158. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 31

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F A L T Z E S

Ordenantza bat onetsirik

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatuarekin bat, osorik argitaratzen da Faltzesko alde zaharreko eraikinak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantza, 2001eko azaroaren 30eko osoko bilkuran behin betiko onetsi baitzen.

Faltzesen, bi mila eta bateko abenduaren bostean. Alkate udalburua, Clemente Amátriain Azcona.

FALTZESKO ALDE ZAHARREKO ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea.

Ordenantza honen xedea da laguntza ekonomikoak arautzea, alde zaharreko eraikinetan honako obra hauen sustapen pribatua bultzatzeko:

a) Eraikinak ordezkatzeko eta/edo barrutiak berrantolatzeko esku-hartzeak, baldin eta alde zaharra indartzen laguntzen badute; ordenantza honetatik kanpo geratzen dira Plaza de los Fuerosko eraikin eta orubeak.

b) Eraikin bat hirigintzaren ikuspegitik egokitzeko zaharberritzeak, baldin eta Alde Zaharraren Planeamenduan aipatzen badira: gehitutako osagaiak kentzea balkoietan eta estalkietan, fatxadak, bolumenak, patiora jotzen duten kanpo aldeko eta barne aldeko lerrokadurak egokitzea, etab.

c) Egitura sendotzeak eta indartzeak.

d) Estalkietako konponketak: teilatuak, teilatu- hegalak, luzernarioak, isolamenduak, teilatu-hodiak, zorrotenak, etab.

e) Fatxadetako konponketak: balkoiak, pintura, moldurak, erlaitzak, arotz-lanak, kanpoko instalazioak kentzea eta eraikinaren kanpoko aldeko aipaingarriak, oro har.

f) Bainugeletako kolomak paratzea: aireztapen hodiak, saneamenduko kolomak, sare nagusiko lotuneak, gorako tuboak eta etxebizitzen kanpoko aldeko kontagailuak.

g) Egokitze lanak, minusbalituek erabiltzeko eta/edo igogailuak paratzeko.

h) Elementu komunetan egiten diren obrak, baldin eta aurreko lan horietako batekin batera egiten badira.

2. art. Baldintza orokorrak.

1. Udalaren laguntzak aurreko artikuluan deskribaturiko obrek jasotzen ahalko dituzte; Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten obrek ere bai, nahiz eta horiek eskuratzeko tramiteak ez bete.

Azken kasu honetan, zaharberritzeko kalifikazioen ordez EEZBk edo Udalaren zerbitzu teknikoek prestatutako txosten teknikoak beharko dira, non frogatuko baita laguntza jasotzeko moduko obra dela.

2. Ezin izanen da laguntzarik jaso, Planeamenduak antolamenduz kanpoko eraikin gisa kalifikatu dituen eraikinetako obrak direnean, salbu eta premia dela-eta ezinbestekoak badira. Kasu honetan, EEZBk edo Udalaren zerbitzu teknikoek prestatutako txosten baten bidez erakutsiko da hori, eta Faltzesko Udalaren onespena beharko da.

3. Jarduketa eta obra guztiak koherenteak izanen dira teknikoki eta eraikuntzaren ikuspegitik eraikinaren kontserbazio-egoerarekin eta inguruko etxebizitzen tipologiarekin, eta benetan lagunduko dute erabilpena, segurtasuna edo estetika hobetzen.

3. art. Aplikazio eremua.

EEZBren edo Udalaren zerbitzu teknikoen aldeko txostena izan duten jarduketentzat emanen dira laguntzak, betiere eraikinak:

a) Faltzesko alde zaharrean badaude, Udal Planaren definizioari jarraikiz.

b) 25 urte baino gehiago badituzte, zaharberritzea denean.

4. art. Udalaren laguntzen motak.

Faltzesko Udalaren dirulaguntza edo ekarpenak izanen dira laguntzak, ordenantza honek araututako baldintzei jarraikiz emanen dira eta bitarikoak izanen dira:

a) Laguntza ekonomiko zuzenak: ordenantza honek arautuak.

b) Laguntza ez ekonomikoak:

-Berralojamenduak Udalaren etxebizitzetan, obrek iraun bitartean.

5. art. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoetarako erabiliko diren baliabideak izanen dira ekitaldi bakoitzean Udalaren aurrekontuetan horretarako ezarri direnak.

6. art. Laguntza ekonomikoen onuradunak.

Honakook jasotzen ahalko dituzte Udalaren laguntza ekonomikoak, betiere laguntza-mota bakoitzari dagozkion baldintzak betez gero:

a) Eraikin osoen jabeek.

b) Etxebizitzen jabeek, jarduketak berek bakarrik sustatzen dituztenean.

c) Jabekideen komunitateek, beren zuzendaritza organoek sustatzen dituztenean jarduketak.

d) Hiri-errentamenduen Legearekin bat, etxebizitzetako maizter direnek.

e) Merkaritzako lokalen jabeek edo maizterrek, 1. artikuluan aipatu obrak osorik edo hein batean egiten direneko etxebizitzetan badaude lokal horiek.

7. art. Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.

Laguntza ekonomikoak obrak egiteko direnean, aurrekontu babesgarriaren ehuneko batek zehaztuko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

Aurrekontu babesgarria izanen da zaharberritzeei buruzko araudiak definitzen duena, edo obren zenbatekoa BEZik gabe, babestu gabeko esku hartzeak direnean.

Dirulaguntzaren zenbatekoa dela-eta, teknikoki bidezkoa dela uste denean, EEZBko zerbitzu teknikoek obren exekuzio materialaren aurrekontua proposatzen ahalko dute; Udalak onetsiko du.

Halakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazten duen ehunekoa aurrekontu hauei aplikatuko zaie:

a) Zaharberritze Ziurtagiriko edo Kalifikazioko aurrekontu babesgarria.

b) EEZBk edo Udalaren zerbitzu teknikoek proposatutakoa, Udalak onetsita.

8. art. Laguntza ekonomikoak.

1. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren tasendako dirulaguntza:

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da likidatutakoen ehuneko 50, obrek Zaharberritze Kalifikazioa edo Zaharberritze Bulegoak nahiz Udalaren zerbitzu teknikoek emandako aldeko txostena badute. Gehienez ere 500.000 pezeta izanen dira.

2. Lurren balio igoeraren gaineko zergaren tasendako dirulaguntza:

Ordenantza honek indarra duen bitartean, alde zaharreko finka bat erosten duten pertsona fisiko edo juridikoek, Zaharberritze Kalifikazioa eskuratuz gero, eta 1.000.000 pezeta baino gehiagoko aurrekontu babesgarria badute, dirulaguntza hau jasoko dute: kuoten ehuneko 100; gehienez ere 500.000 pezeta.

3. Zangak irekitzeagatiko tasak:

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da likidatutakoen ehuneko 100, obrek Zaharberritze Kalifikazioa edo, horren ordez, EEZBk nahiz Udalaren zerbitzu teknikoek emandako txostena badute.

4. Obrek iraun bitartean zoruak eta hegalkinak hartzeagatiko tasak:

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da likidatutakoen ehuneko 100, obrek Zaharberritze Kalifikazioa edo, horren ordez, EEZBk emandako txostena badute.

Udalak zehaztuko du dirulaguntzari dagokion denboraldiaren gehieneko iraupena.

5. Obretarako dirulaguntzak:

Onuradunak: dirulaguntza hauek etxebizitza edo lokalen erabiltzaileek edo jabeek eskatzen ahalko dituzte, etxebizitzak zaharberritzeko edo ordezkatzeko jarduketak egiten badituzte, ordenantza honek zehaztutako obrak eginez gero osorik edo hein batean; zaharberritze ziurtagiria tramitatuko dute edo, bestela, horren ordez, EEZBk emandako txostena eskuratuko dute.

Obrak

-Etxebizitzak eraikitzea.

-Egungo etxebizitzak zaharberritzea: fatxada, estalkia, ataria, eskailera, balkoiak, energi alorreko egokitzapena, bainugeletako kolomak, minusbaliatuendako egokitzea. Igogailua edo karga- jasogailua paratzea. Egitura sendotzeak eta indartzeak.

Zenbatekoak

Erabiltzaileak direnean sustatzaile:

Zenbatekoak kalkulatzeko, familiaren dirusarrera haztatuak -Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren alorrean emandako legeen arabera zehaztuak- izanen dira kontuan, zaharberritzeko obren aurrekontu babesgarriei ehuneko hauek aplikatuz.

-Dirusarrerak < L.G.S. 5,5 bider direnean: ehuneko 7.

-Dirusarrerak < L.G.S. 4,5 bider direnean: ehuneko 7.

-Dirusarrerak < L.G.S. 3,5 bider direnean: ehuneko 11.

-Dirusarrerak < L.G.S. 2,5 bider direnean: ehuneko 15.

-Dirusarrerak < L.G.S. 2 bider direnean: ehuneko 18.

Gehieneko zenbateko batzuk ezartzen dira; horiek zehazteko oinarria izanen da Nafarroako Gobernuak urteko etxebizitzaren alorreko foru laguntzak kalkulatzeko modulu haztatu gisa ezartzen duen zenbatekoa. Horren arabera, hauek izanen dira gehieneko kopuruak:

-Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino 2 bider gutxiagoko dirusarrerak dituzten sustatzaileak: modulu haztatuaren ehuneko 75.

-Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 2 bider eta 2,5 bider arteko dirusarrerak dituzten sustatzaileak: modulu haztatuaren ehuneko 65.

-Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 2,5 bider eta 3,5 bider arteko dirusarrerak dituzten sustatzaileak: modulu haztatuaren ehuneko 55.

-Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 3,5 bider eta 4,5 bider arteko dirusarrerak dituzten sustatzaileak: modulu haztatuaren ehuneko 45.

-Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 4,5 bider eta 5,5 bider arteko dirusarrerak dituzten sustatzaileak: modulu haztatuaren ehuneko 40.

Pertsona juridikoak direnean, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 3,5 bider baino gehiagoko dirusarreren mailan sartuko dira.

Etxebizitzak alokatuta edo utzita dituzten sustatzaileak:

Nagusiak jasotzen duen alokairu errealaren arabera zehaztuko dira laguntzak:

-Indarra duen modulu haztatua x etxebizitzaren azalera erabilgarria kalkulatu eta horren ehuneko 5 baino txikiagoa bada alokairua, dirulaguntza ehuneko 18koa izanen da. Gehieneko kopurua izanen da modulu haztatu aplikagarriaren ehuneko 75, Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren alorrean ezarritako legeriari jarraikiz.

-Indarra duen modulu haztatua x etxebizitzaren azalera erabilgarria kalkulatu eta horren ehuneko 5 eta 7,5 artekoa bada alokairua, dirulaguntza ehuneko 11koa izanen da. Kasu honetan, gehieneko kopurua izanen da modulu haztatuaren ehuneko 55.

Laguntza hauen azken zenbatekoa handitu ahalko da, indarra duen modulu haztatua 1,2 bider arte, gehienez ere, etxebizitzako edo lokaleko, honako koefiziente zuzentzaile hauek aplikatuz lortzen diren ehunekoei:

-Fatxadan eta estalkian egindako jarduketak: 1,4.

-Kable bidezko telebista ezartzeko jarduketak: 1,4.

-Udalaren aginduz egindako jarduketak: 1,1.

Koefiziente hauek aplikatuz lortutako gehikuntzak pilatzen ahal dira.

Oharra:

Behin zergetako dirulaguntzak, obra lizentzien zein zangak irekitzeagatiko tasetako dirulaguntzak, eta hirigintza arloko egokitzapenerako dirulaguntza konprometituak kenduz gero, kopuru ekonomiko osoak aurrekontuko dirua gainditzen badu, erabiltzeko dagoen kontusaileko gainerakoa hainbanatu eginen litzateke, kontuan izanik beste kontzeptuengatik eskatutako laguntza osoa.

Aparteko kasuetarako laguntzak

-Hirigintza arloko egokitzapenetarako dirulaguntza bereziak:

Hirigintza arloko egokitzapena edo planeamenduko aurreikuspenak lortzeko helburua duten obrek jaso ahal izanen dituzte laguntza hauek; aurrekontu babesgarriaren ehuneko 100 bitarteko dirulaguntza eskuratu ahal izanen dute, eraikin bakoitzeko gehienez ere indarra duen modulu haztatua bider 10; kopuru hori indarra duen modulu haztatua bider 20ra arte igotzen ahalko da, obra bereziki garrantzitsuak edo eraikitako bolumenenen eraispenak egiten direnean. Kasu honetan beharrezkoa izanen da EEZBren aldeko txostena eta Faltzesko Udalaren onespena.

-Berralojamenduetarako laguntza bereziak:

EEZBk kudeatu zaharberritze lanek ukitutako etxebizitzetako maizterrek edo jabeek, eraikin horiek utzi behar badituzte, lanak bukatu bitartean Udalak kasu hauetarako dituen etxebizitzetan egoten ahalko dira.

Etxebizitza horien alokairuak ez du gaindituko emaitza honen ehuneko 2: Nafarroako Gobernuak ezarritako modulu haztatua x etxebizitzaren metro karratu erabilgarriak.

Etxe horietan zenbat denbora egonen diren (gehienez ere urtebete) Faltzesko Udalak erabakiko du; obrak egin bitartean gorabehera bereziak sortzen badira, Udalak erabaki dezake luzapen bat egitea.

9. art. Laguntzak jasotzea.

Eraikinak zaharberritzeko edo ordezkatzeko jarduketetarako laguntza ekonomikoak, Ordenantza honek biltzen dituenak, behin obrak bukatu eta gero jasoko dira, eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntzaren eskabidea.

b) Ordenantzari dagozkion zergak edo tasak ordaindu izanaren agiriaren fotokopia.

c) Zaharberritze Kalifikazio Behin Betikoa edo EEZBren txostena.

d) Familiaren dirusarrerak eta, halako kasua bada, famili unitatearen osaera frogatzeko behar beste agiri, edo, alokairuan dauden sustatzaileak direnean, jasotako errenten ziurtagiria.

10. art. Laguntzen tramitazioa.

Laguntza ekonomikoen tramitazioa zaharberritze jarduketengatik jaso daitezkeen gainerako laguntzekin batera eginen da, halako kasua bada; tramiteak eginen dira indarra duen araudi orokorrarekin bat - etxebizitzen zaharberritzea babesteko tramitazioaren baldintzak baitakartza- eta aplikatzeko diren beste arauekin bat.

Faltzesko Udalean aurkeztuko dira eskabideak, behar diren agiriak erantsita, edo EEZBn, baldin eta erakunde honek tramitaturiko laguntzak badira.

Laguntza ekonomikoak ordaintzeko eskabideak Udalak ebatziko ditu urtero, obrak amaitu ondoko urteko urtarrilaren 31 baino lehen, eta urtarrilaren 31tik aitzina ordainduko dira, gehienez ere hilabeteko epean.

11. art. Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina izanen du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0112858