I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
300/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 19koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duen azaroaren 5eko 314/2001 Foru Dekretuko xedapenak zehaztu eta garatzen dituena.
Nafarroako Zorraren Jaulkipena arautzen duen azaroaren 5eko 314/2001 Foru Dekretuak lehenbiziko xedapen gehigarrian ahalmena ematen dio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari, jaulkipen honetako korritu tasa finkatzeko. Halaber, aipatu Foru Dekretuko bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrien arabera, Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren Foru Aginduaren bidez zehaztuko dira jaulkipenaren baldintzak, besteak beste, jaulkitzeko egunari, harpidetza aldiari eta korritu tasari dagokienez. Ahalmena ematen zaio kontseilariari Foru Dekretu hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak.
Nafarroako Zorraren jaulkipen honek behin betiko baldintza hauek izanen ditu:
Zenbatekoa: 30.000.000 euro.
Instrumentazioa: obligazio arruntak -bakoitza 1.000 euroko balio izendunekoa-, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.
Jaulkipen eguna: 2001eko azaroaren 28a.
Jaulkipenaren prezioa: parean.
Harpidetza aldia: 2001eko azaroaren 20tik 26ra, biak barne.
Amortizazioa: parean, 2011ko azaroaren 28an.
Korritu tasa: finkoa, urteko % 4,85.
Kupoiaren ordainketa: urteko mugaeguna betetakoan, urte bakoitzeko azaroaren 28an.
2. artikulua. Aseguratzea.
Jaulkipena erabat aseguratuta egonen da harpidetza aldia irekitzen den egunean. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak behar diren komisioak hitzartuko ditu entitate laguntzaileekin.
3. artikulua. Likidezia.
Nafarroako Zorrak Espainiako Bankuko Konturako Idazpenen Zentralean kotizatuko du.
4. artikulua. Zerga tratamendua.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat korrituek sortu etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen lege araudiaren arabera. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat ez da obligaziorik izanen ez atxiki ez eta konturako dirusarrera egiteko ere, abenduaren 30eko 371/1998 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5. artikulua. Jaulkipeneko produktu eta gastuak.
Jaulkipen honetako produktu osoa Nafarroako Zorra amortizatzeko erabiliko da (1996ko ekainaren 27ko jaulkipena, 2001eko abenduaren 19ko mugaeguna).
Jaulkipenari loturiko komisioak eta gainerako gastuak 2001eko gastuen aurrekontuaren bidez ordainduko dira, hots, 11430-112003-3010-011100 proiektuaren kargura ("Zor publikoa eta beste mailegu batzuk jaulki, aldatu eta deuseztatzeko gastuak").
Jaulkipeneko korrituak 2002tik 2011ra bitarteko (biak barne) gastuen aurrekontuetan dagokien proiektuari aplikatuko zaizkio.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hemeretzian.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: a0112224