I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
348/2001 FORU DEKRETUA, abenduaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean epeen konputurako 2002. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehazten dituena.
Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.7 artikuluak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei epeen konputurako egun baliogabeen egutegia zehazteko bakoitzak bere lurraldean. Baliorik gabeko egunak ezartzerakoan lan egutegi ofizialari jarraitu beharko zaio. Halaber, erkidego bakoitzeko Toki Administrazioa osatzen duten entitateen egun baliogabeak sartuko dira egutegian.
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak uztailaren 5ean emandako 83/2001 Foru Aginduaren bidez (2001eko abuztuaren 8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 96. zk.), Nafarroako Foru Komunitatean 2002. urtean errekuperatu behar ez diren aste-tarteko jaiegun ordainduak zehaztu ziren.
Lan zuzendari nagusiak azaroaren 27an emandako 841/2001 Ebazpenaren bidez (2001eko abenduaren 19ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 153. zk.), herrietako 2002. urteko jaiegunak ezarri ziren, jaiegun ordainduak eta errekuperatu behar ez direnak horiek ere.
Ikusirik aipatu xedapenak eta Toki Erregimeneko Foru Batzordearen adostasun txostena, bidezkoa da epeen konputurako egun baliogabetzat jotzea lan egutegi ofizialean jaiegun direnak.
Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abenduaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean epeen konputurako 2002. urtean hauek izanen dira egun baliogabeak: igande guztiak, urtarrilaren 1a, martxoaren 19a, 28a eta 29a, apirilaren 1a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 3a, 6a, eta 25a.
2. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateen esparruan, aurreko artikuluan aipaturiko egunez gain, bertako jaiegunak gehituko dira, Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren xedapenez ezarriak.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hogeita seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A0113512