158. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 31

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F A L T Z E S

Ordenantza onetsita

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da Faltzesko (Nafarroa) eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak arautzen dituen ordenantza, 2001eko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran onetsi baitzen behin betiko.

Faltzesen, bi mila eta bateko abenduaren bostean. Alkate udalburua, Clemente Amátriain Azcona.

FALTZESKO (NAFARROA) ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek baldintzak eta prozedura ezartzeko xedea du eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak luzatzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 221. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. art. Eraikinak.

Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira etxe berriak, baita handitu zein egituraz berritu direnak ere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginak.

3. art. Helburua.

Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau du zehazki:

a) Eraikina eta horrekin batera egin urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian eman hirigintzako lizentziako baldintzen arabera egin diren egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Etxegileak, hirigintzako ekipamendua zein elementuak kaltetuz gero, berriro jarri dituela ziurtatzea.

4. art. Lizentziarako eskaera.

1. Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Faltzesko Udaleko alkateari zuzendua. Eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen-deiturak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz, argi eta garbi.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, edo egitura berritzeko edo handitzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela adierazi beharko da.

c) Hirilurretako ondasun higiezinen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasaren ordainagiria.

5. art. Lizentzia luzatzeko organo eskuduna.

Lizentzia luzatzeko eskumena alkateak eta Hirigintza Alorreko zinegotzi eskuordeak, batak zein besteak, izanen dute.

6. art. Prozedura.

Interesatuak eskaturik prozedura hasita, Alkatetza edo Hirigintzako arduraduna gisa honetan ariko dira:

1. Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta horrek obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren adieraziko du; orobat, obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren, segurtasunaren, osasungarritasun eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; ur, gas, elektrizitate eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimena ematearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

7. art. Ebatzi beharra.

1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik aitzina.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsi eta haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

8. art. Ustezko egintza.

Ebazpenerako epea agortuta, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hura eman ez badute, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

9. art. Eraikinaren titularren betebeharrak.

1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik eraikinaren titularrek ez dute eraikina okupatzen ahal.

2. Eraikina osorik edo haren zati bat besterentzean, hartzaileei espreski adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

10. art. Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak.

1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

2. Obretarako ur-hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, enpresa hornitzaileari dagokio, zerbitzu publikoaren titularra baita; eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen bitartean bakarrik.

3. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die enpresa banatzaileei -Iberdrola, enpresa banatzailea-, eta interesatuei hamar egun lehenago jakinaraziko.

4. Obretarako eman ur-hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal, etxean, batez ere.

5. Uraren enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak, ur hori etxean erabiltzeko bada.

11. art. Arau-hausteak eta zehapenak.

Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Aantolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, lege beraren 221. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

12. art.

1. Aitzineko artikuluan aipatu arau-haustea egindako obraren balioaren ehuneko batetik bortzera bitarteko isunaz zehatuko da, gehienez ere berrehun eta berrogeita hamar mila pezetaz, egin jarduera legeztatzea posible bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Aitzineko artikuluan jasotako jarduera legeztatzea posible ez bada, okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo barrundegiaren balioaren ehuneko bortzetik hamarrera bitarteko isunaz zehatuko da, gehienez ere milioi bat pezetaz, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal hirigintzako ordena hautsia zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioa berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

13. art. Erantzuleak

Lizentziarik gabeko eraikinak lehen aldiz okupatzean, erantzuleak obren sustatzailea eta okupatzailea izanen dira, pertsona ezberdinak badira, eta ezarriko den isuna bakoitzarentzat izanen da.

14. art. Organo eskuduna.

Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat, betiere hark Hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

15. art. Zehapen prozedura.

Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

16. art. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan hona indarra izanen duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, haren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Faltzesen, bi mila eta bateko abenduaren bostean. Sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0112862