I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
1133/2001 FORU AGINDUA, abenduaren 21ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetako tarifak egokitu eta horiek aplikatzeko arauak ematen dituena.
Abenduaren 5eko 1037/2000 Foru Aginduaren bidez, errepideko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzu publikoetako tarifen azkeneko garestitze orokorra onetsi zen, 2002. urterako berriz ere egokitu behar dena.
1950eko azaroaren 22ko Antolamendurako Hitzarmeneko 9. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioari dagokio berak, bere eskumenak erabiliz, baimentzen dituen zerbitzu guztietako tarifak ezarri eta arautzea.
Garraio Zerbitzuaren txostena ikusirik, zeinetan proposatzen baita errepideko bidaiari-garraioko zerbitzu publiko erregularretako tarifak egokitzea.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorreko 22.2.d) artikuluan xedaturikoarekin bat, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteei entzun ondoren.
Hori horrela, ekainaren 27ko 150/1984 Foru Dekretuaren bidez eskuordeturik dauzkadan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena.-Erabiltzaileentzako tarifa batez beste ehuneko hiru koma hirurogeita hamar (% 3,70) garestitzeko baimena ematen da.
Bigarrena.-Garestitze hau ez zaie aplikatuko Garraio Zerbitzuan eman beharreko datuak aurkeztu ez dituzten enpresei (okupazio datuak, espedizioak, kilometroak.) eta aplikatu gabe geldituko da datuak aurkeztu arte.
Hirugarrena.-Zerbitzuak kobratzeko gutxienekoa 0,70 eurokoa da (120 pezeta, bost zentimora borobildu eta gero).
Laugarrena.-Urtarrilean eta otsailean pezeta eta euroa elkarren ondoan egoki bizi daitezen, honako arauak jarriko dira ordaintzeko moduari buruz:
-Erabiltzaileek eurotan zein pezetatan ordaintzen ahalko dituzte garraio-txartelak eta enkarguak.
-Billeteekin edo txanponekin ordaintzerakoan bi moduetako bat aukeratu behar da, edo eurotan edo pezetatan, baina ez bi monetak nahasirik.
-Pezetatan ordainduz gero, erabiltzaileak tarifaren zenbateko zehatza emanen du, bueltarik eman beharrik ez izateko.
Bosgarrena.-Tarifa berriak aplikatzeko, kontzesioa hartzen duten enpresek Garraio Zerbitzuari eskatuko diote taula berriei ikus-onetsia eman diezaiela.
Seigarrena.-Tarifen taula horiek, behar bezala ikus- onetsiak, txartelak saltzeko tokietan egon behar dute jendaurrean.
Zazpigarrena.-Foru Agindu honek 2002ko urtarrilaren batean hartuko du indarra.
Zortzigarrena.-Foru Agindu honen berri ematea Garraio Zerbitzuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hogeita batean.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.
Iragarkiaren kodea: A0113379