiz, xede horrekin sortu nahi diren kredituak aipatu beharra, zehaztu gabe bada ere, eta bestetik, kreditua egotea dirulaguntza emateko baldintza gisa jarri beharra ere bai. Deialdi honetarako kalkulatzen den gastua ehun milioi ingurukoa da, nahi ezta kopuru hori Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezartzen den behin betiko kredituaren arabera, aldatu ahal izanen den.

Zerbitzu Orokorren atalburuak egindako deialdiaren proposamena ikusirik, Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko zuzendariaren ikus-onetsiarekin eta Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu- hartzailetzaren adostasunarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategi medikoak 2002an eraiki eta birmoldatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdi hori zuzenduko duten oinarriak, Ebazpen honen eranskinean daudenak, onestea.

3. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen finantzazioa "Lehen Osasun Laguntzako zentroak eraikitzeko transferentziak" izeneko 547000-52300-7600-412700 kontusailaren eta 2002. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoaren kargura eginen da, eta deialdi honen xede diren dirulaguntzak emanen dira baldin eta ekitaldi horretan kreditua badago.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

5. Ebazpen hau igortzea Toki Araubidearen Foru Batzordeari, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Adimen Osasuneko zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuburuari, Zerbitzu Orokorren Atalera, eta Osasun Departamentuko idazkari teknikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita hiruan.-Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

E R A N S K I N A

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Oinarri hauen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategi medikoak eraiki edo birmoldatzeko ematen dituen dirulaguntzen erregimena arautzea 2002. urtean, ekitaldi horretan hasi edo eginen diren lanetarako.

2.-Onuradunak.

Dirulaguntza hauek Nafarroako Toki Entitateek eskatu ahal izanen dituzte, oinarrizko osasun laguntzako egituren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honen babesean emanen diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko Nafarroako 2001eko Aurrekontu Orokorrek "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta zaharberritzeko transferentziak" izeneko kontusailerako emandako gehieneko kopurua. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak emateko kreditua izan beharko da ekitaldi horretan.

Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa eraiki edo birmoldatzeko lanen zenbatekoaren ehuneko ehuna izanen da, dirulaguntza jaso dezaketen gehieneko azalera erabilgarrien arabera, ondotik ematen den bezala. Azalera horiek osasun laguntza hartzen duten biztanleak kontuan hartuz ezarri dira, kontsultategi mota ezberdinetarako.

Eredua Biztanleak Azalera erabilgarria

I 350 baino gutxiago 45 m2

II 350 eta 1000 bitarte 74 m2

IIa 350 eta 1000 bitarte 89 m2

III 1000 eta 2000 bitarte 114 m2

IIIa 1000 eta 2000 bitarte 141 m2

IV 2000 eta 3000 bitarte 218 m2

V 3000 baino gehiago 360 m2

Dirulaguntzaren xedea izan daitekeen gehieneko zenbatekoa hura emateko unean zehaztuko da, aurkeztutako proiektuaren edo aurrekontuaren arabera.

Diruz lagundutako proiektuaren aldaketek dirulaguntza jaso ahal izanen dute aurretik espreski ematen bazaie onespena, zortzigarren oinarrian adierazi bezala, une bakoitzean aurrekontuetan dagoen diruaren barrenean.

4.-Eskabideak aurkeztea.

Dirulaguntzarako eskaera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendutako eskabidearen bitartez, deialdi honen oinarriak onesten dituen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 40 egun naturaleko epean. Eskabideei honako dokumentazio hau erantsi beharko zaie (jatorrizkoa edo notarioak edo administrazioak konpultsatutako kopia):

-Lokalen eraikitze edo birmoldatze aurreproiektua, behar bezala baloratua, edo txosten tekniko baloratua, edo eraikuntzako enpresa baten aurrekontua, obraren proiektuaren, segurtasunari buruzko azterlanaren, obra zuzendaritzaren eta segurtasunaren koordinazioaren kostuak barne.

-Kontsultategi medikoa eraiki edo birmoldatzeko beharra arrazoitzen duen txostena.

-Adierazpena, deialdi honen xedea den kontsultategian osasun arlokoa ez den jarduerarik eginen ez dela azaltzen duena.

-Dirulaguntzaren eskabidea osoki beterik ez badago edo eskabidea baloratzeko alegatutako garrantzizko alderdiak aski egiaztaturik ez badaude, atzemandako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio Toki Entitateari. Horretarako hamar eguneko gehieneko epea emanen da jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, ohartaraziz zuzentzen ez bada eskabideari uko egin diola ulertuko dela eta hura artxibatu eginen dela.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau zuzentzen duten oinarriak onartzea.

Eskatzaileek aurkeztutako datuak egiazkoak ez izateagatik edo horiek faltsutzeagatik zehapena ezarri ahal izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

5.-Balorazio batzordea.

Batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria izanen da batzordeburua eta Oinarrizko Laguntzako Barrutietako zuzendariordeak (Nafarroako Iparra, Nafarroako Ekialdea, Lizarra eta Tutera) eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorretako teknikari bat, berriz, batzordekideak.

Balorazio Batzordeak arlo horretan kualifikazioa duten pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkuak eskatu ahalko ditu.

Aipatu Batzordeak eginen duen proposamena lotzailea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3 artikuluan agindutakoarekin bat.

6.-Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako eskabideak baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak kontsultategien arloan dituen lehentasunak, aurrekontuetan dagoen dirua eta eskabide kopurua.

b) Aurreproiektua, txosten tekniko baloratua eta/edo aurkeztutako aurrekontua eta kontsultategi medikoan osasun laguntzararako premia errealak batera egokitzen diren.

c) Kontsultategi medikoan osasun laguntza jasoko duten biztanleak.

d) Lokalen kokapena eta sarrera-irteeretarako erraztasuna.

e) Aurkeztutako aurrekontuaren eta egin beharreko obraren arteko egokitasuna. Ondorio hauetarako, baloratzeko irizpide gisa ezarri da honako hau: obra berriaren kasuan, eraikitako azaleraren metro karratu bakoitzeko 150.000 pezetako gehieneko modulua, eta birmoldatutako metro karratu bakoitzeko 85.000 pezetakoa.

7.-Ebazpena.

Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio proposamen arrazoitua, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik bi hilabeteko epean ebatz dezan. Epe hori iraganik espreski ebazpenik eman gabe, aurkeztutako eskabideak ukatutzat emanen dira.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ematea jakinarazirik, Toki Entitateak hamabost eguneko gehieneko epean jakinarazi beharko du aipatutako dirulaguntza ematea espreski onartzen duela.

8.-Ordainketa eta justifikazioa.

Dagozkion fakturak, jatorrizkoak edo administrazioak konpultsatutako kopiak, aurkeztuta ordainduko da dirulaguntza, eta zenbatekoa izanen da faktura horietan agertzen den balio osoa, emandakoa gainditu gabe eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendutako aldaketak, izan badira, gehituta.

Laguntza hauen xede diren eraikitze edo birmoldatze lanei laguntzak eman ondoko lau hilabeteetan eman beharko zaie hasiera.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorrak arduratuko dira dirulaguntzaren xede diren lanak aurkeztutako proiektu eta aurrekontuekin bat egin daitezen. Aldaketak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendu beharko ditu, eskabideak baloratu behar dituen Batzordeak aldaketa horietarako adostasun txostena eman ondoren.

9.-Onuradunen betebeharrak. Ordainketen itzulketa.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, toki entitateek, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xede diren eraikitze edo birmoldatze lanak egitea.

b) Lanen inguruan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorrek eginen dituzten egiaztatze- jarduketa oro onartzea.

c) Dirulaguntza ematen duen organoari beste edozein administraziotan helburu berarekin eskatu edo lortutako beste dirulaguntzen berri ematea.

Jasotako zenbatekoa, osorik edo hein batean, itzuli beharko da eta berandutzagatiko korritua, dirulaguntza ordaintzen denetik eta Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan finkatutako zenbatekoan, eskatu ahal izanen da honako kasu hauetan:

a) Justifikatu beharra ez betetzea ezarritako modu eta epeetan.

b) Dirulaguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, toki entitateari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

c) Kontsultategia osorik edo parte batean osasun laguntza publikoaz kanpoko jarduerak egiteko erabiltzea.

10.-Aurrekontuko finantzazioa.

Deialdi honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak Nafarroako 2002ko Aurrekontu Orokorretako "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta zaharberritzeko transferentziak" izeneko kontusailaren kargura finantzatuko dira, eta aipatutako kontusailaren zenbateko osoa izanen da gastuaren gehieneko muga.

11.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteen eta zehapenen arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27 eta 28. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean finkatutakoa.

12.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13.-Araubide juridikoa.

Deialdi honetan espreski ezarririk ez dauden alderdietan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: A0113034